1950 etiketadun mezuak erakusten. Erakutsi mezu guztiak
1950 etiketadun mezuak erakusten. Erakutsi mezu guztiak

urtarrila 28, 2026

DUQUE DE MONDRAGÓN… IA-IA


Monterrongo Kondearen eskua luzea izan zen Arrasaten mendetan. Apunte batzuk eman ditut blog honetan sendi haren gain eta gaiak askoz gehiagorako ematen du. Ziur nago kondeen artxiboan arakatuz gero Arrasateko historia aberasteko materiala jaso daitekeela. Ia inor animatzen den. Oraingoan bitxikeria bat dakart, udal aktetan aurkitu dudana. Bada hori, kondetzak eragindako morrontza-sentimenduak markatu egin zuela herritarren bizimodua. Ikus dezagun:

1950eko abenduaren 6 zen, San Nikólas eguna. Udal bilera izan zuten udaletxean eta bertara Santiago Bastida “Xagu” alkatea eta Jose Azkoaga, Jose Berezibar, Bixente Gonzalez, Balendin Gonzalez, Antonio Balerdi, Mariano Azkarate eta Jose Mari Ezkurra zinegotziak azaldu ziren.  Felix Landa zen interbentorea eta Prudentzio Iraeta idazkaria. Gai zerrendako lehen puntuei buruz erabakita, Balerdi zinegotziak alde egin zuen. Zetorrenaren gaineko bere iritzia ez ematearren? Auskalo! Gauza da, alkateak ondoko informazioa eman zuela:

“…que por los señores Condes de Monterron, Marqueses de Garcillán y de Monroy (1), ha sido solicitada la rehabilitación de los títulos de Duque de Villafranca y Duque de Palagonia, ambos con Grandeza de España…

… se acuerda elevar al Ministerio correspondiente el testimonio de 
su sentir unánime sobre la gran complacencia con que esta Villa vería la concesión de la gracia solicitada por los Condes de Monterrón… y por lo que antecede vería con sumo agrado las rehabilitaciones solicitadas y muy especialmente el cambio de denominación que se pide del Título de Duque de Palagonia por el de Duque de Mondragón o Duque de Mondragón de Guipúzcoa, lo cual sería un lazo más entre esta Villa y la Casa de Monterrón, tan unidas a través de los siglos, y serviría para dejar bien patente en todos los lugares del mundo en que, sin duda muy dignamente, fuera ostentado tal Ducado…”

Eskabideari laguntzen zion Arrasate herriarekiko kondeen balizko ekarpenen zerrendak, eta horietako batzuk aldatu nahi ditut hona, edozein gairen gaineko perspektibaren angelua desberdina izan daitekeela birfroga dezagun.

Konde desberdinen aipamena egiten zuen Udalak, eta bereziki Santiago Elias Aranguren, 1816an eraildako konde eta karguan herriko alkatea nabarmentzen zuen. Halaber, Manuel María Aranguren, Mateo Nikolas Aranguren, Iban Aranguren eta abarren aldeko nolakotasunak azpimarratzen zituen.

“La villa de Mondragón se ha visto honrada con la visita de los más egregios personajes españoles y extranjeros, gracias a los Condes de Monterrón que en su Palacio han recibido a los Reyes Don Felipe IV, Don Felipe V, Fernando VII y la Reina Gobernadora Isabel II, el Rey de  Toscania y de Etruria, y recientemente a S.S.E.E El Jefe del Estado y Señora y destacados miembros de su Gobierno, el 2 de agosto de 1949 (2)"

Eta orduko kondeen “ontasunak” zerrendatzen zituen Udalak, besteak beste:

“… con empeño poco usual han restaurado el Palacio de los desperfectos que sufrió durante la Guerra de Liberación, en la que fue objeto de repetidos bombardeos y requisado primeramente para oficinas del Partido comunista, y más tarde puesto por sus dueños al servicio del Ejército Nacional y ha continuado la tradición de sus antepasados

…  Atentos en todo momento a todo lo que sea de provecho para la
Villa… Con su ayuda económica contribuyen al sostenimiento del Santo Hospital y Casa de Misericordia, del Colegio de San José y de las demás obras benéficas de la Villa”

Zergatik hartu zuen Udalak erabakia? Garbi dago: euren etxean Francoren bisita jasotzen zutenen eskabideari ezin zioten ezetzik eman, nahiz eta gauzak ez ziren hain garbiak. Baziren Udaletxean beste modu batez pentsatzen zutenak… baina ezin zuten euren burua arriskatu. Ziur nago, udalaren erabakia hartzeko idazkia kondeen eskuak berak prestatu zuela.

Monterrongo kondeei feudalismoaren estiloa egotz zekiekeela idatzi nuen aspaldi txoko honetarako. Izan zen zinegotzi zintzo bat, Jose Mari Uranga, kondeen jarrera deitoratu eta salatu zuena, Udaletxera iritsi zen lehen unetik.

Eta “Jose Luis Iñarra. Mondragoeko parrokua”(2006. Josemari Velez de Mendizabal-Eusebio Iñarra) liburuan azaltzen genuen, kondeek banku bat zutela parrokiako lehen lerroan euren izenarekin eta eurentzat bakarrik. 1953an, parrokian obrak egin zirenean, bankua erabilpen publikokoa bilakatu zuen parrokoak. Konde andreak – Maria Rosario Aranguren- eskutitz bat bidali zion parrokoari bere eskubideak aldarrikatuz. Eta Iñarrak erantzun zion: 

“Enterado del contenido de aquélla, renuevo mi postura de siempre, aún a pesar de que ciertas aseveraciones y el tono general de la carta me hayan dejado desconcertado y descorazonado. Sobre la posesión, derechos etc. del banco, no creo sea la cosa tan evidente. Tengo noticias de que ni el Obispo de Vitoria ni mi predecesor Sr. Arín (q.e.g.e) opinaban así, al menos en el mes de julio de 1915. Yo mucho le agradecería que demostrara sus pretendidos derechos,  no a las “ilarriak”, hoy proscritas, sino al banco

Si Vd. se debe a su descendencia y debe velar por los intereses y derechos de la Casa Monterrón – y ello me parece bien- tampoco debo yo tirar la parroquia. Al igual que a Vd. sus sucesores, me podrían exigir responsabilidades la Iglesia. ¿No le parece que si Vd. hubiese aceptado y puesto en práctica las recomendaciones mías cuando las disonancias se suscitaron, hoy no hubiésemos rozado en estas desagradables cuestiones?” 

Iñarrak, erretore bezala, Monterrongo Kondeekin arazoak zituela gauza jakina zen herrian, haiek parrokian egiten zuten erakuspen larderiatzailea zela eta. Eta herria bere erretorearekin zegoen. Iñarrak ez zuen onartzen kondeen jokaera maltzurra, herriarekiko euren betebeharretatik paso egiten zuten bitartean (3) elizan euren buruak nabarmentzen baitzituzten, gainerako kristauak baino gehiago izan balira bezala.

Pazientziako ontzia gainezka egin zuen tanta honako hauxe izan zen: Monterronekoak 1965eko egun batetik bestera parrokiara jarleku berezi bat sartu zuen, “Condes de Monterrón” hitz gotikoekin grabatua eta aldarearen aurreko lehen lerroan ipintzeko aginduarekin. Lurrean, berriz, “Monterron”  latoizko xafla bat ezarri zen.  Operazioa burutu zenean Iñarra Arrasatetik kanpo zegoen, eta itzuli zenean bankua erretiratu egin zuen. Norbaitek aholkatu zion latoizko xafla ez ukitzea, badaezpada ere. Eta hartan utzi zuen, lurrean, herriak kondeak zapal zitzakeela adierazi nahi izan balu bezala. Erretorearen erreakzioaren ondorioz kondeek parrokiara azaltzeari utzi zioten. San Frantzisko-ra aldatu zituzten euren elizkizunak... eta handik gutxira Bergarara.

