Joxe Manuel Arriola etiketadun mezuak erakusten. Erakutsi mezu guztiak
Joxe Manuel Arriola etiketadun mezuak erakusten. Erakutsi mezu guztiak

urria 28, 2015

JOSE MANUEL ARRIOLA. ZERGATIK “DONGI”?


Joxe Manuel Arriola

“Dongi” izan zen bere gaitzizena eta jende gehiagok ezagutu zuen horretatik ponteko deiturarengatik baino. Eta ez dira gutxi Joxe Manuelengana hurbildu direnean “Don Guillermo” deitu zutenak, bere egiazko izena horixe zela pentsatuz. Gaurkoan sartu-irten arin bat egin nahi dut Joxe Manuel Arriolaren bizitzan, zertarako eta garbi uzteko behin eta betiko haren gaitzizenaren jatorria, behintzat zuzeneko bertsioaz jabe gaitezen. 

Datu argigarriak Esther Goikolea adiskideari zor dizkiot, berari adierazi baitzion buruz buruko elkarrizketan Jose Manuel Arriola Arrasateko kale-zain ohiak. Eta Jose Manuelen sendiari eskerrak ematen dizkiot, aita izan zutenaren gaitzizenaren nondik datorren betiko garbi uzteko ados egon baitira. 

Izenordearen erantzulea emakume bizkaitar bat izan zela argi eta garbi utzi nahi izan zion Joxe Manuelek Esther Goikoleari. Arrasateko Uribarren “Ante”tarren Domingorekin ezkonduta zegoen Kontxa Lejarreta berriztarra Olatxo harategiaren gainean bizi zen. 

Kontxa Lejarreta
Behin, Olatxotik Biteriko eskoletara zihoan estratan mutiko batzuk su egiten ari bide ziren eta Joxe Manuel kale zain izendatu berria haien bihurrikeria gerarazi nahian umeen atzetik abiatu zen. Ekintzaren lekukoa izan zen Kontxak, etxeko leihotik bota zuen:
“Zer pentsetan jon horrek? Azkena don etorri Debatik eta herrixa berak aindu biher dauela? … Dongixoi!

Eta nondik nora Dongixoi hura? Ba, DONGE euskal hitzetik – batez ere bizkaieraz erabili izana- dator, gaiztoa adierazi guran. Kontxak berezko kutsu berriztarra eman zion berbari eta oharkabean “Dongi” gaitzizena asmatu zuen. Kontxaren ateraldiaz jabetuta takarraran atera ziren ume bihurri haiek ongi gorde zuten buruan azken hitza eta aurrerantzean beraientzat kale zain hura “Dongi” izan zen. Handik gutxira arrasatear guztion ahotan zebilen deitura berria … gaur arte. 

Kontxa Lejarreta oso izaera gogorrekoa bide zen eta haren eta Joxe Manuel Arriolaren arteko beste gertaera bat kontatu dit Kontxaren biloba Pili Uribarrenek. Behin isuna jarri bide zion kale zainak, emakumea ordu desegokian etxeko balkoitik alfonbra bat astintzen ari baitzen. Etxeraino igo zitzaion Jose Manuel eta isuneko papera eskuratu eta ordaina zenbatekoa zen ikusita Kontxak bota zion harrituta: “Alfonbra batengatik?” Jose Manuelek erantzun zion berdin zela bat ala zazpi astintzea, bekatua eginda zegoen eta. Orduan emakumeak itxoiteko eskatu zion eta “Prezio berdinean etxeko alfonbra guztiak astinduko ditut” adieraziz desagertu egin zen udal zerbitzariaren bistatik. 

Baina hamarkadetan misterio izan den gaitzizenaren nondik norakoa argitzea izan da gaurko ekarpentxo honen xedea. Uste dut gaurdanik misterio bat gutxiago dugula Arrasateko historia txikitxoan. 
 
Argazkia: Uribarren sendia/JMVM

Joxe Manuel Arriolari buruz gehiago:





apirila 30, 2015

ARRASATEKO KALEZAINA HIL DA.



Joxe Manuel, 1979an

Joxe Manuel Arriola Sorazu, Arrasateko kalezain ohia, hil zaigu, apirilaren 28an. Ondoko lerroak, 1979koak dira. DEIA egunkarian argitaratu nituen, Arrasateko urte hartako sanjuanetan.

Urtebete bi geroago, Joxe Manuelen “Nekez badaere” liburua aurkeztea egokitu zitzaidan Udaletxeko pleno aretoan. Hain zuzen ere, 1981eko Santamasak ziren, abenduaren 22, eta nire hitzalditxoan honako hauxe azpimarratu nuen Joxe Manuelen gain: langilea, zintzoa, zuzena eta mundrautarra. Mundrautasuna herriaren aldeko bere lanak eskaini zion, bai kale zain bezala burutua eta baita bere lumaren bideko bertso sail luzearen bitartez ere. Bertso batzuk eskaini nizkion egun hartan eta ondoko apaltxo honekin amaitu nuen nirea: 

Har zazu Joxe Manuel / zintzo ta jatorra /
eskaini nahi dizugun/ bihotzeko agurra.
Arrasatearron alde/ egin duzu beharra,
Horrek bihurtu zaitu / guztiz mundrautarra.

Agur Joxe Manuel, adiskide. Ikusi arte.
===================..=================

DEIA egunkarian, 1979ko sanjuanak 

Debako “Goikoetxe” baserrian jaio zen 1916ko ekainaren 15ean. Aurtengo irailaren lehenean berrogei urte egingo ditu Arrasaten. Guztiak Udaletxearen zerbitzuan, kalezain bezala. Herriko lehengo alkateak eredutzat jarri zuen gure gizona, bere betebeharrean zintzo eta jator jokatu baitu. Jose Manuel Arriola Sorazu - Arrasateko Kalezaina, berak sinatzen duen moduan- ez du aurkezpenik behar. Aski ezaguna da gure artean. Baina inork gutxik dakiena da, Jose Manuel bertsopaper egile dugula. Eta ez nolanahikoa, gainera! Bertso batzuk bilduta dauzka 1972an argitaratutako liburu batean. Eta mordoa da urtetan zehar euskal egunkari eta aldizkarietan argitaratutakoak.

Bertsogintzarako joera bere osaba zenarengandik datorkio: Debako Zubeltzu. Ez du sekulan plazetan ihardun baina trebeki erabiltzen du luma, barnean daramana adierazteko. Hona hemen, Arrasateko kalezain-bertsolaria:
 
1952 inguruan, ezkerrekoa
- Noiztik bertso zaletasuna?
- Nondik datorkidan garbi uzteko, umetako urteak nolakoak izan ziren kontatu behar dut lehendabizi. Debako “Goikoetxe” baserrian jaio nintzen 1916ko ekainaren 15ean. Zortzi anaia-arreba ginen eta etxean denok genuen zerbait egin behar bizimodua aurrera ateratzeko. Artalde bat eta behin batzuk bagenituen eta harekin aritu behar zen. Ikazkin gisa ere ibili nintzen behin baino gehiagotan. Eskolara gutxitan joan ahal izan ginen; beraz, “eskola motza” nintzen. Nire amaren anaia Zubeltzu bertsolari ospetsua zen eta auzokoa genuen. Artean txikia nintzela han egoten nintzen, berari entzuten, egiten zuena erabat miresgarria iruditzen baitzitzaidan. Orduantxe ezagutu nituen beste bertsolari batzuk: Txapel, Saikola, Kortatxo, Debako Iparragirre, Basarri, Uztapide eta abar.

- Aritu al zinen inoiz haiekin bertsotan?
- Ez. Egia esateko, lotsatu egiten nintzen euren zirikadari erantzun behar nionean. Bapateko berezko hori falta izan zait beti. Ni ez naiz sekula plazako bertsolaria izan. Gainera beste puntu bat ere kontuan izan behar duzu: behin Jose Mari Iriondok esan zidan bezala, bertsolaria izateko zurrutak tiratu behar zaitu, pixka bat gutxienez. Eta nire kasuan Ez naiz zurrut zalea izan. Lehen, gazte denboran, nahi ez nuelako, eta gero ogibideak utzi ez didalako, ez dut tabernetako bizimodua ezagutu. Etxeko isiltasunean aritzea, idaztea, nahiago izan dut. Barneko nire egoera hobeto adieraz dezakedala iruditzen zait, nahi dudana ezagutarazteko  askatasun osoa daukat-eta.
Bere lehen liburua, 1981

  - Zure bertsoak “Arrasateko Kalezaina” izenordez izenpetuta daude. Zer dela-eta etorri zinen gure herrira?
- Gerra denboran Zaragoza ondoko herrixka batean zauritu egin ninduten. Hamasei hilabete eman nituen sendaetxe batean. Elbarri izatezko horrek lanpostu bat hautatzeko aukera eman zidan eta 1939ko maiatzean instantzia bat egin nuen hemengo lanpostu baterako. Abuztuan etorri zitzaidan baietza eta segituan hasi behar nuen lanean, baina orduko alkatea zen Domingo Arzamendiri baimena eskatu nion Debako jaiak etxean ospatzeko. Eta horrela modu ofizialean irailaren lehenean ekin nion Arrasateko udal kalezain izateari. Bederatzi urte egin nituen Pagalday sendiarekin, apopilo moduan, eta han egon nintzen ezkondu arte. Debakoa daukat emaztea. Lau seme-alaba izan ditugu, lauok hemengoak. Eta honako hauxe esan dezaket: Arrasateko herria biziki maite dudala. Eta berak ere ni maite nauela uste dut.

- Goazen ostera bertsolaritzarekin. Zenbat bertso moldatu duzu? Eta non argitaratu?
- Ez dakit zenbat izan diren. Liburu bat ateratzeko adina bai, behintzat. “Xenpelar” sariaren 1972ko ediziora bidali nituen eta urte hartako liburuxkan argitaratu ziren haietako batzuk. Gainerakoak Arantzazu hilerokoan, Zeruko Argian, Goiz Argin eta, batez ere, Basarriren bitartez La Voz de España eta azkenaldi honetan Diario Vasco eta Egin egunkarietan.

- Gaurtik aurrera, gonbitea onartuz gero, Deian ere dauzkazula esan ahal izango duzu …
- Bihotz-bihotzez.


Zu Arrasate jai nagusiak /gain gaiñean dituzuna,

Itxaropena gurean degu / gozatuko gaituzuna.

Apaingarririk onena dezu / bakezko edertasuna:

beti bezela zuk erakutsi /zedorren aunditasuna.



Joxe Manuel Arriola, Arrasateko herriari bizitza guztia emanda. Berarekin aro oso bat, euskal zaintzaile zaharrena, aldenduko da Udaletxetik. Eta gure herriak ez dio oraindik bere eskerrona azaldu.
=========..========= 
Atzo, apirilak 29, izan ziren Joxe Manuelen aldeko hileta elizkizunak Arrasateko parrokian.
Argazkiak: JMVM 

http://www.fentmuntanyaiformacio.es