apirila 27, 2019

ALBINA MADINABEITIA. Espainiako Orkestra Nazionala

Arrasateko historian emakume gutxi izango da, Albina Madinabeitiaren ospe mailara iritsi direnak. Estatu osora irradiatu zuen biolin jole handiak bere kalitatea gazte-gaztetatik, eta oso ekarpen baliotsua izan zen arrasatearrarena. Denboraren joanak erdi estali dizkigu Albinaren lorpenak eta emakume aparta izan zelako iruditu zait egokia dela – agian justiziakoa dela esan beharko nuke- txoko honetan toki bat ematea gure herrikidearen ibilbide artistikoari. 
Albina Madinabeitia, 1977an
 Ekin diot Albina Madinabeitiaren gaineko bizitzaren zertzeladak eskaintzeari, Arrasateko emakume honen ibilbide artistikoa irakurleei hurbiltzearren. Honako hauek dira kapituluak:

Albinaren ezkontzarekin amaitu nuen aurreko ekarpena. Auskalo zenbat arrazoi tarteko, oso laburra izan zen Velar-Madinabeitia bikotearen elkar bizitza. Eta Albinak –babak eltzetik atera behar eta- zeru berriak bilatzeari berrekin zion. Madrilera aldatu zen bizitzera, eta berarekin, Jontxu semea ez ezik Nazaio eta Kandida gurasoak ere eraman zituen.

ETAPA BERRIA
Albinak aitortzen zidan berarekin 1977an izan nuen elkarrizketan: 

“Ezkonduta eta gerra hasieran Yon umearekin bakarrik geratu nintzenez gero, oso egoera ekonomiko kaskarrean, Jesus Aranbarri maisuak deitua Bilboko Orkestra Sinfonikoan sartu nintzen. Zortzi hilabete eman nituen. Izan ere, nire senarra itzuli ondoren ostera utzi nion musikari…  harik eta gure artekoak hondoa jo zuela konturatu arte. 1939 urtea zen eta orduantxe egokitu zitzaidan Madrilera itzultzeko aukera paregabea. Joakin Turina maisuak deitu ninduen, Orkestra Nazionalerako oposaketetara aurkezteko adieraziz. Eta azterketak eginda lortu nuen musika talde hartako lehen biolina izatea” 

Albina bere gurasoekin
Hogeita hamabost urte haietan aurrean izan zituen zuzendarien aurrean norekin geratzen zen itaundu nionean: 

“Orkestra Nazionalean ez ezik, Bilboko Sinfonikoan eta Madrileko Ganbarakoan ere aritu naiz eta oso zuzendari onak ezagutu ditut. Bost nabarmenduko nituzke: Rafael Frühbeck de Burgos, Ataulfo Argenta, Zubin Mehta, eta Carlo Giulini. Gehien atsegin nuena Mehta da. Bestalde Ataulfo Argentarekikoa oso harremana ona izan zen, biak batera ibili baikinen denbora luzez eta ondo ezagutzen genuen elkar” 

Albina Madinabeitiak Madrileko Ganbara Musikako Orkestran jo zuen, bere laguna zen Ataulfo Argentak 1944an sortu zuenetik.  Diodan, halaber, Argenta eta Albina batera heldu zirela Espainiako Orkestra Nazionalera, arrasatearra lehen biolin jole bezala eta santandertarra piano jole gisa. Dakusagun zer zioen, Joaquin Rodrigo gitarra jole handiak elkarte haren gain, 1947ko abenduaren 31an Donostiako “La Voz de España” egunkarian: 

“La Orquesta de Cámara de Madrid ha entrado en este año en una fase decisiva para el afianzamiento de esta pequeña pero ya excelente orquesta. Su fundador y director, el maestro Argenta, ha dado este año el paso definitivo en la orquesta” 

Eta Orkestra horrekin Arrasaten aurkeztu zen Albina, 1948ko urtarrilaren 6an, penintsulako hainbat eszenategitan ematen ari ziren kontzertuetako batean. Kontzertu hura Unión Cerrajerako zenbait pertsonaren bitartekotzaz egin ahal izan zen; eskuko egitarauan irakur daitekeenez, “Patrocinado por la empresa Unión Cerrajera S.A”  Eskukoan ere irakurtzen da: 
Ataulfo Argenta, Albina, Camilo Basterretxea, Rikardo Azkoaga, 1948

“Hemos de subrayar la importancia y alto significado para Mondragón de esta actuación de una orquesta de tan elevado rango, y tal gentileza del Maestro Argenta y de los profesores de su agrupación merece la gratitud de nuestro pueblo. La gran artista mondragonesa Albina Madinabeitia forma parte de este excepcional conjunto de consumados profesores, y esta circunstancia, unida a que interpretará como solista una de las obras del programa, aumenta el interés de este concierto memorable” 

Albina Madinabeitia biolin jole arrasatearraren bitartekotzak egin zuen posible ekintza hura, eta bere herrikideek zuzen-zuzenean frogatu ahal izan zuten Albinaren artea, espainiar musika espektroan goren-goreneko izarra izatera eraman zuena.  Albina Madinabeitiak Beethovenen “Romanza en fa” interpretatu zuen bakarlari gisa. Orkestrak jo zituen beste obrak, Beethovenen “Coriolano”, Mozarten “Mi bemoleko 39 zenbakiko sinfonia”, Gretryren “Dantzak”, Schuberten “Rosamunda” eta Jimenezen “Luis Alonsoren dantza”. Kontzertua Ideal Zineman izan zen, arratsaldeko 6´15etan. Biharamunean Donostiako Victoria Eugenia Antzokian eskaini zuen Orkestrak Gipuzkoako bigarrena. Donostiako prentsak ez zion lerro bat ere eskaini Arrasateko kontzertuari.

