otsaila 22, 2023

ZIGARROLAKO AXERI BASERRIA, ZAHARRENA?



 
Axeri (Axerikoa) baserri izandakoa
Zigarrolako lagun batek lehengoan galdetu zidan zein ote den auzoko erreferentzia idatzirik zaharrena. Aitortu nion hori zehaztea oso zaila dela, ezina ez esatearren, eta atzera begira jauzi handiak egin daitezkeela toki-izen eta pertsonen deituren aldetik. Baina ziur nago artxiboetako arasetan oraindik atera gabeko izenak gordetzen direla. Auskalo, beraz, zein den auzo hartako izenik adintsuena. Gerta daiteke ere, normala den bezala, idazki zaharretan grafia bihurrian jasota egotea, eta horrek konplikazio gehiago ekartzen dizkio ikertzailearen lanari.

Gaurkoan, dena den, adibide bat jarri nahi dut. Testu zahar batetik aterata, eta gainera ahozko jatorria duena, nolakotasun horrek eskaintzen duen erlatibotasun osoarekin, izan ere ahoz ahoko transmisioak aldaera sor dezake izena idazteko orduan. Baina izan daitekeen guztia alde batera utzita, uste dut adibideak – Arrasateko historia ezezagunean txertatua urrezkoa bailitzan- 1448ko Arrasateko gertaera ilunetara hurbiltzeaz gain, Zigarrolako lagun horrek galdetutakoari buruzko argitxo piska bat dakarrela. Goazen gunera.

Mondragon sortu zeneko zazpigarren mendeurrena ospatzeko, 1960ko maiatzaren 22an Udaletxean Manuel Lekuonak hitzaldi bat eskaini zuen (1) Diodan berezko titulua “Mondragoe sutan. 1448” izan zela.

Lekuona adituak bertsio bitxi bat eman zuen hitzaldian, Zigarrolako baserriei dagokienez XV. mendera arte eramaten gaituena. Eta lerro txiki batzuetan oiartzuarraren tesia aldatu nahi dut hona, hitzaldi hartatik hartuta. On Manuelek dio, 1448ko Arrasateko erreketaren ondorioz entzutetsu egin ziren bertsoetako bat azalduz:

Oin-orrazian luma

Ozaetako Jaun gazteak

laster baten igaro zan

uraz alde bestean.

 

Uraz ara igaro zan

Oñeztar seme lasterra;

Ara-bere lasterrago

Abendañuye “motela”

 

Eskerrik asko ematen deutsat

Andra Santa Mañari

Bera Axeitzan sartu-ta

Etsera bidaldu nau ni.

Abendanuye jarraitzailea itsumustuan oker-bidera eramanez… eta mutilla bere etxera,
Bergarara. Non izan zan, ordea, Abendañuyeren oker-bideratze ori? Santa Maña eliz izandakoaren aurrez-aurre antxen dago, ain eroso, Bergara-bidean, gaur oraindik Aixerixa edo Aixerija deritzan baserri bat. Uraxe ote-dan koplak axeitzat diona, guk pentsatzen. Koplak berak “sartuta” bait-dio… etxeren batean, alegia.”

Lekuonak Axeitza hitzean Axeri irakurtzen du, hots, Zigarrolako bihurgunean oraindik ere zutirik dagoen eraikina. Eta hori azpimarratzeko guran nonbait, “uraz alde bestean” kantatu zuen bertsolari ezezagunak XV. mendean. Hau da,  Bergararantz ihesean zihoan Ozaetako Jaun gazteak – oñaztarra- zubia igaro ondoren bere bideari segitu ziola, atzetik zetorkion Abendañoko “motela” ganboarra zubia pasatu ondoren Axeri baserrira sartzen zen bitartean, iheslaria atzemateko asmoz.  Bergarakoa - “Etsera bidaldu nau ni” - libre geratu zen.

