ekaina 30, 2011

POLIKIROLDEGIAREN INAUGURAZIOAN. BELLOCH ARRASATEN



Egia esan behar badut, 2016ko Europako Kultura Hiriburua titulua lortzera Donostia aurkezteak ez zidan arreta irabazi, hain justu herenegungo gauera arte, hots Donostia aukeratua izan zelako beste hautagaietako alkate eta ordezkarien aldetik sortutako zalaparta nireganaino heldu zen arte. Eta orduantxe interesatu nintzen, bai albisteaz eta baita europar titulu horrek adierazten duenaz ere.

Eta “sumindu berrietako”mugimenduaren buru den Juan Alberto Bellochen jarrera patetikoa iruditu zitzaidan, lehen deklarazioak entzun nizkionetik. Bere eldarnioaren zurrunbiloan murgilduta, ez zitzaion urtetan saldu nahi izan digun demokrataren itxura igartzen. Galtzaile txarra, aingerutxoa.

Gaurkoan, ordea, eta Belloch abizenak oroimenean bilaketa bat eragin didalako, Zaragozako alkatearen aita zena ekarri nahi dut hona. Hain zuzen, 1977ko uztailaren 15ean izan nuen aukera berarekin mintzatzeko, zer dela-eta, Musakolako Polikiroldegia inauguratzera etorri zelako.


Jose Maria Belloch Gipuzkoako Gobernadorea zen garai hartan, eta egun hartan Arrasateraino heldu zen kirol instalakuntza berriak martxan ipintzera.

Kazetari lanetan elkarrizketatu nuen DEIA sortu berria zen egunkarirako, eta Gipuzkoari buruzko bere iritzia eskatu nion. Ez zuen gehiegi arriskatu, politiko on bat bezala. Bere sorbalden gainean eskarmentu politikoa zuen, bai Francoren
aldian –Formación del Espíritu Nacional zeritzan ikasgaiaren irakasle izan zen- zein jaio berria genuen demokraziaren barruan, Unió Democrática de Catalunya deritzaneko kide izan baitzen.

Baina bera ezik ez dut uste beste inork ezagutuko zuenik egun hartan, Belloch jaunak Gipuzkoako Gobernadore izateari utziko zionik handik astebetera, kargu berdinerako Bartzelonara bidali baitzuen UCDko gobernuak.

Kronikek diotenez, demokrata samarra zen. Semea aitaren ezpalekoa bide dugu. Samarra.

Argazkietan:
1.- Belloch gobernadorea, Javier Ortega arkitektoa eta Jose Antonio Altuna alkatearen artean.
2.-Pablo Barrena, Jose Antonio Altuna, Belloch.

Argazkiak: JMVM

ekaina 23, 2011

SAN JUAN HIMNOAK ARRASATEN



Iritsi dira; atarian daude San Juan jaiak. Eta urtero bezala, erritoari ekingo zaio. Batzuek eliz kontuetara bilduko dira; beste askok paso egingo dute zeremonia horietatik. Guztiak, ordea, Arrasateko kaleetan barrena ibiliko dira, ordu goxo batzuen irrikan.
Gau magikoaren atartean –zeharo ilundu aurretik eta aukerako irudimenari hegoak jarri baino lehen- hainbat arrasatearrek San Juan himnoa abestuko dute, lehenik eliza nagusian eta gauerdi aldera plazan, suzko garrak zerurantz igotzen diren bitartean. Eta eztarrietatik bertsoei eite emango zaie, emoziozko ekitaldian:
 
Ez dau inon gizonik/San Juan dan baitzen/ Santu goitar ta aundirik arkitzen./Bera da jaunen Seme zuzena/ Jordanen bataiau ebana.
Entzun gizonak, entzun erriak/ San Juanen doe miragarriak/ Gora gizonak, abestu erriak/ bere doitasun goragarriak.
Amagan ziñala, Jaunak eutsun deitu/ordutik ziñuzan maitatu/ Ume au andia izan dedin beti/ Goikoak daroa eskutik/ Ama sengeangandik zu jaio ziñan/Mirariz beterik Doneiban.
Entzun gizonak, entzun erriak/ San Juanen doe miragarriak/ Gora gizonak, abestu erriak/bere doitasun goragarriak/ Goragarriak, goragarriak.
 