Eta amaitzeko, diodan, Duque de Mondragón titulua eskuratzeko eskabideak ez bide zuela erantzun onik izan, eta sekula ez zen erregistratu horren izeneko duketzarik. Gaitz erdi.

Argazkiak: JMVM


(1) María del Rosario Aranguren Palaciok (Arrasaten jaioa, 1923ko abuztuaren 3an) aitarengandik jaso zituen Marquesa de Garcillán y Monroy eta Condesa de Monterrón tituluak.

(2)Abuztuaren 11n izan zen bisita

(3) Monterroneko Kondeek ez zioten herriko ospitaleari ordaintzen, San Cristobal baseliza erosi zutenean, harekin batera ospitalearekiko hartu zuten konpromiso ekonomikoa, urteko zenbait anega gari edo dirutan bere balioa ematea, alegia. Eta ospitalea Iñarraren gairik kuttunetakoa zen. 

MONTERRON KONDEARI BURUZ GEHIAGO

https://txemax3.blogspot.com/2018/05/monterrongo-kondeak-feudalismoaren.html

https://txemax3.blogspot.com/2013/05/arrasateko-alkatetza-markesetik.html


martxoa 02, 2022

SOLA JAUREGIAREN ARMARRIAK MUTRIKUN

 

Magdalena kaleko Sola sendiaren jauregia

Solatarren etxea izan zeneko armarriei buruzko aipamena egin nuen duela zenbait urte, eta gaurkoan gaira itzultzen naiz Jose Mari Agirre Kerexeta adiskideak bultzatuta, berak eman baitit haritik tiratzeko aukera. Aipatu artikuluan nioen 2018an:

“Hortxe, beraz, Sola sendiaren jauregiaren jatorria, 1868an eraikia eta Arrasateko hiri hedatzeak betiko ezabatua, 1950 aldean. Baina solatarrak lehenago desagertu ziren Arrasatetik. San Juan auzoa egokitzeko Sola Etxea lurreratu zenean, Jose Mari Uranga historialariak idatzi zuen:

“Los escudos de la Casa-Torre habían sido trasladados al Palacio de Sola, en el Arrabal de la Magdalena y desaparecieron de Mondragón, siendo llevados a Motrico, por grave indolencia de la autoridad, ambientada a dar por bueno todo lo interesado por los  económicamente fuertes, cuando se derribó dicho palacio para construir el grupo de viviendas de San Juan” (Jose Mari Uranga. Ohar argitara gabeak. 1960)

Solatarren eta Zaraa Bolibar euren aurrekoen arrastro materialik gabe geratu zen, beraz, Arrasate. Argi esan zuen Urangak: “ekonomikoki boteretsuen interesetara” makurtu zen orduko botere politikoa. Zenbat halako!”

Baina nork eraman zituen armarriak Arrasatetik? Ezaguna den moduan, Sola Jauregia Eugenio Gorosabel Reizabal arrasatearrarena zen eta 1918an hori ondorengorik gabe hiltzean Felix Gorosabel Azilona bere lobari igaro zitzaion ondarea. Felix Bartzelonan bizi zen eta uda aldean Arrasateko etxera eta Mutrikun zeukaten beste batera etortzen zen sendia.  Felix Gorosabel dugu 1950 inguruan Sola zenaren ondasunak saldu zituenak, San Juan auzoa eraikitzeko.

Mutrikuko gorosabeldarren etxea, 
hondokoa, artean armarririk gabe
Felix Gorosabelek Arrasateko Magdalena kaleko etxearen aurre aldeko armarriak, bertatik desmuntatu eta Mutrikuko etxera eraman zituen. Jose Mari Agirrek adierazi didanez, lan hartan Iontxu Elordi Urrezti igeltsero mutrikuarra ibili zen. Urtetara Gorosabel Azilonaren ondorengoek Mutrikuko etxea saldu zioten bertako Zeferina Goenaga Lizarzaburu andreari, eta oraindik etxe hartan ikus daitezke armarriak. Dena den, armarriak direla eta, Gorosabel sendiak honako baldintza jarri zuen salerosketan:

“No se considerarán formando parte de las fachadas los escudos que puedan presentar, los cuales podrán ser retirados en cualquier tiempo  por el autor de estas normas, Don Pablo Gorosabel Bañares o sus causahabientes, al haber sido incorporados por aquél a esta casa para su embellecimiento con notable posterioridad a su construcción, trayéndolos de otros de su mismo dominio”

Aurrekoa ezagututa, beraz, bi armarriak txoko honetan aurkezteko ordua heldu da. Auñamendi Entziklopedian irakurtzen den “Mutriku, piedras armeras en el casco histórico” artikuluan jartzen du: “En el pasadizo de la plaza de abajo, existente en la calle Modesto Churruca, en un lugar lúgubre se encuentra esta piedra armera” Azalpen hori “Arrazaola, Mondragón, Garibay” armarriari dagokio. Horren gainean Juan Carlos Guerrak honela idatzi zuen  “Estudios de Heráldica Vasca” (1910-1928) bere obran:

“Arrazola-Mondragon-Garibay en Mondragón, fue una gran casa torre, en la que, según tradición, se hospedó San Vicente Ferrer, y en cuyo solar se edificaron los que hoy llevan los números 60,62 y 64 de la calle Ferrerías. Al verificarse esta transformación se trasladaron sus blasones a la nueva casa de su propietario D: Francisco de Sola, arrabal de la Magdalena, número 3, donde hoy subsisten los dos escudos, uno de ellos partido en pal con las armas de Arrazola-Mondragón en la derecha y las de Garibay en la izquierda….”

Guerraren deskribapenaren arabera honako hauxe da armarriaren konposaketa: 


Armarri tinbratua, bere hegoak darakutsan arrano bat eta inguruan hainbat motibo dituena. Marraz zatitua:

Eremu gorrian, urrezko gaztelua, hiru solairu almenadunak, eta goiko almenetan, zilarrezko bandera hedatua, bi zuhaitz berderekin, gazteluaren alde banatan. Urrezko ertza, zortzi gurutze gorri eta lis-loreak urdinez. (Arrazola-Mondragonen armak)

 Eremu gorrian, urrezko oreina, burua atzera begira duela, urrezko buruxkak dituen gari soro baten gainean ibilia, urrezko arrano bolante batekin, atzaparrak solomoan dituela eta solomoan mokoa sartuta. (Garibayren armak)

Bigarren armarriari buruz, Guerrak dio aipatu obran:

“Cuartelado: 1º de Arrazola-Mondragón; 2º la nave de tres palos de Olalde con su timonel en popa y debajo el letrero “Ola-alde” 3º de Garibay y 4º de Oro, organizado de nueve bezantes de oro puestos de tres en tres y encerrados en un marco rectangular, cargado de otros 16 bezantes, puestos 6 en cada flanco del marco y 4 en la parte superior. Este marco se halla sostenido por una garra (al parecer de dragón) que lo sujeta del centro inferior, y al exterior del mismo se ven dos cabezas de sierpe que se ceban en el brazo de la garra, una por cada lado; en el flanco derecho, rodeando por fuera el marco, las letras A.M; en el superior CHE, y en el izquierdo B.N.C”

 Gorosabeldarren Mutrikuko etxe ohia, armarriarekin

Azken armarri hori, Mutrikuko beheko plazan dago, argazkian ikus daitekeen bezala. Beraz, Mutrikura hurbiltzen diren arrasatearrek jakin badakite bi armarri horiek, jatorriz, Arrasatekoak direla, nahiko utzikeriaz herritik aterata iragan mendearen erdi aldean. Solatarrek armarriak gure herritik eramatean Arrasateri historia apur bat estali zitzaion. Baina herriko monumentu eta material historikoekin gertatutakoa  ezagututa, nork bermatzen du Arrasaten geratu izan balira, historia ezaugarri haiek oraindik agerian edukiko genituela?

Argazkiak: Jose Mari Agirre Kerexeta, JMVM


abendua 30, 2020

ARRASATEKO UDAL FUNTZIONARITZA 1950ean

Argazki txiki bat egin nahi dut, duela hirurogeita hamar urteko Arrasateko udal langileak gogoratzeko. Ez du gaurko idazkiak beste asmorik, errealitate urrun hura txoko honetara  ekartzeak  denboraren joanean lurrundutakoa azalaraztea adierazten duena baino. 
Arrasate, 1950

1950eko abenduaren 6ko bilera izan zen Arrasateko Udaletxean, Santiago Bastida alkatearen lehendakaritzapean. Hara bildutako zinegotziak, Jose Azkoaga, Jose Berezibar, Bizente Gonzalez, Balentin Gonzalez, Antonio Balerdi, Mariano Azkarate eta Jose Mari Ezkurra izan ziren. Eurekin batera, Felix Landa funtziotako interbentorea eta Prudentzio Iraeta idazkaria.   San Nikólas eguna ospatzen ibiliko ziren artean herriko umeak kalez-kale, udal taldeak gai zerrendaren puntu bakarrari heldu zionean. Asteazkena zen.

Ogasun eta Gobernuko batzordeek sortutako txostena irakurri zuen idazkariak, udal langileen soldatak 1951urterako onartu eta finkatzeko. Baita diru-laguntzak eta pertsonalarentzako osagarriak zehaztu behar ziren. Ondoko tauletatik lehenean kendu ditut langile bakoitzari zegokion diru kopuruak. Baina diodan, planteatzen ari zen igoera - soldata, diru-laguntza eta osagarrietan- %25 zela. Ikus daitekeen moduan, udal funtzionarioen artean sartzen ziren bi maistra (Zigarrola eta Garagartza/Santa Agedakoa)  Biteri Fundazioko maisua, herriko albaiteroa...


Hurrengo taulan deigarri gerta daiteke gaurko ikusmoldetik, Udalak ordaintzen baitzituen eliza-arloko hainbat kontzeptu - abesbatza, Aste Santua, Gabonak, sermoiak,  animen lanpara, oreixaren kontrako konjurua...
Beheko taulan, berriz, udal musika bandaren kostoa da handiena, Justo Munarriz profesional bakarraren soldata funtzionarioen artean ikusi dugularik. Hiru ikastetxek ere jasotzen zuten diru-laguntza.


Soldaten gain, argitu behar da une haietan estatu mailan egokitzapen oso bat planteatzen ari zela udal funtzionarientzat. Horregatik, Arrasateko udala egokitzapen ofizialera aurreratu bazen ere, abenduaren 6ko bilera hartan erabaki zuen, behin estatuko taulak ezagututa Arrasateko udal langileentzat planteatzen ari zirenak baino hobeak baziren, arrasatearrentzat goranzko egokitzapen berria emango zela. Halaber, taula berriarekin desagertu egiten zen bizimoduaren garestitzeagatik langileek zuten plusa.
Arriola, Zubialdea, Barrutiabengoa, Palencia udaltzainak - aguazilak.

Alkateak abenduaren 28an bulegoetako langileekin batzartu zen,

“… al objeto de comunicarles que debido a las reformas introducidas en el nuevo Presupuesto para el año 1951, elevación de sueldos, así como nuevos arbitrios, era conveniente que todos los empleados pusieran un poco más empeño que hasta ahora, y se vigilase la entrada de todos los artículos, muy especialmente las frutas, huevos etc. cuyos trabajos serían en su día remunerados; a lo que por su parte XXX (1) se opuso terminantemente, manifestando que no estaba dispuesto a llevar la administración de la Plaza de Abastos” Apunta dezadan, XXX horren agindupeko beste langile batek hartu zuela bere gain azokaren administrazioa, urtean zergen bidez kobratuko zituenaren gaineko %10eko konpentsazioarekin.

Amaitzeko, diodan urte hartako – 1951- udal aurrekontu arrunta 1.655.200 pezeta izan zela, eta pertsonalaren kontzeptua 240.000 pezeta ingurura iritsi zen hau da aurrekontu osoaren %14´5.

(1) Izena kendu dut

Argazkiak: JMVM