“1949” nire liburuan musika eta Albina Madinabeitiarekin zer ikusirik zuen beste berri  bat eman nuen. Hain zuzen, urte hartako ekainaren 5ean, igandea, eta berriz ere Unión Cerrajeraren ekimenari esker, Madrileko Ganbara Orkestrak berriro jo zuen, Argenta musika zuzendaria Arrasatera itzultzen zelarik.  Eszenategia aldatu zen, Ideal Zinematik enpresaren lantegiko tailerretara. Concierto que la Unión Cerrajera ofrece a su personal” zioen eskuko egitarauak. Kontzertua, urtebete bat lehenagoaren antzera, arratsaldeko 4´15etan hasi zen. Eta eskuko orrietan irakur zitekeen: “La puerta de acceso al local se cerrará a las 4´15 en punto” 

Egitarauaren arabera, apropos egokituriko eszenategitik ondoko obrak eskaini zituen Orkestrak: Beethovenen “Prometeo”, Vivaldiren “Re txikiko Kontzertua”, Mendelssohnen “Sinfonia” eta obra berezi bezala Joaquin Rodrigoren “Aranjuezeko kontzertua”, Narciso Yepes gitarra jole entzutetsua bakarlari gisa aritu zelarik.

Egun hartan Union Cerrajeraren sarraildegiko tailerretan 2.300 aulki jarri ziren. Zalantzarik gabe, Arrasaten inoiz izandako musika klasikoko kontzerturik jendatsuena gertatu zen, eta Albina Madinabeitia han zegoen izar artistiko bezala.  Horrelako espektakuluak Unión Cerrajera enpresak bakarrik era zitzakeen; eratu zituen eta harrez geroztik beste inork ez dio ildo hari jarraiki. 

Kontzertu haren gain oso informazio txikia eman zuen Donostiako prentsak. “El Diario
Vasco”k, adibidez, 1949ko ekainaren 4an mikro albiste bat eskaintzen zuen eta, gainera, oker, ekitaldia 5ean izan baitzen:
 
“Hoy actúa en la factoría Unión Cerrajera de Mondragón la Orquesta de Cámara de Madrid, dirigida por el maestro Argenta. Excusamos decir el interés que reina en la villa cerrajera por asistir a este nuevo concierto, que revela el magnífico gesto de los dirigentes de la importante industria mondragonesa a favor de los productores” 

“La Voz de España”k ere, ekainaren 5eko edizioan, are laburragoki informatzen zuen: 

“En la tarde de hoy domingo, en las dependencias de la Unión Cerrajera de Mondragón, la Orquesta de Cámara de Madrid – que ha sido contratada por la empresa de dicha factoría- dará un concierto en honor de los productores, bajo la dirección del maestro Argenta” 

Kontzertu berri bat eman zen 1951an, protagonista berdintsuekin. “La Voz de España” 1951ko irailaren 8ko edizioan zioen: 

“Mañana domingo y en los locales instalados al efecto por la importante empresa Unión Cerrajera, actuará la renombrada Orquesta de Cámara de Madrid, que dirige el maestro Ataulfo Argenta, y de la cual el público mondragonés tiene tan gratos recuerdos. Este concierto, que tendrá lugar a la tarde, organiza la aludida empresa en obsequio a su personal” 

Beraz, ostera Unión Cerrajeraren laguntzaz, “Concierto dedicado por la empresa a sus obreros y empleados”  kontzertu berria eskaini zuen Madrileko Ganbara Orkestrak, Albina Madinabeitiarekin lehen biolin jole bezala, eta Beethoven, Tchaikowsky, Prokofieff, Barbieri eta beste zenbaitzuen obrak entzun ahal izan ziren lantegiko sarraildegian. Abeslari bakarlari moduan Ana Maria Iriarte sopranoa aritu zen. Kontzertura herriko eta probintziako agintariak agertu ziren eta baita Orkestrako lehendakaria zen Bolarqueko Markesa ere, Albina Madinabeitiaren adiskide handia.

Eta hilaren 11an beste ohartxo txiki batekin kontzertuaren berri eman zuen “La Voz de España” egunkariak. Zalantzarik gabe, oharra automatikoki zegoen idatzita, data ere gaizki baitago. Itxura denez, Ama Birjinaren eguna izatea zen inportanteena kazetariarentzat: 

“El sábado pasado, festividad de la Santísima Virgen María, en Mondragón dio un gran concierto – resultado un señalado éxito- la Orquesta de Cámara de Madrid, dirigida por el ilustre maestro Argenta”

Argazkiak: JMVM 

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina