ekaina 23, 2015

SAN JUAN JAIAK, 1965



Danborradako talde bat

Herriko jai nagusiak iritsi dira eta aurten ere Arrasaten geratzen diren herritarrek euren hitzordua edukiko dute espektakuluren batekin.  Berriz diot jaiak aldatu egin direla urteen poderioz, gizartea bera bestelakotzen joan den moduan. Funtsean ez dira berdinak, zenbait arlotan antzerakoak ditugula irudi litekeen arren. Baina, tira, bizitza-ziklo guztiak diferenteak dira eta hor ez dago bueltarik.

Duela berrogeita hamar urteko sanjuanak garai hartako giroan ospatu ziren. Nolako giro halako asti-emate. Eta halako gizarte inplikazioa ere bai, jakina. Udalak “bedeinkatutako” egitarauak ez zuen aurreko edizioekin alderatuz berrikuntza handirik. Ale ditzagun mugarri batzuk.

Danborradako bosgarren edizioa izan zen, ekainaren 23ko gauean. Garai hartan espektakulua Udalpe elkartearen ardura zen eta horrela esaten zitzaion, gainera: Udalpe elkartearen danborrada.

Danborradako erregina
Kasinoko kantinera
Danborradaren karrozan herriko neskak ageri ziren, gaueko 10´30etan, aurreko lau edizioetan bezala. 1965eko Udalpeko erreginaren titulua Clarita Elkorobarrutiari egokitu zitzaion, eta damak Izaskun Arriola, Mari Tere Agirre, Maria Jesus Vazquez, Salvadora eta Maria Gil ahizpak, Dorita Diaz, Mertxe Altuna, Leonor Mondragón eta Rosario Iribecampos izan ziren. Rosa Mari Aranzabal eta Adela Lazkano, berriz, kantinerak izan genituen, aurrena San Isidro elkartea ordezkatuz eta bigarrena Kasinoa.

Gazte talde bat herriko plazan
Baina jai nagusiko bezperako arratsaldean ez ziren ohiko “Colorín y sus muñecos” txotxongilo, Salvea, iluntzeko sutzarra eta bestelako elementu folklorikoak falta izan. Danborradaren ostean, berriz, dantzaldia programatu zen Zaldibar frontoian, egunsentiko ordubi t´erdiak arte, herriko musika taldeek alaituta.

Sokamururra
Eta hurrengo egunetan – 24ko erpin nagusiarekin- herriko txistulari eta Lizarrako dultzaineroen kalejira, Garellanoko musika banda militarraren kontzertua, eta Domenico Bartolucciren “Missa Jubilaei” hiru ahotsetara parrokiako abesbatzak kantatutako meza nagusia izan ziren, goizean. Arratsaldean, berriz, pilota partiduak afizionatuentzat Zaldibar frontoian eta suziriak eduki zituzten arrasatearrek hitzordurik nabarmenenak. 

Txirrindularitza Garibay etorbidean
Bigarren egunean, ostirala 25, txirrindularitza eta borroka librea izan ziren erakarpen gehieneko espektakuluak, ohiko dantzaldiekin batera. Eta amaitzeko, hirugarren eguneko eskaintza zabala goizean kontzentratu zen, sokamuturraren inguruan. Arratsaldean, Gilito eta Ponpoxoak fanfarrea izan zen plater nagusia.

Urte hartan bigarren Euskal Jaia (Fiesta Vasca, egitarau ofizialean) ospatu zen, egundoko arrakastarekin. Eskuko programan irakur zitekeen, antolatzaileen idazkia:

“La Comisión de la Fiesta Vasca insiste y recalca que la Fiesta Vasca es para todos. No es solamente para unos cuantos. Desterremos de nosotros ciertos prejuicios que no conducen a nada. La Fiesta Vasca no es solamente para los vascos, sino para todos los que teniendo buena voluntad y sano criterio, quieran asociarse a este acontecimiento”

Euskal jaia
Mondragoneses y todos los que ese día estéis con nosotros, tendremos la dicha de contemplar un inmenso y maravilloso panorama. Contemplaremos en nuestras “neskas” – bellas, gentiles, radiantes- la dorada juventud, la esperanza del futuro. No quisiéramos dejar de indicar que todas estas manifestaciones, tanto culturales como folklóricas, deben tener su resonancia. Debe servirnos para avivar en nosotros la unión, la amistad y el trabajar en favor de la cutura y el folklore. Queremos un espléndido resurgimiento de la cultura vasca. Para ello es necesario un esfuerzo fecundo, tenaz y laborioso. Es indudable que en lo referente a la cultura y al folklore vasco existe una gran ignorancia. Quizá no se conozca lo más elemental y rudimentario”
Nolakoa izango da mende erdi barru aurtengo jaiei buruz idatziko den kronika?

SAN JUAN JAIEI BURUZ GEHIAGO



 
Argazkiak: JMVM

http://www.fentmuntanyaiformacio.es














ekaina 17, 2015

INDUSTRIA EZTANDA, KULTURATEN



Alberto Loiti

Lan luze, sakon eta zabal baten ondorio hutsa da erakusketa. Txalo beroa bihoakio Alberto Loitiri, Arrasateko Kulturaten - Arrasate Zientzia Elkartearen laguntzarekin- inauguratu berri duen erakusketarengatik, baina batez ere urtetan burututako azterketa eta bilaketa bikainarengatik. Albertoren aspaldiko laguna naiz eta ezagutzen dudalako esan dezaket arras errotua duela gazte-gaztetatik herriko industriaren bilakaerari buruzko zaletasuna.
Industriaren eztanda isila titula genezake ikusgai daukagun erakusketa. Industria baita oinarria, arrasatear gizartearen mendetako bilakaera aberatsean sortutako industriaren ispilu gardena, alegia. Industriak, gure herrian, burdin eta altzairuan du (izan du) ardatz nagusia eta Alberto Loitik eskema horri heldu dio bere bilduma prestatzean.

Loitik sustraietaraino jo du bere bilakuntzan eta zuku paregabea atera dio ahaleginari. Zeru eta lurrak astindu ditu, darakuskigun industria-aleak aurkitzeko. Horrek guztiak bilduma adierazgarria osotzen ahalbidetu dio. Erakusketa apaintzen duten katalogo, plano eta gainerako materiala Albertoren lanari esker erdietsi da. Iragan mendeko berrogeietako herria islatuta dago erakusketa honetan, sozial, industrial eta kulturalki. AZEk, berriz, estalpe eta babesa eskaini dio Albertori, kalistroetako eskaintza ederra borobiltzeko.  Eskerrak ere elkarteari, lan ikaragarri polita burutzen ari baita. Badirudi azken urteotan gure herrian "zerbait" mugitzen ari dela.

Duela gutxi Arrasaten Bixente Barandiaranen burdinolari buruzko txokoa ireki zen. Ekimen zoragarria izan da. Orain, berriz, erronka berri bat ageri zaio Udalari, ezin baita Kulturaten daukagun materiala besterik gabe bazterren batean zokoratu. Erakusketa horretan arrasatear gogoaren zatitxo bat dugu, desagertzen utzi ezin den gogo aberatsa, hain zuzen. A! Eta materiala liburu gisa jasotzea litzateke logikoena. Udal korporazio berriak badu hausnarketarako gaia!

 
Zorionak Alberto, eta goza dezagun denok zure (arrasatearron) erakusketarekin.







http://www.fentmuntanyaiformacio.es