Himnoaren letra Kepa Enbeita “Urretxindorra” bertsolariak jarri zuen XX. lehen herenean. Dirudienez, Dionisio Isasmendi Arrasateko organo jolearen adiskidea zen Resurrección Maria de Azkueren bitartez iritsi zitzaion enkargua muxikarrari. Eta baita hark gustura konposatu ere.

Urretxindorraren bertsoak herri-melodiarekin uztarturik kanta ederra sortu zen, Guridi bera harritzeraino eraman zuena. Gasteizko musikaria Arrasatera 1960ko ekainean etorri zen, Mondragon sortu zeneko zazpigarren mendeurrenaren ekitaldietako batera: Mirentxu operaren emanaldia. Eta herriko musika bandak, Justo Munarrizen zuzendaritzapean, San Juan Martxa jo zuen Guridiren ohorez, herrian ezaguna dugun bertsioan eta ez Guridik “El Caserio” zarzuelan darabilen moduan.
Hona hemen himnoa, Arrasateko eliz-abesbatzak kantatua:



Bada, baina, herrian oraindik ahaztu ez den beste himno bat eta horri ere gunetxo bat eskaini nahi diot lerro hauetan. Gainera, Mertxe Trojaola adiskideak kantatu egin dit abestitxoa, berak bere amandreari entzun zion doinuari jarraikiz. Eskerrik asko, Mertxe. Hauxe da:
Igaz ere Sain Juan, Sain Juan zanetan/aurten ere Sain Juan Bautista./ Jesukristoren lehengusua zan/ Sain Juan, Sain Juan Bautista.
Hau da egia/ da Nagusia/ kontsolatutzeko/ mundu guztia
Ibai guztiak agortu dira/ Arrain gaixoak egarri./ Datorren urtean mutikotxuak/ Nun egingo dute igari.
Hau da egia/ da Nagusia/ kontsolatutzeko/ mundu guztia

Idazkiño hau apaintzen duen argazkia, Julio Galartak Joxe Letonari XX. berrogeietan eskainitako akuarela bat da. Bitez lerro hauek, modu berezian, gure artetik desagertutako bi arrasatear gogoangarri hauentzako keinua.

Azken abestia entzuteko, jo ezazue hona:


Disfrutatu jaiak!!

ekaina 22, 2011

SANJUANETAN ZEZENAK, ARRASATEN




“Sanjuanetako errekortadoreak, entzierroa,… kendu behar dira?” Galdera hori egiten zuen lehengoan Mondraberrik, atarian ditugun jaietako ikuskizunak zalantzan jarriz. Ni ere dudan nago nola erantzun beharko nukeen. Ez dut uste zilegi denik animaliekin jolastea –modu irrigarriz, batzuetan- eta sufrimendu eragitea. Zer nolako krudelkeria mota da gizon-emakumeongan nabarmentzen dena izaki adimengabeenganako?
Baina galdera horiek eta egin genitzakeen besteak alde batera utzita, diodan Arrasateko historian zezenak, herri-jaietako ekitaldi bezala, sarritan azaltzen zaizkigula. Sustraitua dago gure herrian zezenen inguruko jai-zaletasuna eta hori ezin da ezabatu, inondik ere, gure kontzientziatik.
San Juan jaien atarian gaudela, ekarri nahi izan dut hona 1919ko jai egitarauko karteltxo bat, ekainaren 22 eta 24 egunetarako zezen-zekorrak iragartzen zituena. Ez du aparteko berezitasunik, toreatzaile eta ganadutegiei dagokienez. Bakar-bakarrik, bitxia iruditu zait kartelaren zenbait tarte eta konpartitu nahi izan ditut irakurlearekin.
Kartelaren behe aldean irakur daiteke: “El ferrocarril Vascongado pondrá servicios de trenes especiales, a precios reducidos” Trena, Arrasatera urtebete lehenago iritsi arren zen artean inauguratu gabe zegoen, 1919ko irailaren 3an egin baitzen, Eduardo Dato gobernu buruaren presentziarekin.
Bestalde, antolatzaileei –itxura guztien arabera, “Casino Viteri”ko liberalak- honako ohartxo hau ere jartzea egoki iruditu zitzaien: “Estando la plaza situada en el hermoso paseo de Santa Bárbara, rodeada de árboles, no hay asientos de sol. Sin embargo, las localidades de preferencia se distinguirán en que tendrán más amplitud y, por tanto, serán más cómodas
Prezioak, garestienetik –palkoan, 4´45 pezeta- merkeenera –haurrentzat harmailetan, 1´10 pezeta- ziren. Eta oharren artean, antolatzaileen abisuak ere irakur zitezkeen, batzuk irribarrea sortarazten dutenak, ondoko hau bezala: “Toda persona que pretenda entrar en la Plaza con billete falsificado, combinado o de fecha atrasada, será puesta a disposición de la autoridad”
Aitortu behar dut, berrogei urte beranduago –1957 inguru- nik ere pezeta bat ordaindu behar izan nuela, orduko Eskola Profesionalaren ostean jarritako plazan gertatzen ari zena, Auspaltzeko maldetatik begira egoteagatik. Etxe Zuri, Murri eta inguruko baserrietako mutilek ongi aprobetxatu zuten aukera, espektakulua ikustearren bazter haietara hurbildutako nire moduko inozoei “iraultza zerga” kobratzeko.

Lerro hauek apaintzen dituzten beste argazkiak berriagoak dira. Lehenean, “Kiko” eta Sudupek beren mandakoak zuzentzen dituzte, zekor bat ateratzeko, herriko zein tokitan dagoen kokatua igartzen ez dudan plazatik. XX. mendeko bosgarren hamarkadako argazkia da, hori bai.

Sokamuturrekoa bezala. Zezenarekin jolastu nahi dutenen betarteetan ez da beldur izpirik igartzen; zoritxarrez, ez dugu zezenaren aurpegia ikusten: ikaratuta zegoela egingo nuke apustua.

ekaina 13, 2011

GALARTA BARTZELONAKO ARTEDERRETAKO ESKOLAN



Datorren ostiralean, hilaren 17, inauguratuko da Arrasateko Kulturaten Julio Galartaren erakusketa berria. Egilea gure artean ez dagoela burutuko den lehena izango da eta hilabete batez egongo da zabalik “kalistroetan”
Arte-sekretuetarako bere burua jantzi behar zuelakoan konbentzituta, Julio Galartak aurrera pausu garrantzitsua eman zuen XX. mendearen berrogeita hamarretako hamarkadan Bartzelonako San Jorge Artederretako Eskolan 1953an matrikulatu zenean. Bazekien marrazkia landu behar zuela, bere margo irudien kalitatean aurrera joango bazen.
Kataluniako hiriburuan burutu zituen lau ikasturte, Galarta modu profesionalean ari zen Roneo enpresaren baimenarekin.

Bartzelonako egonaldiak sei hilabetekoak izaten ziren eta Galartak berak aitortzen zuen moduan , paisaiari bezala berarengan euskal maisu-pintoreen eragina garbia izan zen arren,katalanena ere ez zeukan baztertzeko.


Galartaren paperen artean atzeman ahal izan ditut 1953-54 ikasturteko ikas-ariketa batzuk. Eta arrasatear pintorearen gaineko ezagutza denoi dagokigula uste dudalako, hona hemen lagintxo bat. Euskal pinturan maisu bihurtuko zen Julio Galartaren ikuspegi berri bat da. Haren gaineko mugapen zehatza egiten lagun dezakeena.

ekaina 10, 2011

LEINTZ BAILARAKO LIBIRI KANTA



Duela gutxi blog honetan idatzi nuen Ricardo Becerro Bengoari buruz, eta berak Aramaion bildutako kanta bat azaldu nuen. Hurrengo idazki baterako geratu zen, kanta horren inguruan Leintz bailaran Juan Carlos Guerra arrasatearrak antzemandakoa. Interesgarria iruditu zait, beraz, ekartzea Guerraren ekarpena, hain zuzen ere Donostiako “Yakintza” aldizkarian, 1936ko maiatza-ekaina zenbakian argitaratua.
Aramaioko kasuan, lehen bertsoak zioen: 
Lobiru, logure/ bai ganadu zaiñe/ Pachicon idiye/ Artue gureñe. 

Guerrak idazten duenez, Aramaioko Rafael Eriz abadeak azaldu zion LIBIRI esaten zitzaiela hamar-hamalau urte arteko mutikoei, hau da, baserrietan behiak goizean goizetik zaintzen zituztenei. Badirudi, egunsentiko lauak aldera ateratzen zituztela behiak bazkatzera eta zortzietarako ostera kortara eraman behar zituzten. Hori dela-eta, logurak jota egoten ziren zelaian eta batzuetan baita lo siku geratu ere.

Guerrak apuntatzen du ondoko estrofa Aretxabaleta ondoko baserri batean ikasi zuela, XIX. azken aurreko hamarkadan jasoa, artean gaztetxoa zelarik:
Libiri, logure/ Bay ganadu-zaña/ Sargarayko soluan/ Artua guzaña. 

Artoa izan beharrean garia bazen sorokoa, zehazkizuna aldatzen zen eta gauza bera, jakina, baserriko izenarekin.

Eta arrasatearrak gogoratzen du, 1935eko azaroan, Santa Zezilia ospakizunarengatik Donostiako Orfeoiak antolatutako ez ohiko kontzertuan, “Libiri ta Labero” izeneko obra bat estreinatu zela, Bizkaiko Kontserbatorioko irakaslea zen Eduardo Gorosarri presbitero eskoriatzarrak konposatua. Eta egun hartako esku-programan irakur zitekeenez, Gorosarrik Eskoriatza inguruko baserrietan jaso zuen: 

Libiri ta labero,/ bay ganadu zaña/ Erkotxeko ganauak/ Artua gura aña./ Non da ganau zaña/ Lo dan ganau zaña. 

Guerrari jarraikiz, “labero” hori jatorrizko “logure” zen, eta zentzu erritmiko hutsa bilakatzean estrofan derrigorrez sartu behar zen “lo dan ganau zaña”, lehen erabiltzen ez zena.
Ez naiz arituko hala zen ala ez aztertzen. Baina gehitu nahi dut, Aramaion ere aldaera edo bertsio hori ezaguna zutela, Guerrak berak azaltzen digunez. Gainera, unai edo behizain arduragabeari eskainitako "lore" zorrotzekin apainduta: 

Erkotxeko ganauak/ Artua gura aña/ Erkotxeko ganauak/ Kaka ganauzaña!

Argazkia: Euskomedia Fundazioa

ekaina 08, 2011

OTXOTEEN ARTEKO LEHIAKETAREN FINALA ARRASATEN, 1967AN



“Herriaren oihua” da Ander Letamendia adiskidearen azken liburua eta bertan Zarautzeko Oleskariak abesbatzaren historia kontatzen digu. Ander abesbatzaren zuzendaria da 1983tik, lantegi horretan Imanol Urbietari hartu ziolarik erreleboa.
Liburu bikaina da, eta Oleskariak taldeak, bere bertsio desberdinetan –otxote, kamera taldea, abesbatza...- izan dituen aldietako zehazkizunak ederto aurkezten dizkigu Anderek. Orrialdeetan barrena eginda, topo egin dut hainbat eta hainbat anekdota ezagunekin, Oleskariak taldearen miresle isila izan bait naiz, gutxi gora behera 1967tik, hain zuzen Arrasateko Gurean abestu zutenetik.
Nire adinekook ongi gogora ditzakegu, garai hartan euskal musika espektroan genuen lehiaren oihartzunak, otxoteen modalitatea zela-eta. Portugaleteko Danok Bat, Aretxabaletako Alkar, Oñatiko Irrintzi, Aramaioko Aramaixo, Añorgako Ertizka, Zarautzeko Oleskariak eta abar luzexka batek gure antzoki eta elizak betetzen zituzten euren ahotsekin.
Ordurako bazebilen Sabin Salaberri aramaixoarra buru belarri sartuta, lehiaketa horietako epai mahaikide gisa, eta inork baino hobeto gogoratzen ditu sasoiko gorabeherak, hirurogeietako hamarkadan Euskal Herriko herri askotara heldu zirenak. Garai haiek ezagutu ez zituztenek ulertzeko zail samar duten arren, diodan Euskal Herriak pairatzen zuen askatasun eza gainditzeko beste ihes-bide bat zirela otxoteen arteko lehiaketak. Sabinek esan ohi duen moduan, zentsuraren aurrera garaiz azaldu behar ziren kantuen testuko “alaitasuna” “askatasuna” bihurtzen zen, azkenik, abeslarien ahoetan.
Arrasateko Gurea Zineman jokatu zen hiru urtez lehiaketa haiek eta 1967koan Oleskariak gertatu zen txapeldun, urtarrilaren 29an, igandez, zine aretoa jendez beteta zegoela, sarrera guztiak agortu zirelarik.
Finalera, Ertizka, Oleskariak, Alkar, Karnaba (Errenterikoa) eta Ondar Beltz heldu ziren. Jaialdia Joxe Mari Iriondo Loiola Irratiko esatariak zuzendu zuen.
Bost otxoteek batera kantatutako Festara piezarekin hasi zen ekitaldia. Eta jarraian, banan-banan ekin zioten epai mahaiak ezarritako lanari. Taldeen lan bikaina osatu zuten publikoaren gozamenerako, eta azkenik Oleskariak atera zen garaile eta bigarrena Ertizka. Oleskariak otxoteko zuzendaria Imanol Urbieta genuen, Gureako eszenatokian bertan ataratako goiko argazkian hirugarrena eskuinetik hasita.

Hemen daukazu, Oleskariak taldeko kideek 1967 urte hartan bertan grabatu zuten diskoko abesti bat.




Argazkiak: "Herriaren Oihua" liburutik

ekaina 03, 2011

BANDERETAKO GERRA ARAMAIOKO UDALETXEAN (1.931)





II Errepublikaren sorrera ekarriko zuten 1931ko apirilaren 12ko udal hauteskundeetan Aramaioko Udaletxean 10 zinegotzi aukeratu ziren. Alderdi bezala EAJ izan zen garaile, bost zinegotzirekin. Emaitzak ezagutu eta hiru egunetara, ordurarteko alkatea Domingo Etxebarriak dei egin zuen apirilaren 15eko udal bilerarako eta EAJko bost hautatuek -Daniel Larrañaga, Eusebio Madina, Meltxor Unzueta, Faustino Bengoa eta Justo Jauregi- Faustino Bengoa Zilaurren izendatu zuten alkategai, harik eta hilaren 19an izango zen osoko bilkura burutu arte.
Apirilaren 19an, beraz, EAJko bost zinegotziez gain, Martin Beitia, Alberto Unda, Valentin Lasaga, Felix Areitio eta Juan Arriolabengoa ere agertu ziren udal aretora. Martin Beitia, hauteskundeetan botorik gehien eskuratu zituenari egokitu zitzaion bilera hartako hasierako lehendakaritza. Eta besterik gabe, ezkutuko bozketa egin ondoren, zinegotzi guztien botoak jaso zituen Faustino Bengoak. Hamarretatik, hamar. Horri alkategaiarenganako konfidantza edukitzea esaten zaio, bai jauna!
Simon Landa idazkariak fede eman zuen, aurrerantzean Aramaioko alkatea Bengoa izango zenaz. Lehen alkateordea, berriz, Eusebio Madina Ibabe hautatu zuten eta bigarrena Justo Jauregi Uribarren. Zinegotzi sindiko edo ordezkari juridiko bezala Martin Beitia Ormaetxea ariko zen aurrerantzean, eta bere ordez Daniel Larrañaga Aristegi. Azkenik, gainerako bost zinegotzien artean eta bakoitzak jasotako botoen arabera, haien maila zehaztu zen, balizko ordezkapenei begira. Bilera hartan ere erabaki zen, udal batzaren bilerak igandeetan burutuko zirela, goizeko 9etan.
Alkatearen izendapenerako udal batzak erakutsitako adostasunak, dena den, ez zuen luze iraun. Apirilaren 26an, hain zuzen, EAJko zinegotziek idazki bat aurkeztu zuten, Udaletxeko balkoian Errepublikako banderarekin batera euskal ikurriña ere jartzea eskatuz. Eskabidea atzera bota zen, eta Errepublikakoa bakarrik edukitzea erabaki zen, “por unanimidad”.
“Unanimidad” hori ezin dut ulertu, bost zinegotzi sinbolo biak egotearen alde zeuden-eta. Deliberamendua akta liburura pasatzean, idazkariaren lapsus calami ote? Haren azpijokoa, agian? Batek daki! Edozein modutan, garbi dago banderetako gerrak ez dituela bere sustraiak oraingo alderdien arteko ezadostasunetan. Duela laurogei urte ere, auzi horretan ari ziren...

Margo lana: Aramaioko Udaletxea (Eguzki Erripa auzoa)