Juanita "Olga" Arenaza |
Arrasateko raketisten historiak XX.eko
hirugarren hamarkadara eramaten gaitu. Orduan ageri zaizkigu lehen emakume
pilotari profesionalak, abiapuntu hartan Justi eta Miren Arenaza ahizpak
aurkitzen ditugula. Badira urte batzuk geroago, sendi enbor beretik sortutako
beste Arenaza batzuk, haien lehengusinak Juanita eta Margarita, alegia. Gaurkoan
azken horien zenbait bizitza-zertzelada azalduko ditut., hau da, Mexikon bizi
den Juanita “Olga” adinduarekin hasita. Aurten 92 urte bete ditu eta berarekin
hitz egin ahal izan dut(1)
Eusebio eta Maurina gurasoak |
Eusebio Arenaza “Paparbaltz” aretxabaltarra eta Maurina Velasko palentziarra
Arrasatera ezkondu ziren 1921ean eta bertan jaio ziren Juanita (1923) Margarita
(1925) Anparo (1933) eta Jose Luis (1939) seme alabak. Lauak kirolariak izan
ziren: neskak raketistak eta mutila Arrasateko Juventud Deportiva Mondragoneko
futbolaria. Aitak Unión Cerrajeran egiten zuen lan eta amak egunkariak –
besteak beste, “El socialista”- saltzen zituen Portaloiko kiosko batean.
Neskek bazuten aurrekari argia pilotaren
mundutik abiatzeko. Justi eta Miren euren lehengusinak profesionalak ziren 1930
ingurutik raketaren munduan Arenaza Velasko ahizpen ibilbidea bestelakoa izan
zen, nahiz eta pilotarako zaletasun handia izan zuten beti, batez ere nagusia.
Juanitak gogoratzen duenez, hamaika saio egin zituen bere aitarekin herriko
Zaldibarreko frontoian, eskuzko pilotarekin.
"La Vasquita" lehengusina |
Baina inoiz ez zitzaion burutik
pasatu pilotako profesionala izango zena. “Nik
Franco jeneralari zor diot raketista izatea” aitortzen du, bere profesioaren
nondik norakoak galdetzen zaionean.
Juanitak Viteriko eskolan ikasi zuen eta
ikasle aplikatua zenez gero etxean Madrilera bidali zuten, goi ikasketak egin
zitzan. Madrilen harrapatu zuen 1936ko uztailaren 18ko altxamendu faxistak eta
etxerako bidean ipini zen. Elorrion egin zuen Juanitak bat bere bi ahizpekin,
11 eta 3 urtekoak, eta izeba baten laguntzarekin Santurtzitik “Habana”
itsasontzian Frantziara ihes egin zuten. Erbestean hilabete batzuk eman
ondoren, Arrasatera itzuli ziren eta gerra amaituta Juanita Madrilera joan zen
berriro bizitzari aurre egiteko eta izeba baten etxean geratu zen.
Unibertsitatera sartzeko aukera gutxirekin frantsesa ikasteari ekin zion. Oso
une latzak ziren alde guztietatik eta gabezia handia pairatzen zuten etxe
hartan.
Garai hartan Madrileko “Txiki Jai” frontoian
Mirentxu Arenaza lehengusina ari zen raketista moduan eta Juanita hasi zen hura
ikustera joaten. Eta hara non, Arrasateko Zaldibar frontoian gerra aurretik
bereganatutako trebezia raketari aplika ziezaiokeela iruditu zitzaion, eta
Mirentxuk utzitako raketarekin ekin zion entrenatzeari.
Juanita, laugarrena eskuinetik, makurtuta |
“Raketa
izan nuen salba ohola eta ordudanik raketista profesionala izan naiz. Ordu asko
eta partidu ugari jokatu behar genituen Madrilen jan ahal izateko. Berrehun
pezeta kobratzen genituen hilero eta kinieletatik ere portzentaje
bat ematen zitzaigun. Baina ez pentsa, raketa bakoitzak 50 pezeta kostatzen zuen, eta
gainerako gastuak ere gure kontura zihoazen. Ozta-ozta ateratzen nuen bizitzen
jarraitzeko”
Mutrikuko Balendin Zumalabe fabrikatzaile
ospetsuaren raketak ziren Madrilen erabiltzen zituenak. Baina jokoaren
intentsitatearekin raketaren hariak samur apurtzen ziren eta berriak jarri
behar zituzten pilotariek eurek. Arkume-tripazkoak ziren hariak eta Juanitak
raketak konpontzen ikasi zuen. Pilotak, berriz, larruzkoak ziren, hariz beteak.
Debuta 1941ean egin zuen, Anoetako Julita
Berazarekin batera. Juanitak izena aldatu behar izan zuen, izen bereko beste
bost kirolari baitziren eta Olga aukeratu zuen, kirol deituraz (2)
Bere lehen partidu profesionalean egundoko ezustekoa eraman zuen, 30-5
irabazi baitzuten. Bera pozik atera zen kantxatik baina intendentea haserre
joan zitzaion, oso gaizki egin zuela aurpegiratuz. “Nola gaizki?” erantzun zion
Olgak, harrituta, “Hogeita bost tantoko aldea atera diet” Eta intendenteak:
“Horregatik … 30-29 izan behar zuen!” ihardetsi zion
Hamar urte egin zituen Madrileko Madrid,
Txiki Jai eta Rosales frontoietan lehian, arratsaldez eta askotan baita gauez
ere bai. Partidu bakar bat jokatu zuen Justi Arenaza “La Vasquita” bere
lehengusinarekin.
Bere bi semeekin |
“Madrilen
ezkondu nintzen, bi seme nituen eta Mexikora joateko aukera aurkeztu zitzaidan.
Ni ordurako estelarista nintzen frontoian, hau da goi mailako partiduak
jokatzen nituen eta beste neska euskaldun batzuekin Mexikoko Metropolitano
frontoira jo genuen. Soldata 2.000 pesokoa zen eta horri gehitzen genion
kinieletako portzentajea. Ondo irabazten genuen, bai. Baina gastuak ere
halakoak genituen! Mexikon oso talde handia ginen raketistak, gehienak
euskaldunak, katalanak eta andaluziarrak. 1952an heldu nintzen Mexikora eta
bisitatu nuen aurreneko pertsonaietakoa Felix Aranburuzabala eskoriatzarra izan
zen, ordurako Mexikoko gizonik aberatsenetakoa genuena, garagardoaren
negozioarekin. Senitartea nuen Felix eta gogoratzen dut errieta egin zidala
euskara ahaztua nuelako”
Juanita, Olga karteletan.
Metropolitano eta Colon frontoietan aritu zen. Oso pilotari garrantzitsua izan
zen raketisten artean eta goi titularrak irabazi zituen Mexikoko medioetan.
Mexikoko beste raketista batzuekin |
“Olga festejó sus 10 victorias con un juego
huracanado” zioen “El
Redondel” egunkariak, 1961eko ekainaren 4an.“Decíamos hace ocho días que Olga se encontraba en
euforia de juego y así ha seguido. Con la de ayer alcanzó su décima victoria al
hilo, tras haber encabezado la lista de ganadoras del mes de mayo. Y hay que
ver cómo estuvo ayer. Fue un verdadero ciclón, que bien apoyado por Felisa
Barrutia, apabulló nada menos que a Beraza, que ya no sentía lo recio sino lo
tupido, hasta dejarla en diecisiete”
“La Olga de antes” titulatzen zuen egunkari berdinak 1963ko urriaren 6an,arrasatearraren lesio baten ondorengo debutari buruz ari zela.
Juanita eta Margarita ahizpa, raketista ere, Mexikon |
“Nire lehen
partidua Mexikon Mirentxu Galdos “Eskoriatza”rekin batera jokatu nuen.
Frontoiko intendentea Markue genuen eta oso gizon zorrotza zen. Raketista
gehienei euskaraz hitz egiten zien. Raketak ez ziren berdinak Mexikoko
altuerarengatik edo aurki apurtzen baitziren Madrilekoen modukoak. Sendoagoak
ziren. Eta bestalde, nylona sartu genuen kordak prestatzeko. Ni izan nintzen
lehena, eta benetako iraultza gertatu zen. Nylonarekin kolpeak biolinaren
soinua zirudien. Markue txundituta utzi nuen nylonaren eragina erakutsi
nionean”
Raketisten mundua, samurra al
zen? galdetu diot Olgari, emakume pilotarien inguruan den legendari apuntatuz.
Eta Olgak 1968ko irailean “Gaceta social de México” aldizkarian egin zioten
elkarrizketa gogorarazi nahi izan dit:
Prentsak "Olga"ri buruz zioena |
“Se trabaja mucho. Por ahí dicen que somos esto o lo otro. Y créanme que
no tenemos tiempo para ser esto o lo otro … La mayoría son casadas – yo soy
viuda- con familia. Y hay que atender la casa, las sirvientas. Luego, toda la
tarde estamos en el frontón y salimos rendidas. Casi todas llegamos a seguir
atendiendo lo del hogar y a descansar un poco viendo la tele. Al cine o a otros
espectáculos vamos los sábados por la noche o el domingo, que es el día que
descansamos del frontón. La vida no es fácil ni barata y el sueldo no es mucho.
No podemos darnos el gusto de lujos o de tirar el dinero en diversiones tontas”
Raketisten frontoietan ere
kinielak ziren eta apustuak. Diotenez, zestako partiduetan bezainbeste zarata
zen eta frontoiko giroa jasan ezina bihurtzen zen zigarrro puruen kea eta,
batez ere, ikusliarren urduritasunarengatik. Denetarikoak entzuten zituzten
raketistek, berez matxista zen publikoarengandik. Apustua baimendua dagoen
espektakulu guztietan bezala, frontoi haietan ere zalantza presente zegoen.
Tongoaren susmoa partidu guztietan ematen zen eta horren ondorioa jokalariek
euren pairatzen zuten. Eta Olgari zuzeneko galdera egin nahi izan diot. “Ba al
zen tongorik zuen partiduetan?”
“Jakina! Inoiz ez dut aitortu orain arte, baina
noski tentatzen gintuztela opariekin eta diruarekin. Samurra bide zitzaien
batzuei tranpan erortzea. Nik ez nuen sekula nire burua saldu, baina amua
hamaika bider jarri zidaten. Behin, 25.000 pesoko eskaintza egin zidaten
partidua galtzeagatik. Atera kontua: hamar hilabeteko soldata! Baina ez nuen
tenk egin!”
Olga 1970ean erretiratu zen
kantxetatik, ia-ia hogeita hamar urtez ogia pilotatik irabazi ondoren.
“Erretiratu nintzenean, 500 peso, hiru seme-alaba,
txakur bat eta bi neskame besterik ez nuen. Eta beste ofizioak ikasi behar izan
nituen. Zorionez, seme-alabak aurrera atera ahal izan nituen, horixe zen
garrantzitsuena. Seguritate Sozialik gabe jokatzen genuen frontoian, gure
profesioa ez baitzen sartzen espektakuluetako sektore ofizialean, nahiz eta
Jorge Negrete sektoreko presidenteak eta “Cantinflas” idazkariak hamaika bider
agindu zidaten raketistak integratuko zituztela sindikatuan. Hitzak hitz”
Frontoietako bere ibilbide
profesionalean Olgak ezagun asko egin zituen Mexikoko pertsonaien artean.
Aipatu ditu Jorge Negrete abeslaria eta Mario Moreno “Cantinflas”. Olga eta
beste raketista batzuk azken horren rantxora joaten ziren, aktoreak frontoi bat
baitzeukan eta bertan raketa partiduak izaten ziren. Gustavo Diaz Ordaz
errepublikako presidente izan zenarekin ere adiskide harremanak izan zituen
Olgak. Baina pertsonaia publiko guztietatik gehien maite izan duena Raphael
abeslaria da, zalantzarik gabe:
Juanita, Raphael abeslariarekin |
“Mexikora abestera etorri zen lehen aldiz ezagutu
nuen. Bere kamerinora joan nintzen zuzen-zuzenean, eta ordudanik lagunak gara.
Behin niretzat bakarrik abestu zuen “Yo soy aquel” abestia. Aurtengo maiatzean
egon da Mexiko D.F-ko Auditorio Nazionalean eta hara joan nintzen ni ere”
Juanita, eskuinean, senditar batekin,Mexiko D.Fn bizi da |
Olga Mexiko D.F-n bizi da,
sendiak inguratuta. Telefonoz hitz egin dugunean bere indarra erakutsi dit,
ordu t´erdiko solasaldi bizia sortu dugularik. Arrasateko giroa gogoratzen du
eta euskaraz ere bota dizkit berba batzuk. Egin diodan azken galdera hauxe izan
da: “Berriz jaioko bazina raketista izango al zinateke?”
“Ez. Garbi asko daukat ezetz. Berriz jaioko banintz,
Francok eragotzitako unibertsitate karrera egingo nuke”
Horixe dugu Juanita “Olga”
Arenaza Velasco. Urte askotarako! Hurrengo ekarpenean, Margarita ahizparen
gain arituko naiz.
ARTIKULUA ARGITARATU ONDOKO OHARRA: Juanita Arenaza Mexikon hil zen, 2015eko urriaren 27an.
ARTIKULUA ARGITARATU ONDOKO OHARRA: Juanita Arenaza Mexikon hil zen, 2015eko urriaren 27an.