ikastola etiketadun mezuak erakusten. Erakutsi mezu guztiak
ikastola etiketadun mezuak erakusten. Erakutsi mezu guztiak

otsaila 28, 2024

ARRASATEKO KRISTAU EUSKAL ESKOLAK. 1932


Jakina da, 1936ko gerraren aurretik Arrasaten ikastola bat bazela, EAJren bultzadaz eta, geroago euskal eskolaren 1970 inguruko berpizkundean bezala, elizaren babespean. Hastapen latzak izan ziren gerra aurrekoak, Errepublikako erregimenak laguntza luzatu zuela pentsa genezakeen arren. Ez zen horrela gertatu eta 1936ko abertzale euskaltzaleek gorriak ikusi behar izan zituzten eskolaren egitasmoa aurrera eramateko. 


Urte batzuk atzera egin beharko genuke, proiektuaren hastapenak aurkitzeko. Hain zuzen, 1927an Jose Joakin Arin Arrasateko parrokoa abade-etxe baten ideiarekin zebilen eta aurki gauzatuko zen eraikin eder batean, harrez geroztik Abade-Etxe bezala ezagutu duguna. Arinen esanetan, “Apaizetxe bat, parroku ta bere bost apaiz-lagun bakoitzarentzat etxe bizitza bana izango duen etxe aundi bat” Baina orduko erretorearen asmoak zabalagoak ziren: “Apaizetxeak bere beian areto (salón) nagusi andi bat izango du eta bertan “ume euskaldunei kristau-ikasbidea euskeraz” egunero erakusteko bearkuna artuko degu gure gaiñ” Eta Arrasateko apaiz gogoangarri haren hitzak honela amaitzen ziren abade-etxearen inguruan: “Batetik bat ortarako izango da apaiz-etxeko gela nagusia. Baina orretzaz gañera beste gauza askotarako ondo izango da gela nagusi ori” Eta borobiltzen zuen adieraziz, Mateo Mujika gotzainaren baimena bazuela bide hartatik barrena egiteko.

Bost urte emango ziren Arinen aitorpen haietatik euskal eskola martxan ikusi arte. Indarrez ekin zioten Arrasateko euskaltzaleek egitasmoari, eragozpen asko gainditu behar izan baitzituzten. EAJ eta ANV ezik garaiko indar politikoak ez zeuden ikastola haren alde eta abertzaleek zailtasun guztiak eta gehiago aurkitu zituzten bidean. 1933ko apirilean “Guraso bat”ek  izenpeturiko artikulu bat agertu zen Argia aldizkarian eta hartan aurki ditzakegu maldan gorako ibilbide haren gaineko erreferentzia batzuk. 

“Oraintxe urte bete dala ekin gotzan, Españiako lege beltzak ikusi ta, geure Arrasate erri maite ontan kristau eusko ikastolak nola jarri geikien, ta jo alde batera eta jo bestera eta geixen baten itz onak aurkitzen gituen. Españiara begira dauden emengo “moro lealak” ikusten gituen itzakin bakarrik etzabitena, baizik egipenak ta gañera onurik etorriko jakon begiratu barik erriari, bape lotsa barik eta irakasle gorenguak kendu eta Jaungoikoak dakien lekuetako irakasle arrotzak ekarten.

Ori ikustian aberats batzuen itz leunari begira ezin geikien egon eta Batzordeak artu eban asmoa Txaunburu (1)  jaunari bere etxian dauken areto bat eskatutzia, bertan ikastola jartzeko ta olan erriari erakutsi, geuk ikastolak eurak uste zuten lana egiteko etzala. Geure Txaunburu jaun agurgarriak poz pozik emon euskun beren Abade-Etxeko areto aundi bat” 

Abadetxeko ikastola hark 1932ko maiatzaren erdialdera ireki zituen bere ateak, eta hasieratik 70 bat mutikok izan zuten jesarleku aretoan. Mutiko idatzi dut, bai, neskatilarik ez baitzen, garaiko moralaren arauetara egokitua. Bi irakaslerekin ekin bazitzaion ere aurki konturatu ziren hirugarren baten beharraz, haur asko geratzen ari baitzen euskaraz eskolatu gabe. “Guraso bat” ezezagun hark jarraitzen zuen idazten bere artikuluan:

 “Baten batek esango du bere artian: arrasatearrak nola konpontzen ete dira? Gaur arrasatearrak su biren erdian daude, bañan ez uste izan su orietako bat ezkertarra izango danik. Ezkertar sua ez degu zenbatzen, ezker sua gaurko ludi ontan biarrekua ikusten degu, geuk zintzo yokatzeko. Ezker suak geu garbitu egiten gaitu.Tamalgarria da eskumutur su bien erdian bizibidian aurrera urtetzeko yokatu biarra. Erri ontan badira aldutenak ta beren buruak katoliko eta euskaltzale egiten dutenak; baña kristau-eusko ikastolari laguntzeko beti atxekiren bat. Bateko abertzale usaña izango ez duan, ta besteko aurtxuriak bihar edo etzi euren menpian eukiteko eran aziko diran” 

Arrasateko udalean ezkerreko indarrek zuten nagusitasuna, abertzaleak –hiru EAJkoak eta ANVko bat- gutxiengoan zeudela. Ezkerrekoei, jakina, tradizionalisten jokaera ezkorra gehitzen zitzaien euskal eskolei dagokienez. Alkatea Eugenio Resusta errepublika zalea zen. Artikuluak amaitzen zuen adieraziz:

 “Gaur Arrasateko ikastolari euskaltzale txiro ta langille edo lana eginda bizi diren batzuek lagundu diote. Badira bi edo iru jaun euskaltzale laguntza agindurik eta laguntzen dutenak. Batez ere Adan de Yartza´tar Maren eta bere emazte agurgarria” 

Ezaguna den moduan, Mariano Adan de Yarza izan zen herriko batzokia prestatzeko – bere etxeko solairu batean- eta Gurea pilotalekua  eraikitzeko – bere terrenoetan- erraztasun guztiak eman zituena. Arrasateko alkatea izan zen Mariano 1920an.

1932-33 lehen ikasturte haren amaiera eta bigarrenaren hastapena ospatzeko 1933ko uztailaren 15ean – larunbata- jai bat antolatu zen. Goizeko mezaren ostean, ikastolan bertan ikasturte buruko azterketak egin ziren. Eta jarraian sari banaketa. Arratsaldean, berriz, hamabost urtetik beherakoentzako aurreskulari txapelketa eta ezpata dantzari txikien erakusketa. Arratsaldeko egitarauarekin amaitzeko, herriko pilotalekuan ikastolako lau mutilen arteko pilota partidua: Santi Etxebarria eta Jesus Larrañaga; Jose Mari Lasagabaster eta Joseba Iturberen aurka. Ikusten denez, “Zurdo de Mondragón” bazebilen bere iaiotasuna erakusten 14 urterekin. Eguneko ekintzekin bukatuz, gauean Abelino Barriolaren “Lagun txar bat” antzezlana eskaini zen. Hori bai, atseden tartean, Euzko Gaztediren neskatilek euren dantza eta jolas abestiak eskaini zituzten. 

Ikastola haren sostengu ekonomikoaz asko hitz egin liteke, baina apuntetxo bat gehiago ez dut emango. Bigarren ikasturtearen amaieran – 1934ko ekainean- ikastolako umeek eskabide bat egiten zuten komunikabideetan. “Euzkadi” egunkariak bakarrik eman zion toki haurren eskutitzari. Irakur dezagun: 

“Eskola laiko nazionaletan joan dan astean izan ditue azterketak eta sariak. Guk ere ilaren erdialdean izango omen ditugu. Gure irakasle jaunak eurak nai izan arren, ezin izango omen dizkigute Kristau Euskal Eskola ontako eun-da-ogetamar mutikooi beste eskola laiko oietan zabaldu diran besteko saririk eman. Eta benetan naigabea artzen dute. Gure ikastola emengo Eusko Langileak eurak bakarrik ia sostenitzen dute, ta ez du Gotzai jaun maitagarria kendu ezkero, ta beste laguntzailerik” 

Amaitzeko, diodan, eskola haietako irakasleak Juan Mari Zaitegi, Patxi Mendizabal eta Patxi Etxebarria  arrasatearrak izan zirela. Goiko argazkiak lehen ikasleriaren ikuspegi bat ematen digu, eta nagusien artean bi irakasle ezagutu ditut: ezker aldean Juan Mari Zaitegi; eskuin aldean, Patxi Mendizabal. Badira bi apaiz ere; oker ez banago, eskuinekoa Jose Markiegi da, eta ezkerraldekoa Leonardo Guridi liteke.


(1) Erretore
Argazkia: JMVM

ekaina 26, 2019

FRONTOIA ETA IKASTOLA ARRASATEN. 1933



Arrasateko EAJk 1908an ekin zion bere ibilbideari eta 1933an, herriko Euzko Gaztediren bitartez, pilotaleku eta ikastolaren inguruko albisteak sorrarazi zituen. Martxoaren 12an, adibidez, jai handi bat izan zen, eta “Euzkadi” egunkariak albistea eman zuen martxoaren 18an, “Danok-Bat” anonimo batek izenpetutako kronikan: 
Batzokiko dantza taldea, 1933an, Adan de Yarzaren etxean

“Egun gomutagarria igaro zan igandea Arrasateko abertzaliondako Gure ametsak igandean bertan egi biurtzera zijoazala ikustian, alaitzen zuten abertzalien biotzak:  Pelotatoki eta Ikastoletxeko lenengo arria jartzia. Askondako ezin ikusi izango zan arria antxe zegon gure abertzaletasunen oñarri bezela jarrita. Baña arri au jartzeko, zenbat naigabe ez ote dira sortu! Baña esandakoa da, nai izaten dala al izatea, eta laister arri orren magalean sutunik ikusiko degu gure Pelotatoki eta Eusko Ikastola. 

Iragarrita zegon lez goizeko 7etan izan zan Jaupa (1) eta Jaunartzea. Jaupa nagusi ostian izan zan lenengoko arria jartzia jendetza aundi bildurik. An ikusi genduzan Lekeitiotik etorriak Solano jauna beren alaba lirañakin eta baita Adan eta Yartza´tar Maren (nai aña ezin eskertuko deguna Arrasateko abertzaliok) Gipuzko Buru Batzarretik Monzon´dar Telespor lendakaria eta Ugalde´tar Peli batzarrekoa.

Lenengoz gure txaunburu (2) jauna onespendu ondoren, Euzko Gaztediko lendakaria dan Uriarte´tar Josebak irakurri zituen arripean sartu biar ziran izparringi eta iragarkiak. Ondoren ezarri zituzten euren izen abizenak Adan eta Yartza´tar Marenek, Solano jaunak eta bere bi alabak, Monzon´dar Telespor, Ugalde´tar Pelik, Uriarte´tar Josebak, txaunburu Arin´dar Joseba Jokin eta Markiegi´tar Josebak. 
Adan de Yarzaren etxe ostean zeuden frontoia eta ikastola

Bein arripean izparringi, argazki eta iragarkiak, jetsi zuten arria bere lekura eta Monzon´dar Telesporek egin zuen itzaldi labur bat, adieraziaz zer garrantzi zeukan arri orrek Euzkadiren azkatasunerako. Eskatu zigun danon laguntza eta baita txalo bero bat Ugalde´tar Pelirendako, ainbat lan egin duen eta egiten ari dan abertzale zintzo orrendako. Entzun ziran, bai, txaluok! Amaitu zuen esanaz berri txar bat ezan biar zubela: nola "Lizardi´tar Jabier” iltzeko zorian agertzen zan eta eskatu zion txaunburu jaunari Aita gure bat bere aldez; eta gure otoitzak bereganatzeaz eta, azkenik Euzko Ereserkia abeztuaz amaitu zan itxaropeneko goiz au Arrasateko abertzaliendako” 

Ikusi ahal izan dugun bezala, EAJren Arrasateko eragilerik porrokatuenetakoak Peli Ugalde atxabaltarra eta Mariano Adan de Yarza lekeitiarra ziren. Azken hori herriko alkatea izan zen 1920-21 urteetan. Bestalde, esan behar da Jose Maria Agirre, Xabier Lizardi idazlea, 1933ko martxoaren 12an bertan hil zela, lehen harri hura jartzen ari zen bitartean. Segitzen du idazkiak: 

“Arratsaldian itzaldi bikañak: izlariak Monzon´dar Telespor, Trabudua´tar Polixene eta Ruiz de Agirre´tar Julen. Notintza (3) ikaragarria etorri zan inguruetako errietatik. Itzaldiak ederrak, laburtxoak, batez be Trabudua andereñuena, gaxo samar arkitzen zala-edo. Amaitu zan beti bezela Euzko Ereserkiaz. Eta orain Montzon´dar Telesporek esan zuen bezela:

Gora biotzak eta ekin lanari,
danon biarrian arkitzen da-ta,
gure Ama Euzkadi! 

Beraz, egitarauaren barruan Ikastola eta frontoiaren lehen harria jartzea ospatu zuten.  Baina izan al zen jai hura lehen harriaren ospakizuna, ala obrak aurreratuago zeuden? Diot hori, hain zuzen ere, "Euzkadi" egunkarian bertan ekainaren 29an honela irakurtzen zelako: 

“Euzko Gastedijaren ogetaboskarren urtea eta pelota-toki ta ikastolaren zabalketa jayak. Igandez, garila 2.garrena.” 

Egitarau zabal eta joria prestatu zuten Euzko Gaztedikoek urtarrilaren 2rako. Baina irakur dezagun "Euzkadi" egunkariak zekarrena, jaiaren bezperan: 

“Badatorkigu hainbeste itxarotako eguna. Garilaren 2an Euzkadiko bazter gustietatik abertzaleak emen ixango ditugu Euzko Gastediaren 25.karren urtea eta Pelota-Toki eta Ikastolaren zabalgunde jayak ospatutzera. Ogeta bost urte dira abertzale gutxi batzuek zabaldu zutela lenengo Batzokia erri  ontan Ez guaz emen orain azaltzera euren lan ta nekeak lenengoko denbora ayetan. 

Eurari zor diogu 25.karren urteurrenau egitia eta ogeta bost urte ontan abertzaletasunak egin daben gorakada bikaña Arrasaten. Baña oraindik ez gera danak; lan askoren biarra dago horrela izan gaitian, eta orreik (atzok) berotzeko eta ikusi gura ez daben askoi erakusteko nola duan EUZKADI beren azkatasunaren bidean, Arrasaten izan bear zerata al dezuten abertzale gusiok garilaren 2an” 

Eta uztailaren 2an, igandea, egundoko jendetza bildu zen Arrasatera Euskal Herriko hainbat eta hainbat tokitatik. “El Día” egunkariak jasotzen zuen uztailaren 4an: 

“Euzkadiko mendietan entzun dan aberri zantzuari ezin entzun-gor egin zioten Arrasateko abertzale zintzoak: eta ara or non jarri dizkiguten Euzkadi alde ikastola eta pilotatoki bat. Umearen biotza abertzaletasunerako irabazi bear da. Ikusi dute Arrasateko euskaldun zintzoak bear ori: ara or ikastola beren gogoak egiztu egin ditezen… Zer oberik gazteari bere aberria zein dan erakustia baizik? Euskaldun gaztedia guztiz jolaszalea da; ikusi du au ere Arrasateko abertzale alderdiak eta ara or non jarri duten pilotatokia. Guztiz txalogarriak zerate Arrasateko abertzaliok! Bide ortatik laster dezute erri guztia abertzale” 

Artazo (ezk.) eta Zabala
Pilota tokia,”Gurea” bataiatuko zena, Mariano Adan de Yarzaren etxe osteko terrenoetan eraiki zen. Kontuan eduki behar da, adandeyarzatarren etxea  gero urtetan Banco Guipuzcoano izandakoaren eraikina zela, eta bertan ere – sendiak utzitako gela batzuetan- Arrasateko batzokia zegoen. Terreno haietan  ere prestatu zen euskal ikastola. 

Ohiko mezaren ostean ikastola eta frontoiaren bedeinkapena izan zen. Pilota partidu batekin inauguratu zen frontoia. Egitarau ofizialaren arabera, Zabala eta Artazo – Egia eta Mondragonés ziren bikoteak baina arazoak izan ziren lau atleta horiek jolas zezaten eta, azkenik,  Lete eta Uribe – Zabala eta Rezolaren kontra atera ziren eta lehenak izan ziren garaileak.  

Bazkarira ehun eta berrogei lagun eseri ziren
Mondragonés eta Egia
eta Bengoa, Garmendia eta Lorenzo tabernetatik zerbitzatu zen otordua. Bazkal buruetan Joxe Markiegiren zuzendaritzapean Euzko Gaztediko abesbatzak ekitalditxo bat izan zuen. Jarraian herriko plazara joan ziren bazkaltiarrak, mitinera. Kronikek diotenez, ordurako jendez leporaino beteta zegoen plaza; batzuen arabera, zazpi mila entzule ziren. Eta hizlariak Gallastegi (Bizkaia) Gamarra (Araba) Leunda (Gipuzkoa; iragarrita zegoen Monzonen ordez) Irujo (Nafarroa) eta Aldazabal (Bartzelonako Batzokia)
 

Jaia amaitu zen, plazan bertan ezpata dantzariek eskainitako dantzekin eta Batzokiko terrenoetan ilundu bitartean eratutako triki-tixa eta txistu erromeriarekin. Hori bai, gaueko 9 eta erdietan, garai hartan euskal antzokietan gehien estimatutako euskal ikuskizuna eskaini zen. Gau hartan Gernikako Segundo Olaetaren Elai Alai Dantza Taldearen emanaldi ikusgarriaz gozatu zuten ehunka arrasatearrek, goizean bedeinkatutako Gurea pilota tokian. 

Eta 1933ko uztailaren 2ko kronikarekin bukatzeko, dakardan hona “Euzkadi” egunkarian eskoriatzar batek urte hartako abuztuaren 11an zioena: 

“Gipuzkoako zaindaria, Iñaki Deunaren aurreko egunian bira bat egitera atera nitzan txoko batetik arratsian, Arrasaten Euzko Batzoki ederra bere pelota-jolas toki bikaña, nai danian antzoki biurtzen dala, ikastola, bola-toki ta dantza leku alaya ikustera” 

Zer esanik ez, “Gurea” pilotatokia multifuntzionala izan zen, bai gerra aurretik baita geroago ere.  Geroagokoaz gehiago jakiteko:


(1) Meza (2) Erretorea (3) Jendetza
Argazkiak: JMVM