2014 etiketadun mezuak erakusten. Erakutsi mezu guztiak
2014 etiketadun mezuak erakusten. Erakutsi mezu guztiak

maiatza 28, 2014

DOKE ANTZERKI TALDEA: HAMAR URTE


Dena 2002ko bazkari batean hasi zen. 1949an jaiotako kintoen bazkalondoko tertulia goxoan geunden eta Jesus Mari Arzek planteatu zidan Arrasateko historiari buruzko testu bat prestatzea, Goikobalu abesbatzaren hamabosgarren urtemuga ospatzeko. Testua behin musikatuz gero eszenifikatu egin litekeela zioen Jesus Marik. Baiezkoa eman eta lanari ekin nion.

Niri egokitu zitzaidan, beraz, testua idaztea eta horrekin egoki joan litekeen musikaren egilea aurkitzea. Ez nuen zalantzarik izan etaSabin Salaberri aramaioarrarengana jo nuen. Haren adostasuna erdietsita, eszenategi
Obraren esku orria
gainean arituko ziren antzezleen bila ateratzea etorri zen. Goikobaluko abeslariez gain, testuaren dramatizazioa bideratzen arduratuko ziren gizon-emakumeak behar genituen. Eta horrezaz aparte, baita obra bere osotasunean zuzenduko zuena ere. Eta kasu horretan, zuzendari bat hartu beharrean bi lagunekin adostu genuen: Itziar Rosado eta Mikel Irastorza. Ezinbesteko zumeak lortuta, otarra egiteari lotu gintzaizkion.
Amaya antzokian, 2004-06-11
Eta horrela jaio zen “Eskuak elkarri” antzezlana. Arrasateko Amaia antzokian eskaini genuen, 2004ko ekainaren 11, 12 eta 13an. Antzezlanaren helburua, publikoa ongi  pasatzeaz gain, Arrasate eta euskal historiako une garrantzitsu bat jendaurrera aurkeztea zen.

Egun haietan aritu ziren antzezleak honakoak izan ziren: Lur Kabiketa, Kepa Errasti, Mariasun Pagoaga, Imanol Gallego, Jose Eugenio Otaduy, Silbia Solana, Eugenio Etxeberria, Salba Dalmau, Sheila Moreno, Josu Jauregi, Arantza Ezkurra, Marga Merkader, Elena Velez de Mendizabal, Eloi Irazabal, Fernando Ipiña, Aitor Aranburu, Dorita Murgia, Juan Antonio Barriocanal, Karlos Rodriguez, Felisa Viteri, Mikel Lagunilla, Ugutz Usandizaga eta Felix Ayala. Jaio zen Doke Antzerki Taldea (DAT)
 

Obraren esku orria
Eta etenik gabe bigarren proiektuari ekin zion elkarteak, kasu berrian ekoizpen propioarekin. Urtetan bihotzean sartuta neraman arantza atera ahal izan zuen DATari esker: Aramaion munduratu eta Arrasateko eskribau izandako Pedro Ignazio de Barrutiaren obra klasikoarekin ausartuko ginen. Horrela, XVIII. mendeko arrasatear gizartea berreskuratu genuen eszenategietarako eta ur handietara sartzen ari ginela kontzienteak ginelako zuzendaritza sendotzea erabaki genuen. Ordudanik gurekin obra  guztietan egon den Itziar Rekalde hasi zen 2005ean zuzendari lanetan.


Donostiako Antzoki Zaharrean, 2007-12-21
 “Actto para la Noche Buena”  izan da DATaren orain arteko obrarik arranditsuena. Bi urtez aritu ginen -2006 (estreinaldia, Arrasaten abenduaren 16an, Amaia antzokian) eta 2007- eta Araba, Bizkaia, Gipuzkoa eta  Nafarroako zenbait antzokitara eraman genuen, arrakasta handiz. Adibidez, Donostiako Antzoki Zaharrean antzeztu genuen 2007ko abenduaren 21 eta 22an, hain zuzen ere Gipuzkoako hiriburuak mendetan euskal antzerkiaren festa ospatu ohi duen Santo Tomaseko data esanguratsuan.  Ekoizpen bikaina burutu genuen, eta Barrutiaren testuari nik egindako egokitzapenari Sabin Salaberriren musika aproposa aplikatu genion. Oso emaitza ona lortu genuen eta euskal prentsa espezializatuak laudorioak izan zituen DATaren lanarentzat.

Arrasaten, 2006-12-16
Obra horretatik gurekin besteetan ere izandako Fernando Martinez de Eredita  teknikariak maisuki landu zuen eszena jokoa. Musika Arrasateko Shot estudioetan grabatu genuen eta emanaldietan talde laguntzaileak izan genituen Goikobalu abesbatza eta Txikitxu dantza taldea. 

