Migel Soroa etiketadun mezuak erakusten. Erakutsi mezu guztiak
Migel Soroa etiketadun mezuak erakusten. Erakutsi mezu guztiak

maiatza 13, 2015

ARRIARAN II, TXAPELDUN! (1955)



Joxe Arriaran, Arriaran II

Joxe Arriaran joan zitzaigun betiko aurtengo otsailaren 1ean, hain zuzen ere arrasatearrak bere lehen txapela irabazi zuenetik hirurogei urte betetzear zenean. Efemeridea maiatzaren 15ean ospatzen denez gero Arriaran II.aren lorpen historikoaren zehazkizun batzuk eta 1955eko egun hura Arrasaten nola bizi izan zen gogoratu nahi izan dut.

Joxe Arriaran 1926ko abuztuaren 13an jaio zen eta 1955 urte hartan iritsi zen lehen aldiz buruz buruko finalera. Aurreko urtean, 1954, semifinaletan galdu zuen partidua, hain zuzen ere, 1955ean arerio izango zuen Soroarekin, 1954ko txapelduna. Arriaran II.ak finalera heldu aurretik Mendieta, Zurdo de Mondragón eta Barberito kanporatu behar izan zituen. Soroa, berriz, txapelduna zelako zuzen-zuzenean ailegatu zen Bergarako frontoiko partidura.

La Voz de España, 1955-05-15
Arriaran eta Soroa atzelariak ziren eta ongi ezagutzen zioten elkarri. Biak adin berekoak genituen baina arrasatearraren eskarmentua handiagoa zen pilota munduan. Hala ere, zaletuak ez zetozen bat bi pilotariak aztertzeko orduan eta zein zen faboritoa ez zegoen garbi. Batzuentzat, sakean askoz trebeagoa zen Soroa eta horretan ikusten zuten punturik indartsuena. Beste askok, ordea, Arriaranen sasoia eta sufrimendurako ahalmena baloratzen zuten partiduari ekin aurretik. Hala ere, zioten azken horiek, Arriaranek irabazi ahal izateko pilotakadak luzatu egin beharko zituen. Partiduaren aurreko egunetan Joxe kontzentratu egin zen aitaren aldeko Mazmelako baserrian.

Adituak eta medioak ez ziren ausartzen irabazlearen izena asmatzera. Adibidez, La Voz de Españako Ezquiaga kritikoak zioen, partiduaren eguneko kronikan:

“Pepito Arriaran es otro caballero de las canchas, en las que posee más veteranía que el actual campeón, pese a ser ambos de la misma edad. En su menuda constitución física se encierra un gran pelotari. Magnífico zaguero en los duelos por parejas, a base de tesón ha conseguido también hacerse excelente manomanista.

Pako bere anaia, botileroa
Su campaña en el presente campeonato no ha podido ser más brillante, puesto que ha eliminado de la competición a Mendieta, Zurdo de Mondragón y Barberito, calificados adversarios los tres al título que ostenta actualmente Soroa. Aunque en varias ocasiones ha llegado a ser semifinalista, es ahora la primera vez que lucha por el título. Y sus posibilidades son grandes. Sus paisanos de Mondragón ven en él al sucesor del campeonísimo “Mondragonés”. Dotado de envidiables facultades físicas, es difícil batirlo en el peloteo ya que dispone de amplia pegada con ambas manos y su agilidad es felina. Al igual que Soroa, es un excelente padre de familia. Muchacho ahorrador, de vida ejemplar. Ha conseguido también hacerse con un coche y tiene asegurado su porvenir. ¿Conseguirá hoy inscribir su nombre en la lista de los grandes campeones?” 

Aurrekoa irakurrita, ideia egin dezakegu final haren inguruan zen zalantzaz. Elduayengo Migel Soroak, dena den, zale askoren sinpatiak zituen eta Bergarako frontoira bildutakoen artean egundoko giroa sortu zen, arrasatearraren aldekoak ere ez baitziren gutxi izan. Frontoia bete egin zen eta Radio San Sebastianek zuzenean erretransmititu zuen norgehiagoketa.

Igande hartako La Voz de España egunkarian, Ezquiaga kritikariak segitzen zuen partiduaren aurreko disekzioarekin:

Partidua amaitu da! Txapeldun!
“Si la lucha se prolonga es difícil batir al excelente zaguero mondragonés, que no se cansa de pelotear y pone siempre la pelota lejos del frontis. Actualmente atraviesa una racha de euforia por sus recientes éxitos y saldrá a la cancha más tranquilo que su adversario porque tiene menos que perder y mucho que ganar. Además últimamente ha aprendido a ejecutar los saques de forma efectiva. Aunque sus adversarios han sido todos ellos delanteros, con el disparo inicial ha conseguido tantos “quinces” como ellos. Por eso no me extrañaría que hoy saliese en plan favorito”

Txapelarekin
Bergarako frontoia jendez lepo ageri zen igande goizean. Bi pilotariek euren zaleak eraman zituzten eta giroa pil-pilean zegoen. Soroak Miguel Saralegi izan zuen botilleroa eta Joxe Arriaranen aholkularia bere anaia Pako izan zen. Partidua hasi aurretik, Soroa eta Arriaran II sakea ateratzen ibili ziren entrenamendu gisa. Ikusleek “neurtu” ahal izan zuten aurreko saio hartan bi arerioen egoera eta “katedra”rentzat Soroa hobeto zegoen prestatuta. Apustuak, beraz, elduayendarraren alde atera ziren, 80-56ra.

Txanpoia bota zen airera eta Arriarani egokitu zitzaion lehen sakea. Eta ekin zitzaion partiduari. Honen nondik norakoa ondoko bi argazkietan ikus daiteke, zuzen zuzenean El Diario Vascok maiatzaren 17ko erreportajean eman zuen bezala:


Arriaranen hogeita bigarren tantoarekin 92 minutuko lehiari eman zitzaion amaiera (1). Eta publiko osoaren txaloen artean, Arriaran II Soroaren zorion besarkada jaso zuen lehen lehenik. Batera pozezko eztanda izan zen, frontoian zeuden arrasatearren oihu eta kantuekin. Txapeldun eta txapeldunaren garaikurrak Tomas Garicano Goñi Gipuzkoako gobernadore zibilak entregatu zizkien bi pilotariei.

Amaitu zen kirol norgehiagoketa eta ospakizunetako soka etorri zen gero. Nola erreakzionatu zuen Arrasateko herriak? Hori hurrengo ekarpenean ikusiko dugu.

(1)  Joko efektiboa: 26 minutu.

Bigarren zatia:
 
 Arriaran IIri buruz gehiago:

Argazkiak: JMVM

http://www.fentmuntanyaiformacio.es








otsaila 01, 2015

ARRIARAN II HIL DA



Txapela 1955ean irabazi ondoren, Danok Bateko omenaldian

JOXE ARRIARAN, ARRIARAN II hil da, gaur igandez, otsailaren 1ean.

Duela hamar urte, ZURIÑE VELEZ DE MENDIZABALek Arriaran II eta Miguel Soroa bi txapeldun handiak bildu zituen Euskonewsen elkarrizketa baterako, hain zuzen ere Joxek bere lehen txapela eta justu Soroaren kontra irabazi zueneko berrogeita hamar urte pasatu ondoren. 

Elkarrizketa hura ekarri nahi izan dut hona, Arrasatek galdu duen txapeldun handiaz zertxobait gehiago jakin dezagun. Agur, Joxe, ohore zuri! 
====..====
Euskal pilotaren historiako bi izen handi: Arriaran II eta Soroa edo Soroa eta Arriaran II. Arrasatearra Joxe eta Elduaingoa Migel, biak 1926an munduratuta. Biak txapeldun eta elkarren artean hamaika partidu jokatutakoak. Urteen buruan ere adiskide. 1955eko finala Bergarako frontoian jokatu zutenetik 50 urte eman ondoren, biekin bildu gara Arrasaten, garaiko oroitzapenak ahora ekartzeko eta, bide batez, pilotaren gaur eguneko egoeraz hitz egiteko.
 
Arrasateko Udalpe elkartean

Migel Soroak hogeita bost urte bete arte ez zion bere buruari planteatu pilotari izatea, eta hori ere behin ezkonduz gero gertatu zen. “Hogeita bost urterekin abiatu nintzen pilota profesionalaren mundutik. Lehen ez nion kasu larregirik egin, nahikoa bainuen soinujolearen afizioarekin. Han ibiltzen nintzen “infernuko auspoarekin” festaz festa, bazterrak alaitzen. Gainera Elduayengo organularia nintzen. Baina ezkondu nintzenean erabat aldatu zitzaizkidan ohiturak eta pilotan ongi nenbilela ohartu nintzen, zenbat urte lehenago baino hobeto jokatzen nuela iruditu zitzaidan. Eta profesionalerako urratsa ematea pentsatu nuen”


Joxe Arriaran kirolariren sendi batean jaioa hamazortzi urterekin ekin zion pilotako profesional izateari. Joxek dioenez, berari txikitatik zetorkion pilotarako grina eta bere anaia Pacorekin batera gazte hartu zuen profesionaltasunerako erabakia. “Hamazortzi urterekin egin nuen debuta eta era guztietako pilotariekin jokatu behar izan nuen. Gallastegi, Atano III, Onandia, eta garai hartako on eta ez hain on guztiekin jokatu nuen. Atera kontua, ia-ia hasieratik bina partidu egiten nituen asteko!”

Miguel Soroak lehen partidu profesionala jokatu ahal izateko, lan egiten zuen enpresako ugazabari baimena eskatu zion, ohiko hamabi lan orduetatik zortzi bakarrik egiteko. Horrela entrenamendu pixka bat egin zezakeen. Eta berak aitortu digunez, Donostiako Grosen jokatutako lehen partidu harengatik 175 pezeta kobratu zituen. Lantegian, 125 ordaintzen zizkioten zortzi orduko lanarengatik. Eta aurreneko zazpi partiduak irabazi zituelako “Enpresas Unidas”-ek kontratua egin zion. Hogeita bi urtez aritu zen profesional gisa, urteko laurogei bat partidu jokatzen zituelarik.


