Peli Ugalde etiketadun mezuak erakusten. Erakutsi mezu guztiak
Peli Ugalde etiketadun mezuak erakusten. Erakutsi mezu guztiak

azaroa 29, 2023

EUSKARAREN EGUNA ARRASATEN. 1927


Nahiko luze aritu nintzen duela asko 1927an Arrasaten ospatutako Euskararen Egunaz. Eta gaur gaira itzuli nahi dut “Euzkadi” egunkariak ekintza haren gain adierazitakoa hona aldatuz. Interesgarria iruditu zait euskararen inguruan gure herrian izandako mugimendua bere osotasunean kokatzeko. Argazki bat besterik ez da baina pelikula osoa ulertzen lagun dezakeelakoan nago. 
 
Arrasateko Plaza, 1927ko Euskararen Egunean
Artikulu hura “Luzear” izenordearekin sinatzen zuen Ander Arzelus Toledo donostiarrak. Normalean, El Dia eta Argia egunkarietan idazten zuen baina egun hartan Euzkadiko orrialdeak ireki zitzaizkion eta bertara bota zuen Arrasaten ikusitakoaren gaineko iritzia. Irailaren 3 eta 4an izan ziren ekintzak eta 11ko bere kronikan honela deskribatzen zuen “Luzear”ek: 

“Arrasateko erriak, euskal anaitasuna nai dutenai ongi-etorria” Ona arrasatearrak nai zutena garbi adieraziaz, erri sarreran gure begiak aurren-aurrena arkitu zuten idazkuna. Ta euskal anaitasun bila bazebiltzan, biotza zabal eduki lezakete arrasatear anaiak, egun osoa anaitasun orren agerkairik biñañena izan zalako. Itxaropen aundia generaman baña askoz aundiagoa ekarri degu andik. 

Aurrerantz ez dira jai antolatzaileak nora jo ez dakitela ibiliko: jai orrek nun eta nola egin bear diran erabakiko duan bazkun bat izango bai-dute. Bazkun oneri laguntzea izango da aurrera errietako eukaltzaleen egin bearra. Batzorde orren berri emango degu. Jaunak bere argia bialdu  bezaie bazkun berria bide zenetik eraman dezaten” 
 
Peli Ugalde euskaltzalea
“Luzear”ek aipatzen duen batzorde horretan arrasatear bat sartu zen, karlista eta euskaltzalea bera, Antonio Pagoaga, hain zuzen. Besteak oso izen ezagunak genituen euskal mugimenduan – Arzelus bera, Linazasoro, Urreta, Labayen- eta horiek eragingo zioten aurrerantzean Euskararen Egunen nondik norakoari, jaiaren arrakasta bermatze aldera. Kronikari honela ematen zion amaiera “Luzear”ek: 

“Gu onenbestez etxeratu giñan, esan bezela eramandako itxaropena geituta, biotza onelako jai gose aundiagorekin, an uzten genitun anai maite guziai bostekoa estutu ondoren. Eskerrak jai ori eratzen alegin osoan ibili diran euskaltzale sutsu guziai ta batez ere gure lagun on-ona dan Ugalde tar Peli, zarata ta ixkanbila gabe, apal-apal, lan egin bear zan tokian bakarrik arkitu genuen eusko anai jatorrari. Peli, Arrasateko euskal egun ori guziak gogoan izango degu: an izan giñanak izan giñalako ta izan etziranak, orrexegatik, izan etziralako. Betoz, betoz, zorionean euskal egunak”

Argazkiak: JMVM 

EUSKARAREN EGUNAZ GEHIAGO:

 

otsaila 15, 2023

ARRASATEN 1936ko GERRAN JAZOTAKOAK, PELI UGALDEREN BEGIETATIK


Peli Ugalde Oxinaga, 1935ean

Beste behin ere aipatu dut “La guerra civil en Euzkadi” (Jose Maria Gamboa eta Jean Claude Larronde. 2006) liburua. Bertan badira 136 lekukotasun, Jose Miguel Barandiaranek Gasteizko apaiztegian edukitako ikasle eta apaizkideengandik 1936ko gerra ondoren jasoak. Itzelezko gertaera haren inguruko aipamenak eta bertatik bertara ikusitakoak noizik behin gogoratzeak, aurrera begira jarrita,ostera gerta ez daitezen balio du; eta, jakina, gizarte zibil eta baketsuaren kontra gaizkile faxista haiek burututakoak salatzeko. 

Gaur Arrasateri dagokion testigantza ekarri nahi dut hona. Peli Ugalde - Aretxabaletan 1893an jaio arren gerra orduko Arrasaten hogeita hamaika urte bizitzen zeramazkiena- ahalbidetu zizkion On Jose Migueli. Hona hemen Pelik – gerra aurretik zenbait euskal agerkaritan korrespontsal gisa aritu zena- Barandiarani informatutakoa. Daturik gehienak, jakina, ezagunak dira beste iturri batzuetatik, baina Pelirena izango da lekukotasun idatzi zaharrena, 1937an egina. Dakusagun: 

“Frankotarrak Arrasaten sartu ziran ezkeroz, eurak il zituzten arrasatear lagunen izenak ara emen: Arin´dar Jose Joakin, jaupalburua; Guridi´tar Leonard, jauparixa; Markiegi´tar Joseba, jauparixa; Gastañares ´tar Benantzi, ezkondua, abertzalia; Bengoa´tar Jon, ezkondua, bost ume ditu- abertzalia; Urionabarrenetxea´tar Andoni, ezkondua, lau ume ditu, abertzalia; Mondragon´dar Norberta, ezkondua, abertzalia; Madina´tar Bizente, ezkondua, abertzalia; Iturbe´tar Isidro, ezkondua, abertzalia; Aranburu´tar Agustin, ezkondua, abertzalia; Olazagoitia´tar Flora, emakume ezkondua, gorria. Aur-eiteko zegoen il zutenean; Lupierro-Elortza´tar Benantzio, ezkondua, gorrietakoa; Union Cerrajerako serenua, otxandiotarra semez, ezkondua; Zeziaga´tar Joseba, ezkongaia, abertzalia; San Pedro´tar Gregori, ezkongaia, abertzalia; Ugalde´tar Marcelino; Aranbarri, Lorenzo, ezkondua, abertzalia; Kulebra (Berezibar Roman) andria, gorritakua; Galarrako andra zarra; Bengoa´tar Joan (sei umeen gurasoa) abertzalia; Elorrixa baserriko gizona; Mirabuni´tar Francisco, abertzalia”
Guztietara berrogeita bost mondrago´tar il zituzten frankotarrak Mondrago´n sartu ta bereala” 

Peli Ugaldek erbestean zegoela ere beste idazki bat bidali zion Barandiarani, La Roseraietik, 1938ko apirilaren 20an. Bere sinadurarekin bidali ere, fede-lekukotasuna emanez. Honela zioen Ugaldek: 

“Olazagoitia´tar Flora, frankotarrak Arrasaten sartzera zijoatzenean, bere umeakin Udalara igo zan. Andik egun batzuetara, umeak Udalan utzita, Arrasatera jetxi zan bere etxe eta dendeari jarraitze arren. Gero berriro, jateko zerbait artuta, Udala zijoan egun batez bere umeak ikustera. Bidean artu zuten eta gero Donostiko espetxera bialdu zuten. Nunbait espiatzat artu zuten. Bere senarrak ezin zuan sinistu: “Nola liteke sein-eiteko dagon emakumea iltzea? esaten zuan.
Unión Cerrajerako serenuari guardia zibilek argiak ametatzeko agindu zioten. Berak Udaletxera galdetu zuan ea zer egingo zezakean guardia zibilek argiak ametatzeko agintzen ziotela-ta. Ori galde ori egin zualako, guardia zibilek espetxeratu zuten, gero Donostiara eraman zuten eta an illa izan zan” 


Eta azkenik Peli Ugaldek datu interesgarriak eskaintzen dizkigu, gerrako une latz haietan Arrasaten jasandakoaren jatorria ulertzera laguntzen dutenak. Jose Joakin Arin pertsonaia interesgarria izan zen testuinguru hartan, gerra aurreko urteetan gizarte zatituan erretore bezala sosegu apur bat jartzera bidali baitzuen elizbarrutiak Arrasatera. Sarraskiaren ondoren eta gerra osteko miseria izpirituala nolabait konpontzen hasteko elizbarrutiak beste erretore bat igorri zuen Arrasatera: Jose Luis Iñarra. Arin eta Iñarra ditugu, zalantzarik gabe, Arrasateko eliza modernoan izandako bi erretore nagusiak. Biak 35na urte inguru aritu ziren herrian eta biek oroitzapen itzalezina utzi zuten eliztarrongan. 

“Jesús (Mendia) monárquico, de Renovación Española. Su apellido verdadero es Gorosábel. Mendia es el nombre de la casa. Fue nombrado alcalde de Mondragón  a los pocos días de haber entrado en este pueblo los franquistas. Era gerente de una fábrica papelera. En Mondragón solía parar poco tiempo. En el tiempo de su mandato fueron fusilados cuarenta y tantos individuos en Mondragón, y de ello se culpó a él. 

D. José Arin, estaba de cura en Aretxabaleta hace unos treinta años. Fue por entonces cuando se fundaron las Escuelas Viteri en Mondragón. Cuando formó el Patronato que había de regir estas escuelas Viteri en Guipúzcoa, Machimbarrena fue quien propuso que en tal patronato no debiera haber ningún cura.

Esta noticia llegó a oidos del entonces cura de Mondragón Sr. Zatarain (D. Tiburcio), carlista, y empezó éste a poner la proa a las escuelas Viteri de Mondragón, diciendo que eran laicas, hasta el punto que hasta depuso del oficio de monaguillos a los niños que iban a ellas. Alrededor de este asunto, se formaron en el pueblo dos bandos que mutuamente se hacían guerra, Hay que advertir que en tales escuelas se enseñaba el catecismo, la cruz presidía las clases etc. Los contrarios de las escuelas eran los carlistas; los demás eran favorables, desde luego más numerosos que aquéllos. Así, quedaron divididos los católicos en carlistas y no carlistas (estos últimos junto a elementos de izquierda en el asunto de las escuelas) 
 
Joxe Joakin Arin erretorea
El maestro de dichas escuelas ya no iba a la iglesia parroquial, sino que iba a otras iglesias, aún para cumplir con Pascua. Por entonces salía en Mondragón un semanario local, La Verdad, del partido favorable a las escuelas Viteri. Cuando se retiró el Sr. Zataráin, fue de cura a Mondragón D. José Joaquín Arin y Oyarzabal. Éste empezó a ir a hacer visita semanal (los sábados) a las escuelas Viteri, según tenía él costumbre de hacerla en las escuelas de Aretxabaleta. El maestro Sr. Arano se dio por muy satisfecho y ya fue borrándose todo resto de resquemor que la conducta del cura anteriior había provocado entre las escuelas y el clero parroquial. Entonces el maestro empezó a acudir a la iglesia parroquial, adonde llevaba, además, desde entonces a sus niños todos los domingos. Los carlistas cobraron por esto odio al Sr. Párroco, que les quitó uno de los motivos de su lucha con los restantes del pueblo.

El Sr. Arin ha sido uno de los sacerdotes que más han trabajado en Mondragón en sus ministerios sacerdotales; lo mismo también en lo que atañe a las atenciones de los pobres del pueblo. También ganaba mucho dinero, pero él poseía poco. De cinco a seis lustros estuvo en Mondragón. Reformó la fábrica de la iglesia parroquial y de la iglesia de San Francisco; construyó la Casa Cural con su salón parroquial y escuelas; el Vïa Crucis en el camino de San Jospe”

Jose Joakin Arin Billabonan jaio zen 1875ean eta 1900an apaiztu zen. 1936ko urriaren 21ean sartu zuten Ondarretako presondegira eta 24-25 bitarteko gauean fusilatu zuten Oiartzungo hilherrian. Peli Ugalde Oxinaga, berriz, 1964an hil zen, euskalgintzan bere arrastoa utzi ondoren.
 
Argazkiak: JMVM

apirila 03, 2019

ARRASATEKO EMAKUMEEI LAUDORIOZ...ETA ERRIETAZ. 1931


1931-05-17, Udala auzoan jelkideak (1)
Emakumea eta euskara gaitzat hartuta beste behin ere aritu nintzen zutabe honetan. Azken gerra aurreko aldizkari batean argitaratutakoa ekarri nuen ezagutzera eta galdera ikur batekin amaitu nuen nire idazkia. Ekarpen berri honetan 1931ko bi idazkirekin bat egiten dut, biek euskara eta emakumea erabiltzen baitituzte ardatz gisa. Dakusagun.

