1964 etiketadun mezuak erakusten. Erakutsi mezu guztiak
1964 etiketadun mezuak erakusten. Erakutsi mezu guztiak

martxoa 24, 2021

EUSKARA ARRASATEKO GIZARTEAN, HIRUROGEIETAN

Arrasateko Portaloia, 1960 inguruan
XX.aren  hirurogeietako Ikastolen mugimendura arte euskara arrotza izan zen herriko hezkuntza entramatuan. Hala ere, mendetan zehar euskara ez da guztiz baztertua izan herriko eskola eta irakaskintzako zentroetan. Garibayk berak XVI. mendean aldarrikatu egiten du gure hizkuntzaren presentzia, hori bai beti ere euskararen bitartez gaztelerara jauzi kualitatiboa eman ahal izateko.

XVI. mendetik nolabaiteko kezka azaltzen da agintari eta herriko zenbait pertsonengan, euskara espazio batzuetan presente egon dadin ... konbentzimendu handirik gabe. Erlijiosoek bazekiten euskararen bidez bakarrik hel zitezkeela arrasatear gizartearen bihotzeraino eta herritarren arimen salbazioa emango bazen derrigorrezkoa zen erlijioso euskaldunak bertan edukitzea. Abadeak, fraideak... portzentaje handiz euskaldunak ziren.
Oinarrizko hezkuntza orokorrerako, ordea, baldintza hark ez zuen horrenbeste indarrik. Bi arrazoirengatik: zubi eta kultura hizkuntza gaztelera zelako; eta herri xeheak kultura premiarik ez zuelako.

Horrela izan zen XX. mendea ondo sartua egon arte, abertzaletasunak euskal kontzientzia piztu zuenean.

Arrasateko lehen ikastola ireki zenean – Zentro Katolikoaren kide batzuen ekimenez- trumoietako kutxa ere zabaldu zen, eta gizarte zatitu eta ultrapolitizatu hartan ikastolaren gainean iriztu hilgarria erori zen, faxistak altxatu bezain laster.
Mondragón aldizkarian, 1964

Joxe Markiegi, Leonardo Guridi - biak Zentroko irakasleak eta gero lehen Ikastolakoak ere- fusilatu zituzten, ikastola bedeinkatu zuen Jose Joakin Arin parrokoarekin batera. Hiru apaiz haiek “Zeruko Argia” zeritzan euskal orritxoa argitaratzen bide zuten. Ez dut haren ale bat ere inon aurkitu. Baina izan zela diote kronika batzuek.

Gerra osteko lehen hamarkadetan, ordea, inori ez 
zitzaion geratu bide hartatik segitzeko gogorik. Frankisten hamarkadatako debekuarengatik euskara hezkuntza plan guztietatik kanpo geratu zen. Hala ere, 1960 inguruan halako mugimendu txikitxo bat hasi zen, euskararen suspertze lanetan. Bada albiste bat, 1964an, albiste huts bezala hona ekarri nahi dudana, izan ere inoiz ez dut idatzitakoa frogatu ahal izan. Ekintza Katolikoaren Zentrotik 1964an argitaratutako “Mondragón” aldizkaritxoan irakurtzen zen:

“Naigabez begiratzen bearrean gauden, bada, gure gazte eta zar artean, euskera zoragarri, polit eta aberats au baztartaz zijualako; bañan, badira oraindik gizaseme bikain eta jarduntsuak Arrasate ontan. Gizaseme oiek bein baño geiagotan bildu dira, eta lan gogoaz zerbait egin ere. Onela degu, Arrasaten, irakasle taldetxo batzuek gure mutiko artean; euren ikasle dira, “Concepcionistas” deritzaion ikastetxean mutil koskorrak eta beste berrogeikoren bat “Colegio San José”n…

Ikastetxe oneiri indar berezi bat emateko, Bazkun edo “Soziedade” bat sortzea gogoratu da Arrasaten “Sociedad Cultural Juan Carlos Guerra” hartu du izentzat…”

Jakina, goiko “mutiko artean” horretan neska-mutikoak irakurri behar da. San Jose ikastetxean euskarazko klaseak izaten ziren, Alvaro Beitia irakaslearekin, eta ikastetxeko zuzendaritzaren eraginez. Ni neroni izan nintzen ikastaro haietako ikaslea. Kontzezinoko ikastetxean ere, 1960 urtean ireki zen oinarrizko hezkuntza sistemarekin bat eginik, mojek atea ireki zioten euskarari.

