Jesus Errasti Azurmendi etiketadun mezuak erakusten. Erakutsi mezu guztiak
Jesus Errasti Azurmendi etiketadun mezuak erakusten. Erakutsi mezu guztiak

abendua 06, 2017

JOSE ERRASTI. ARRASATEKO FUTBOL ENTRENATZAILEA



Jose Errasti Azurmendi
Arrasateko futbol historian hainbat izan dira entrenatzaile lanetan ibili direnak. 1912 sortu zenetik, herriko futbol taldeak – Club Deportivo Mondragón, Mondragón Club de Futbol, Juventud Deportiva Mondragón, Goizeko Izarra, UCEA edo beste izenen baten babespean- hamaika bat lagun eduki ditu, baloia arerioaren atean sartzen ahalegindutako mutil (eta neska) multzoaren prestakuntza fisikoa eta taktikoa prestatzen. Guztietatik nik txoko honetara bat ekarri nahi dut. Ez dakit onena izango ote zen. Baina idazki honen protagonistak eraman zuen Juventud Deportiva Mondragón honen lorpenik handienera, eta horixe da arrazoia aukeratua izateko. 

Errasti I, 1940an
Jose Errasti Azurmendi, Errasti I, 1920ko urtarrilaren lehenean jaio zen Arrasaten. Gurasoak Benito eta Juana ziren, arabarrak. Arrasatera bizitzera aldatu eta herrian Bar Errasti ipini zuten Estazioko Kalean, egungo Nafarroa Etorbidean. Bikoteak zazpi seme alaba izan zituen – Jose, Pilar, Rosario, Jesus, Pedro, Rikardo eta Julian. Sendiko mutilak oso kirolari trebeak izan ziren futbolean eta pilotan nabarmenduz. Aurreko batean ekarri nuen txoko honetara Jesus Errasti “Lawton”en kirol istorioa; eta futbolean ere Julian maila oneko jokalaria izan zen, 1960-70 hamarkadan. 

1943ko Mondra, Maalan; Errasti, zutik lehena ezkerretik
Hamasei urterekin hasi zen Jose futbolean, Maalako zelaian. Eta aurki bihurtu zen urte haietako taldekiderik sendoenetakoa. Lehen argazkian ikus dezakegu, 1938an, Maalako futbol zelaian. Lehen argazkian ikus dezakegu, 1938an,gerra zibilean, Maalako futbol zelaian. Hortxe ageri zaigu argazkian, hirugarrena zutik ezkerretik, goi mailako futbolaren historian ageriko diren kide batzuekin: Patri, Sologaistoa, Errasti, Bolinaga, Monti, Arriaran, Etxebarria, Bedia, Heriz, Mañiko eta Balanzategi. 

Ondarruko Aurrera ekipoan. Hirugarrena, zutik, eskuinetik.
Mondra-n, 1949, Jose bigarrena ezkerretik, goian.
1949-05-17ko kirol kronika
Sei bat denboraldi egin zituen herriko futbol ekipoan eta egun batetik bestera Ondarruko Aurrerak fitxatu zuen, afizionatu arrasatearren penarako. Talde hartan bi kide ohi arrasatearrekin batera ibili zen: Juan Jose Uribarren eta Ramon Heriz. Baina Josek ez zuen Bizkaiko herri hartan denboraldi pare bat gehiagorik egin. 1948rako ostera zegoen bere jaioterriko taldean, barruan zeukan guztia ematen.


Futbolari bezala karrera laster amaituko zitzaiola jabetuta, entrenatzaile izateko probintzia mailako ikastaroetan apuntatu zen eta baita titulua atera ere. Eta jokalari denboran emandako guztia seriotasun berdinarekin  eskaini zuen futbolari berriei erakusten ere. Berriei eta, hasieran, berarekin batera Mondran aritutako lagunei ere. 

1955-56ko taldearen alineazio bat (1)
Eta hain zuzen, taldekide ohi batzuekin lortu zuen Errastik – Errasti I- bere erdiespenik loratuena, 1955-56 denboraldian. Hirugarren mailako txapeldun geratu zen ekipoa eta bigarrenera igotzeko kanporaketak jokatu zituen. Errastiren taldeak oso itxura ona eman zuen baina futbol profesionalaren errealitatera makurtu behar izan zuen bere burua.

Iturripen, 1966an; Laso, Arriaran eta Roderorekin
Jokalari onak eta entrenatzaile serioa. Horrela definitzen zuen prentsa espezializatuak Juventud Deportiva Mondragon taldea. Eta azpimarratu behar da Jose Errasti gizon serioa zela bere lanean. Ongi ezagutu zutenek diotenez, beti ikasten ari zen, arlo guztietan, bere prestakuntza teorikoa altxatu nahian.

Jose Errastiren omenezko partidua

Jose Errastik Mondra ekipoa izan zuen begiko bizitza osoan. Entrenatzera herritik kanpo ere joateko eskaintzak izan zituen arren Arrasateko berotasuna nahiago izan zuen. Eta futbol zelaietako erakartasunari 1967an egin behar izan zion agur, lan profesionalak 
denbora asko kentzen baitzion. Herriko futbol zaleek omenezko ekitaldi bat eskaini zioten Iturripen. Horrela amaitzen zen, ziurrenik Arrasatek eman duen futbol entrenatzailerik enblematikoenaren karrera.
Mondrako jokalari ohiak; Jose erdiko lerroan lehena, ezkerretik

Fagor elektronikan jubilatu zen 1980an, bihotzak abisu bat eman ondoren. Hala ere, ez zen kikildu eta ariketa fisikoak osasunerako duen ontasunaz jabetuta Arrasateko jubilatuei gimnasiako klaseak ematen hasi zen, Musakolako Polikiroldegian. Horretarako ere berregokitu behar izan zuen bere burua, iharduneko futbolistenak bezain gorputz ez hain malguetarako teknikak ikasiz.
Jose, 1971an, Ikastolen aldeko partidu baten ostean

Jose Errasti Felisa Ibarrarekin ezkondu zen eta lau seme izan zituen bikoteak: Joxe, Benito, Aitor eta Agustin. Kirolak eta lanak uzten zioten astia Udalpe elkartean ematen zuen, eta sanjuanetako danborradan esku hartzen zuen, zintzo-zintzo, lehen ediziotik. Jose, gaurko gure protagonista ahaztezina, 1993ko apirilean hil zen. 

(1) Futbol zelaia: Utebo (Zaragoza) 1956ko ekainaren 3. Bigarren mailara igotzeko kanporaketa zen eta Mondrak galdu egin zuen 3-0; baina Iturripen maiatzaren 27an 9-0 irabazi zuenez gero, hurrengo kanporaketarako klasifikatu zen. Arerioa, Tarragonako Gimnastikoa izango zen.
Alineazioa honakoa izan zen: Moreno, Larrañaga, Arregi, Divino II, Egidazu, Aranburu, Sebastian (ordeko atezaina) Makurtuta: Guridi, Agirre, Bonba, Gutierrez eta Tololo. Entrenatzailea: Jose Errasti.


Argazkiak: Benito Errasti, JMVM

ARRASATEKO FUTBOLARI BURUZ GEHIAGO EZAGUTZEKO - PARA CONOCER MÁS SOBRE EL FUTBOL DE MONDRAGÓN

FUTBOLA ARRASATEN. ISTORIOAK

https://txemax3.blogspot.com/2022/01/futbola-arrasaten-istorioak.html



martxoa 08, 2017

JESUS ERRASTI. ARRASATEKO "LAWTON"


Alavesaren elastikoarekin
Arrasaten izan dira berezko merituz nabarmendutako futbol jokalariak. Txoko honetan ere merezi dute aipamena, azken finean historiako zati zabala adierazten baitute, eta denak ezina izango den arren behintzat eskura ditudanak ekarri nahi ditut hona. Honako ekarpentxo honekin ekiten diot, beraz, errepaso txiki bati, Mondra-k emandako futbolari (ostikalari) ospetsuenekin. Barka nazatela tintontzian geratuko direnak. Pozik emango nituzke ezagutzera guztien izenak eta egintzak. 

Jesus Errasti Azurmendi Arrasaten jaio zen 1929ko martxoaren 25ean.Futbolari bezala UCEAn nabarmendu zen, 1948an. Jose bere anaia zaharrak ireki zuen kirolerako sendiaren atea.
Atotxan, 1949. Mondrarekin. Jesus eta Jose anaiak
Eta hark ere izango du tokia aipatuen artean.

