Aramayo etiketadun mezuak erakusten. Erakutsi mezu guztiak
Aramayo etiketadun mezuak erakusten. Erakutsi mezu guztiak

iraila 03, 2014

IPURTOTZ BASERRIAREN LEGENDA



Gabriel Jauregi idazle aramaioarra



“G. Aramayo” izenordez, Gabriel Jauregi – Gabirel, berak sinatzen zuen moduan- aramaioarra dugu, Etxaguen jaio baitzen 1895ean, Luziano izenarekin. Karmeldarra, Gasteizko karmeldarren komentuan eman zuen bizitza-tarterik luzeena, fisika eta kimika irakasten.  Herri jakintzaz enamoratua, nonbait, behin eta berriz idatzi zuen euskal mito, legenda, naturaz eta abar. Baina bere ekarpenik sonatuenak, zalantzarik gabe, Pisia (1935) eta Kimia (1936) euskarazko liburuak ditugu, fraidegaientzat prestatu beharreko materialean oinarrituta.  Bermeoko Gaubeka irarkolan editatu zituen. Bizkaiko Larrean hil zen, 1945ean. 

“Karmengo Argia“ aldizkarian herri jakintzari buruzko Aramaioko istorio txiki bat kontatu zuen 1933ko apirilean,  eta zutabe hauetara ekartzea otu zait, gure arbasoen sinesmeneko nondik norakoak ezagutzea interesgarritzat jotzen baitut, norantz goazen uler dezagun. Honela idatzi zuen Jauregik, Jabetasuna titulupean:



 “Lenegoko aldietan, oiñ baño artzain geiago ei-egozan. Eta artzaiñak baso guztiak eurentzat gura izaten dabez; orregaitik baso artean ez esparru, ez solo, ez etxe barririk egiterik eztabe gura izaten.

Aramayon esaten dabenez, bat edo batek baso artean etxe barrien bat egiñ gura baeban, etxakon debekatzen, egiteko azkatasuna eukan; baña egiñdako etxearen jabe izateko ura tellatutik bera parra-parra jausi bear zan. 

Goialdean, Ipurtotz baserria
Tellatutik bera ura jausteak etxearen jabetasuna egiñ ebanari emoten eutson. Etxango atx-ondoan ipurtotz gaur deritxon etxea egiten beiñ baten bata si ei-zan; baña egunez egiten ebazan ormak gabean artzaiñak lurrera botaten ei-eutsezan. Ormak jaberik ez eukien eta edonork bota leikezan; jabe izateko tellatua ipiñi ta tellatutik bera ura jausi bear zan-da. Ta alan egunez egiten ebazan ormak gabean beti ondatzen eutsezan artzaiñak, eta eziñ jabetasuna lortu, ez etxea amaitu
Ipurtotz-etxea egiten ebillan gizona zailtasun aundikoa ta gustiz azkarra zan-eta, egunak Joan, egunak etorri; ormak egiñ, ormak bota; alako baten goizetik gabera ormak jaso, tellatua ipini eutson bere zorioneko baso-etxeari. Baña euririk ez eban egiñ gau artan eta tellatutik bera ura etzan jausi; orregaitik ipurtotz etxeak oindikon jaberik ez eukan; eta artzaiñak, inoren ardura barik, etxe guztia apurtu eben. 

Urrengo egunean barriro jaso etxea, tellatuak ipiñi ta edarkada bat ur tellatu gallurrera jaso ta alderdi bietara, erdi bana, bota eban etxea egin ebanak. Oingoan tellatutik bera ura jausi zala-ta, jabe geratu zan betiko ipurtotz egiñ eban gizaona, ta artzaiñak jabetzat artu eben”
 
Argazkiak: JMVM, Euskomedia,

maiatza 02, 2012

ARAMAYOren DEABRUKERIAK


Adinekook espazio zabalagoa utzi dugu atzean, aurrean gera daitekeena baino. Motxila bete-betea daramagu sorbaldaren gainean eta sarritan -niri behintzat sarri gertatzen zait- oroitzapen eta erreferentzia historikoek lehen tokia hartzen dute gure bizitzan.  Oso gustukoa daukat paper zaharretan irakurtzea. Beti ikasten da zerbait. Horregatik ordu goxoak ematen ditut iraganari begira. Konbentzituta nago izan zirelako garela. Gaurko istorio honen protagonistak dioen moduan: Zaarrai itxi bake-bakien... zaarrak asko jakiek-eta.

Gaurko nire ekarpen honetan, Donostian argitaratzen zen “El Dia” egunkarira jo dut, eta hain zuzen 1930eko abenduaren 30eko zenbakian istorio xelebre bat aurkitu dut. “Euskal-orria” izeneko atalean, eta egilearen arrastorik inondik agertzen ez delarik, “Aramayo-ren deabrukeriak” kontakizuna argitaratu zen. Transkripzio zuzena egin dut egunkaritik. Irakurtzera gonbidatzen zaituztet:


-         “Ori da agurearen meya!
-         Zelan? Aramayo?
-         Aramayo dau izena. Angoa da-ta... Arroaterdi astun ez da bera.
-         Ez; baña orren makar ta orren zar ta orren triskil dakutsun agure eskale orrek, lengo gau baten makillaka apurtu zituzan lau edo bost mutil gazte sendoak, ta ganera txis egin eutsen burutik beera.
-         Bateko ori bota dozu ba, gizona, ta biribilla bota be!
-         Benekian guzurtzat artuko zeustala, baña ezta gezurra. Gertaera ori ikusi ebenak eztira urrin bizi; orraitiño euren testigantza edo lekukotasun barik be siñistuko dozu, azaldu daitzudanian zelan izan zan.
-         Ia ba, asi zaitez esaten, ta ikusiko dogu siñisbiderik daukan ala ez.


-         Ara ba. Len aitatu dodan gabean ei-egozan Urkiola´ko ostatuko suetean lau bosten bat mutil gazte arrokeria erioela, batak au ta besteak ori, iñun direan ausardikeriak edo balentikeriak esaten. Sendoak eurak eta ganera barrua ondo berotuta Naparroa´ko edari baltzaz, aupadaka ebiltzan, inguruetan ez egoala eurai aurre emoteko gizonik, eta iñok urten gura baeban urteteko, ta eurai atzera eragingo eutsenik ondiñokoan etzala jayo ta... orretara arroen praketan be artu ezinda.

Arrokeri gusti onek ezeri bagakoak zirean, bada euren entzulak iru edo lau emakuma, ostatuko morroi bat, irurogei urte ingurukoa, ta baketsua bera, ta Aramayo agure zimela zirean. Onek, alango baten esan eutsan morroyari:

-         Manu, gurok bioen artean lepoak berotu dayoeguzan onei?
-         Burutik ein yak ala? Gu zer gazak ba orrentzat? Bai, mutillak yauzak eurak orretarako!
-         Ba ik gura ezpok neuk eingo joat.
-         Eiñeik gura badok; baia orrezkero agur eingotzak sekuleko Aramayo aldeari.

Alde egin eban sukaldetik Aramayo orrek eta atari-aldeko eskepean ixil-ixilik aulki luze bi zearretara ipiñi, aupada santzoa jaurti, makilleagaz arrast egin lurrean eta aotsa (boza) aldatuta esan eban deadarka:

-         Urten ona barriketan or dagozan ollo-kumak!

Au entzun ordukoxe, jagi mutillak egozan lekuetatik eta amurrututa tximistak legez urten eben atarira. Eskuko atzak be etzirean ikusten an ta jo eben bernazakiakaz aulkietan eta lurrera jausi zirean bata bestearen ganera, ayeneka ta erdi arnas barik, miñen miñaz. Inoz bernazakian olango blaustadarik artu dabenak badaki min ori zein zorrotza ta zein eroan-eziña izaten dan.

Bitartean agure gaiztoak ezeban galdu astirik; erabili eban azkar makillea, erruki barik joten zituzala buruan nai edozein lekutan. Eskaratzetik argiakaz etorri zirianeko, eyotu zituan naikoa ta alboko gela batera sartu zan.

Erdi errenka eta buruak zaurituta ebilzan mutillak eta gustiakana agertu zan Aramayo be, sekulan plater bat apurtu ez-paleu legez. Manu morroyak esan eutsan belarrira:

-         Ik ein dok demoniñokeria! Yakingo baluek yakin... ire gixaxue!

Baña nori buruak emongo eutson Aramayo lango agure zar koitau itxuradun bat izan zitekeala alango barrabaskeriaren egillea? Zerbait artetu ziranean makillatuak, gustiz asarre ibilli zirean etxe-inguruko ta etxe-barruko bazterrak aratuten, ia aurkituten zituezan arerioak, bertan zatituteko gogoaz, baña... iñor bere ez. Zelan, eurakaz batera baebillen arerioa bentasun (seriotasun) andienagaz ziñotsela: “Giiizonak, mundu onetan asko ikesteko asko bizi, bestelan nok esango euskuan guri orretaiko gaiztakeria egitia burura etorri leikiola iñori?”

Bein suetean batu zireanean, buruetako odol-uneak osatuteko gauzarik onena zer izan zeitekean eztabaidan asi zirean atso agura mutillak. Aramayok ziñotsen:

-         Jentiek... Nik olango gauzetan zuek baño jakituri geyao dauket, zuek baño geyao ikusi dotelako, ta neuk diñotzuet eztauela gizon elduen txixa baño gauza oberik orretarako, ta txix ori bero-berotik izan ezkero askoz obeto.

 


Atsoak be sendotu eben eretxi au, txixa langorik ezegoala atarako-ta. Urten eben emakumok eta bakarrik geratu zirenean agure-mutillak, Aramayok esan eban:



-         Mutillak... zelan arrayo ibiliko gaituk katillu batera txixa ataraten? Neuk botakotzuet kontuz-kontuz bakotxari txix apur bat eta olan otzitu barik artukozue erremediue.
-         Errekontxo, txarrikeri ori be bai? Erantzun eutsan mutil batek.
- Zer txarrikeri? Zer jaukek ba? Kuraziño gauzetan txarrikeririk etxok, edo obeto esateko, txarrikeriak izaten dozak gustiak, baina etxok inok aintzat artzen.
-         Tire ba, tire ba...

Jezar leku batera igo eban Aramayok eta... egitekoa egin eban. Andik lastertxu alde egin eben mutillak eta ziñoan agureak suetean:

Arrotxo ibili zarie, baia zeuenak badaruezazuez, gaztiek eta senduek izan arren. Zaarrak giñiala-ta, orrenbeste aupada entzun bear geiñduan ala? Zaarrai itxi bake-bakien... zaarrak asko jakiek-eta”


Hala bazan ala ez bazan...



  



Argazkiak: www.todopueblos.com