Portaloia, 1960 inguruan
Baina zertan geratu zen Juan Carlos Guerra Bazkuna izeneko ekimen hura? Mondragón aldizkariaren artikuluak segitzen du euskararen aldeko apusturako proposamena eginez:

“Arrasate gure erri maite au, lantasunean biurri eta azterkatsua izan degu betik. Leendik ona, gure burdiñ-oletan jarraipen eta argirapen aundiagoak agertzen zaigu, eta argirapen eta jarraipen oiek, gure aurrerapenak indartzeko, samurtasuna ekarriko dizkigu. Aberri eta erriak zabal eta goratzeko aberastasuna bear da, eta aberastasun ori, ikastoletatik etorri bear du, noski. Gaztediak jarraipen bikaiñak bait ditu oraiñ, gure erri eta aberria goratzeko, bai, baiña atseden bat ere bear du gazte eta gizasemeak, eta atseden ori, zergatik ez Euskalerri onen bidez itzuli?”

Historiaurrekoa irudi daitekeen arren,
Arrasate, 1960
berrogeita hamazazpi urte bakarrik eman dira aldizkariaren aldarrikapen hartatik. Bakarrik diot, euskararen adina ehun urte baino luzeagoa baita eta mendetako osasun makalaren ostean,
 azken mende erdian apurtxo bat besterik ez bada ere, badirudi gure hizkuntzaren osasunak hobera egin duela. Segi dezagun irakurtzen 1964ko aldizkaritxo hartan:

“Betik izan degu maite gure Ama, eta gure biotzetan betik eramango degu maitetasuna au, ez ote? Gure Euskalerri au, askok eta askok abestu duten bezala, gure begizko Ama degu; orregaitik Arrasateko gizaseme, gazte eta emakume guztiok Bazkun edo sociedade onen jarraipen eta gogotasunak indartu bear ditugu.

Erbestekoak gauz polit eta jatorrak aurkitzen ditu Euskalerrian eta asko dira emengo izkuntz, oitura, dantza, kirol eta folkloreen berri dabiltzanak. Asmo jarraikorrak ditu Bazkun onek oientzako ere. Azkenez, galdera edo gogoeta bat: Erbestekoak gauz jator eta gogozkoak aurkitzen bai ditu, nolan ez aurrerapen gogor eta beroenak Bazkun oneri Euskaldun deitzen geranok?”

Bazkun haren gaineko berri gehiagorik ez dut inon aurkitu. Gero ikastolen mugimendu egituratua etorri zen.


Argazkiak: JMVM



apirila 27, 2016

JUAN KARLOS GERRA ETA EUSKARA



Izan zen Arrasaten, 1963 eta 1964 urteetan, Ekintza Katolikoaren Zentrotik argitaratzen zen urtekari bat, “Mondragón” izenekoa. Eta 1964koan bada artikulu interesgarri bat, garai hartan herriari euskarari ematen zitzaion babesa eta euskararen inguruko giroa azaltzen zuena. 

Juan Carlos Guerra, historialaria


Bertan irakur daitekeenez, iragan mendeko hirurogeietakoen hastapenetan euskara Kontzezinoko ikastetxean irakasten zen eta baita biatoristen San Jose kolegioan ere. Irakasle talde bat sortu zen euskararen oinarrizko kontzeptuak ikasle boluntarioei agertzen zizkietenak. Ni neu ere izan nintzen kolegioan ikasle haietako bat eta irakaslea – Jon Oñatibiaren Irrati bidezko metodoarekin- Alvaro Beitia fraide ohia genuen. Mojetan, berriz, Soledad Mendizabal arrasatearra izan bide zen akuilaria.  

Diodan legez, urtekariko artikulua, “Sociedad Cultural Juan Carlos Guerra” izenekoak xehetasun batzuk ematen ditu, eta besteak beste hauxe irakurtzen dugu: 

“… Irakasle bikaiñ eta onekoak dirala bi ikastetxe oietan entzuna degu eta pozez artu bearrean gaude oien gogotasunak lagunduaz alde batetik eta gure gaztetxoak ikastola oietara bialduaz bestetik. Ikastetxe oneiri indar berezi bat emateko, Bazkun edo “Soziedade” bat sortzea gogoratu da Arrasaten. “Sociedad Cultural Juan Carlos Guerra” artu du izentzat Bazkun onek, Euskal izkuntza, gure mutil eta neskatxoen artean erakustea; bigarren, gure oiturak, dantzak, kirolak, antzerki, bertso, soñu eta abar indartzearren” 

Ahaleginak egin arren, ez dut ezertxo ere jakin ahal izan elkarte haren gain. Zeintzuk ari ziren haren atzean? Izan al zen, hamarkada haren bukaeran sortuko zen “Danok” elkartearen aitzindaria? Baiezkotan nago. 

Baina gaurkoan ez noa horretaz gehiago mintzatzera. Juan Karlos Gerrak berak bere euskarari buruz ematen digun aitorpen bat azaldu nahi dut, historialari arrasatearra euskaltzale peto- petoa izan zela erakusteko.