Arrasaten, 2006-12-16
Orduko dokekideak  hauexek izan ziren: Mariasun Pagoaga, Marixabel Arsuaga, Joxe Eugenio Otaduy, Josu Jauregi, Arantza Ezkurra, Marga Merkader, Eugenio Etxebeste, Mikel Ezkurra, Elena Velez de Mendizabal, Mikel Irastorza, Saioa Iturbe, Igor Fernandez, Itziar Rosado, Mikel Dominguez eta Josemari Velez de Mendizabal. Esanda geratu den moduan, Itziar Rekalde izan genuen zuzendaria. Aipamen espeziala ere Eusebio Iñarrarentzat, musikarako tekniko aproposa izan baikenuen berarengan.


ETBrako grabaketa
Azpimarratu behar da ETBk obra grabatu zuela, horretarako Aramaioko Kultura Etxean prestatu genuen emanaldi egoki batekin. Euskal Telebistak zenbait aldiz ipini du ordudanik “Actto para la Noche Buena”ren gaineko gure ekoizpen hura antenan eta taldearentzat oso motibagarria gertatu da, gure lana saritutzat eman baitugu. Era berean, geure kontura bideoz grabatu genuen eta helbide honetan ikus daiteke:




 Hurrengo mailari “Iragana iragan” deitu
Obraren Kartela
genion. Mondragón sortu zeneko 750 urtemuga gogoratu nahian, titulu horretako lana idatzi nuen, 2010ean antzezteko. Bitxia gertatu zen herriko zenbait zirkulutatik DATaren asmoaren aurrean aurkeztutako jarrera eta taldeak garbi ikusi zuen bere ibilbideari tinko eutsi behar ziola, askatasunean eta aurre iritzirik gabe jarduteko.  Umorezko klabean zegoen idatzita eta gizartean ainguratuta egoten diren joera ulertezinak kritikatzen zen obran.



Entsegu batean, Aramaion
Arrasaten 2010-12-18
Arrasaten 2010eko abenduaren 18 eta 19an eskaini genuen lana Arrasaten eta herritik kanpo beste bi antzeztokitan ibili baginen ere, obra hau izan da taldeak gutxien mugitu duena. Itziar Rekalde zuzendaria eta Fernando Martinez de Eredita teknikariarekin batera, Mariasun Pagoaga, Marga Merkader, Josu Jauregi, Elena Velez de Mendizabal, Mikel Irastorza, Itziar Rosado, Arantza Ezkurra, Eugenio Etxebeste, Marixabel Arsuaga, Mikel Dominguez, Saioa Iturbe eta Josemari Velez de Mendizabal dokekideak aritu ginen.



Obraren kartela
Laugarren obrari 2012an etorri zitzaion txanda: “Paradisuko atean” Berriro niri egokitu zitzaidan testua idaztea. Hildako baten mamua da elkarrizketa guztietako ardatz nagusia eta berak eramaten du obran zehar, errautsetako ontziaren aurrean giza norbanako bakoitzak duen jarrerarako lotura. Haienganako alaitasun, kezka, haserre, tristura eta zalantza dira protagonista nagusiak azaltzen dituenak.

Ekintza tanatorio batean garatzen da eta edozein tanatoriotako elkarrizketen modukoak sortzen dira obran. Eta errealitate horretan oinarritzen da obraren indarra. Atal desberdinek euren tonu berezia badute ere, osotasunean ulertu behar da antzezlana. Umorezko kutsua eman zitzaion obrari eszenografiaren bitartez. 

Oñatin, 2013-02-24
Arrasaten, 2012-06-01
Orain arte DATaren obrarik mugituena gertatu da, 2012an eta 2013an aritu izan ginelarik. Kritikak oso ongi tratatu zuen espektakulua eta aurrekoak bezala 

bideoz grabatu genuen. Ikusgai dago, helbide honetan:






Arrasaten, 2012-06-01
Estreinaldia Arrasateko Amaia antzokian izan zen, 2012ko ekainaren lehenean. Ekoizpen berri horretako dokekideak hauexek izan ziren:  Arantza Ezkurrra, Mikel Irastorza, Mariasun Pagoaga, Txirri, Maider Alzelay, Itziar Rosado, Marga Mercader, Dorita Murgia, Mikel Dominguez, Silvia María eta Josemari Velez de Mendizabal. Itziar Rekalde zuzendaria, Fernando Martinez de Eredita teknikaria eta Eusebio Iñarra musika arduraduna izan genituen.

Aipatzekoa da, obra honekin emanaldi berezi bat eskaini genuela 2013ko urtarrilaren 13an Mondraberri egunkari digitalaren alde.



