otsaila 28, 2024

ARRASATEKO KRISTAU EUSKAL ESKOLAK. 1932


Jakina da, 1936ko gerraren aurretik Arrasaten ikastola bat bazela, EAJren bultzadaz eta, geroago euskal eskolaren 1970 inguruko berpizkundean bezala, elizaren babespean. Hastapen latzak izan ziren gerra aurrekoak, Errepublikako erregimenak laguntza luzatu zuela pentsa genezakeen arren. Ez zen horrela gertatu eta 1936ko abertzale euskaltzaleek gorriak ikusi behar izan zituzten eskolaren egitasmoa aurrera eramateko. 


Urte batzuk atzera egin beharko genuke, proiektuaren hastapenak aurkitzeko. Hain zuzen, 1927an Jose Joakin Arin Arrasateko parrokoa abade-etxe baten ideiarekin zebilen eta aurki gauzatuko zen eraikin eder batean, harrez geroztik Abade-Etxe bezala ezagutu duguna. Arinen esanetan, “Apaizetxe bat, parroku ta bere bost apaiz-lagun bakoitzarentzat etxe bizitza bana izango duen etxe aundi bat” Baina orduko erretorearen asmoak zabalagoak ziren: “Apaizetxeak bere beian areto (salón) nagusi andi bat izango du eta bertan “ume euskaldunei kristau-ikasbidea euskeraz” egunero erakusteko bearkuna artuko degu gure gaiñ” Eta Arrasateko apaiz gogoangarri haren hitzak honela amaitzen ziren abade-etxearen inguruan: “Batetik bat ortarako izango da apaiz-etxeko gela nagusia. Baina orretzaz gañera beste gauza askotarako ondo izango da gela nagusi ori” Eta borobiltzen zuen adieraziz, Mateo Mujika gotzainaren baimena bazuela bide hartatik barrena egiteko.

Bost urte emango ziren Arinen aitorpen haietatik euskal eskola martxan ikusi arte. Indarrez ekin zioten Arrasateko euskaltzaleek egitasmoari, eragozpen asko gainditu behar izan baitzituzten. EAJ eta ANV ezik garaiko indar politikoak ez zeuden ikastola haren alde eta abertzaleek zailtasun guztiak eta gehiago aurkitu zituzten bidean. 1933ko apirilean “Guraso bat”ek  izenpeturiko artikulu bat agertu zen Argia aldizkarian eta hartan aurki ditzakegu maldan gorako ibilbide haren gaineko erreferentzia batzuk. 

“Oraintxe urte bete dala ekin gotzan, Españiako lege beltzak ikusi ta, geure Arrasate erri maite ontan kristau eusko ikastolak nola jarri geikien, ta jo alde batera eta jo bestera eta geixen baten itz onak aurkitzen gituen. Españiara begira dauden emengo “moro lealak” ikusten gituen itzakin bakarrik etzabitena, baizik egipenak ta gañera onurik etorriko jakon begiratu barik erriari, bape lotsa barik eta irakasle gorenguak kendu eta Jaungoikoak dakien lekuetako irakasle arrotzak ekarten.

Ori ikustian aberats batzuen itz leunari begira ezin geikien egon eta Batzordeak artu eban asmoa Txaunburu (1)  jaunari bere etxian dauken areto bat eskatutzia, bertan ikastola jartzeko ta olan erriari erakutsi, geuk ikastolak eurak uste zuten lana egiteko etzala. Geure Txaunburu jaun agurgarriak poz pozik emon euskun beren Abade-Etxeko areto aundi bat” 

Abadetxeko ikastola hark 1932ko maiatzaren erdialdera ireki zituen bere ateak, eta hasieratik 70 bat mutikok izan zuten jesarleku aretoan. Mutiko idatzi dut, bai, neskatilarik ez baitzen, garaiko moralaren arauetara egokitua. Bi irakaslerekin ekin bazitzaion ere aurki konturatu ziren hirugarren baten beharraz, haur asko geratzen ari baitzen euskaraz eskolatu gabe. “Guraso bat” ezezagun hark jarraitzen zuen idazten bere artikuluan:

 “Baten batek esango du bere artian: arrasatearrak nola konpontzen ete dira? Gaur arrasatearrak su biren erdian daude, bañan ez uste izan su orietako bat ezkertarra izango danik. Ezkertar sua ez degu zenbatzen, ezker sua gaurko ludi ontan biarrekua ikusten degu, geuk zintzo yokatzeko. Ezker suak geu garbitu egiten gaitu.Tamalgarria da eskumutur su bien erdian bizibidian aurrera urtetzeko yokatu biarra. Erri ontan badira aldutenak ta beren buruak katoliko eta euskaltzale egiten dutenak; baña kristau-eusko ikastolari laguntzeko beti atxekiren bat. Bateko abertzale usaña izango ez duan, ta besteko aurtxuriak bihar edo etzi euren menpian eukiteko eran aziko diran” 

Arrasateko udalean ezkerreko indarrek zuten nagusitasuna, abertzaleak –hiru EAJkoak eta ANVko bat- gutxiengoan zeudela. Ezkerrekoei, jakina, tradizionalisten jokaera ezkorra gehitzen zitzaien euskal eskolei dagokienez. Alkatea Eugenio Resusta errepublika zalea zen. Artikuluak amaitzen zuen adieraziz:

 “Gaur Arrasateko ikastolari euskaltzale txiro ta langille edo lana eginda bizi diren batzuek lagundu diote. Badira bi edo iru jaun euskaltzale laguntza agindurik eta laguntzen dutenak. Batez ere Adan de Yartza´tar Maren eta bere emazte agurgarria” 

Ezaguna den moduan, Mariano Adan de Yarza izan zen herriko batzokia prestatzeko – bere etxeko solairu batean- eta Gurea pilotalekua  eraikitzeko – bere terrenoetan- erraztasun guztiak eman zituena. Arrasateko alkatea izan zen Mariano 1920an.

1932-33 lehen ikasturte haren amaiera eta bigarrenaren hastapena ospatzeko 1933ko uztailaren 15ean – larunbata- jai bat antolatu zen. Goizeko mezaren ostean, ikastolan bertan ikasturte buruko azterketak egin ziren. Eta jarraian sari banaketa. Arratsaldean, berriz, hamabost urtetik beherakoentzako aurreskulari txapelketa eta ezpata dantzari txikien erakusketa. Arratsaldeko egitarauarekin amaitzeko, herriko pilotalekuan ikastolako lau mutilen arteko pilota partidua: Santi Etxebarria eta Jesus Larrañaga; Jose Mari Lasagabaster eta Joseba Iturberen aurka. Ikusten denez, “Zurdo de Mondragón” bazebilen bere iaiotasuna erakusten 14 urterekin. Eguneko ekintzekin bukatuz, gauean Abelino Barriolaren “Lagun txar bat” antzezlana eskaini zen. Hori bai, atseden tartean, Euzko Gaztediren neskatilek euren dantza eta jolas abestiak eskaini zituzten. 

Ikastola haren sostengu ekonomikoaz asko hitz egin liteke, baina apuntetxo bat gehiago ez dut emango. Bigarren ikasturtearen amaieran – 1934ko ekainean- ikastolako umeek eskabide bat egiten zuten komunikabideetan. “Euzkadi” egunkariak bakarrik eman zion toki haurren eskutitzari. Irakur dezagun: 

“Eskola laiko nazionaletan joan dan astean izan ditue azterketak eta sariak. Guk ere ilaren erdialdean izango omen ditugu. Gure irakasle jaunak eurak nai izan arren, ezin izango omen dizkigute Kristau Euskal Eskola ontako eun-da-ogetamar mutikooi beste eskola laiko oietan zabaldu diran besteko saririk eman. Eta benetan naigabea artzen dute. Gure ikastola emengo Eusko Langileak eurak bakarrik ia sostenitzen dute, ta ez du Gotzai jaun maitagarria kendu ezkero, ta beste laguntzailerik” 

Amaitzeko, diodan, eskola haietako irakasleak Juan Mari Zaitegi, Patxi Mendizabal eta Patxi Etxebarria  arrasatearrak izan zirela. Goiko argazkiak lehen ikasleriaren ikuspegi bat ematen digu, eta nagusien artean bi irakasle ezagutu ditut: ezker aldean Juan Mari Zaitegi; eskuin aldean, Patxi Mendizabal. Badira bi apaiz ere; oker ez banago, eskuinekoa Jose Markiegi da, eta ezkerraldekoa Leonardo Guridi liteke.


(1) Erretore
Argazkia: JMVM

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina