 |
| Zeferino Gartziarena |
Herri guztietan gertatzen da pertsonaiaren batek berebiziko indarra hartzea
dagokion ofizioarengatik eta herri-oroimenean pertsonaia bera izatea ofizio
horren erreferentea. Aramaioko XX. mendean zehar medikuntzari zegokion
erreferentzia hori mediku batek bereganatu zuen: Zeferino Gartziarena.
Mende erdia eman zen duela bi urte Gartziarena
hil zela baina oraindik ere gizon haren irudiak indarrean segitzen du
aramaixoar askoren baitan. Gasteizen bizi dira mediku haren bi alaba –Begoña
eta María Dolores- eta eurekin egon naiz aita zutenaren gaineko oroitzapenak
astintzen ari. Merezi izan duelakoan nago eta irakurleekin konpartitu nahi
ditut, Aramaioko biztanleen osasuna urte luzez zaindu zuen gizonaren nondik
norakoak.
Zeferino Ignazio Gartziarena Otaegi
Lizartzan jaio zen 1890eko abuztuaren 28an (1)
Aita Migel Eusebio – Berastegikoa jaiotzez- Lizartzako medikua zen eta
Zeferinok aitaren bideari segitzea erabaki zuen, medikuntza ikasiz. Valladoliden
burutu zituen bere ikasketak eta lanean hasi zen, lehenik Abadiñon eta jarraian
Gipuzkoako Mutiloan. Maria Gillermina Telleria Jorge segurarrarekin ezkondu zen
Zeferino 1916ko abuztuaren 26an eta
Mutiloan bizi izan ziren 1919ra arte eta bertan jaio zitzaien lehen alaba, Liernia, ume hil zena.
“Aramaioko Batzokia. Ehun urte” nire
liburuxkan azaldu nuen moduan, Udaletxera aurreneko abertzaleen eragina heldu
zenean herriko medikua euskalduna izateko komenientziaz hasi zen eztabaidatzen
udal bilkuretan. Gauzak ez zeuden oso diferente gaur egunekoetatik, eta hain
gai logikoak ezezkoak jasotzen zituen behin eta berriz jarrera politiko
atzerakoienak defendatzen zituztenengandik.
 |
| 1916ko udal akta: medikua euskalduna |
Horren
adibide garbia da, 1916ko uztailaren 5ean ez ohiko bilkura izan zuela Udal Batzordeak
– zinegotziek eta auzoetako
zergadunen artean buruturiko zozketaz hautatutako herritarrek osatua- mediku
berriaren izendapenaz aritzeko. Ordura arteko
Felix Condek uko egin zion karguari eta Batzordeak deialdia egitea erabaki
zuen. Baldintzak? Ofiziokoez gain, zenbait batzordekidek eskatu zuten mediku
berriak euskara ezagutu behar zuela. Eta horrek zatiketa eraman zuen
batzordera. Bozkatu egin zen gaia,
eta medikua euskalduna izatearen alde EAJko hiruek eta beste hiruk eman zuten
botoa. Baina alkatea eta beste bost kide ezetzaren aldera lerrotu ziren. Boto
zuri bat izan zen. Errepikatu egin zen botazioa, emaitza berdinarekin. Orduan
alkateak kalitatezko bere botoa erabili zuen eta ondorioz atzera bota zen
euskara jakitea baldintza izatea.
 |
| Gartziarenaren lehen udal bilera. 1919 |
Deialdi hartatik mediku titularra izendatutakoa Fuldain Bakero izan zen. Elorriotik egin
zuen aldaketa Aramaiora eta bi urtez iraun zuen Aramaion. Ostera egin zen deialdia 1918an. Ordurako alkatea
Benito Jauregi zen, EAJkoa eta lehen alkate abertzalea, eta euskarari lehentasuna
eman zitzaion hautagaia baloratzeko orduan. Baina hautagai bakarra agertu zen
eta berari eman zitzaion plaza: Migel Rodriguez Vadillo, San Vicente de la
Sonsierratik zetorrena.Baina honek 1919ko urtarrilean aurkeztu zuen dimisioa. Deialdi
berrian, euskara jakitea derrigorrezkoa ipini zen, nahiz eta hamahiru kidetatik
bostek kontra bozkatu zuten eta batek zuri. Eta deialdia hartara aurkeztu
zirenetako bat Zeferiko Gartziarena izan zen. Eta urte hartako martxoaren 4ko
aktan Udal Batzordearen erabakia irakurtzen da:
“Se dió cuenta de una instancia de
D. Ceferino Garciarena y Otaegui, con la que acompaña varios documentos para
justificar llena las condiciones del anuncio para la provisión de la plaza de
Médico Titular de este partido y suplica se le agracie con dicho cargo.
La Junta por unanimidad acordó
adjudicar la plaza de Médico Titular de este partido a D. Ceferino Garciarena y
Otaegui, con el sueldo anual de mil setenta y dos pesetas y cincuenta céntimos,
siendo el contrato por tiempo ilimitado, y con las condiciones que se han
tenido en cuenta para otros titulares”
Udalaren erabaki formala hartu aurretik bazebilen Gartziarena Aramaioko
osasun arazoetan buru belarri.
Senar-emazte gazteak Aramaioko Nardeaga kaleko lehen zenbakiko etxearen
bigarren solairuan jarri ziren bizitzen. Han jaio ziren beste hiru alabak:
Begoña (maistra izango zena Arabako zenbait herritan) Arantza (moja, Arrasateko
Igokunde komentuan) eta Maria Dolores (aitari bere lanean lagundu ziona)
Aramaion lan itzela egin behar izan zuen Gartziarenak. Mutiloan baino
biztanle gehiago edukitzeaz gain Aramaioko auzoak oso barreiatuta daude eta
horrek, garai hartan, medikua egunaren tarte luzez etxetik kanpo egotera
behartzen zuen. Oleta ezik, gainerako auzoak bisitatu behar zituen eta egunero
goizeko 6etan ateratzen zen etxetik bere betebeharren premian zeudenenganaino
heltzeko. Oinez egiten zuen bidea, oraindik ere argi ikusten dugun ohiko bere
janzkera harekin: polainak, media kainako botak, kapela euri-oihalekin eta
eskuan farola. Duela mende oso bateko itxura harekin oroitzen dugu Zeferino
Gartziarena, Aramaioko edozein baserritarantz abiatzeko beti prest.
 |
| Gartziarena, ohiko janzkeran |
Baserriz baserriko bere ibili behar hark ekarri zion Aramaioko etxe guztien
gora beherak inork baino hobeto ezagutzea. Karitateko Udal Batzordearen kidea
zenez gero, talde horren bileretara eraman behar zituen, askotan, mediku gisa
burututako bisita haietan jasotako berriak. Horrela, 1928ko irailaren 6koan:
“Se dio cuenta de un oficio del
Médico Titular en el que manifiesta que en la visita efectuada según costumbre
a D. XXX, enfermo en Barajuen, lo ha encontrado en la más completa miseria por
lo que solicitaba la reunión de esta Junta para resolver lo que proceda. La
Junta por unanimidad acordó facilitar del Santo Hospital cuatro sábanas y un
jergón, satisfacer 0´25 pesetas a D. YYY por el cuidado y limpieza del enfermo
diario; facilitar también las fundas de almohada y obligar al hijo venda una
vaca, depositando su importe en la Depositaría Municipal o secretaría, para que
diariamente reciba lo que necesita su padre, ya que el ganado es del enfermo”
Baina, jakina, baserrietatik egunero eman beharreko biraz gain, etxeko
kontsultan ere errezibitzen zituen gaixoak. Hori eguerdiko 12etatik aurrera
egiten zuen, auzoetako bira bukatu ondoren. Bazkalostean, uzten bazioten, lo
kuluxka egiten zuen eta arratsaldeko 7etan berriro irekitzen zuen kontsulta,
batez ere goizetik Arrasaten lanean ari zirenentzat. Horixe izan zen
Gartziarenaren lan erregimena, berrogeita zortzi urtez. Eta hain tarte luze eta
zabalean mediku hark denetariko gaixotasunei egin behar izan zien aurre,
tifusa, difteria eta tuberkulosia barne.
 |
| Maria Dolores alaba |
Maria Dolores alabak oroitzen duenez, bere aitak oso gutxitan erabili
zituen Aramaioko botikako preparatuak, nahiz eta iritzirik onena zuen Mario
Boneta botikariaren profesionaltasunari buruz. Gartziarenaren ustez, Boneta zen
berak ezagututako botikaririk iaioena. Farmazia industriako sendagailuak
bakarrik errezetatzen zituen, beraz, Gartziarenak eta esan daiteke berarekin
eman zitzaiola etena herrian botikaren ohiko usadioari eta XX. mendeko bigarren
hamarkadan aramaioarrak produktu farmazeutikoak erabiltzen hasi ziren, herriko
medikuak aginduta.
 |
| Etxeko lan gelako apaingailua |
Zeferino Gartziarena oso gizon metodikoa izan zen, aramaioarren afektua
irabazi zuena. Bitxikeria irudi daiteke, bera Aramaiora euskaldun izateagatik
iritsi zen arren batzuetan alaba Maria Doloresen itzulpen zerbitzua behar
izatea, medikuaren euskalki nafarrak eta aramaioarrenak talka egiten baitzuten
askotan eta zenbait herritarrekin alabaren bitartekotza ezinbestekoa zitzaion
korapiloa askatzeko. Metodikoa eta aszeta samarra izan zen bere ohituretan.
Kafea eta noizean behin zigarrotxoren bat izan ohi zuen biziorik markatuena.
Eta ahal zuenean, “Polico”reneko tertuliak atsegin zituen, Patxike Ibaberen
esku trebeak askari-afaria prestatzen zuen bitartean.
 |
| Mendarozketa-Gartziarena |
Santa Agedara jaisten zen aldian behin Ricardo Añibarro eta Julio Olaran
bertako medikuekin hitz aspertuak edukitzera. Olaranen ikaskidea izan zen
Zeferino, Madrilen. Pablo Mendarozketa Garagartzako pintorea ere laguna zeukan. Horretatik aparte, Gartziarena gutxitan ateratzen zen
Aramaiotik, mediku titularra izan zen bitartean lanak bete baitzituen bere
tarterik luzeenak. Hori bai, etxe-giroan gustura egoten zen, irakurtzen eta
musika klasikoa entzuten. Emazteak pianola jotzen zuen eta etxera lagunak hurbiltzen
ziren kontzertu apaltxo haiek entzutera. Oso adiskide handia zeukaten Katalina
Urzelay, bere elkarrizketarako dohain bereziarekin senar-emaztearen sinpatia
bereganatu zuena.
 |
| Indalezio Ojangurenekin |
Gartziarena Ibabeko Kofradiaren kidea izan zen. Behin bitartekari lanak burutzea
eskatu zitzaion, Ibabeko zelaitxoan dantza lotua egitea debekatua zegoeneko
auzi famatuan. Medikua oso elizkoia zen eta Maskariano, Ibabe eta
Eguzkierripako gainerako baserrietara joaten zen guztietan derrigorrezko bisita
zuen Andra Mari baselizara, bere debozioko Birjinari otoitz bat egiteko.
Frankistak 1937an Aramaiora sartu zirenean salatua izan zen Gartziarena,
abertzale izateagatik omen, eta hiru urtez egon zen espedientatua. Ondorio
larriagorik gabe alde horretatik, bere ohiko lanarekin segitu ahal izan zuen,
baserrietara iritsi ahal izateko – ohiko jantziez gain- besoko argigarri bat
eraman behar izan zuela, 44 zenbakiarekin.
 |
| Behin erretiroa hartuta |
Zeferino Gartziarenak erretiroa hartu zuen 1961eko abuztuaren 26an, 71
urterekin. Mediku bezala bizitza osoa Aramaion eman zuela esan daiteke, bertan
42 urtez aritu baitzen. Lehenik udal mediku bezala eta 1944tik administrazio
zentraleko funtzionario publiko moduan, tokiko osasunaren zerbitzura. Formula
batean edo bestean Gartziarenaren dedikazioa erabatekoa izan zela adierazten
dute mediku hura hurbildik ezagutu zuten guztiek.
Aramaioko “mediku zaharra” – horrela deitzen diote oraindik ere herritar
askok- 1963ko abenduaren 11an hil zen Aramaion bertan. Handik lau hilabete
eskasera emaztea zendu zen. Eta Gartziarena alabek Aramaiotik alde egin zuten
betiko. Egun ez da sendi haren arrasto fisikorik Aramaion. Bakar-bakarrik
oroitzapenek irauten dute bizirik, horiek ere gero eta ahulagoak.
Argazkiak: Gartziarena alabak