Eta 2014an estreinatzen dugu gure antzezlan

Obraren kartela

berria. “Galderak” titulua eman nion obrak egunero edozein une eta tokitan berez sortzen diren galdera bitxi, arraro eta,  batzuetan, ergelen inguruan garatzen du ardatz nagusia. Nork berak galderen planteamendutik bizitzari eskaintzen dion erantzuna da obraren  haria, galdera- erantzuna binomioen araberako etenik gabeko prozesuan. Doke Antzerki Taldearen orain arteko ibilbideari eutsi nahi izan zaio oraingoan ere eta paradoxetan sartuta, umorezko klabea ahalbidetu zaio antzez-entramatuari.



Oraingo honetako kideak ditugu: Arantza Ezkurrra, Mikel Irastorza, Mariasun Pagoaga, Itziar Rosado, Marga Mercader, Dorita Murgia, Mikel Dominguez eta Josemari Velez de Mendizabal. Beti bezala, Itziar Rekalderen zuzendaritzapean eta Fernando Martinez de Ereditaren tekniko-laguntzarekin. Eta estreinaldia Aramaioko Kultura Etxean da, maiatzaren 31an. 

Aipamen berezi bi egin behar ditut. Lehena Eneritz Tirados, bera izan baita gure ekoizpenean burututako lau obretako kartel-egilea. Eta zer esanik ez, Mari Jose Unzueta gure diruzaina, urte hauetako kontuak txintxo-txintxo koadratzen ahalegindu dena.


Beste esparru batzuk

Kale antzerkian aritu izan dira dokekideak zenbait aldiz, “Ezkontza” obra antzeztu zutelarik 2008an eta 2009an Arrasaten.

Antzerki ikastaroak izan dira DATaren beste ardura, taldekideentzat ez ezik baita teatroaz zerbait ikasi nahi izan duten guztientzat ere. Arrasate eta Aramaion urtero antolatu da tailerren bat,  goi mailako irakaslerekin. 

DATaren lana aintzakotzat hartu da zirkulu espezializatuetan eta haren ondorioz beste esparrutara ere hedatu da gure jardunbidearen emaitza. Horra hor, adibidez, zinea. Mariasun

Mariasun Pagoaga, entsegu batean

Pagoaga kideak bere arte eszenikoa erakutsi du pantaila handi eta txikian ere. Zenbait pelikulatan hartu du esku protagonismo handiarekin.


Errepaso txiki hau amaitu baino lehen, derrigorrez aitatu behar ditugu Arrasate eta Aramaioko Udalak, beraien laguntzarik gabe ez baikenuen egindakoa burutuko. Oinarrizkoak izan dira orain arteko beren laguntzak. Eta gero zerrenda luzea dator, baina modu espezialez hamar urte hauetan gure lanaz arreta ipini duten guztioi luzatu nahi genieke eskerrona.


Esan baligute 2004ko ekainean hamar urte geroago estreinaldi berri baten aurrean egongo ginela, ez genuen sinetsiko.

Informazio gegiago:

http://dokeantzerkitaldea.blogspot.com.es/



urtarrila 26, 2014

DAVID ARZAMENDI HIL DA


David Arzamendi, organoan

David Arzamendi hil da. Hauxe izan zen atzoko albistea. Pasa den abenduko 15ean ospatu zuen Davidek senitarte guztiokin bere 99gn urtebetetzea. Eta ezina izan zaio mendeurrenera heltzea, lagun denok opa genion bezala. Joan da, 1932z geroztik Arrasateko organo jolea izan den gizona. 

Gurasoak eta anaia-arrebak
Bost urterekin ekin zion musika ikasteari Eustakio Arregi bere adiskidearen eskutik. Zortzi urterekin, berriz, Jose Diez Umerez oñatiarrarekin hasi zen solfeoko ezkutuetan, parrokiako koruan tiple bezala aritzeko. Eta Saturrarango Apaiztegitik igaro ondoren, 1930ko irailaren 30ean Gasteizko Apaiztegi Kontziliarraren inaugurazioan abestu zuen, Alfontso XIII erregeak presidituriko ekitaldian.

Ordurako piano ikasten ari zen, Arrasateko parrokiako Jose Izurrategi abadearekin eta haren ondoren heldu zen Dionisio Isasmendirekin jarraitu zuen eta organo jotzeari ere ekin zion eta Isasmendi titularrak ezin zuenean Davidek hartzen zuen erreleboa. Gasteizko Apaiztegian musika eta organo ikasketak aberastu zituen eta 1936an Gasteizen bertan egin behar izan zuen soldadutza. Hori dela eta, hiriburuko San Miguel eliza nagusiko organo jole titularra zen Luis Aranbururen aginduetara jarri zen, eta igandero Meza Nagusian jardun zuen, egundoko arrakastarekin. 

