Hetruc etiketadun mezuak erakusten. Erakutsi mezu guztiak
Hetruc etiketadun mezuak erakusten. Erakutsi mezu guztiak

iraila 02, 2020

HETRUC: Hermandad de Trabajadores de Unión Cerrajera


Gaur 85 urte, 1935eko irailaren 2an burutu zen Arrasateko Bedia Zineman, HETRUC elkartearen sortze-bilera orokorra. Gaueko 8´30ak ziren eta Unión Cerrajerako langileek aretoa bete zuten, han esango zenaz jakin min. Zenbait hilabetetako prestaketaren ondoren proiektua publikoki agertzeko ordua ailegatu zen eta anaiartekoaren egosketan ari ziren arduradunek balizko bazkideei azaldu zieten “Hermandad de Trabajadores de Unión Cerrajera” elkartearen nondik norakoa. 

Bedia Antzokiko jesarlekuetako lagunei Hetrucen lehen asmoetarikoa hildako bazkideen senitartekoei diru laguntza luzatzea zela azaldu zitzaien, 1.000 pezeta inguruko laguntza hain zuzen. Baina elkartearen sortzaileek garbi zeukaten oso epe laburrean zerbitzu mediko eta farmazeutikoak ezarri behar zirela, eta gaixotasuneko asegurua, langileen jubilazioa eta, oro har, kolektiboaren lan baldintzak modu positiboan eragin zitzaketen neurriak hartzen saiatu behar zela.

Azpimarratu behar da ekimena langileengandik eurengandik sortu zela eta enpresa lehen unetik begi onez ikusi zituela Hetrucen xedeak, baita konpromisoa hartu ere bere aldetik laguntza berezia emango ziola elkartearen bideragarritasunerako. 1935eko irailaren 2ko lehen batzar nagusi hartan Hetrucen estatutuetako berrogeita hamabost kapituluak onartu ziren. Jarraian, lehen urterako zuzendaritza batzordea hautatu zen, honela geratuz: lehendakaria, Juan Kruz Castañares; idazkari nagusia, Saturnino Kintana; akten idazkaria, Gregorio Unamuno; diruzain-kontularia, Felipe Letona; bokalak, Migel Gorosabel, Frantzisko Arregi, Enrike Sodupe, Fermin Sampedro, Felix Zabaleta, Esteban Ayastuy eta Alejandro Calvo, azken biak Bergarako Union Cerrajerako langileen ordezkariak. Bokal bezala aritzeko toki bat gordetzen zen enpresak izendatzen zuenarentzat. 

Hetruc sortu zenerako 1.178 bazkide zeuden apuntatuta eta lehen urteko -1935eko urriaren 1/1936ko ekainaren 30- diru baliabideak 111.535 pezeta izan ziren horietako 50.000 enpresak ipinita. 1936ko irailean eten egin zen Hetrucen ekintza, berriz 1937ko abuztuan hasteko. Gerrak bazkidegoaren murrizketa ekarri zuen, punturik ahulena berriz martxan jartzean eman zela, 975 lagunekin, gizonezko zein emakumeak. 1937ko abuztutik aurrera urtero igotzen joan zen eta 1943ko abenduan 1.798 ziren Hetruceko bazkideak. Sortu eta azken data horren bitarteko finantza baliabideak 1.960.120 pezeta izan ziren, horietatik 940.000 enpresak ipinita. Eta baliabideen helburuetariko garrantzitsuenak langileen gaixotasunei aurre egiteko partidak – 795.000 pezeta- hildakoen senitartekoei luzatutako laguntzak – 508.000 pezeta- eta mediku eta kirurgia zerbitzuak – 426.000 pezeta. Elkarteak 1943ko amaieran superabita zeukan.

Ondokoak 1939-40 aldiko taulak dira, zuzendaritza batzordeak bazkideen Batzar Nagusira aurkeztutakoak. Deigarria gerta daiteke egiaztatzea gaixo egonez gero gizonezkoek bi bider gehiago jasotzen zutela emakumeek baino. 

Eguneko prismatik begiratuta guztiz arbuiagarria da politika hori, nahiz eta injustizia garaiko koordenadetan kokatu behar den. Hala ere, tratu diskriminatzailea areagotu egiten da, elkartearen diru baliabideak finkatzen direnean: alde batetik, bazkideen kuotak daude eta gizonezkoek asteko 2 pezeta ordaintzen zuten bitartean, emakumeek eta hogei urtetik beherako mutilek 1´50 pezetarekin erantzun behar zuten astero; beste alde batetik, Unión Cerrajera enpresak bazkideek emandakoaren adina jartzen zuen.



Hetruc errealitate bikaina izan zen, hirurogeita hamar urte inguruz Unión Cerrajerako langileen kolektiboari onura eskaini ziona.

Argazkiak: JMVM



urtarrila 22, 2020

GIZARTE PRESTAZIOAK ARRASATEN, XX.an



1940ko Oroitidazkia
Gizarte prestazioak ez dira XX. mendeko inbento; are gutxiago 1967koak, batzuek pentsatzera iritsi diren moduan. Arrasaten eta Aramaion – Euskal Herri osoan bezalaxe- baditugu adibideak, XV. menderaino eramaten gaituztenak. Antzinako gremioek eta kofradiek argi asko azaltzen dute segurantza sozialik ez zenean ere bazkideen arteko adostasunak arautegi idatziak sortzera eramaten zuela eta horietako batzuetan kideen premietarako laguntzak jartzen zirela. 

Mietz Errekako olagizonen artean Kofradia sortu zen eta bost mende luzez aritu zen. Jose Mari Urangak bere idazki batean dioenez, Arrasateko azken meatzariek – Evaristo Axpe eta Amadeo Berezibar- 1434tik zetozen arauen bitartez kudeatzen zituzten euren egintzak eta Kofradiak babesten zituen hainbat beharretan, kideen gaixotasunak edota istripuak ekar zitzaketen gastuak arintzeko.  Aramaioko Ibabeko Kofradiak – zibila ere bere sorreratik-  diru babesa eskaintzen zien kofradeei, normalean heriotzak ekartzen dituen kargei aurre egiteko. 

1940ko Oroitidazkia
Iritsi behar da XX. mendera arte arautegi oso bat ikusteko gizarte prestazioei dagokienez. Seguritate Soziala artean sortu gabe genuen eta Unión Cerrajera S.Ak 1935ean ipini zuen martxan HETRUC, Hermandad de Trabajadores de Unión Cerrajera. Diodan, 1944ra arte ez zela martxan jarri Seguritate Sozialaren erregimen orokorra. 

Unión Cerrajera S.Ak, 1906an sortua, 1911ko otsailaren 15ean honako erabakia hartu zuen: 

“Se acuerda otorgar pensiones a los obreros que por sus achaques de edad sean despedidos de las fábricas; se les dará una pensión vitalicia de una peseta diaria a los hombres y 0´50 pesetas a las mujeres. A los obreros que se hallen imposibilitados para el trabajo por enfermos se les darán según las circunstancias. Se concertará acuerdo con la Junta Municipal de Beneficencia para que a los que no se pueda atender en sus casas se dé un trato especial en  el hospital. En caso de muerte de un obrero se atenderá a la familia con alguna cantidad según sus necesidades y circunstancias. Cada año se destinará una cantidad para mandar a “puerto de mar” o ”altura” a niños de obreros pobres, en verano. Que los niños asilados y huérfanos de obreros podrán asistir a la escuela de dibujo etc. con ayuda económica de la empresa. Para ello se crea un fondo con el 2% del importe del dividendo al capital que se reparta entre los accionistas” 

UCEMek indarrean izan zuen aurrekoa 1935ean Hetruc sortu bitartean. Urte batzuk lehenago, ordea,1920ean, Gipuzkoako Aurrezki Kutxarekin hitzarmen bat izenpetu zuen jubilatuen pentsioak arautzeko, Unión Cerrajerak bermatzen zuelarik  soldataren %65raino. Bestalde, 1935ean enpresak aseguru etxe batekin gaixotasuneko poliza orokor bat ireki zuen, langile guztientzat. 

Langileen euren ekimenez, 1935ean anaiarteko bat sortzea erabaki zen eta enpresaren onespenarekin 1935eko irailaren 2an Bedia Zineman lehen Batzar Nagusia izan zuen Hetruc-ek. Hilabete geroago, ia 700 langile zeuden apuntatuta anaiartekora. Langileen kuoten kopurua osatu egiten zen enpresaren horrenbesteko diru ekarpenarekin eta 1938an enpresa konprometitu egin zen dibidendoen %5a ematera Hetruc-i, gehienez jota 100.000 pezetaraino.

Anaiarteko hau langileen eta enpresaren beraren diru ekarpenekin finantzatzen zen, beraz, eta batez ere langilearen gaixotasuneko diru laguntza osagarrietarako erabiltzen zen, baita heriotzen ondoriozko gastuetarako eta alarguntsen babeserako. 

Sortze-aktako zigilua
Beste horrenbeste esan daiteke Hermandad de San Juan Bautistari buruz, Hetruc-en antzera herriko gainerako enpresako langileen premiarik larrienak babesteko sortua.San Juan
Bautista Anaiartekoa 1940ko otsailaren 24an jaio zen Arrasaten. Indarrean zeuden lau Kofradiak egin zuten batzar baterako deia: Inmaculada Concepción,  San Jose, La Mutua eta Sindicato Libre. Eta lauek erabaki zuten anaiarteko bakarra abiaraztea, Hermandad Sanitaria de San Juan Bautista izenarekin. 

Jose Otxoa zen Inmaculada Concepción-eko burua  (“Jefe” esaten diote aktan) eta bera izan zen batzar hartako mahai-lehendakaria. Bokal bezala, Felix Zabaleta (San Josekoa) Jose Maria Bolinaga (La Mutuakoa) eta Fernando Bergaretxe (Sindicato Librekoa) ageri ziren Idazkari lanetan Mutuakoa zen Ignazio Bedia aritu zen. Otxoaren hitzetan: 

“Surge la nueva Hermandad con el fin primordial de mejorar las condiciones de sus asociados en caso de enfermedad, asegurándoles al propio tiempo asistencias de orden facultativo con el menor quebranto para sus intereses, aparte de otros beneficios factibles sobre la base de una colaboración común, desprovista en absoluto de aspiraciones de lucro” 

Bilera hartan aurreneko zuzendaritza taldea osotu zen:lehendakaria Bizente Gonzalez; bokalak: Galo Lete, Felix Landa, Manuel Arroitia, Andres Bidaburu, Roberto Arkauz eta Pedro Azkarate, idazkaria izango zena. Diru kontu ikuskari gisa, berriz, Jose Martinez de Ubago, Jose Ramon Mendizabal, Juan Iraola, Julio Aranburuzabala eta Florentzio Garay hautatu ziren

Bi anaiartekoetara hiru mila langile zeuden apuntatuta 1947an. Urte hartan, zenbait betebeharri aurre egiteko – antituberkuloso zerbitzua, haurrentzako laguntza, anbulantzia eta abar- bi erakundeen ekintza komuna eskatu zen kanpaina batean. Ordukoa da arrasatearrentzat heldu zitzaien orriaren ondoko mezua: 

“Mondragón tiene el noble orgullo de haberse adelantado a la legislación en materia de asistencia y previsión social merced a dos instituciones beneméritas, Hetruc y San Juan Bautista, madre e hija. Nacieron a instancias de los problemas de asistencia social, cuya solución emprendieron obreros y patronos en esfuerzo común y fraternal. No fueron las disposiciones legales las que le dieron vida, aunque luego se han constituido también en ejecutoras de algunas de esas leyes y han actuado con el beneplácito y beneficio de todos los asociados”

Horixe da, labur bilduz, XX. gizaldiaren lehen erdian Arrasaten izandako gizarte prestazioen historia txikiaren laburpentxoa.

 Argazkiak: JMVM