guardia zibilak etiketadun mezuak erakusten. Erakutsi mezu guztiak
guardia zibilak etiketadun mezuak erakusten. Erakutsi mezu guztiak

abendua 18, 2024

TXINUA BOTA JUEK!


Urte latzak ziren, ETAk bere estrategia gogorretik eraso egiten zuela fronte askotatik. Eta espainiar gobernuaren agindupeko indar armatuek euskal gizartea astintzen zuen behin eta berriz. Testuinguru horretan,  Carrero Blanco hil zutenetik urtebete bat egiteko hiru egun falta zirela, Arrasaten beste atentatu bat izan zen. 1974ko abenduaren 17 gaua zen, bederatziak inguruan, eta albistea aurki hedatu zen herrian: “Txinua bota juek!” Biharamuneko kronikek ziotenez Arrasaten hilketak konsternazioa sortu zuen. Nik esango nuke albisteak – eta ez dut inondik ere atentatua defendatu nahi, are gutxiago heriotza-  beldurra sorrarazi zuela, kolpe haren ondorioz herrian zer gertatuko ote galdegai.

Baina egin dezadan atzera begirako saltoa eta diodan “Txinoa” zela Arrasateko guardia zibilen bigarren tenienteari jarritako gaitzizena.  Luis Santos Hernandez zeritzan, 52 urte zituen, Salamancakoa zen eta sei bat urte zeramatzan Arrasateko kuartelean. Nire adinekook ongi gogoratuko dugu zein nolako zirrara sentitzen genuen, edozein tramite poliziala zela eta, Santosen lan gelara sartzean. Batzuek esaten zutenez, Santosek beste gela ilunago eta hotzagoetan ere errezibitzen zituen….

Atentatuko arratsalde-gau hartan bigarren tenientea, guardia zibilaz jantzita, txikiteoa egiten ari zen, ohi zuen moduan, kalez

jantzitako beste guardia zibil batekin, Argimiro Garcia Estevez, 50 urtekoa, baita Salamancakoa ere, eta bosgarren urtea zuen Arrasateko kuartelean. “Txoko” tabernan ohiko basoerdi bana hartu ondoren kalera ateratzen ari zirenean, lauzpabost gazte ei zeramatzan kotxe batetik metrailatu egin zituzten. Bi guardia zibilak herriko Laguntza Zentrora eraman zituzten baina heldu orduko Garcia hilda zegoen. Oso zauri larriak zituenez Santos Bizkaiko Krutzetara bidali zuten, baina gau hartan bertan hil zen. Atentaturako erabilitako kotxea, Morris 1300, “Txoko”tik laurehun metrotara aurkitu zen, diligentzia polizialak hasi eta segituan. Barruan “Parabellum”eko bala-zorroak zeuden eta itxuraz “Stern” metraileta erabili zuten.

Zerraldoak parrokiaren atarira iristen ari
 

Hil kapera kuartelean jarri zen eta hileta elizkizunak Arrasateko San Juan Bataiatzailean burutu ziren 19an, eguerdiko 12etan. Guardia Zibilak eta Armada erakundeetako goi kargu ugari azaldu zen Arrasatera, eta elizara sartu baino lehen hilkutxetan ohorezko dominak jarri ziren. Herriko udalaren ordezkaritza Pedro Basterretxea alkateak eraman zuen. Kapilau militar batek zuzendu zuen elizkizuna eta Arrasateko Parrokiako Abesbatzak parte hartu zuen. Ordubete eta erdi geroago bi zerraldoak hil-kotxe banatan sartu ziren, gorpuak hildakoen herrietara eramateko. Horretan ari ziren bitartean, ingurukoek “Cara al Sol” eta Guardia Zibilen himnoa abestu zituzten.

Berrogei urtez bizi-bizirik iraungo zuen bortizkeria odoltsuaren ondoriozko beste bi biktima izan ziren guardia zibil haiek. Lehenak,  lau hamarkadatan Arrasaterekin lotutako hil biktimetatik. 

Argazkiak: JMVM

uztaila 13, 2011

TELLAMENDIKO GURUTZEA BERRIRO ZUTIK 1977an


Uztailaren 17an 34 urte beteko dira Telamendiko gurutzean ekitaldi ederra burutu zela. Hain zuzen, 1977ko egun hartan, aramaixoarrok eta kanpoko jende asko bertaraino igota, 1935etik bailarari begira ageri zen gurutzeari ohore egin zioten. Zer zela-eta?
Gertatu zen, 1977ko urtarrilaren lehenean guardia zibilek gurutzea bere oinetik atera zutela lehergailu baten bitartez. Eta herritarron ekimenez martxoaren 5ean ostera jaso zen bere tokian. Baina berriztapenaren inguruko ekitaldia uztailaren 17an egin zen.
 