Lehena “Zeleta” batek izenpetzen du eta Arrasateko emakume abertzaleei eskaintzen dizkie bere bertsoak. Nor zen "Zeleta"? Ez daukat bat ere garbi, izan ere 1982an San Isidro jaietako esku egitarauan argitaratu nuen idazkian Isidro Arregi "Zeleta" musakolatarra bertsolaria aipatu nuen, auzoko lagun batzuei entzun nien moduan. Baina Zeleta baserrikoak 1930 inguruan Garay ziren. Okertu egin al ziren abizenez 1982ko nire interlokutoreak? Izan al zen Arregi abizeneko beste inor, "Zeleta" esaten zitzaion arren? Nekez jakingo dugu. Norbaitek erantzuna ezagutuko balu... (1) Edozein modutan, "Zeleta" bezala ezagututakoa oso bertso zalea genuen eta bertsolari bezala aritzen zen, batez ere Musakola bere auzoko jaietan. 


Gauza da,  Arrasateko Emakume Abertzale Batza sortu berri zutela herriko emakume batzuek, eta urte hartako San Inazio egunean ekitaldi berezia, emakumeen mitina barne, prestatu zuten. Baita E.A.Bk ikurrin bat josi eta uztailaren 31an EAJren afiliatuei aurkeztu zitzaien, Batzokian. Hori dela eta, "Euzkadi" egunkarian, 1931ko abuztuaren 6an honela irakur dezakegu:


Arrasateko Emakumeai, zorijon agurra (E.A.Bri)

Ainbeste lora eder ta lirain
ikusiz geure baratzan,
neure bijotza samurtu eta
ankak dijuazkit dantzan.
Edertasun au abertzaliak
sortu dute, bai, loretzan.

Benetan egun zoragarrija
Arrasateko danentzat,
neska lirañok maite dute ba,
eta errukija amarentzat.
Nork lan ez du egingo, gaiñez,
Egin badigute motzak?

Emakumiok egin dezake
aberri onen zoruna,
batez be euren ago ganetan
ibiliz euzkera ona.
Euren izketaz samurtu dute
Geure etsai galdubena.

Itxaropena ego-zabalik
aberrijari mosuka,
emakumeok yantzetan baño
liraiñaguak otoizka.
Etsayak daude zeben aurren
Amorru bixiz orruka.

Bijarko amak, seaskan dagon
Aurrari abestutzian,
bardin gabeko samurtasunaz
Jel-arija sar-sartu barnian.
Aberri onen gudari ona
Bijar agertu daitian.

Beti aurrera ta ez aspertu
ekin lanari benetan,
Sabinen esan guzti-guztijak
gorde zeben bijotzetan
Laster orrela azkatasuna
Ixango euzko goyetan.

Arrasateko emakumeok
Euzkadiko lora leunak,
usain goxua aberrijantzat
ixango dabez mosubak.
Ikurrin zuriz, abesti gozoz
oneik bai dira neskatxak!


Goian aipatzen duen "egun zoragarrija" 1931ko uztailaren 31koa izan zen, Emakume Abertzale Batzak Batzokian ospaturiko bilkura. Eta goian nioen bezala, “Euzkadi” egunkarian argitaratu zizkioten bertsoak "Zeleta"ri. Eta musakolarraren zutabearen ezkerraldera "Lauaxeta" handiaren artikulu bat agertzen da. Ez zen, beraz, makala "Zeleta"ren maila, ez alajaina!

Euskara eta emakumea lotzen dituen  oraingo beste idazkia, baita “Euzkadi” egunkarian agertu zen,”Zeleta”rena azaldu eta hiru egunetara, abuztuaren 11an, hain zuzen. Eta idazki hark, “Zeleta”ren bertsoei buruzko aipamentxo bat egin ondoren, segitzen du, “Gesalibar” sinatzen duen idazlearen eskutik. Zein zegoen gaitzizen haren ostean? Oso hizkera aberatsa darabilen ezkutuko pertsonaia hura, ene ustez, hiru gizakume abertzaleren artean egon daiteke: Peli Ugalde, Benantzio Gastañares eta Joxe Markiegi. Nik bederen ordena horretan ipiniko nituzke. Baina identitateaz jabetu barik ere, goazen aurrera eta irakur dezagun “Gesalibar” hark idatzitakoa: 

“Guri ere lora eder usaintsuak atsegin zaizkigu; lora oiek dakarzkaten ondoren-frutuak biotza poztu ta zabaltzen digute. Zeletaren antzera dantzatzeko, ordea, oñak astun, narrasak ditugu. Alabaña, nor dantzatu dagoan ezkero, guk noizean bein bederen soñua joko diegu.

Emakumeak ez luketela “politikan” sartu bear… Emakumeak beren zeregiña lapiko-ondoan, jostorratzen dutela… Emakumeak… Ez diogu gai oni ekingo, gaurkoz behintzat. 

Baña emakumeak ere Aberria ama dute, ta ama maite bear. Abertzaletasuna emakumeai ere gizasemeai bezalatsu dagokie, era berdiñez erakutsiko ez badute ere. Eta emakumeak aberri-aldez asko dezakete.

Gure  adierazgarririk argi ta bikañena euskera degu. Aberrirako abertzaletasun biderik onena ere, euskera. Euskerak dirauen errietan abertzaletasuna arin eta sutsu sartu da ta bidez dirau. Euskera galduriko errietan motelago sartu, ta erraz bide-esi gañeratu. Bai, abertzaletasun biderik eta esirik onena ere euskera. Eta euskera­alde emakumeak asko dezakete. 

Arrasate gure erri onetan euskeraren gora-bera emakumeen eskuetan oso-osoan dagoela esango genuke. Arrasateko gizasemeak geienbat edo-ta beti euskera darabilte. Urtearen aldi luzeak erritik urrun daramazkiten gazteak berak ere, errira diranean, euren artean euskeraz mintzatzen dira. Neskatxa alboan dutenean somatzen degu oien ezpañetan erdera. Neskatxak beren artean zer esanik ez. Alkarren artean euskera darabilten mutillak neskatxakin erdera, zergatik? Arrasateko neskatxak euskera ez dakitelako-ote?

Ez, euskera ez dakien neskatxarik Arrasaten gutxi; edo-ta bat ez, bertakorik. Euskeraz ez lutekela erderaz bezin “lora” politik asmatuko? Baliteke. Baña paperezko lorarik politena baño arkaitz-arteko “lora” basatia ere usaitsuago beti. Eta zein itsusia dan berriz: “Aintzane ¡si voy ahí!” entzun-bearra. Oietako bati galdetu genion bein: “Ama nungoa dezu, ume?” Eta oraindik oraintsu baserritik kalera ietxia zan. Etzeraman ba garo-usai aundirik; erderak dotoretzen, nunbait! 

Baña emakumeak nai izatera, emen euskera indartuko da, iraungo du. Eta zer Aberri-alde lan ederragorik? Soñekoari eusteko abertzale-gerrikoa polita da; alboan igarotzean “agur” goxo; etxean neskame, anai-arreba ta aita-amakin, plazan mutillakin eta elizan Jaun eta Jabearekin euskeraz mintzatzea, au “oso"

(1) Goiko argazkian, Arrasateko "Euzko Gaztedija"ren talde bat ikusten dugu Udala auzoan, abertzale sentimendua sendotzeko asmoz eratutako ekitaldian. Aurpegi ezagunen artean, erdian Fani Garay daukagu, gazte-gazterik, artean 17 urterekin.  105 urte betetzera iristear den arrasatear abertzale eta euskaltzalea dugu Fani.

Argazkiak: JMVM eta Jose Ignazio Zaitegi

(1) Jon Garay Uriartek ondoko ekarpen argigarria egin du, artikulua irakurri bezain laster. Eskerrik asko!!

"ISIDRO ARREGI LIZARRALDE
Zeletako Isidro, Isidro Arregi izango dela esango nuke;  1930eko Udaleko padroian ” Celayeta” baserrian (guretako beti Zeleta) Isidro Arregi bizi zen bere familiarekin, artean 71 urte zituen. Garay-tarra, gure aitona Nicolas, Bedoñatik Zeletara ezkondu zen Rufinarekin, Isidroren alabetako batekin"