Eta Lekuona euskaltzale handiak - Zigarrola, Axeri eta San Isidro eliza Jose Luis Iñarra erretorearen eskutik ezagutzen zituena bertatik bertara- bere tesian Axeri baserriaren lehen agerpen publikoa markatzen du. Lekuonaren bertsioari askoz logika gehiago ikusten diot, Luis Mitxelena goi hizkuntzalariak bere "Textos arcaícos vascos"enean eskainitakoari baino. 

(1) Udal publizitate-orrian hitzaldiaren titulua agertzen da “El incendio de 1448” nahiz eta kako artean “Conferencia en vascuence” dioen. Berbaldiaren atal desberdinen deskribapena ere badakar… baina hizlariaren izena ahaztu zitzaien. Gertatzen dena da.

Argazkiak: Zuriñe, JMVM

otsaila 15, 2023

ARRASATEN 1936ko GERRAN JAZOTAKOAK, PELI UGALDEREN BEGIETATIK


Peli Ugalde Oxinaga, 1935ean

Beste behin ere aipatu dut “La guerra civil en Euzkadi” (Jose Maria Gamboa eta Jean Claude Larronde. 2006) liburua. Bertan badira 136 lekukotasun, Jose Miguel Barandiaranek Gasteizko apaiztegian edukitako ikasle eta apaizkideengandik 1936ko gerra ondoren jasoak. Itzelezko gertaera haren inguruko aipamenak eta bertatik bertara ikusitakoak noizik behin gogoratzeak, aurrera begira jarrita,ostera gerta ez daitezen balio du; eta, jakina, gizarte zibil eta baketsuaren kontra gaizkile faxista haiek burututakoak salatzeko. 

Gaur Arrasateri dagokion testigantza ekarri nahi dut hona. Peli Ugalde - Aretxabaletan 1893an jaio arren gerra orduko Arrasaten hogeita hamaika urte bizitzen zeramazkiena- ahalbidetu zizkion On Jose Migueli. Hona hemen Pelik – gerra aurretik zenbait euskal agerkaritan korrespontsal gisa aritu zena- Barandiarani informatutakoa. Daturik gehienak, jakina, ezagunak dira beste iturri batzuetatik, baina Pelirena izango da lekukotasun idatzi zaharrena, 1937an egina. Dakusagun: 

“Frankotarrak Arrasaten sartu ziran ezkeroz, eurak il zituzten arrasatear lagunen izenak ara emen: Arin´dar Jose Joakin, jaupalburua; Guridi´tar Leonard, jauparixa; Markiegi´tar Joseba, jauparixa; Gastañares ´tar Benantzi, ezkondua, abertzalia; Bengoa´tar Jon, ezkondua, bost ume ditu- abertzalia; Urionabarrenetxea´tar Andoni, ezkondua, lau ume ditu, abertzalia; Mondragon´dar Norberta, ezkondua, abertzalia; Madina´tar Bizente, ezkondua, abertzalia; Iturbe´tar Isidro, ezkondua, abertzalia; Aranburu´tar Agustin, ezkondua, abertzalia; Olazagoitia´tar Flora, emakume ezkondua, gorria. Aur-eiteko zegoen il zutenean; Lupierro-Elortza´tar Benantzio, ezkondua, gorrietakoa; Union Cerrajerako serenua, otxandiotarra semez, ezkondua; Zeziaga´tar Joseba, ezkongaia, abertzalia; San Pedro´tar Gregori, ezkongaia, abertzalia; Ugalde´tar Marcelino; Aranbarri, Lorenzo, ezkondua, abertzalia; Kulebra (Berezibar Roman) andria, gorritakua; Galarrako andra zarra; Bengoa´tar Joan (sei umeen gurasoa) abertzalia; Elorrixa baserriko gizona; Mirabuni´tar Francisco, abertzalia”
Guztietara berrogeita bost mondrago´tar il zituzten frankotarrak Mondrago´n sartu ta bereala” 

Peli Ugaldek erbestean zegoela ere beste idazki bat bidali zion Barandiarani, La Roseraietik, 1938ko apirilaren 20an. Bere sinadurarekin bidali ere, fede-lekukotasuna emanez. Honela zioen Ugaldek: 

“Olazagoitia´tar Flora, frankotarrak Arrasaten sartzera zijoatzenean, bere umeakin Udalara igo zan. Andik egun batzuetara, umeak Udalan utzita, Arrasatera jetxi zan bere etxe eta dendeari jarraitze arren. Gero berriro, jateko zerbait artuta, Udala zijoan egun batez bere umeak ikustera. Bidean artu zuten eta gero Donostiko espetxera bialdu zuten. Nunbait espiatzat artu zuten. Bere senarrak ezin zuan sinistu: “Nola liteke sein-eiteko dagon emakumea iltzea? esaten zuan.
Unión Cerrajerako serenuari guardia zibilek argiak ametatzeko agindu zioten. Berak Udaletxera galdetu zuan ea zer egingo zezakean guardia zibilek argiak ametatzeko agintzen ziotela-ta. Ori galde ori egin zualako, guardia zibilek espetxeratu zuten, gero Donostiara eraman zuten eta an illa izan zan” 


Eta azkenik Peli Ugaldek datu interesgarriak eskaintzen dizkigu, gerrako une latz haietan Arrasaten jasandakoaren jatorria ulertzera laguntzen dutenak. Jose Joakin Arin pertsonaia interesgarria izan zen testuinguru hartan, gerra aurreko urteetan gizarte zatituan erretore bezala sosegu apur bat jartzera bidali baitzuen elizbarrutiak Arrasatera. Sarraskiaren ondoren eta gerra osteko miseria izpirituala nolabait konpontzen hasteko elizbarrutiak beste erretore bat igorri zuen Arrasatera: Jose Luis Iñarra. Arin eta Iñarra ditugu, zalantzarik gabe, Arrasateko eliza modernoan izandako bi erretore nagusiak. Biak 35na urte inguru aritu ziren herrian eta biek oroitzapen itzalezina utzi zuten eliztarrongan. 

“Jesús (Mendia) monárquico, de Renovación Española. Su apellido verdadero es Gorosábel. Mendia es el nombre de la casa. Fue nombrado alcalde de Mondragón  a los pocos días de haber entrado en este pueblo los franquistas. Era gerente de una fábrica papelera. En Mondragón solía parar poco tiempo. En el tiempo de su mandato fueron fusilados cuarenta y tantos individuos en Mondragón, y de ello se culpó a él. 

D. José Arin, estaba de cura en Aretxabaleta hace unos treinta años. Fue por entonces cuando se fundaron las Escuelas Viteri en Mondragón. Cuando formó el Patronato que había de regir estas escuelas Viteri en Guipúzcoa, Machimbarrena fue quien propuso que en tal patronato no debiera haber ningún cura.

Esta noticia llegó a oidos del entonces cura de Mondragón Sr. Zatarain (D. Tiburcio), carlista, y empezó éste a poner la proa a las escuelas Viteri de Mondragón, diciendo que eran laicas, hasta el punto que hasta depuso del oficio de monaguillos a los niños que iban a ellas. Alrededor de este asunto, se formaron en el pueblo dos bandos que mutuamente se hacían guerra, Hay que advertir que en tales escuelas se enseñaba el catecismo, la cruz presidía las clases etc. Los contrarios de las escuelas eran los carlistas; los demás eran favorables, desde luego más numerosos que aquéllos. Así, quedaron divididos los católicos en carlistas y no carlistas (estos últimos junto a elementos de izquierda en el asunto de las escuelas) 
 
Joxe Joakin Arin erretorea
El maestro de dichas escuelas ya no iba a la iglesia parroquial, sino que iba a otras iglesias, aún para cumplir con Pascua. Por entonces salía en Mondragón un semanario local, La Verdad, del partido favorable a las escuelas Viteri. Cuando se retiró el Sr. Zataráin, fue de cura a Mondragón D. José Joaquín Arin y Oyarzabal. Éste empezó a ir a hacer visita semanal (los sábados) a las escuelas Viteri, según tenía él costumbre de hacerla en las escuelas de Aretxabaleta. El maestro Sr. Arano se dio por muy satisfecho y ya fue borrándose todo resto de resquemor que la conducta del cura anteriior había provocado entre las escuelas y el clero parroquial. Entonces el maestro empezó a acudir a la iglesia parroquial, adonde llevaba, además, desde entonces a sus niños todos los domingos. Los carlistas cobraron por esto odio al Sr. Párroco, que les quitó uno de los motivos de su lucha con los restantes del pueblo.

El Sr. Arin ha sido uno de los sacerdotes que más han trabajado en Mondragón en sus ministerios sacerdotales; lo mismo también en lo que atañe a las atenciones de los pobres del pueblo. También ganaba mucho dinero, pero él poseía poco. De cinco a seis lustros estuvo en Mondragón. Reformó la fábrica de la iglesia parroquial y de la iglesia de San Francisco; construyó la Casa Cural con su salón parroquial y escuelas; el Vïa Crucis en el camino de San Jospe”

Jose Joakin Arin Billabonan jaio zen 1875ean eta 1900an apaiztu zen. 1936ko urriaren 21ean sartu zuten Ondarretako presondegira eta 24-25 bitarteko gauean fusilatu zuten Oiartzungo hilherrian. Peli Ugalde Oxinaga, berriz, 1964an hil zen, euskalgintzan bere arrastoa utzi ondoren.
 
Argazkiak: JMVM

otsaila 08, 2023

LUIS HERIZ: LEHEN MAILAKO FUTBOLARI ARRASATEARRA

 

Luis Heriz Telleria
Real Sociedaden elastikoarekin

Arrasateko futbol historian ditugun jokalari nabarmenen artean toki bat derrigorrez utzi behar zaio Luis Heriz Telleriari. Iragan  mendeko berrogeitamarretan estatuko futbol zelairik garrantzitsuenetan erakutsi ahal izan zuen bere kalitatea, lehen mailako taldeeekin. Hurrengo lerroetan Herizen biografia labur bat dugu.

Estrella taldearen elastikoarekin,
1942 inguruan, Maalan.

Arrasaten jaio zen 1928ko abuztuaren 8an,  eta gazte-gaztetatik futbolak eta txirrindularitzak tiratu zuten, azkenik ostikoaren kirolari indar osoz heldu bazion ere. Herriko “Estrella” izan zen bere lehen ekipoa, Mondragon C.Fera pasatu aurretik.

Zutik, ezkerretik: Azkargorta "Monty",  Arizaga “Txanbolin”, Arana "Cano", Azpiazu, Ramon Heriz, Sologaistoa, Fertxu Aranburu, Aranburu, Madinabeitia (entrenatzailea) Makurtuta ezkerretik: XX, Mendizabal, Luis Heriz, Roa (laguntzailea) Errasti. 1943-44 denboraldikoa izan daiteke Mondraren goiko argazkia, Maala futbol zelaian aterata.

Karrera meteorikoa egin zuen Herizek, izan ere bere doaiak ez ziren ezkutuan geratu.  Logroñoko Maestranza Aérea ekipoak fitxatu zuen 1945-46an denboraldirako, hirugarren mailan aritzeko. Ekipo hartan beste bi mundrautarrekin egin zuen bat: Imanol Zeziaga “Divino I” eta Angel Arregirekin.

Logroñoko Maestranza Aérea taldean. Hiru arrasatear

Maestranza Aérea ekipoan. Makurtutakoen artean, eskuinekoa Luis Heriz da eta bere ondoan Angel Arregi. Zutik, eskuinean ere, Imanol Zeziaga “Divino I” Ekipo hartatik hiruek jauzi kualitatibo nabarmena egin zuten. Arregiri eta Divinori eskainitako kapituluetan daude jasota euren ibilbideak, eta diodan Luis Herizen kasuan, Logroñoko aldi hartan urtebete bakarra egin zuela, Real Sociedadek eraman baitzuen Donostiarantz, 1946-47 denboraldirako. Donostiarrak bigarren mailan ari ziren.

Donostiako lehen urte hartan beste bi arrasatearrekin aritu zen: aipatutako Arregi – Maestranzatik ere Gipuzkoako hiriburura aldatu zena- eta ordurako donostiarren izar nagusia zen Patri Egidazu “Patri”. Hamazortzi urte zituen Heriz arrasatearrarentzat oso urte ona izan zen, titular bezala bederatzi partidu bakarrik jokatu bazituen ere. 

Debuta 1947ko azaroaren 17an egin zuen Atotxan. Bezperako prentsak zioen: ”Recuerden los aficionados la modestia del debutante y no se olvide que el hecho de su presentación en Atocha no es la seguridad de que el muchacho esté preparado para encuentros de responsabolidad, sino que las circunstancias mandan que se pida su colaboración en el primer equipo” Arerioa Zaragoza zen eta donostiarrek 2-0 irabazi zuten. Partiduaren kronikan irakurtzen da, Herizi kapitulu bat eskainiz: “También se produjo en forma espectacular el tercer gol realista, iniciado en una jugada, la más acabada, de Hériz, autor básico del tanto que cerró el marcador. Una internada recogiendo el esférico casi en la banda; un centro templado sobre la portería, salvando en la trayectoria la defensa contraria y una entrega en bandeja a Vázquez que la aprovechó con éxito desviando el balón con un cabezazo cruzadísimo que acabó en las mallas. En esta jugada descubrió Hériz una de las muchas cosas buenas que dejó entrever a lo largo del partido

Esan dudan bezala, erreserba gisa aritu zen gehien bat Heriz, baina norgehiagoketarik garrantzitsuenean ipini zuen konfiantza Benito Diaz donostiarren entrenatzaileak eta denboraldiko azken partiduan, Murciaren kontra Madrileko Metropolitano futbol zelaian urrezko mailara igotzeko finalean, bi arrasatearrek lortu zuten helburu preziatua, modu bereziz nabarmenduta gainera.

Metropolitanon, 1947-06-8. Bi arrasatear, Patri eta Heriz

Ondoko argazkian ikus daiteke Real Sociedaden alineazioa Metropolitanon 1947ko ekainaren 8an. Patri zutik bigarrena ezkerretik. Eta makurtuta, Heriz, bigarrena eskuinetik.  1947ko ekainaren 8a zen, eta Errealak honako ekipoa aurkeztu zuen: Galarraga; Etxaniz, Markuleta; Ontoria, Patri, Urra; Perez, Campos, Vazquez, Heriz eta Castivia. 2-0 irabazi zuten txuriurdinek, eta bigarren golari buruz hauxe zioen prentsak: “30 minutos del segundo tiempo; avanza toda la delantera, centra Castivia sobre Hériz, quien deja inteligentemente pasar la pelota a Campos quien remata el tanto”

Igoera zela eta, prentsak zioen kanpaina osoko benetako zutabea Patri arrasatearra izan zela. Baina ez ziren falta izan, Heriz gaztearentzako laudorioak Metropolitanoko jokoari zegokionez: ”… remates peligrosos del joven Heriz, al que dejaron suelto por su cuidado desmarcaje

Bitxikeria gisa, diodan Donostiako jokalariei eskerroneko keinu bat egitearren, herri mailan diru bilketa bat egin zela. Gaur egungo ostikalarien antzera!

Real Sociedad-Athletic Bilbao, 1947-06-15, Atotxan

Igoeraren ondoren, Errealak Bilboko Ahtleticen omenaldia jaso zuen eta ekainaren 15ean lagun arteko norgehiagoketa izan zen Atotxan, Ondoko argazkian bi taldeak agertzen dira eta goiko lerroan, bosgarrena Heriz da eta zazpigarrena Patri (gorriz markatuta). Donostiarrek Metropolitanoko ekipo berdina atera zuten eta bilbotarrak hauexek izan ziren: Lezama; Fernandez, Gainza I; Zelaia, Bertol, Nando; Iriondo, Panizo, Zarra, Iraragorri eta Gainza II. Hura zen ekipoa!  1-3 irabazi zuten Athleticekoek. Bi arrasatearrak estatuko futbolaririk ospetsuen artean genituen.

Donostiako herriak ere harrera ekitaldi handia egin zien txapeldunei eta argazkiak darakutsan moduan bertan ibili ziren Heriz eta Patri, azkena, gainera, txuriurdinen kapitain gisa, txapeldunen garaikurrarekin..

Patri, garaikurrarekin; bnere ezkerrean Heriz

Lehen mailako futbola itzuli  zen Atotxara 1947-48 denboraldian, eta aurreneko partidua 1947ko irailaren 21ean izan zen, Valenciaren kontra.  Heriz titular bezala atera zen baina gauzak ez zitzaizkion ondo joan eta donostiarrek 0-2 galdu zuten. Haren ondorioz, beste hiru partidutan bakarrik agertu zen arrasatearra hamaikako titularrean. 

 Oso txapelketa txarra egin zuen Errealak eta bigarren mailara jaitsi zen; Heriz desagertua zegoen hamaikakotik eta Patri, prentsaren arabera, “inconmensurable” amaitu zuen denboraldia. Urte hartan Luis Herizi soldadutza egitea iritsi zitzaion eta futbolari utzi behar izan zion. 1950-51 kanpainan, Erreala berriro lehen mailan, Donostiako taldera itzuli zen baina partidu bakarra egin zuen. Huraxe izan zen txuriurdinekin jokatu zuen azkena.

1951-52 denboraldirako, bigarren mailan ari zen Logroñesek fitxatu zuen arrasatearra. Eta errioxarrekin debutatu zuen… eta hogeita bederatzi partidu jokatu zituen, txapelketako guztiak bat ezik. Logroñesek sekulako denboraldia egin zuen, baina ez zuen helburua lortu ahal izan zuen: lehen mailako atarian geratu zen.


Goiko argazkian, 1951-52 denboraldiko Logroñesen taldea; Heriz makurtuta, bigarrena ezkerretik. Egundoko jokoa egin zuen arrasatearrak urte hartan, hamaika golen egilea izan zen eta lehen mailan ari zen Valladolidek sarea bota zion. Eta Zorrilla futbol zelaira aldatu zen Heriz, zerumuga berrien bila.

Bi denboraldi egin zituen Pisuergako hirian, estatuko futbol mailarik gorenean. Lehenean, 1952-53, hogeita hamar partidu ofizialetatik hamabostetan azaldu zen titular moduan arrasatearra. Ziurrenik, nahiz eta galdu, gogoan izango zuen Herizek beti, 1953ko apirilaren 26an Zorrillan lehiatutako norgehiagoketa, Barcelona handiaren kontra. Azken emaitza 0-1 izan bazen ere, kronikek nabarmendu zuten Valladolideko mutilen joko bikaina.

Arratsalde hartan Herizen ekipoa honakoa izan zen: Goikolea; Matito, Lesmes; Losco, Ortega, Lasala; Canovas, Coque, Tini, Ricardito eta Heriz.

Barçaren aldetik, berriz: Ramallets; Hanke, Biosca; Seguer, Flotats, Bosch; Basora, Cesar, Kubala, Moreno eta Manchon.

Zazpi egun geroago Barçak Liga irabazten zuen, denboraldi borobilaren ondorioz. Valladolid hamargarrena izan zen sailkapenean. Luis Herizek irudi ona irradiatu zuen Valladoliden emandako bi urteetan. Oraindik ere, Jose Mari Arzamendi mediku arrasatearrak gogoratzen du, partidu egunetan berak eta Alfontso anaiak – biak ikasle hango Unibertsitatean- bisita egiten ziotela Herizi, sarreren bila. Jose Marik dioenez, Heriz oso jokalari trebea zen, eta dena ematen zuen zelaian.

1953-54 denboraldian, ordezkoen zerrendan egon zen Heriz, sei partidu bakarrik jokatu ahal izan zituelarik. Horietako bat 1953ko urriaren 18an Jaenen, ondoko argazkia,  lehen mailara igotako hiriko ekipoaren kontra. Andaluziarren izarra Angel Arregi zen, Herizen taldekide ohi arrasatearra, baina hura lesionatua zegoen eta ez zen aritu ahal izan. Herizek – beheko argazkian zutik hirugarrena eskuinetik- atzeko lanetan ihardun zuen Jaenen.

Valladolid, Jaenen, 1953-10-18

Izan zen beste partidu bat, 1954ko urtarrilaren 18an Zorrilan Sevillaren kontra jokatutakoa, Herizek garaipenaran gola sartu zuela. Hura izan zen azken denboraldia zurimoreekin, izan ere Avilesetik erakutsi zuten interesa arrasatearrarengatik eta Valladolideko klubak asturiarrekin fitxatzea utzi zion.

Avileseko entrenamendu batean

Futbolaren zilarrezko mailan ari zen Aviles taldea 1954-55 denboraldian, eta titular moduan eraman zuten Heriz. Hemeretzi partidu jokatu zituen eta denboraldiaren amaieran mailaz jaitsi zen kluba. Azken partiduan, Leongo Culturalaren kontra, 3-2 galdu zuten asturiarrek. Ez zuen balio izan Herizen golak mailari eusteko, azken aurrekoak sailkatu baitziren. Aitzitik, garaipen harekin Leongo Culturala urrezko mailara igo zen.

Aviles izan zen Luis Heriz arrasatearraren azken geltokia futboleko bere ibilbide profesionalean. Hamazazpi urterekin atera zen jaioterritik eta hogetazazpirekin itzuli zen, futbol eskarmentu aberatsaz motxila beteta.

FUTBOLA ARRASATEN. ISTORIOAK

otsaila 01, 2023

SANTA TERESA DE JESUS ETA ARRASATE


Teresa de Jesus Avilako mistikoarekin ematen den zirkunstantzia bitxia ekarri nahi dut txoko honetara gaur. Ezaguna den moduan, eliza katolikoak santutzat hartutako Avilako Teresarengan meritu handiak antzematen dira, batez ere gizakia eta Jainkoaren arteko harreman adeitsua aldarrikatzen zuelako. Jesukristoren dimentsio humanoaren aldeko diskurtsua egin zuen emakume ausart hark, eta estilo berria jarri nahi izan zuen errotik berriztatu zuen Karmeloaren ordenan.

Baina  gaur, diodan bezala, erlijioso harekin erlazionatutako hiru gizakumeren kasuak ekarri nahi izan ditut, azalkiro. Eta bitxitasuna dago, hain zuzen, hiruak arrasatearrak direlakoan. Horiek dira, Esteban Garibay, Domingo Bañez eta Bernardino Melgar. Dakusagun:

Esteban Garibay Arrasateko historialari ezagunak buruz buruko bisita batean ezagutu zuen Teresa de Jesus lekaimea 1575ean. Arrasatearrak berak kontatzen digu,  Toledoko Sislako Monastegira eginiko bidai baten ondorengoa:

“Fuimos convidados del Padre Prior Fray Diego de Yepes, religioso de mucha
prudencia y letras; y comiendo en la hospedería, como se ofreciese haberse de tratar de su muy devota la Santa Theresa de Jesús de Ávila, natural de la misma ciudad, fundadora de los monasterios de los religiosos descalzos y descalzas de su orden del Carmen, pedí al Prior un billete para mediante él visitar a tan gran sierva de Dios; y porque a la despedida se me olvidó de pedírsele, el día siguiente se le envié a pedir  con un criado, y me lo envió, y con él la hablé en Toledo, en su casa de las Descalzas al torno de las carretas, que después se trasladó a la parrochia de Sancta Leocadia, y me consolé mucho con ella, esta vez y en otra, y ella se alegró de haberla yo visitado. Después dio ella su sancta ánima a Dios en Alva de Thormes en 3 de Octubre del año de 1582”


Goazen orain Domingo Bañezekin. Luze idatz genezake pertsonaiari buruz, baina oraingo ekarpentxo honetan interesatzen zaiguna da, Arrasateko Juan Bañez de Mondragón zaldunaren seme – aldatu zuen sendiko Bañez de Artazubiaga-  eta Medina del Campon jaiotako Domingo izan zela, santarekin harreman gehien izan zuen pertsona. Domingok bere obra batzuetan “Auctore fratre Dominico Bañez Mondragonensi” bezala sinatu zuen, bere aitaren herria ez zuela inondik ere salgai adierazi nahi izan balu bezala.

Domingo Bañez arrasatear jatorriko fraidea izan zen Santa Teresaren  aitorlea eta harreman estu-estua izan zuten biek. Fray Paulino Alvarezek “Santa Teresa y el P. Bañez” liburuan (1882) dioenez “Y porque en este punto descuella sobre todos, como confesor y protector, el famoso Fr. Domingo Báñez, a quien ella llamaba su padre y a quien amaba hasta el encantamiento”

Eta Domingo Bañezek berak, Teresa dohatsu egiteko informazio kanonikoan, 1591ean adierazi zuen: “Nadie como yo puede saber las mercedes que Dios hizo a la Madre Teresa de Jesús”

Azkenik, Bernardino Melgar Alvarez de Abreu – gezurra badirudi ere Arrasaten 1863 jaioa- da Teresa de Jesusen inguruan modu burutsuan ikerketa lerro luzea egin zuen pertsonaia. Marqués de la Regaliaren biloba eta anaia izan zen Bernardino, eta historialaria izan genuen, Historiako Errege-Akademiako kidea. Berari ere markesaren titulua egokitu zitzaion, San Juan de Piedras Albasekoa, eta Alvarez de Abreu sendiak herriko plazan zeukaten etxean munduratu zen. Aipatu Errege-Akademiaren biografia sailean irakurtzen da: “Nació casualmente en Mondragón” Baina gauza da bere bigarren anaia ere etxe berdinean jaio zela, 1865ean. Beraz, ez dut uste hainbeste kasualitate izan zenik. Lehen ere idatzi dut sendi honetaz, eta gure herrian ez zutela oroitzapen onik utzi iruditzen zait.

Baina gauza da Bernardino Melgarrek bere bibliografia luzean toki interesgarria eskaintzen diola Avilako santuari. Eta arrasatearrak, Arrasateko alkate izandako bere aitonarengandik heredatu zuen jauregian Teresa de Jesusi buruzko liburutegirik handiena osatu zuen.

Horra hor, beraz, Teresa de Jesus eta Arrasateko hiru pertsonaiak nola lotzen diren. Bik buruz-buruko ezagutza izan zuten emakume harenganako eta hirugarrena, hirurehun urte geroago, Avilakoaren inguruko ikerketarik zabalena burutu zuen.

Argazkiak: JMVM, wikipedia