Istorioak, diodan bezala, 1935ean du hasiera. Urte hartako abuztuaren 9an idazki bat bidali zuen Jose Mari Azkarraga “Lurgorri”k Udaletxera, beraren eta zenbait auzokideren izenean. Idazkian, Tellamendin gurutze bat jasotzeko baimena eskatzen zuen. Eta, baiezkotan, abuztuaren 25erako iragartzen zuen inaugurazio eta bedeinkapenaren ekitaldia. Horretarako egitarau aproposa planteatzen zion Udalari:
“Goizeko 9´30etan, Meza abestua Andra Mariko baselizan; 11´15etan bedeinkapena Tellamendiko tontorrean; hitzaldiño batekin, “Lurgorri”k berak eskainia; 13etan, bazkaria Andra Mariko zelaian; 16etan Aramaioko ezpata dantzari beteranoek eta gorulariek eskainitako saioa; jarraian, erromeria, ilundu arte”
Bi egun beranduago Udalak onartu egin zuen eskabidea. Une haietan, EAJren zinegotziak 1934ko abuztutik zigortuta zeudenez gero –Kontzertu Ekonomikoaren alde egiteagatik- Alberto Unda zen alkatea, eta zinegotziak Valentin Lasaga eta Juan Bengoa. Idazkaria, berriz, Simon Landa.
Gerra piztu zen 1936an eta Aramaiora ere haize berriak iritsi ziren. Valentin Lasaga alkate zelarik, 1939ko abuztuan Udalak agindu zuen “quitar una placa de la Cruz de Tellamonte escrita en vascuence” Idazkari berria Constancio Fernandez zen.

Plaka hark honela zioen: “AGUR. Belamendiko gurutz deuna. Aretxabaletan egin eta aramayotarrak jasorikua. Zabaldu egizu ibar onetan gizarte pakea eta zoriona. JEL. 1935gko. Irailaren 15n” Plaka Eibarko Peli Larrañagak eskaini zuen. Hain zuzen, Jose Mari Azkarraga eta Peli Larrañaga frankistek 1937an fusilatu zituzten, Larrinagako kartzelan; “Lurgorri” abenduaren 16an eta Peli 17an.
Argitu behar da, 1935ean ezin izan zutela, iragarrita zegoen bezala, eguraldiaren arrazoiengatik gurutzea inauguratu, irailaren 15era arte.
Berrogeita bi urte geroago, 1977ko urtarrilaren lehenean aramaixoarrok gurutzea haizetik ikusi zuten, guardia zibilek lehertuta. Orduko alkateak, Julian Unzueta, atentatu horren gaineko azalpenak eskatu zizkien Legutianoko kuartelekoei. “Bai, gu izan gara” erantzun zitzaion.

Egun hartako udal plenoan, besteak beste, “Gurutzea lehen bait lehen bere tokian berrezartzea” erabaki zen. Hala egin zuen aramaixoar talde batek, martxoaren 5ean.
Inaugurazioa, berriz, uztailaren 14an izan zen. Eguraldi zoragarriak lagun ehundaka lagun bildu ginen, askatasun eta bakearen ikurra izan nahi zuen gurutzeraino.
===========..===========
  1. Argazkia: Gurutzea 1935ean ipini zuen lagun taldea: Ormaetxea anaiak (Ramon, Imanol, Benito eta Luziano) Julian Zilaurren, Antonio Plazaola, Zirilo Mondragon, Pedro Juarez, Ignazio Kortabarria eta Jose Mari Azkarraga “Lurgorri”
  2. Argazkia: Gurutzea birjasotzen, 1977ko martxoaren 5ean
  3. Argazkia: Gurutzea, bi plakarekin.
  4. Argazkia: Meza, 1977ko uztailaren 17an

Ez dut lortu ahal izan, guardia zibilek leherkaia ipini zuten unean ateratako argazkirik
. 

Jose Mari Azkarraga “Lurgorri”ri buruz gehiago irakurri: http://www.euskomedia.org/PDFAnlt/mono/lurgorri/00005095.pdf

Argazkiak: JMVM