Arrasate eta Aramaioko historia txikiaren zehazkizunak eskaintzen ahaleginduko den espazio xumea da
HOTS BEGI DANBOLINAK.
Eta Pedro Ignacio de Barrutia, Aramaion jaiotako arrasatearrak XVIIIan idatzi bezala,
"emaytera dator, milla barrion".
Hala bedi.
Iragan mendeko seigarren hamarkadaren lehen
urteetatik Arrasateko musika “berria”ren magma pil-pilean zegoen, mundu osoan
bezalatsu. Gu ez ginen desberdinak eta diktadura politikoaren presioak era
guztietako zailtasunak jartzen zituen arren, egia da musikarako grinak gazte
askorengan piztu zuela eta ahaleginak eta bost egiten genituen, estatutik eta,
batez ere, Europatik zetorkigun uhin berriari aire pixka bat hartzeko. Idatzi nuen “Sixties” (1990) nire liburuan,
gure diru apurraz erositako disko jogailuetan ehunka single, EP eta LP entzun
genituela, liluraturik, musika hura nola egin zitekeen galdegai.
Los Jaguars
Guri asko eta
gure gurasoei ezer gutxi gustatzen zitzaien musika modernoa zen. Gure "Sixties" propioa izan genuen. Polita izan zen eta mende erdia eman ondoren giro haren islapena jaso nahi izan dut, oso modu apalean. Los Dragones, Los Jaguars, Los Cactus, Los Iris, Jose Antonio Villar, Jose Mari Larrañaga ziren gehien entzuten genituen izenak. Oso ilusio handiarekin jardun zuten, ibilbide artistikoan tokitxo bat egiteko asmoz.
Atzera begiratze honek ez du haien oroitzapena finkatzea besterik aldarrikatzen. Eta, agian, nolabaiteko eskerrona da, euren musikarekin gainerakoon ordu libreak hobeto pasatzen lagundu zigutenentzat.
Eta gaurko ekarpen hau modu desberdinez luzatu nahi diot irakurleari. Luzexka denez, iruditu zait pdf formatoan eskaini behar nuela, irakurleak - nahi izanez gero- dokumentua eduki dezan. Hona hemen, lan osoa jaisteko esteka:
Arrasateko Danok Euskal Jakintza Taldea 1967ko otsailean
sortu zen, Juventud Deportiva Mondragonen baitan. Bere eginkizunetako bat,
oinarrizkoena esango nuke,euskara
zaintzea eta zabaltzea zen. Horretarako ikastaroak antolatzeari ekin zion, “gau
eskolen” bitartez. Baina aurki beste ekintza batzuetara igaro zen eta osperik
handienetakoa eman ziona 1971an etorriko zen: Kanta Berri izenekoa. Duela mende
erdiko ekintza izan zen, eta gogora ekarri nahi izan dut.
Zer zen Kanta Berri? Danok-en 1971ko
aldizkaritxoan zioen: “Danok taldeak,
bere jardunean, argi eta garbi ikusi du gaurkotasunez jantzitako Euskal Kultura
baten beharra. Pentsaera honen ondorio bezala hartu behar dugu “Kanta Berri”
Sariketa. Gure musika arina oraingotu nahi dugu gure jardunaren zati
garrantzitsu bat bezala”
Oinarri horretatik abiatuta, Danok-ek
kontaktuak izan zituen zenbait erakunde eta elkarterekin, ahaleginean erosoago
ibiltzeko. Ideia nagusia, hego Euskal
Herriko lau hiriburuetatik igaro ondoren 1971ko ekainean lehiaketa haren finala
Arrasaten eratzea zen. Eta benetan lan ikaragarri neketsua gertatu zen
antolatzaile arrasatearrentzat. Bidaia lagun bezala Laboral Kutxa – orduan
“Lankideen-Auzo-Aurrezki-Ontzia”- hartu zuten, eta erabateko babes ekonomikoa
eman zien. Arrasateko Udalak
bere babesa eskaini zuen eta baita Loiolako
Herri Irratiak ere. Aurrekontu osoa 1.050.000 pezetakoa izan zen, dirutza ikaragarria
sasoirako. Baina, ene ustez, Danok-ekoek asmatu egin zuten antolatzaileen
artean Donostiako La Voz de España egunkaria sartzean, horrek Javier Aranburu
kazetari euskaldunari eman baitzion lehiaketaren promoziorako lana eta,
gainera, kazetak sari berezi bat ipini zuen kanten arteko letrarik
hoberenarentzat.