Lola emaztea eta seme alaba batzuekin
Behin gerra zibila hasita, Toledoko Arma Lantegira bidali zuten 1937ko urtarrilean eta Gasteiztik alde egin zuen egunean  eliza nagusiko abadeek eta Aranburu musikariak San Migeleko Bizi Bitarteko Organo Jolea izendatu zuten David.


Musika kontuetan, berriz, ez dago Arrasateko musika historia ulertzerik Daviden ekarpena ezagutu gabe. XX mendeko erreferenterik handienetakoa izan da, bere anaia Juanekin
Organoa jotzen jai batean
batera. Organo jole izateaz gain, Davidek zenbait musika doinu konposatu zuen; parrokiako abesbatza zuzendariaren ardurak ere hartu zituen bere gain, horrela eskatu zitzaionean. Daviden txikitako laguna zen Julian Sagasta organo jole ospetsua, eta beraren hitzak dira, Goiena aldizkarian publikatuta: “Hori (David) bai dela benetako mondrauetarra. Arrasateko kontu guztiak berari esker ezagutzen ditut”

Santa Agedako abeskideekin

Davidi omenaldia eskaini zion Arrasateko Parrokiak 1995eko urtarrilaren 15ean, elizako musika ardura hartu zuenetik hirurogei urte bete ondoren. Egia hertsira alderatuz gero, Davidek berak beti uzten zuen garbi inoiz ez zela organo jole nagusia izan 1993ko maiatzera arte, orduan hil baitzen Frantzisko Arrizabalaga aurreko titularra. Baieztapen horrezaz batera, Davidek gehitzen zuen Dionisio Isasmendi eta Frantzisko Arrizabalagak koruaren ardura nahiago zuten bitartean berari uzten ziotela beti organoaren erantzukizuna. Beraz, nahiz eta de iure-koa ez izan, David genuen organoaren arduraduna. Edozein modutan, bere burua apalduz, eskerroneko hitzak izan zituen beti, organo jole lanetan lagundu zioten Karmelo Eriz, Gurutze Uribarren eta Eugenio Etxebeste lagunentzat.

David Arzamendi Enparanza (Arrasate 1914-12-15; Arrasate 2014-01-25)

Domingo eta Benita izan ziren gurasoak. Domingo Arrasateko alkatea izan zen bi aldiz, (1921-23 eta 1938-48)

Felix Aranoren ikaslea izan zen Biteri Eskoletan, eta 2008ko uztailaren 18an Arrasaten Biteri mezenasi eskainitako ekitaldian  elkarrekin eman genuen hitzaldi bana. Bertan argi geratu zen Davidek bere maisuarekiko zuen miresmena (1) 

"Loramendi"ren omenaldian Bedoñan, 1959an
Gerra ostean Roneo Unión Cerrajeran hasi zen lanean, eta urteekin Hetruc (Hermandad de Trabajadores de Unión Cerrajera)ko administrazioan aritu zen, jubilatu arte. Hetrucen egundoko lan ederra egin zuen. 


David oso inplikatua egon zen beti Arrasateko gizarte bizitzan. Zuzen-zuzenetik jarraitu zituen gorabeherak eta aipagarrienetako bat, eta seguruenik ez ezagunetakoa, 1953ko abenduaren 9an Franco jeneralari beste lagun batzuekin batera bidali zitzaion eskutitzarekin dago erlazionatuta. Bertan kexatu egiten ziren, San Juan auzoko etxe bizitzak – Obra Sindical del Hogar zeritzan erakundeak eraikita- auzokideei  saldu nahi zizkieten prezioarengatik. “Suplican se digne ordenar a las Entidades u Organismos competentes la apertura de una serena y solvente información sobre la materia, por si pudiera caber una rectificación de cifras” adierazten zioten jeneralari idazkian. 


Bilarrean jolasten, Zentroan
David oso inplikatua egon zen Ekintza Katolikoaren Zentroko kudeaketan, 1950-1970 urteetan. Gutariko askok gogoatuko dugu Daviden irudia, Zentroko bilarretan bere abileziak erakusten ari. Artista bat zen takoarekin. Berari eta Jose Mari Urangari esker Juan Butron bilarreko munduko txapeldun bilbotarrak 1959ko otsailaren 20an Zentroan erakuspen zabal bat eskaini zuen.

============..==========
Arrasateko eliza nagusiko abesbatzak “Agnus Dei” abestu eta Davidek organoa jotzen dueneko bideo bat jarri nuen duela hiru urte ondoko helbide honetan: