1940 etiketadun mezuak erakusten. Erakutsi mezu guztiak
1940 etiketadun mezuak erakusten. Erakutsi mezu guztiak

urtarrila 22, 2025

GUERRAren ETXEKO HARMARRIAK


Batzuetan aritu naiz Guerra-eneari buruzko datuak eskaintzen, historialariaren etxearen zenbait zehazkizun aipatuz. Behin ipinitako argazki zahar batean Guerraren harmarria ikus genezakeen, ziurrenik 1888an Ramon Adan de Yarzak jauretxea berriztatu ondoren. Orduan harmarri bakarra zen etxearen aurrealdean, goiko argazki honetan antzeman daitekeen moduan.

Etxe hura ezagutu genuenok itxura desberdina zuela gogoratzen dugu, Adan de Yarzaren berriztapenaren ondoko beste baten fruitua, eta 1927koa zitekeela esatera ausartuko nintzateke, urte hartako irailaren 5ean Guerra-Enea berriztatzeko txostena onartu baitzuen Udalak.

Berriztapenaren egilea… Juan Carlos Guerra Palacios seme arkitektoa izango al zen? Datua historialariei uzten diet. Orduan eraikinaren aurrealdean bigarren harmarri bat ere bazen, beste argazki honetan ikusten den bezala:


Gaur ostera nator harmarrien motibo horrekin, argazki zuzenago biren bitartez.

Gerardo Lopez de Guereñu etnografo gasteiztarrak 1940 inguruan ateratakoak dira beheko bi erretratoak.

Itxuraren arabera, eraikinaren goiko harmarri-erliebea oso laua da. Kasko batekin dago zigilatua eta heraldika-motibo gisa zuhaitz koroatu bat eta almenadun gaztelu bat ditu:


Historialariaren etxeko ate nagusiaren gainkaldean ezagutu genuen bigarren harmarrian, berriz, karaktere gotikoetan egina eta Juan Carlos Guerraren beraren diseinua litekeena,  latinezko esaera bat irakurtzen da: Dominae ayuda me.


ES.01059.ATHA.GUE.CD.09686

ES.01059.ATHA.GUE.CD.09410

GEHIAGO JUAN CARLOS GUERRAREN ETXEARI BURUZ

https://1949arrasate.blogspot.com/2019/01/guerra-enea-1914.html

https://1949arrasate.blogspot.com/2023/07/agur-guerra-agur.html


azaroa 11, 2015

MARKIEGI JOSTUNDEGIA: 75 URTE. BIDEOA



Jose Markiegi, 1990ean

Gaur beste efemeride bat ekarri nahi dut txoko honetara; hain zuzen ere, Markiegi jostundegiaren 75. urtemuga ospatzen ari da aurten eta aitzakia aprobetxatuz Jose Markiegiren irudia berreskuratu dut nire artxibotik. Idazkiño honen amaieran, Joserekin eta modako  beste hiru profesional arrasatearrekin Arrasate Telebistan 1990ean grabatu nuen saioa ipini dut ikusgai. 

Arrasatera iritsi berria
Gatozen, lehenik, Jose Markiegi gogoratzera. Angiozarren jaio zen 1913ko irailaren 16an. Eta Arrasaten hil zen 1991ko ekainaren 12an. Arrasatera ezkondu zen Dolores Areitiourtenarekin eta bikotearen Jorge semea da negozioarekin segitzen duena.
 
Angiozarretik Eibarrera aldatu zen Joseren ama  - maistra zena- lan toki berria armagintzako hirian eskuratu zuenean, eta berarekin sendi osoa joan zen. Baina 1940an Arrasatera iritsi zen Jose, jostun ofizioari aukera hobeak aurkituko zizkiolakoan. Eta horrela gertatu zen, 2015ean hirurogeita hamabost urte betetzen baititu Markiegi Jostundegiak, lehen establezimendua ireki zuen kale berdinean. 

Bere lehen laguntzaileekin
Orduko Toribio Agirre kalean ireki zuen lehen denda, egun Eslu ileapaindegia den tokian. Hantxe hasi ziren berarekin Maritxu Juldain eta Carmen Abarrategi “Ibarreta”. Oraingo tokira 1945ean aldatu zuen jostundegia eta Juan Jose Estevez gehitu zen langileen zerrendara. 

1965 inguruan
Goian adierazi dudan bezala, 1990ean “Zenbat buru hainbat aburu” telesaioa aurkezten nuen ATB katean, eta arrasatearrek janzteko zuten ohitura eta jokaerari eskaini nion atal bat. Jose eraman nuen estudiora, eta berarekin batera herriko beste hiru profesional: Marilu Lasagabaster, Espe Arregi eta Miren Agiriano.

 Jose Ramon semea eta saltzaile-bidaiari batekin, 1955ean
Lau jostunak izan nituen gonbidatuak, 1990eko maiatzaren 23an, eta hogeita bost urteren ondoren beraiei entzunda badirudi modak aldatu egin direla, baina funtsean – esango nuke- pertsona estiloek antzerakoak izaten jarraitzen dute. Nire iritzia da, jakina.
                Ikus bideoa: 

 

Argazkiak: Jorge Markiegi, JMVM










iraila 29, 2011

ROSALIA ORMAETXEA TROJAOLA, ARAMAIOKO EMAGINA






Rosalia 1935ean


Emagina izan zen Aramaion eta gutariko asko haren eskuetan iratzarri ginen bizitzara. Rosalia izena aipatzea nahikoa da –berrogei urtetik beherakoak salbu, noski- aramaioarrek emakume prestu eta langilearen irudia gogoratzeko.


Udal lanetan herriko emagin bezala 1935eko maiatzaren 2an hasi zen, sei ehun pezetako soldatarekin, hiru hilez behin kobratzeko, behin aldia eman ondoren. Titulu ofiziala Valladolideko Unibertsitatean atera zuen, 1934ko abenduaren 18ko data duen diploman irakur daitekeen bezala. Egun batzuk lehenagokoa da, praktikante izateko gaitasuna eskaintzen zion titulua. Garai hartan Rosaliak 27 urte zituen.




Valladolideko ikaskide eta irakasleekin. Hirugarrena ezkerretik, 2gn lerroan
Lanari, ordea, bi hilabete lehenago ekin zion. Eta hori dakigu, lanean hasteaz bat Rosaliak koaderno bat ireki zuelako, atenditzen zituen kasu guztien zehaztasunak jartzeko. Eta lehen erditzearen data, 1935ko martxoaren 8koa da; egun hartan, Saturralde baserriko andreak umetxo bat erditu zuen: Jesus Mari Elexalde, urte batzuk geroago Aramaioko erretore izateaz gain historiegile eta herriko seme kutuna izango zena.





Niri dagokidan apuntea
  

Zenbat erditze izan ziren, 1967ko abuztuaren 19ko azken apuntera arte? Zirkulua ixtearren esan dezaket, azken zerbitzua Paulotxoko baserrian bizi zen Pura Vinagrerentzat izan zela. Gure amei eskainitako laguntzaz jaio ginenon gaineko lehen datuak Rosaliaren koadernotxoetan aurki ditzakegu. Hor dituzue, niri dagozkidanak,  duela 62 urteko irailaren 27an izkiriatuta.








Emaginaren titulu ofiziala

Rosaliak eten egin behar izan zuen bere betebeharra, hain zuzen ere 1937ko martxoan, faxistak Aramaiora sartu zirenean. Baina 1940an herrira itzuli ahal izan zuen, eta lanari berrekin zion, modu ez ofizialean karguari dagokionez, egoera politiko berriak ezabatu baitzuen emaginaren eskubidea. Hala ere, udal agintariak Rosaliaren zerbitzuaren ontasunaz jabetuta, nonbait, irregulartasun administratiboan segitu ahal izan zuen erizainak, harik eta udal kargua berreskuratzea exigitu zuen arte.


Horrela, 1947ko martxoaren 17an, udal praktikantearen ordezko lanetarako lanpostua eskatuz  Rosalía Ormaetxearen eskabidea irakurri zen Udal plenoan eta  korporazioak aho batez onartu zuen Rosaliaren aldeko informeak igarotzea lurraldeko administrazioari. Eta ondorioz, Arabako Osasun Zerbitzuak behin-behingoz ontzat eman zuen eskabidea 1948 ekainaren 18an, une haietan egiten ari zitzaion depurazio-txostenak esango zuenaren zain. Azkenik, 1949ko azaroaren 30ean modu ofizialean izendatu zen Rosalia, Etxe-Laguntza Publikoko Aramaioko Praktikantea.

Historia dokumentuetan jaso behar da, espekulatuko ez bada. Rosalia Ormaetxeak, oharkabean ere, historia apur bat idatzi zuen bere apunteetan. Aramaioar mordo batek jakin dezake apur bat gehiago bere buruaz, Rosaliak utzitako koaderno  horiei esker.



Argazkiak: Maria Jesus Altuna Elexpuruk utzita.