Jesusek bere estilo eta futbolerako erakusten zuen trebeziarengatik aurki “Lawton” gaitzizena eman zioten, britainiar ligako Tommy Lawton idoloaren itxurak baitzituen. 

Behean erdikoa Jesus, eta bere atzean Berezibar, 1951-09-01
UCEA eta Mondratik zehar Eibarrera eman zuen salto. Denboraldi bat geroago Deportivo Alavesek fitxatu zuen, 1951-52 denboraldirako, bigarren mailan aritzeko. Alavesekin hasi eta aurrenetako partidu batean, lagun artekoan,  Madrilgo Txamartinen aritu zen, 1951ko irailaren 1ean, Real Madriden kontra. Ez zen txantxetakoa izan, madrildarren artean Alonso, Muñoz, Olsen, Molowny eta antzeko jokalariak baitzeuden. Partidua 7-2 galdu zuten arren babazorroen artean Errastik oso itxura ona eman zuela diote kronikek.

Jesus,bigarrena zutik ezkerretik. Uribarren eskuinekoa, makurtuta

Aipatu behar da, partidu hartan gasteiztarrekin beste arrasatear batek ere jokatu zuela: Txomin Berezibar Altuna. Horra hor, beraz, Arrasateko kirol historiarako apuntatzeko data: 1951-09-01.

Errasti, Uribarren eta Zarra mitikoa
Bigarren mailan ari zen Barakaldora pasatu zen hurrengo denboraldian Errasti eta Bizkaiko hiri hartan 1953-54 urtera arte egon zen. Eta Barakaldotik Andaluziara joan zen arrasatearra, Cadizeko San Fernandoko ekipora, alegia. Eta bertan 1954-55 urtean ihardun zuen. Talde horren web gunean irakur daiteke: “Hamarkada zoragarria hasi zen 1954an” San Fernandoko kasu honetan ere, Errastik beste arrasatear batekin egin zuen topo: Juan Jose Uribarrren. Azken hori aurreko denboralditik zebilen Cadizeko ekipo hartan, hain zuzen bigarren mailara igo zenean. Uribarren eta Errastik arerio izan zuten bigarren mailan beste arrasatear bat, Jaenen futbol goi karrera egiten ari zena: Angel Arregi.

Errasti, hirugarrena ezkerretik. makurtuta. Bosgarrena Arriaran.
Errastik San Fernando taldean urtebete bakar bat eman zuen eta handik Burgosera hurbildu zen. Hirugarren mailan zebilen Burgos C.F eta bigarrenerako prestatzen ari zen. 1955-56 denboraldian, beraz, Gaztelako hiri  hartan ihardun zuen, eta taldean beste arrasatear batekin egin zuen topo: Juanito Arriaranekin, Burgosen soldadutza egiten ari zena. 







Goiko argazkia Jesus Errastiren azkenetako partidu batekoa da, lagun artekoa, Juventud Deportiva Mondragónekin, hamarkadatan taldeko laguntzailea izandako Pereirari egin zitzaion omenaldian, Iturripen. Makurtutakoetako bigarrena da Jesus, eskumatik, bere ezkerrean Berezibar Deportivo Alaveseko kide ohia duela.Jokalarien artean ikus daitezke, Jose Errasti (entrenatzaile lanetan) Imanol Zeziaga Divino I, Uribarren,Txantxote, Guridi, Balzategi, Bolinaga, Kortabarria... Futbolista onak,Arrasateko futbol historiako ale baliotsuak.

 Jesus Errasti Burgosen erretiratu zen  futbol profesionaletik,  27 urterekin. Jokalari ohi arrasatearra 2003an hil zen.

 Argazkiak: Ana Errasti, Benito Errasti, Jose Ignazio Zaitegi, JMVM


ARRASATEKO FUTBOLARI BURUZ GEHIAGO EZAGUTZEKO - PARA CONOCER MÁS SOBRE EL FUTBOL DE MONDRAGÓN

FUTBOLA ARRASATEN. ISTORIOAK

https://txemax3.blogspot.com/2022/01/futbola-arrasaten-istorioak.html