Guerra Donostian jaio zen 1860an eta Arrasaten hil zen 1941ean. Irakur diezaiogun, “Euskal Esnalea” aldizkarian 1924an idatzitakoa, elkarte berdinarentzat emandako hitzaldi baten transkripzioa dena: 

Guerra Etxea, 1964an
“Euskal Esnalea”ren deyari erantzunaz, poz-pozik nator zuben artera. Nola ez, andre ta jaun ain prestuben bildumara? Neure alegin apurtxoarekin Esnalearen lanbide eder onetan lagundutzera nator. Ai, nik nai nukean eran albanegi lagundu eta dagokizuten bezela erantzun! Ez daude nire indarrak ez nire izkuntza nire gogoaren neurrian, bada 

Donostiako gaztelupeko izketatxoen gozua,

aspaldi goitar ari naizela naigabez daukat galdua…








Galdua diyot. Len banekin, ederki ikasi nuben txikitan. Donostiarra naiz, Santa Mariko pontean batayatuba… bañan emen, Irutxulueta eder zoragarri ontan jayo banintzan ere, izatez basatiar jayo nintzan, eta gazterik biurtu nintzan basora, nire gurasoen jatorri zarrera, eta an bizi naiz berrogei urte aubetan, Udalaitzeko aize garbiyak arnasa zabalagaz arturik eta bere indarragaz ango izketa nire aboan darabildala… Euskera gordiña, bertako arkaitzak bezin gogorra eta latza”


 
Horixe zen Juan Karlos Gerra, Arrasateko euskaltzale jator eta jakintsua. Hurrengo batean segituko dut gaiarekin.


Argazkiak: JMVM


 

uztaila 16, 2014

EUSKAL JAIA 1964. BIDEOA


Euskal Herrian baziren aurrekariak euskal jaiei buruz. Baina iragan mendeko hirurogeietan Arrasateko giro kultural, sozial eta baita politikoak ere eskatzen zuen gure herrian halako jai berezi bat antolatzea. 

"Danbolina" karrozak bigarren saria eraman zuen
Eta herriko zenbait lagun ideiari eite ematen saiatu ziren, egundoko ezusteko goxoa eraman zutelarik. Herriko instantzia gehienetatik ideiarekin bat zetozela adierazi zitzaien eta, beraz, antolaketa lanei ekin zieten buru belarri. Koadrila, elkarte, lantegi eta hiritar arrunt mordoa jarri zen lanean, ospakizunari ahalik eta itxura onena emateko asmoz. 

Eta data bat markatu zen: 1964ko ekainaren 28. Jaiaren egitaraua San Juaneko programa ofizialean sartu zen, Fiesta Vasca izenarekin.
Kolore askotako aldarrikapena izango zenaren gaineko ilusioak zenbait hilabete lehenagotik piztu zuen garra arrasatear gizartean eta herritarren artean aspaldi ez bezalako lankidetza izpiritua nagusitu zen. Bazirudien arrasatearrak gogo biziz ari zirela ohiko giro gris harekin amaitzeko. Diktadurak itotako ametsak dantzan jartzeko aukera izan zitekeen euskal jaia eta herritarrak prest agertu ziren. 

Jose Mari Ugalde "Larguito"k dioenez,

“Lankidetza eta elkarkidetzak gora jo zuten jai hura antolatzeko. Materialak behar genituen, adibidez, karrozak egiteko eta Unión Cerrajeratik hasita, herriko lantegiak modu positiboz erantzun zuten. Materialak ez ezik, instalazioak ere erabili ahal izan genituen kasu askotan gure lanetarako. Adibidez, Unión Cerrajeran Arantza Alberdiren bitartez Camilo Basterretxea zuzendari nagusiarenganaino jo genuen eta laguntza osoa jaso genuen. Karrozak preparatzeko ederto etorri zen”

Jose Luis Armendia eta Gregorio Etxabe izan ziren antolaketa batzordeko kiderik esanguratsuenak eta lagun piloa mugiarazi zuten. 

Pedro Otaduy gogoratzen du:

 “Gure karroza Etxe Zuri baserrian prestatu genuen eta danbolin erraldoi bat irudikatzen zuen. Zurezko egitura lortzeko haltzak moztu behar izan genituen baserri inguruko bazterretan. Eta ideiaren aita Jose Mari Ugalde koadrilako txistularia izan bazen ere Ramon Erizek egin zuen danbolinaren diseinua. Oso ederra geratu zitzaigun eta karrozen arteko txapelketan bigarrena atera zen … nahiz eta, gure ustez, putxerazoa izan zen, gurea kaltetuz. Baina tira, ez gara orain hasiko … ezta?” 

Egun hartako egitaraua hiru zati nagusitan banatu zen. 

Ugalde, Murgia eta Otaduy; "Danbolina" karrozakoak
Goizean kale jira jendatsua izan zen, Nafarroa Etorbideko tren geltokitik hasita. Parte hartu zuten toki askotatik iritsitako txistulariek, Zumarragako eta Donostiako Trikitixek eta Gaztelu Elexabeitiako albokariek.  Alde zaharra eta ondoko kaleetan barrena ibili ondoren, meza nagusia izan zen txistularien Alkate Soinua jo zutelarik. Durangoko Tronperri dantza taldeak Aurreskua dantzatu zuen. Jarraian dantza txapelketa izan zen herriko plazan, egundoko jendetzarekin. Epai mahaian, besteak beste, Pedro Mari Arregi, Pablo Zumelaga eta Antonio Balerdik ihardun zuten.

Goizeko 11´30etan Gurea Zineman lurralde mailako Gipuzkoako Bertsolarien Txapelketako nor gehiagoa izan zen, epai mahaian Euskaltzaindiko kide batzuek toki hartu zutelarik, Alfontso Irigoien besteak beste. Eguerdiko 12etan Angelusa otoitz egin zen eta ordu batean Juan Arzamendik zuzendutako alardea burutu zen herriko plazan, bertsolarien lana tartekatuz. Bertsolarien txapelketak arratsaldean ere jarraitu zuen Gurea zineman. 

Arratsaldeko 4´30etan ekin zitzaion hirugarren zati nagusiari dantzari guztien biribilketa erraldoiarekin, Bilboko Gaztedi eta Durangoko Tronperri taldeek herriko zenbait tokitan eskainiz euren dantzak. Eta horren ondoren, 6etan beste ikuskizun handi bat: karrozen txapelketa.

Herriko koadrilek karroza bana atera zuten. Lehen saria – 2.500 pezetakoa- eraman zuenak “Sagardotegia” irudikatu zuen. Bigarrenak “Danbolina” aurkeztu zuen eta 2.000 pezeta jaso zituen. Iruditutako estanpen artean ikusi ahal izan ziren Teodosio Goñiren istorioa, Arantzazuko Ama Birjinaren agerpena eta euskal kirolen erakusketa zabala. Karroza bakoitzak bere musika laguntzarekin desfilatu zuen. Desfilea amaitutakoan erromeria izan zen plazan eta gaueko 12etan amaiera eman zitzaion, bertara azaldutako publikoak "Agur Jaunak" abesten zuen batera. Plazako ahots gailuek lau haizeetara hedatu zituzten emozioak jotako eztarrietatik ateratako himnoaren notak. 

Joxe Murgiak ongi oroitzen du egun hartako giroa eta azpimarratzen digu:

  “Ez dut uste Arrasaten bizi izan dugunik harrez geroztik egun hartako giro atsegina. Alaitasun eta itxaropen jarioko erakustaldi handia izan zen. Handik urtebetera ere egin genuen bigarren edizioa, arrakasta handiz. Baina aurrenekoak ezustekoa eman zuen, ez baikenuen uste hain ederto erantzungo zuenik herri osoak. Duela berrogeita hamar urteko aldarrikapen sozial, kultural eta baita politikoaren islapena izan zen jai hura” 

EUSKAL JAI HAREN GAINEKO BIDEOA PRESTATU ZUEN PEDRO SOLOGAISTOA “LASO”K.  HONA HEMEN, DUELA MENDE ERDIKO JAI GIROAREN LEKUKOTASUN GISA.



Argazkiak: Pedro Otaduy, JMVM
Bideoa: Pedro Sologaistoa "Laso" (Eusko Ikaskuntza eta Lasoren sendiaren arteko hitzarmenari esker digitalizatua)

uztaila 09, 2014

LEZE TXIKIKO GIZA BESAHEZURRA: 50 URTE AZALEAN



Besahezurra, lau angelutatik

Titulu horrekin artikulu bat publikatu berri dut Euskonews aldizkarian. Idazki horren bitartez aurkikuntzaren efemeridea gogoratu nahi izan dut, iruditzen baitzait oso garrantzitsua dela behar bezala jabetzea Jose Migel Barandiaranen lan taldearen deskubrimenduaz. 

On Jose Migel Lezetxikin
Bigarren aroko Lezetxikiko kanpainak 1956an hasi ziren eta denboraldi bakoitzean historiaurreko gizakiaren aztarnekin topo egin bazuten ere, ez zen gertatu 1964ko abuztuaren 20ra arte giza besahezurra lurpetik atera zutela. Euskal Herriko giza hezurrik zaharrena dugu, duela 250.000 urte ingurukoa izan daitekeena.




Irakur Euskonewseko artikulua:


Argazkiak:
Besahezurra: Munibe aldizkaria
Lezetxiki: Jose Migel Barandiaran Fundazioa