Arriaran IIaren kasua apur bat desberdina izan zen, gazte-gaztetatik ezagutu baitzuen frontoietako giroa eta -azpimarratu duenez- “Enpresas Unidas” beste edozein gauza zen batasuna baino. “Negozioa lau narru sendok manejatzen zuten, eta pilotariak panpina hutsak ginen haien eskuetan. Nire aitaren negozioari esker, kontratuak negoziatzeko orduan anaia Pacok eta biok indar apur bat gehiago genuen beste pilotari askok baino, jokatu gabe egon baikintezkeen tipo lotsagabe haien esanetara makurtu barik”.


Uharkapeko frontoian
Bi pilotariak atzelari moduan aritu ziren euren ibilbide profesionalean. Uler daitekeen bezala, arrazoi pilo bat dute pilota jokoaren gaineko euren ikuspuntu zorrotza eman ahal izateko, eta -bitxia irudi daitekeen arren- garbi dute Retegi II ez dela izan XX. mendeko pilotaririk onena. Ez dira ausartzen nork irabaz zezakeen titulu hori esatera, baina bien iritziak Atano VII-ren ingurura bildu dira. Gaur egunekoen artean, ordea, Aimar Olaizolaren alde ageri zaizkigu biak.


“Elduainen diogun bezala, “larre motzekoa” nintzen ni, hau da, eskarmentu edo giro aproposik gabea, pilota munduan. Dena egin behar izan nuen nik neronek, inoren laguntza barik, eta sarritan -ozen utzi behar da- zaila zen bizirik ateratzea, pilotarien gainetik nagusi zen giro interesatu hartatik. Suposatzen dut egun ere gauza bera edo antzerakoa izango dela” aitortu digu Soroak.





Pilotara jokatzeko moduaz ere kritikoak agertu zaizkigu bi pilotariak, oraingo gazte profesionalen estiloa dela eta. “Materialak zerikusi handi du, zalantzarik gabe” dio Arriaran II-ak, “lehen askoz pilota gogorragoak ziren eta egun haien antzerakorik ikusten duzunerako aspertu egiten zara motel eta kaskarrekin” jarraitzen du. Migel Soroaren iritziz, “oraingo eskuak askoz bigunagoak direlakoan nago. Lehen oso arraroa zen partidu atzeratzea eskuen egoera txarrarengatik. Eta ez pentsa guk baino partidu gehiago egiten dituztenik”


Pilotaren munduko hainbat ulertezinen adibideetako bat kontatu digu, hain zuzen, Joxe Arriaranek, eskuen egoera txarrarekin lotuta: “Behin Espainiako Federaziotik etorri zen ordezkaritza bat, Bonbin presidentea buru zelarik, gurekin negoziazio bat egitera. Hitz aspertu luze eta gora beherez betean, pilotariak eskuan min duenean ezin duela jokatu planteatu zioten ordezkaritzari. Orduan pertsonaia pintoresko haietako batek Bonbini galdegin zion: “¿Es verdad que con el mal de manos no se puede jugar? Tipo hark ez zekien ezer pilotaz, eta Federazioan zegoen!” 

Joxek esan digunez, pilotariak hori entzutean zutitu egin ziren eta batzarretik alde egin zuten, solaskide hobeak behar zituztela adieraziz.


Soroa eta Arriaran II-ren arteko partiduak ikusgarriak gertatzen ziren, biak planta oneko atzelariak ziren eta. “Lehen finala jokatu nuenean, 1954an, hain zuzen finalerdia Joxeri irabazi ondoren, Barberito izan nuen kontrario. Pilotak aukeratzera Eibarrera joan nintzenean Gallastegi zenak deitu ninduen eta esan zidan kontuz ibiltzeko, Barberitok ez ziola arerioari bere estiloan jokatzen uzten eta oso pilotari arriskutsua zela. Nik erantzun nion, askoz beldur handiagoa niola Arriaran II-ari, honen bizitasun indartsuarengatik”.


Bien artean jokatutako final bakarra 19551eko maiatzaren 15ean gertatu zen, Eibarko Astelenan, eta Soroak iragarri bezala, Arriaranek irabazi zuen, 22-13. “Egun hartan, berarekin pilotan aritu naizen guztietan bezala, zaldun dotore bat izan nuen kontrario kantxan. Migel Soroari irabaztea ohore handi bat izan zen niretzat”.


Joxe Arriaran eta Miguel Soroa, euskal pilotaren gaineko historiaren bi protagonista handi ditugu. Biak zaldunak kantxan. Eta egun gure nazio kirolari buruzko entziklopedia biziak. Zorionak bioi!


Argazkiak: Zuriñe Velez de Mendizabal, Amaia Azpiazu