Txirrindularitza etiketadun mezuak erakusten. Erakutsi mezu guztiak
Txirrindularitza etiketadun mezuak erakusten. Erakutsi mezu guztiak

ekaina 21, 2023

KIROLA SAN JUAN JAIETAN. 1923



Jose Luis Miner, 1923ko garailea
Ehun urte eman dira gaurko idazkiñoan azalduko ditudan kirol albisteetatik. Batzuk La Voz de Guipúzcoa egunkariak ekarri zituen, 1923ko ekainaren 27an, eta historia finkatzea interesgarria delako, hona hemen 1923ko sanjuanetan herritarrek bizi izan zutena. Futbola eta txirrindularitza izan ziren plater nagusiak. Gogoratu behar dut data haietan, urte hartako ekainaren 24an, Maalako futbol zelaia inauguratu zela, eta San Juan egunean eta 25ean Real Sociedad izan zela gonbidatua. Hirugarren egunean, 26an, beste partidu bat ikusi ahal izan zuten zaletuek, egun ertzaintzaren eraikina eta Elmako etxeak ditugun terrenuan. 

Diodan bezala, beraz, Maalako zelaira Beasain F.C eta C.D. Mondragón atera ziren arratsaldez, etxekoak Athletic Bilbaoren zenbait jokalarik sendotuta. Sarrailagileen  ekipoa honakoa izan zen:
Gonzalez; Barrena, Duñabeitia; Mondragón, Esleu, Arregi; Zabarte, Herrera, Larrakoetxea, Noruego eta Abarrategi. Beltzez idatzitakoak Mondraren futbolariak dira.

Kronikak dio, oso partidu gogorra izan zela, ikusgarria zaleentzat eta garaipena 5-0 izan bide Arrasateko taldearentzat. Bide diot, Donostiako El País Vasco egunkariak 11-0 jartzen baitu. Batera datoz kronikak, denboraldiko partidurik interesgarrienetakoa izan zela adieraztean.

Gutxi bailitzan, 26an ere txirrindularitza izan zuten jai egitarauan arrasatearrek eta kirol-kronika berdinean irakurtzen dugu lasterketa interesgarria izan zela eta Gipuzkoako orduko txirrindularirik onenak irabazi zuela: Jose Luis Miner hernaniarra. Kronikalariak datu bitxiak eskaintzen ditu bere idazkian, garai haietara salto egitera ahalbidetzen gaituztenak: 

“Jose Luis Miner – de la Real Sociedad- varias veces se despegó de todos y otras tantas aflojó el tren para dejarse alcanzar por Ayastuy – del Aloña Mendi de Oñate-, a quien ayudó en todo momento, oficiando de verdadero profesor. Tomaron parte dieciséis corredores y a todos les han correspondido espléndidos regalos” 

Lasterketa Maalako futbol zelaitik abiatu zen goizeko 10´30etan eta Oñatiraino joan zen, handik Gatzagako gaineraino eta ostera  Arrasatera, hain justu Arrasateko ibiltokian amaitzeko. Berrogeita hamabi kilometro denera eta Minerrek ordubete bat eta berrogei minututan egin zituen. Sailkapenak eta sariak ondokoak izan ziren: 

“1º Miner. Premio: 75 pesetas en oro. Regalo:preciosa pluma estilográfica, donada por el presidente del C.D. Mondragon, por pasar el primero por Oñate; preciosa pitillera, del Club Infantil de Viteri; copa del Club Deportivo de ésta. 2º Ayastuy. Premio: 50 pesetas. Regalo: “necessaire” de don José Añíbarro. 3º  Un empleado del garaje Albéniz de Vitoria,que no quiere hacer público su nombre. Premio: 25 pesetas. Regalo: “necessaire” de D. Jesús Gorosábel Mendía. 4º Arabaolaza y Osinaga, que llegaron juntos. Regalo: a cada pitillera y cartera de D. Ricardo Azcoaga y de Don Toribio Aguirre. 5º Beloqui. Regalo: precioso reloj-despertador, obsequio de los antiguos ciclistas. 6º Osinaga. Regalo: hermoso farol de Orkampo. 7º Ayastuy II. Regalo: artístico regalo, del Beti Lagunak. 8º Muguerza. Regalo: despertador, de don Celestino Altamira. 9º Letona. Regalo: uno de los Hijos de la Noche – para el primer corredor de Mondragón que llegase a la meta- y preciosa máquina de afeitar”

Sari eta opari banaketa Udaletxean egin zen eta, kronikek diotenez, kexa eta hasarrea izan ei ziren zaletuen artean korporazioak oso arreta gutxirekin burutu baitzuen ekitaldia Oparien emaileen zerrendan izen ezagun batzuk agertzen zaizkigu, horien artean Unión Cerrajeraren goi zuzendarienak. Jose Añibarro, gainera, txirrindularia izan zen, Gipuzkoako onenetakoa, XX. mendeko lehen hamarkadan. Baita Jesus Gorosábel Mendia ere, 1936ko matxinada frankistaren ondoren Arrasateko lehen alkatea izango zena.

Jakina, jai egitarauan ezin kanpoan pilota geratu eta horregatik 24, 25 eta 26an partidu bikainak antolatu ziren herriko frontoian, Zaldibarren. Binaka partidu programatu ziren eguneko eta pilotarien artean Mondragonés Iaritu zen. 

Atletismo probak ere izan ziren urte hartako jai egitarauan.  Bigarren eguneko – 25- goizean beste futbol partidu bat izan zen Maalan – Arrasateko Los Hijos de la Noche eta Eibarreko Txiribiri taldeen artean, arrasatearrek 4-1 galdu zutelarik-  eta atsedenaldian zelaian bertan cross-countryko lasterketa bat izan zen. Garailea Likiniano gertatu zen, bigarrena Lasaga eta hirugarrena Palacios. Sariak banatu zitzaizkien.

Kirolez beteriko jaiak izan ziren duela ehun urtekoak.

TXIRRINDULARITZA ARRASATEN

Argazkiak: JMVM

abendua 15, 2021

ZIKLO KROSSEKO I KRITERIUM INTERNAZIONALA. 1961


Renato Longo garaikurra jasotzen ari, Uribarrena alkatearengandik

Hirurogeita bi urte dira Arrasaten ziklo krosseko norgehiagoketak antolatzen hasi zenetik, Juventud Deportiva Mondragon elkartearen txirrindularitza sailaren ekimenez. Eta arrasatearrek kirol frogak eratzerako erakutsitako iaiotasunak bere sariak ekarri zituen. Lehena, 1961eko otsailaren 12an izan zen, Espainiako Txapelketa eman baitzen Arrasaten eta bigarrena, nazioarteko mailara salto eginez, I Kriterium Internazionala korritu zen, urte bereko abenduaren 22an. Beraz, gaur zortzi hirurogei urte beteko dira, gutariko askok karrera hura ikusi genuela.
Wolfshol, Longo eta Kunde, herriko zale batzuekin


Arrasatera munduko hiru txapeldun agertu ziren, Rolf Wolfshol alemaniarra –1960 eta 1961- Renato Longo italiarra, txapelketa 1959an lortu zuena eta Andre Dufraisse frantziarra, 1954, 1955, 1956, 1957 eta 1958an nagusi izandakoa. Horiei, Karl Heinz Kunde alemaniarra gehitu zitzaien eta, ohikoetatik Talamillo, Irusta, Arsuaga eta abar. Ikusmina ikaragarri handia izan zen zenbait egun lehenagotik, eta kanpoko txirrindulariek lehen kontaktua izan zuten Arrasateko zaleekin. Lasterketaren bezperan ongi etorri berezia egin zitzaien herriko Zentro Katolikoan (bigarren argazkia)

Rolf Wolfshohl, Iturripen

Kirol arloan egundoko arrakastatsua izan zen I Kriterium hura. Prentsa espezializatuak laudorioak izan zituen bai txirrindularientzat baita antolatzaileentzat ere. Bezperatik euria izan zen eta ibiltokia lokaztuta zegoen, horrek adierazi zituen zailtasun guztiekin. Iberdueroko igoera esaten zitzaionak – Olandixoko aldapa- triskantza egin zituen txirrindularien artean eta lehen unetik Wolfshol eta Longo izan ziren aurrea hartu zutenak, distantziak
Wolfshol eta Longo, Malatoko zubitxoan
handituz zirkuituko zortzi biretako bakoitzean. Hain zuzen, azken itzulian  Iberdueroko gaina hartu ondorengo jaitsieran – lehen bi txirrindulariak parera zihoazela- Wolfsholek txirrist egin zuen eta Longok tarte bat kendu zion, eta horrela heldu ziren Iturripe futbol zelaiko helburura. Beraz, Renato Longok eraman zuen Arrasateko lehen kriterium internazionala. Denbora, ordu bete hamazortzi minutu eta 9 segundo izan zen, alemaniarrari 45 segundo atereaz.
 

Hirugarrena Andre Dufraisse, laugarrena Jose Luis Talamillo eta bosgarrena Alfredo Irusta izan ziren. Hamasei txirrindularik hartu zuten parte eta hamar sailkatu ziren, horien artean Kunde alemaniarra, ziklo krossean eskarmentu gutxikoa baitzen. Txirrindulari honen gain esan daiteke Arrasatera amateur bezala etorri zela, profesionala 1962an egin baitzen. Tourreko liderra izatera heldu zen 1966an, lau etapaz. Eta neurriz txikitxoa zenez – 1´59 metro- prentsa frantziarrak “ipotz horia” bataiatu zuen Kunde.
Sari gehiago Longorentzat

Longo eta Wolfsholek, berriz, egundoko karrera ederrak izan zituzten ziklo krossean eta Arrasatera beste lasterketa batzuetan ikusi ahal izan genituen. Egun hartako sari emate ekitaldiaren buru Justo Uribarrena Arrasateko  alkatea izan zen, eta txirrindulariei Iturripen ez ezik Udaletxean ere oparitu zitzaizkien.


Arrasateko txirrindularitzari buruzko gehiago:

Ziklo Kross:
Hastapenak

Beste:

abendua 11, 2019

ZIKLO KROSAREN HASTAPENAK ARRASATEN


Arrasateko txirrindularitzaren historian 1959 urtea da ziklo krosaren abiapuntua, behintzat antolatzeari dagokionez. Urte hartako abenduaren 20an izan zen espezialitate horretako lehen lasterketa eta Juventud Deportiva Mondragón izan genuen eratzailea, Jose Luis Etxebarria eta bere lan taldearen esku hartze zuzenarekin. 

Egun hartako 3´45etan ekin zioten txirrindulariek Santo Tomas I Sari Nagusiari eta Iturripe futbol zelaia izan zen irteera eta amaierako puntua. Honako ibilbidea markatu zuten antolatzaileek: Iturripeko inguruari bi bira eman ondoren, Metaliturri, Gorriko, Uribe, Santa Agedako errepidea, Erguin, Usetxe, Zarugalde, Kondekua, San Jose ikastetxea, Gazteluondo, Bazter Alai, Igokundeko ikastetxea, Atxaren zelaia, Iberdueroko tontorra eta, behin Malatoa igaroz gero, Iturripe. Zazpi bider egin behar izan zuten txirrindulariek ibilbidea, 23 kilometro denera.

Hogei txirrindularik eman zuten izena eta horien artean Burgoseko Jose Luis Talamillo zegoen, Espainiako orduko txapelduna. Baina ez zen Arrasateko irabazlea izan, Urkizar tolosarra baizik. Itxuraz, azken metroetan Talamillo okertu egin zen eta beste bide bat hartu zuen zuzenaren ordez… eta atzetik zetorkion Urkizar gipuzkoarrarentzat izan zen garaipena. Beste txirrindularien artean nabarmendu behar da Aramaioko Aldabe anaien parte hartzea. 
1960ko abenduaren 18an eman zen II Sari Nagusia eta irabazle berri bat gertatu zen, urte luzez ziklo krosean argi bereziz ibili zen Alfredo Irusta kantabriarra, hain zuzen. Egun hartan oso eguraldi kaskarra pairatu bide zen eta ohiko zirkuituari sei bira eman zizkioten parte hartu zuten hamabi  txirrindulariek. Pablo Arsuaga izan zen bigarren sailkatua.

Bi Sari Nagusi horien antolatze lanarekin oso gustura geratu ei ziren Gipuzkoako Federazioan eta   Arrasateko Juventud Deportiva Mondragonen txirrindulari sailari 1961ko Espainiako Txapelketa eratzea eskatu zitzaion. Eta horrela egin ere, 1961eko otsailaren 12an. Jose Luis Etxebarria eta bere lan giza taldea beharrean jarri ziren eta oso zirkuitu polita prestatu zuten:

Iturripe, Gorriko baserria, Uribe baserria, Uribarri auzoko bidegurutzea, Gautxori, Uribarriko parrokia, Santutxu, Santa Agedako errepidea, Erguin baserria, Usetxe, Arrasate pasealekua, Iberdueroko tontorra, Atxaren zelaia eta Iturripe, Malatoa zeharkatuz. Ibilbidea Coca Colaren 3000 banderatxorekin zegoen markatuta.

Bi txirrindulari ziren egun hartan faboritoak txapelketa poltsikoratzeko: Jose Luis Talamillo, ordura arteko txapelduna, eta Anton Barrutia durangarra, txapeldun zer zen ere aurretik bazekiena. Biak lagunak ziren eta biak herriko “Toki Ona” ostatuan lojatu ziren lasterketa denboraz prestatzeko. Ikaragarrizko jendetza bildu zen egun hartan Arrasatera: Gasteiztik tren berezi bat irten zen Arabako zaleekin; eta Gipuzkoa zein Bizkaiko autobus ugari heldu ziren.



Antolatzaileek sari batzuk iragarri zituzten: 6.000 pezeta eta Gipuzkoako gobernadore zibilaren garaikurra garailearentzat; bigarrenarentzat, 4.500 pezeta eta Gipuzkoako Diputazioaren garaikurra; eta hirugarrenarentzat, 3.500 pezeta eta Arrasateko Udalaren trofeoa. Lasterketa denboraren barruan amaitzen zuten sari gabekoentzat antolatzaileek ehuna pezeta agintzen zituzten. Berrogeita lau txirrindularik eman zuten izena.



Otsailaren 12ko goizean Arrasate jendez borbor zegoen. Antolatzaileek xehetasun guztiak lotu zituzten eta txirrindulariak eroso sentitu ziren zirkuituan. Azkenean, hogeita hamazortzi izan ziren irteeran zeudenak. Eta lasterketari goizeko 11´30etan ekin zioten txirrindulariek. Ondoko hauxe izan zen lasterketaren nondik norakoa, DVren Arrasateko Chema korrespontsalari zor zaiona:
Sailkapenean, beraz, Anton Barrutia agertu zen lehen tokian; Talamillo bigarrenean eta Alfredo Irusta hirugarrenean. Laugarrena eta aurreko hiruekin Hannoveren izango ziren Munduko Txapelketarako hautatua, Mikel Urkizar izan zen. Diodan, aukera aprobetxatuz, esateko Alemaniako lasterketa hartako txapelduna Rolf Wolfshohl izan zela eta bigarrena Renato Longo. Biak laster oso ezagunak egingo ziren Arrasaten.

Txapelketako antolatzeari buruzko laudorioak ugaldu egin ziren hurrengo egunetan prentsan:

“El éxito de organización fue aún más apoteósico y la sección ciclista de Juventud Deportiva Mondragón, en su corto historial, en sus tres años escasos de existencia, se apuntó una victoria; una victoria muy difícil de superar porque no hubo ni siquiera un fallo mínimo de organización, prueba palpable de los trabajos realizados desde hace muchos meses”

Anton Barrutia garailea, Iturripen
Alejandro Del Caz Espainiako Txirrindularitza Federazioko presidentearen hitzak dira ondokoak:

“Son excelentes los organizadores. No hace todavía mucho, cuando vine a Mondragón al festejo de la Virgen de Dorleta, patrona de los ciclistas, me impresionó su comportamiento. En aquel entonces me pidieron el Campeonato de España que hoy ha tenido lugar. Trabajé para que su deseo se cumpliera, como pienso trabajar para traer a Mondragón el campeonato del mundo”

Zoritxarrez Arrasaten ez zen inoiz Munduko Txapelketa jokatu, 1961ean bertan gure herrian nazioarteko norgehiagoketak eratzen hasi zen arren.

Espainiako txapelketarekin amaitzeko, diodan, sarien banaketa udaletxean egin zela lasterketa amaitu bezain laster eta jarraian bazkari batekin oparitu zien herriko udalak … txirrindulariei? Ez, agintariei eta prentsa eta irratiko kazetariei. Txirrindulariak, poliki poliki, bakoitza bere etxera!

Argazkiak: JMVM
Arrasateko txirrindularitzari buruzko gehiago