Joxe Manuel Arriola |
“Dongi” izan zen bere gaitzizena eta jende
gehiagok ezagutu zuen horretatik ponteko deiturarengatik baino. Eta ez dira
gutxi Joxe Manuelengana hurbildu direnean “Don Guillermo” deitu zutenak, bere
egiazko izena horixe zela pentsatuz. Gaurkoan sartu-irten arin bat egin nahi
dut Joxe Manuel Arriolaren bizitzan, zertarako eta garbi uzteko behin eta betiko haren gaitzizenaren
jatorria, behintzat zuzeneko bertsioaz jabe gaitezen.
Datu argigarriak Esther
Goikolea adiskideari zor dizkiot, berari adierazi baitzion buruz buruko
elkarrizketan Jose Manuel Arriola Arrasateko kale-zain ohiak. Eta Jose
Manuelen sendiari eskerrak ematen dizkiot, aita izan zutenaren gaitzizenaren
nondik datorren betiko garbi uzteko ados egon baitira.
Izenordearen
erantzulea emakume bizkaitar bat izan zela argi eta garbi utzi nahi izan zion
Joxe Manuelek Esther Goikoleari. Arrasateko Uribarren “Ante”tarren Domingorekin ezkonduta zegoen Kontxa Lejarreta
berriztarra Olatxo harategiaren gainean bizi zen.
Kontxa Lejarreta |
Behin, Olatxotik Biteriko
eskoletara zihoan estratan mutiko batzuk su egiten ari bide ziren eta Joxe Manuel
kale zain izendatu berria haien bihurrikeria gerarazi nahian umeen atzetik
abiatu zen. Ekintzaren lekukoa izan zen Kontxak, etxeko leihotik bota zuen:
“Zer pentsetan jon horrek? Azkena don
etorri Debatik eta herrixa berak aindu biher dauela? … Dongixoi!
Eta
nondik nora Dongixoi hura? Ba,
DONGE euskal hitzetik – batez ere bizkaieraz erabili izana- dator, gaiztoa
adierazi guran. Kontxak berezko kutsu berriztarra eman zion berbari eta
oharkabean “Dongi” gaitzizena asmatu
zuen. Kontxaren ateraldiaz jabetuta takarraran atera ziren ume bihurri haiek ongi
gorde zuten buruan azken hitza eta aurrerantzean beraientzat kale zain hura “Dongi”
izan zen. Handik gutxira arrasatear guztion ahotan zebilen deitura berria …
gaur arte.
Kontxa
Lejarreta oso izaera gogorrekoa bide zen eta haren eta Joxe Manuel Arriolaren
arteko beste gertaera bat kontatu dit Kontxaren biloba Pili Uribarrenek. Behin
isuna jarri bide zion kale zainak, emakumea ordu desegokian etxeko balkoitik
alfonbra bat astintzen ari baitzen. Etxeraino igo zitzaion Jose Manuel eta isuneko
papera eskuratu eta ordaina zenbatekoa zen ikusita Kontxak bota zion harrituta:
“Alfonbra batengatik?” Jose Manuelek erantzun zion berdin zela bat ala zazpi astintzea,
bekatua eginda zegoen eta. Orduan emakumeak itxoiteko eskatu zion eta “Prezio
berdinean etxeko alfonbra guztiak astinduko ditut” adieraziz desagertu egin zen
udal zerbitzariaren bistatik.
Baina
hamarkadetan misterio izan den gaitzizenaren nondik norakoa argitzea izan da
gaurko ekarpentxo honen xedea. Uste dut gaurdanik misterio bat gutxiago dugula
Arrasateko historia txikitxoan.
Argazkia:
Uribarren sendia/JMVM
Joxe
Manuel Arriolari buruz gehiago: