Axerikua etiketadun mezuak erakusten. Erakutsi mezu guztiak
Axerikua etiketadun mezuak erakusten. Erakutsi mezu guztiak

otsaila 22, 2023

ZIGARROLAKO AXERI BASERRIA, ZAHARRENA?



 
Axeri (Axerikoa) baserri izandakoa
Zigarrolako lagun batek lehengoan galdetu zidan zein ote den auzoko erreferentzia idatzirik zaharrena. Aitortu nion hori zehaztea oso zaila dela, ezina ez esatearren, eta atzera begira jauzi handiak egin daitezkeela toki-izen eta pertsonen deituren aldetik. Baina ziur nago artxiboetako arasetan oraindik atera gabeko izenak gordetzen direla. Auskalo, beraz, zein den auzo hartako izenik adintsuena. Gerta daiteke ere, normala den bezala, idazki zaharretan grafia bihurrian jasota egotea, eta horrek konplikazio gehiago ekartzen dizkio ikertzailearen lanari.

Gaurkoan, dena den, adibide bat jarri nahi dut. Testu zahar batetik aterata, eta gainera ahozko jatorria duena, nolakotasun horrek eskaintzen duen erlatibotasun osoarekin, izan ere ahoz ahoko transmisioak aldaera sor dezake izena idazteko orduan. Baina izan daitekeen guztia alde batera utzita, uste dut adibideak – Arrasateko historia ezezagunean txertatua urrezkoa bailitzan- 1448ko Arrasateko gertaera ilunetara hurbiltzeaz gain, Zigarrolako lagun horrek galdetutakoari buruzko argitxo piska bat dakarrela. Goazen gunera.

Mondragon sortu zeneko zazpigarren mendeurrena ospatzeko, 1960ko maiatzaren 22an Udaletxean Manuel Lekuonak hitzaldi bat eskaini zuen (1) Diodan berezko titulua “Mondragoe sutan. 1448” izan zela.

Lekuona adituak bertsio bitxi bat eman zuen hitzaldian, Zigarrolako baserriei dagokienez XV. mendera arte eramaten gaituena. Eta lerro txiki batzuetan oiartzuarraren tesia aldatu nahi dut hona, hitzaldi hartatik hartuta. On Manuelek dio, 1448ko Arrasateko erreketaren ondorioz entzutetsu egin ziren bertsoetako bat azalduz:

Oin-orrazian luma

Ozaetako Jaun gazteak

laster baten igaro zan

uraz alde bestean.

 

Uraz ara igaro zan

Oñeztar seme lasterra;

Ara-bere lasterrago

Abendañuye “motela”

 

Eskerrik asko ematen deutsat

Andra Santa Mañari

Bera Axeitzan sartu-ta

Etsera bidaldu nau ni.

Abendanuye jarraitzailea itsumustuan oker-bidera eramanez… eta mutilla bere etxera,
Bergarara. Non izan zan, ordea, Abendañuyeren oker-bideratze ori? Santa Maña eliz izandakoaren aurrez-aurre antxen dago, ain eroso, Bergara-bidean, gaur oraindik Aixerixa edo Aixerija deritzan baserri bat. Uraxe ote-dan koplak axeitzat diona, guk pentsatzen. Koplak berak “sartuta” bait-dio… etxeren batean, alegia.”

Lekuonak Axeitza hitzean Axeri irakurtzen du, hots, Zigarrolako bihurgunean oraindik ere zutirik dagoen eraikina. Eta hori azpimarratzeko guran nonbait, “uraz alde bestean” kantatu zuen bertsolari ezezagunak XV. mendean. Hau da,  Bergararantz ihesean zihoan Ozaetako Jaun gazteak – oñaztarra- zubia igaro ondoren bere bideari segitu ziola, atzetik zetorkion Abendañoko “motela” ganboarra zubia pasatu ondoren Axeri baserrira sartzen zen bitartean, iheslaria atzemateko asmoz.  Bergarakoa - “Etsera bidaldu nau ni” - libre geratu zen.

Eta Lekuona euskaltzale handiak - Zigarrola, Axeri eta San Isidro eliza Jose Luis Iñarra erretorearen eskutik ezagutzen zituena bertatik bertara- bere tesian Axeri baserriaren lehen agerpen publikoa markatzen du. Lekuonaren bertsioari askoz logika gehiago ikusten diot, Luis Mitxelena goi hizkuntzalariak bere "Textos arcaícos vascos"enean eskainitakoari baino. 

(1) Udal publizitate-orrian hitzaldiaren titulua agertzen da “El incendio de 1448” nahiz eta kako artean “Conferencia en vascuence” dioen. Berbaldiaren atal desberdinen deskribapena ere badakar… baina hizlariaren izena ahaztu zitzaien. Gertatzen dena da.

Argazkiak: Zuriñe, JMVM

maiatza 06, 2015

MUSAKOLAKO SAN ISIDRO ELIZA. 70 URTE


...Eta sorreran Unión Cerrajera egon zen, 1945 urruti samar hartan Arrasateko ekimen gehienetan gertatzen zen bezala. Baina pixka bat atzera joan beharko genuke historian, istorio honen jatorriarekin bat egiteko. Ikus dezagun. 

Musakola auzoko eskola bateratuaren inaugurazioa 1923ko maiatzaren 15ean izan zen. Villafrankako Kondearen etxe-behean jarri zen eskola – Musakola erdia Kondearena zela esan daiteke- eta egun hartan herriko agintariak bildu ziren auzo hartara. Udal lehen agintaria Domingo Arzamendi zen eta auzo alkatea Axerikua baserriko Juan Gorosabel. Gonbidatu ospetsuen artean Felix Arano maisua zegoen. Gela berrien bedeinkapena Pedro Izagirre parrokiako abadeak egin zuen eta ekintzaren ostean herriko eta auzoko alkateek aurresku bana dantzatu zuten Elisa Lasa lehen maistraren aurrean. 
1923ko ospakizuna
Normala den moduan, inaugurazioari bazkari herrikoiak jarraitu zion, auzoko sendi-buru guztiak mahaikide izan zirelarik eta herriko bandak ipini zuen nota musikala. Bazkal buruetan mahaira eseritakoek erabaki zuten aurrerantzean San Isidro egunean izango zutela auzoko jaia. Eta handik aurrera, urteroko bazkarian auzokideek San Isidrorenganako hurbilpen afektiboa erakutsi zuten, giza kolektiboaren baitan adbokazio horrekiko baselizaren bat eraikitzearen asmoa gero eta handiagoa bilakatu zelarik. Hasteko, Antonio Armengou marrazki irakasle eta pintore handiaren koadro bat lortu zuten, San Isidroren irudiarekin, eta huraxe izan zen balentria handiagoen hasiera. Horren harira esan behar da, San Antolin baseliza – gero Antoña baserria izango zena- 1784an itxi zenez gero, inguru haietan ez zegoela beste tenplurik. 

Eta iritsi zen 1943. Urte hartan Unión Cerrajera S.Ak lehen etxe multzo bat entregatu zien lantegiko beharginei Musakolan. Eta, garaiko estiloari segika, zerbitzu erlijiosoa ere eskaini behar zela iruditu zitzaien agintari sarrailagileei. Beraz, San Isidroren adbokaziopeko baseliza bat eraikitzea erabaki zen. Eta lanean hasi ziren. 

San Isidro, laiarekin
Zigarrola Azpikua baserriko terrenoak Unión Cerrajerarenak ziren – Villafrankako Kondearen bitartez- eta antzinako Cerrajera Guipuzcoana enpresaren ikatz-biltegiaren ordez eliza eraiki zen. Luis Astiazaran Galarza arkitektoaren proiektua izan zen eta 1944an obrei ekin zieten. Diodan, Astiazaranek bazuela aurretik Unión Cerrajerarekin lan egin, besteak beste lantegiko sarrera-eraikina (erlojukoa) berea baita, 1931an egin bide zena. Astiazaranen aginduetara Donostiako Frantzisko Letamendia eskultorea – San Isidroren irudia berea da- eta Bilboko Jesus Arraiz margolaria- argizuloetako dekorazioa egin zuen- aritu ziren. 

Horrezaz gain, Arrasateko Patrizio Osinagaren haroztegian elizako bankuak fabrikatu ziren eta, nola ez!, Unión Cerrajeraren tailerretan forja lan guztiak egin zituzten. Esku anonimo batek honako inskripzio hau tailatu zuen aitorlekuaren goi aldean: “Zoaz eta gaur gero ogenik bein ere ez egin” 

Pergaminoa
Elizaren bedeinkapena
Inaugurazioa 1945eko maiatzaren 15ean egin zen, meza nagusi batekin. Jose Luis Iñarra parrokoak zuzendu zituen elizkizunak, Jose Maria Arizmendiarrieta, Justino Uribesalgo, Celestino Alvarez eta Francisco Imaz “Don Paco” laguntzaileekin. Domingo Arzamendi alkateak izan zuen herriko ordezkaritza eta elizkizunen ostean Jose Etxebarria auzo alkateak pergamino bat eskuetaratu zion Union Cerrajerako presidenteari, eskerrak emanez. 

Oharra: datu asko “Musakola. XXV aniversario de la Iglesia de San Isidro Labrador. 1945-1970” liburuxkatik atera ditut.
 
Musakolari buruz gehiago:

http://www.fentmuntanyaiformacio.es











urtarrila 25, 2012

AXERIKUA-ko ZUBIAZ, BI HITZ

Azken aste hauetan Axerikua-ko zubia albiste bihurtu da medioetan. Kasu hauetan normalean gertatzen den bezala, zentzu negatiboa darama albisteak. Osasunak ez du berririk sorrarazten. Miseria eta heriotza, ordea, eguneroko jana ditugu albistegietan.

Badirudi bat bateko operazio batean zubia desagertarazi nahi dutela, auskalo zein arrazoi objektiborekin. Espero dugu, Arrasateko AZEren ekimenez piztu den mobilizazioak zentzu apur bat jartzea erabakia hartu behar dutenen buruan. Dena den, azken urteotan ikusitakoa ikusita, zuhurrak izan beharko gara.

Nire artxiboan arakatuz, apunte pare bat aurkitu ditut Axerikuari dagokionez eta zubia suntsitzearen kontrako prozesu honetan datu txiki bat gehiago izan daitekeenez gero, hona aldatu nahi ditut, besterik gabe.

XX. mendearen hasieran zubia zabaltzeari ekin zitzaion Gipuzkoako Diputazioaren diruarekin. Horrela, Probintziako Batzordeak Gipuzkoako Ahaldundiari 1901eko lehen sei hilabeteei dagokien ekintza-txostenean irakurtzen da:

“Obras Provinciales. Carreteras:

Terminados los expedientes relativos al ensanche de los puentes de Aschericoa y Zabaleta, en jurisdicción de Mondragón, y existiendo en el presupuesto vigente partida consignada para su realización, se han practicado los trabajos de campo y se va á proceder á la redacción de los correspondientes proyectos”


Handik sei hilabetera, berriz, aipatutako Batzordearen beste idazki batean esaten da:

“Celebrada la subasta del ensanche de los puentes de Aschericoa y Zabaleta, en jurisdicción de la villa de Mondragón, se continúa la ejecución de las obras de dichos ensanches”

Bide batez esan daiteke, txosten haietan Arrasateko Erdiko kalean eramaten ari ziren beste obra batzuen berri ere ematen zela. Urteko lehen zuripen-idazkian:

“Habiendo quedado desierta por dos veces la subasta para la renovación del empedrado de la calle de travesía de la villa de Mondragón, ha sido aceptada la proposición más ventajosa que se ha presentado, comprometiéndose á su ejecución bajo el presupuesto y pliego de condiciones que sirvieron de base á la subasta, estando actualmente las obras en buen curso de ejecución”

Eta 1901eko bigarrenean:

“Terminadas las obras de renovación del empedrado de la calle de travesía de la villa de Mondragón, se ha verificado la medición y liquidación de las mismas y su recepción provisional, con pago al contratista de los plazos correspondientes, y corriendo el plazo de garantía que señalan las condiciones que sirvieron de base á la subasta”


Argazkia: Zuriñe Velez de Mendizabal