Simon Landa emaztearekin, Aramaioko Ibargoyan |
Simon Landa Prestamero Aramaioko udal
idazkaria zen 1936ko uztailean gerra piztean. Labastidan 1869ko urriaren 10ean
jaiotakoak urteak zeramatzan kargu horretan. Serapia Gomezekin ezkonduta,
Aramaioko Udaletxean egokitutako etxebizitzan bizi ziren. Seme-alabetariko
batzuk herrian hazi ziren, besteak beste Gregoria eta Carmen alabak eta Felix
semea, azken hori ordurako ezkonduta zegoena.
Gerrako
lehen egunetan, Aramaioko “Textil Ibarra” lantegian ziharduen Felix semearen
bila joan ziren Eibarko miliziano batzuk, baina garaiz abisatuta Goiko Errota
baserrian ezkutatu ahal izan zen. Han iraun zuen ongi gordeta, ahalik eta aitak
–ezer ez zitzaiola gertatuko jakinaraziz- etxera itzultzeko abisua bidali zion
arte. Hala egin zuen, baina iritsi bezain laster milizianoek aita eta semea
atzeman eta Bilbora bidali zituzten, preso.
Noiz
gertatu zen zehazki? Udal bilkuren aktak errebisatuta, urte hartako uztailaren
12ko bilkurari dagokiona inork sinatu gabe dago. Abuztuaren 9rako deituta
zegoen arren burutu ezin izan zen bilerari dagokion diligentzia, berriz, Simon
Landak izenpetua agertzen da: “en el día de hoy no se ha presentado más que
el alcalde y concejal D. Eusebio Madina, por las circunstancias actuales...”
Ez dakit nola ulertu behar den idatzitakoa, izan ere aktaren irakurketatik
badirudi pertsona bat bakarrik agertu zela, hots, Faustino Bengoa. Eta Madina
ez zen alkate, alkate-orde baizik. Garaiko alkatea Faustino Bengoa zen. Azken
hau eta Madina egongo zirelakoan nago.
Abuztuaren
23an, aldiz, bilkura berri bat egiten du udalak, eta ordurako ez da Simon Landa
idazkari lanetan azaltzen. Handik aste betera, udal osoko bilkurak aho batez
izendatzen du idazkari Frantzisko Mendizabal arrasatearra. “Declarada
abierta la sesión por el Sr. Presidente, éste expone que ante la circunstancia
de hallarse sin Secretario el Ayuntamiento, cree conveniente nombrar al
secretario por oposición D. Francisco Mendizábal Ceciaga, de la vecina villa de
Mondragón, para que desempeñe dicho cargo interin se normalice la situación.
Todos los concurrentes se mostraron conformes con lo expuesto. Así mismo mostró
su conformidad el Comité de Defensa de la República”
Beraz, abuztuaren 9
eta 23 bitartean eraman zituzten aita-semea Bilbora. Felixen andrea, Maria
Juana Urrutia –Arrasateko Frantzisko Urrutia maisuaren arreba- eta bikotearen
lau alabei ezer gerta ez zekien, Amayur batailoiko arrasatear gudari batzuek
haien etxetik bertatik propio zaindu zituzten, ahal izan zuten bitartean, hau
da faxistak 1937ko lehen hileetan Aramaioko ateetaraino heldu arte.
Udaletxean urtetan egon zen plaka |
Horrela,
1937ko maiatzaren 9ko udal plenoan adostu zen, alkate berria Remigio Garro
zelarik: “Ver con agrado el
nombramiento de Secretario interino a D. Ignacio Landa Gómez, propuesto por el Excmo.
Sr. Gobernador Civil de esta provincia, en oficio del 4 de Mayo último,
sintiéndose dicha Corporación altamente satisfecha al poder rendir un tributo
de homenaje y cariñoso recuerdo al que en vida fue su padre, digno Secretario
de este Ayuntamiento, que fue vilmente asesinado el 4 de enero del año actual
en Bilbao, por las hordas rojo-separatistas”
Gertatu
zen, hilabete batzuk geroago Durango, Otxandio eta Gernikan ihardungo zuten
alemaniar hegazkinek urtarrilaren laugarren egun hartan Bilbo bonbardatu zutela
hildako batzuk eraginez eta jende andana batek hiriburuko lau kartzeletara jo
zuen, mendekua aplikatzera. Ondorioa oso latza izan zen, eta berrehunetik gora
detenitu izan ziren eraila, modu desberdinez. Simon Landa Prestamero horietako
bat izan zen; 67 urte zituen.
Arabako
Idazkarien Elkargoak eskainia, Aramaioko Udaletxean urtetan plaka bat egon zen
Simon Landaren erailketa oroitzen zuena.
Felix Landa Gomez |
Ikusi
dugunez, frankisten eskuetan zegoen Aramaioko Udalak Ignazio Landa izendatu
zuen, behin behingoz, idazkari lanetarako. Horrela iraun zuen 1938ko irailaren
12ra arte, hain justu izendapena behin betiko baldintzetan Constancio Fernandez
Alsasuak irabazi arte.
Bilboko
kartzelatik aske, Felix Landa Gomez 1938an heldu zen Arrasatera, Aramaioko
egonaldia itxitzat emanez. Bizkaiko hiriburuan harekin preso egondako
arrasatear batzuen gonbidapenari jaramon egin eta herriko udaletxean ekin zion
lanari, administrazioan. Arrasateko Udal idazkaria ere izan zen zenbait aldiz,
ordezkapen lanetan.
Simon Landa, hainbat eta hainbat bezala, gizakien arteko gorrotoak
pizturiko itsukeriaren biktima izan zen.