Antolatzaileek euskal musika moderno berria
sortu nahi zuten, garaian modan zeuden kantautoreen estilotik kanpo. Eta zer
egin horretarako? Deialdi publiko baten bitartez berrogeita hamar abesti berri
iritsi zitzaizkien. Horietatik epai mahai batek hamabi hautatu zituen,
Arrasateko finalera heldu aurretik Donostia, Bilbo, Iruñea eta Gasteizko
publikoek ere epaituko zituztenak, izan ere, aproposeko epai mahai desberdinez
gain,tokiko entzuleei eskaini zitzaien
aukera euren botoarekin abesti baten edo bestearen alde egiteko.
Interpreteak hautatzeko ere , antolatzaileek hain
ezagunak ez ziren abeslariengana jo zuten, kantariek euren ospearekin kantak
estal ez zitzaten, helburua kanta berriak sortzea baitzen. Horrezaz aparte abeslari
berri ere aurkituz gero, hobeto, baina xedea musika zen. Horregatik, abeslarien
artean – abestiaren interpretazioa emakume eta gizonezko banari enkargatzen
zitzaion, abeslari batek kanta bat baino gehiago interpreta zezakeelarik. Izen
propioen artean, Nino Remuñan, Loli Ordoki, Donato Larrañaga, Antzine
Bedialauneta, Migel Angel Arbea, Estitxu, Amaia Aulestia, Xabier Zamudio,
Zorion Egileor eta Jose Mari Larrañaga arrasatearra zeuden.
Lehen saioa Donostian egin zen, Astoria antzokian,
1971ko maiatzaren 23an. Emanaldiaren lekukoa izan nintzen eta esan dezaket
egundoko giroa izan zela. Goian aipatutako Javier Aranburu kazetariak galdetzen
zuen La Voz de Españan egun hartan bertan: “¿Serán
los músicos vascos capaces de hacer música moderna, de la llamada ligera? La
organización de Kanta Berri ha puesto a nuestros sesudos músicos en el trance
de escribir música ligera. ¿Lo han conseguido?
Donostiako saio hartan sei izan ziren
aurkeztutako abestiak: “Udaberri
“(musika eta hitzak, Jose Iturria. Interpreteak, Estitxu eta Donato Larrañaga) “Dantzatu daigun” (musika eta hitzak,
Jose Mari Juaristi; interpreteak, Loli Ordoki eta Zorion Egileor) “Gure gaztedia” (musika eta hitzak ,
Pedro Zabala; interpreteak, Amaia Aulestia eta Xabier Zamudio) “Guria” (musika, Frantzisko Gargallo;
hitzak, Eusebio Erkiaga; interpreteak, Estitxu eta Donato Larrañaga) “Maitatzen” (musika, Juan Orue; hitzak
Eusebio Erkiaga; interpreteak, Estitxu eta Donato Larrañaga) “Kezkati” (musika eta hitzak, Jose Maria Altuna; interpreteak,
Loli Ordoki eta Jose Mari Larrañaga)
Interpreteei bi taldek laguntzen zieten euren
ahotsekin: Unai Hirukotea eta Itxaropen Hirukotea. Orkestra Juan Cordekok
zuzentzen zuen eta emanaldiaJose Mari
Iriondo etaItziar Sagarzazuk aurkeztu
zuten. Saio hartarako epai mahaia honakoek osatua zegoen: Juan Arzamendi,
Imanol Urbieta, Luis Iriondo, Luis Romero eta Miren Jone Azurzak. Epaileen
emaitzak botazioaren %50 adierazten zuen eta beste erdia publikoari zegokion.
“Excepcional
calidad musical de Kanta Berri” titulatzen zuen La Voz
de Españak, maiatzaren 25ean, bost zutabetara egindako kronikan. “El festival del domingo fue superior en
categoría musical a otros festivales nacionales o extranjeros que tienen ya
renombre” Eta ematen zuen jakitera
epai mahaiak eta publikoak erabakitakoa: “Guria “irabazlea eta “Kezkati”
bigarrena. Jose Mari Larrañagaren kalitatea azpimarratzen zuen.
Jose Mari Larrañaga
Donostiatik
Bilbora zihoan lehiaketa eta maiatzaren 30ean izango zen emanaldia, baina azken
unean bertan behera geratu zen Bizkaiko hiriburuko emanaldia. Eta, beraz,
hurrengo hitzordua Iruñean izan zuten Kanta Berri-koek, Gaiarre Antzokian, ekainaren
6an. Iruñean aurkeztutako beste sei abestiak honakoak izan ziren: “Bai ta ez” (musika, Biktor Ureña;
hitzak, Agustin Zubikarai; interpreteak,Amaia Aulestia eta Xabier Zamudio)
“Euskal mendietan” (musika eta hitzak, Migel Angel Arbea; interpreteak,
Antzine Bedialauneta eta Mige Angel Arbea) “Zergatik”
(musika, Rikardo Dorado; hitzak, Eusebio Erkiaga; interpreteak,Loli Ordoki eta Jose Mari Larrañaga) “Nere udazkena” (musika, Luis Aranburu;
hitzak, Pedro Anitua; interpreteak, Amaia Alustiza eta Nino Remuñan) “Jolas leku baten” (musika eta hitzak,
Jose Mari Altuna; interpreteak, Antzine Bedialauneta eta Zorion Egileor) “Nere maiteari” (musika, Luis Aranburu;
hitzak, Pedro Anitua; interpreteak, Estitxu eta Nino Remuñan)
Epai
mahaia, Juan Arzamendi, Martin Manterola, Kontxi Zabaleta eta Itxaro Mezkiriz
lagunek osatzen zuten. Eta publikoaren botoekin batera, saio hartako emaitza
izan zen: “Euskal mendietan” irabazlea eta bigarrena “Nire maiteari” La Voz de
España-k ekainaren 8ko kronika zabalean honakoa jartzen zuen: “Los intérpretes de “Zergatik” fueron un
mondragonés, José Mari Larrañaga, y una oñatiarra Loli Ordoqui. José Mari está
dotado de una preciosa voz para la canción moderna” Diodan, Jose Mari
Larrañaga laugarrena geratu zela saio hartan.
Eta
Iruñetik Kanta Berri-k Gasteizera egin zuen salto. Guridi Antzokiaren ateak
1971ko ekainaren 13an ireki ziren hirugarren fasea burutzeko. Eta kronikek
diotenez, ordura arteko saiorik bikainena gertatu zen Arabako hiriburukoa.
Publiko euskaldun gasteiztarra irrikan zegoen bertako Luis Aranburu eta Pedro
Anitua egileen bi abestiak entzuteko. Diodan, saioa bost irratik eman zutela
zuzenean. Eta iragarpen guztiak txiki geratu bide ziren, bi kantak lehena –“Nire
maiteari”- eta bigarrena “Nire udazkena” geratu baitziren. Irabazleari buruz
zioen La Voz de Españak ekainaren 15ean: “Hay
que decir algo de esta canción y es a lo que puede llegar una melodia sin
demasiada originalidad en manos de un letrista inteligente y un
arreglista-músico de la categoría de Luis Aramburu”
Epai
mahaia, Juan Arzamendi, Maria Angeles Olariaga, Maria Luisa Criales, Anton Lete
eta Jose Mari Ortiz de Landaluzek osatu zuten. Jose Mari Larrañagak ez zuen parte
hartu. Eta aurkeztutako sei kantetan Unai Hirukoteak lagundu zien interpreteei.
Jose Mari, Bergarako saioan
Gasteiztik,
korrika, Bergarara, izan ere bertako Irala Antzokia zain zeukaten Gasteizen
egon ez ziren kantek eta horien interpreteek.Azken txanpa zen Bergarakoa, Arrasateko finalera iristeko. Hamabi
kantetatik sei izango ziren finalistak. Eta ekainaren 18an, Jose Mari Larrañagari
hiru kanta defendatzea egokitu zitzaion: “Maitatzen”, “Kezkati” eta “Zergatik”.
Epai mahaiak – Juan Arzamendi, Karmelo Errekatxo, Marta Caballero, Eduardo
Uriarte eta Paskual Barturen- eta publikoak emandako botoen arabera, “Guria” izan
zen Bergarako irabazlea eta Jose Mari Larrañagaren “Kezkati” bigarrena.
Arrasateko finalerako, beraz, “Guria”, “Nire maiteari”, “Euskal mendietan”, “Kezkati”,“Udaberri” eta “Bai ta ez” sailkatu ziren.
Hurrengo geltokia Arrasateko Zaldibar zen, ekainaren 24ko gauean.
Eta heldu
zen eguna. Zaldibar frontoia itxi egin zen eta harmaila bereziak ezarri ziren.
Bi mila eta berrehun pertsonarentzako tokia prestatu zen. Sarrerak 125, 100 eta
75 pezetatan jarri ziren salgai. Arrasateko finalerako epai mahaikideen botoak
bakarri balio zuen, hau da, publikoak ez zuen aukerarik erabakian eragiteko.
Epai mahaia, Juan Arzamendi, Imanol Urbieta, Martin Manterola, Anton Lete eta
Karmelo Errekatxok osatu zuten. Izan ziren beste bi epai mahai; lehena,lehiaketako
abestien arteko letrarik hoberena saritzeko, eta Juan San Martin, Nemesio
Etxaniz eta Xabier Lete poetak izan ziren hautatuak zeregin horretarako;
bigarrena, interpreterik onena nabarmentzeko, Juan Cordero, Juan Arzamendi,
Imanol Urbieta eta Jose Mari Iriondok osatuta. Eta azken orduan erabaki zuten
antolatzaileek sei finalistez gain, gainerako seiak ere abestuko zirela,
publikoari lehiaketaren kalitatezko maila ezagutarazteko. Beti bezala, Unai
Hirukotea aritu zen interpreteei euren ahotsekin laguntzen eta emanaldia,
aurrekoetan legez, Jose Mari Iriondo eta
Itziar Sagarzazu irrati esatari ezagunek aurkeztu zuten. Eta finala lau irratik
eman zuten zuzenean, Espainiako Irrati Nazionalak grabatu egin zuen eta baita
TVE-k ere. Arrakasta, beraz, zentzu osoan, finala hasi aurretik.
Gaueko
10´30etan ekin zitzaion emanaldiari. Frontoia entzulez toperaino bete zen, eta
lehenik Juan
Jose Mari, Arrasateko finalean
Corderok - abesbatza eta
orkestrarako musikatutako Eusebio Erkiagaren “Arrasate” poema interpretatu zuten
Zarautzeko Oleskariak koroak eta Azpeitiko Unai Hirukoteak. Gizonezkoen ahotsek “Arrasate, Arrasate;
bazter laztana; anai-gizarte. Arrasate” errepikatzen zuten batera“Kanta Berri kanta, maitasun ta pakea; Kanta
Berri kanta, pakea ta maitasuna” kantatzen zuten ahots zuri azpeitiarrek,
publikoarengandik lehen txalo zartadak jasoaraziz.
Finalak oso
maila artistiko ona izan zuen eta aurki ikusi zen publikoa “Guria” abestiarekin
zegoela. Kanta bakoitza birritan abestu behar zen eta "Guriak"ek
entzuleriaren txalo sutsuak irabazi zituen bi bertsioetan. Azkenik, goizaldeko
2ak jota zirela, epai mahaiak bere erabakia jakinarazi zuen. Eta espero bezala,
“Guria” izan zen irabazlea, Loli Ordoki eta Donato Larrañagak defendatua. Egileek
– Gargallo eta Eusebio Erkiaga- jaso zituzten lehen sariko Lankide Aurrrezko Kutxaren
50.000 pezetak eta garaikurra.
Ene ustez, irabazlea ezik, gainerako postuetan
ezusteko handiak izan ziren Arrasateko saioan, ordura arteko saioetan buruan
zeudenak atzean geratu baitziren. Bigarren tokian, “Udaberri” atera zen,
Estitxu eta Donato Larrañagak abestuta; hirugarrenean, “Bai ta ez”. Amaya
Aulestia eta Xabier Zamudiok interpretatuta; laugarrena, “Nire maiteari”,
Estitxu eta Nino Remuñanen ahotsetan; bosgarrena, “Euskal mendietan”Antzine Bedialauneta eta Migel Angel Arbeak
defendatua; eta seigarrena “Kezkati”,Loli
Ordoki eta Jose Mari Larrañagaren ekarpenarekin. Badirudi publikoa bera ere ez
zen oso gustura geratu azken sailkapenarekin. Baina hori lehiaketa guztietan
gertatzen da.
Finaleko abeslariak, Zaldibarreko frontoian
Bitxikeria
gertatu zen letrarik hoberena nabarmentzen zuen sariarekin. “Udaberri” izan zen
epaileen arabera poemarik egokiena. Jose Iturria kantaren titularrak jaso zuen
La Voz de España kazetaren saria – 10.000 pezeta eta plaka bat. Baina hantxe
bertan aitortu zuen bera ez zela egilea, Bitoriano Gandiaga frantziskotarra
baizik. Badirudi Gandiagak idatzi egin ziola poema, baina egilea bera zela
isilpean gordetzeko. Iturriak ezin izan zion sekretuari eutsi eta, Arrasateko finalean zegoen
Gandiagari entregatu zion saria. Bestalde, interpreterik onenarentzako saria
eman gabe geratu zen, lehiaketa osoan guztiek txit maila handia eman zutela
erabaki baitzuen epai mahaiak, eta sariko dirua abeslari guztien artean banatu
zen. “Herri Gogoa” disko etxeak Arrasateko emanaldia grabatu zuen, lau kanta onenekin
EP bat ateratzeko. Gero,
ordea, diskoak Belter etxeak atera zituen.
Eta
horrela amaitu zen ”I Kanta Berri” haren ibilaldia. Antolatzaileak oso gustura
geratu ziren emaitzarekin, baina errealitatea da hura izan zela lehena eta
azkena, ez baitzen berriz ere eratu. Javier Aranburu kazetariak bere kronika
aberatsean zioen ekainaren 26an La Voz de Españan: “… sobre todo hay que subrayar algo muy importante, el deseo y la puesta
de medios para que lo vasco no sea solo objeto de museo sino algo vivo,
presente en todas las manifestaciones. Esta vez se trataba de que la música
vasca entrara por la puerta grande en los repertorios de música de baile de las
salas de fiesta”
Kanta
Berriren luzapena eman zen, Donostian, 1971ko irailaren 10ean, Trinitateko
enparantzan. Euskal Jaiak-Fiestas Euskaras ekimenaren barruan. Danok Kultura Elkartearen lehiaketako lagin bat eskaini nahi izan zuen Donostiako
Udalak,
eta lau abeslari aurkeztu ziren egun hartako arratsaldean. Gauza ez bide zen
oso ondo atera, ez artistengatik, baizik eta antolatzaileak mailara ibili ez
zirelako. Lantxo honetan lehen ere agertu zaigun Javier Aranburu kazetariak zioen bere
kronikan, irailaren 11an:
“Con una
orquesta que hizo lo que pudo, pero que no pudo hacer lo que quiso, los que
ayer noche se volcaron, dejando bien patente su personalidad, su buen hacer, su
capacidad de captar al auditorio, fueron los intérpretes. Cuatro colosos de la
canción moderna vasca como son Donato Larrañaga, Amaia Aulestia, Jose Mari
Larrañaga y Xabier Zamudio cargaron con todo el repertorio, haciendo uso de sus
recursos que les eran ayer más necesarios que nunca”
Kanta
Berri ekimenak oso arrakasta artistiko baina porrot ekonomikoa ekarri bide
zuen. Uztailaren 31ko La Voz de Españaren edizioan irakurtzen zen, herriko korrespontsalaren lumatik:
“Ya han
comenzado con el desmonte del entoldado, tribunas del frontón Zaldibar, que
como se sabe había sido montado para la final del concurso de Kanta Berri, y
posteriormente se ha utilizado para diversos espectáculos y festivales, que
desgraciadamente aparte de la noche que tuvo lugar la final del concurso, ha
sido un fracaso en cuanto a la asistencia del público se refiere. En vista de
lo ocurrido, uno no puede comprender la actitud de la gente que ha brillado por
su ausencia, cuando en estos momentos los organizadores esperaban una completa
colaboración de la juventud mondragonesa”
Jabier Pagalday (erdian) eta Anton Elorza (eskuinean) antolatzaileak
Kanta Berriren defizita milioi laurden bat pezetakoa izan zen eta Danok Kultura Taldeak ahaleginak eta bost egin zituen zuloa betetzeko. Agian, jaialdiari
jarraitu zioten hiru diskoen salmentak apurtxo bat arinduko zuen Danoken
galera, baina ez dut uste zuloa beteko zenik. 1971ko Santo Tomas jaietan aurkezpena
izan zen Arrasaten, Euskal Disko eta Liburuen azokaren barruan.
BartzelonakoBelter disko etxeak
ekoiztutako hiru single-ak honakoak izan ziren: Jose MariLarrañagaren– Joxe Mari-“Nere maiteari” eta “Euskal mendietan”,
lehiaketan laugarren eta bosgarren sailkatutakoa; Amaia Aulestiaren “Nere
udazkena” eta “Bai eta ez” eta Donato Larrañaga irabazlearen “Guria” eta
“Udaberri”. Hiruetan Unai hirukoteak egin zituen koruak. Arrasateko azokarako lehen biak bakarrik ekarri ahal izan ziren,
hirugarrenak ekoizpen-arazoengatik atzeratu egin baitzen. Azokan ez ezik, Ire
liburudendan ere jarri ziren salgai.
Jaialdi
hartatik geratzen zaizkigu erreferentzia idatziak eta aipatutako diskoak. Kepa
Ormaetxea Arrasateko adiskideak eman zidan Jose Mari Larrañagak grabatutakoaren gaineko
pista egokia eta Juan Mari Beltrani esker eskuratu nituen Jose Mariren bi
abestiak. Eta entzungai jarri nahi izan
dut, Arrasateko abeslari gazte eta ilusioz beteriko haren ekarpena gogora
dezagun, batez ere Jose Mari aurtengo urtarrilaren 18an gure artetik betiko
desagertu ondoren.