Jakina da, 1936ko
gerraren aurretik Arrasaten ikastola bat bazela, EAJren bultzadaz eta, geroago
euskal eskolaren 1970 inguruko berpizkundean bezala, elizaren babespean.
Hastapen latzak izan ziren gerra aurrekoak, Errepublikako erregimenak laguntza
luzatu zuela pentsa genezakeen arren. Ez zen horrela gertatu eta 1936ko
abertzale euskaltzaleek gorriak ikusi behar izan zituzten eskolaren egitasmoa
aurrera eramateko.
Urte batzuk
atzera egin beharko genuke, proiektuaren hastapenak aurkitzeko. Hain zuzen,
1927an Jose Joakin Arin Arrasateko parrokoa abade-etxe baten ideiarekin zebilen
eta aurki gauzatuko zen eraikin eder batean, harrez geroztik Abade-Etxe bezala
ezagutu duguna. Arinen esanetan, “Apaizetxe
bat, parroku ta bere bost apaiz-lagun bakoitzarentzat etxe bizitza bana izango
duen etxe aundi bat” Baina orduko erretorearen asmoak zabalagoak ziren: “Apaizetxeak bere beian areto (salón) nagusi
andi bat izango du eta bertan “ume euskaldunei kristau-ikasbidea euskeraz”
egunero erakusteko bearkuna artuko degu gure gaiñ” Eta Arrasateko apaiz
gogoangarri haren hitzak honela amaitzen ziren abade-etxearen inguruan: “Batetik bat ortarako izango da apaiz-etxeko
gela nagusia. Baina orretzaz gañera beste gauza askotarako ondo izango da gela
nagusi ori” Eta borobiltzen zuen adieraziz, Mateo Mujika gotzainaren
baimena bazuela bide hartatik barrena egiteko.
Bost urte emango
ziren Arinen aitorpen haietatik euskal eskola martxan ikusi arte. Indarrez ekin
zioten Arrasateko euskaltzaleek egitasmoari, eragozpen asko gainditu behar izan
baitzituzten. EAJ eta ANV ezik garaiko indar politikoak ez zeuden ikastola
haren alde eta abertzaleek zailtasun guztiak eta gehiago aurkitu zituzten
bidean. 1933ko apirilean “Guraso bat”ek izenpeturiko artikulu bat agertu zen Argia
aldizkarian eta hartan aurki ditzakegu maldan gorako ibilbide haren gaineko
erreferentzia batzuk.
“Oraintxe urte bete dala ekin gotzan, Españiako
lege beltzak ikusi ta, geure Arrasate erri maite ontan kristau eusko ikastolak
nola jarri geikien, ta jo alde batera eta jo bestera eta geixen baten itz onak
aurkitzen gituen. Españiara begira dauden emengo “moro lealak” ikusten gituen
itzakin bakarrik etzabitena, baizik egipenak ta gañera onurik etorriko jakon
begiratu barik erriari, bape lotsa barik eta irakasle gorenguak kendu eta
Jaungoikoak dakien lekuetako irakasle arrotzak ekarten.
Ori ikustian aberats batzuen itz leunari begira
ezin geikien egon eta Batzordeak artu eban asmoa Txaunburu (1) jaunari bere etxian dauken areto bat eskatutzia,
bertan ikastola jartzeko ta olan erriari erakutsi, geuk ikastolak eurak uste
zuten lana egiteko etzala. Geure Txaunburu jaun agurgarriak poz pozik emon
euskun beren Abade-Etxeko areto aundi bat”
Abadetxeko
ikastola hark 1932ko maiatzaren erdialdera ireki zituen bere ateak, eta
hasieratik 70 bat mutikok izan zuten jesarleku aretoan. Mutiko idatzi dut, bai,
neskatilarik ez baitzen, garaiko moralaren arauetara egokitua. Bi irakaslerekin
ekin bazitzaion ere aurki konturatu ziren hirugarren baten beharraz, haur asko
geratzen ari baitzen euskaraz eskolatu gabe. “Guraso bat” ezezagun hark
jarraitzen zuen idazten bere artikuluan:
“Baten batek esango du bere artian: arrasatearrak
nola konpontzen ete dira? Gaur arrasatearrak su biren erdian daude, bañan ez
uste izan su orietako bat ezkertarra izango danik. Ezkertar sua ez degu
zenbatzen, ezker sua gaurko ludi ontan biarrekua ikusten degu, geuk zintzo
yokatzeko. Ezker suak geu garbitu egiten gaitu.Tamalgarria da eskumutur su bien
erdian bizibidian aurrera urtetzeko yokatu biarra. Erri ontan badira aldutenak
ta beren buruak katoliko eta euskaltzale egiten dutenak; baña kristau-eusko
ikastolari laguntzeko beti atxekiren bat. Bateko abertzale usaña izango ez
duan, ta besteko aurtxuriak bihar edo etzi euren menpian eukiteko eran aziko
diran”
Arrasateko
udalean ezkerreko indarrek zuten nagusitasuna, abertzaleak –hiru EAJkoak eta
ANVko bat- gutxiengoan zeudela. Ezkerrekoei, jakina, tradizionalisten jokaera
ezkorra gehitzen zitzaien euskal eskolei dagokienez. Alkatea Eugenio Resusta
errepublika zalea zen. Artikuluak amaitzen zuen adieraziz:
“Gaur Arrasateko ikastolari euskaltzale txiro ta
langille edo lana eginda bizi diren batzuek lagundu diote. Badira bi edo iru
jaun euskaltzale laguntza agindurik eta laguntzen dutenak. Batez ere Adan de
Yartza´tar Maren eta bere emazte agurgarria”
Ezaguna den
moduan, Mariano Adan de Yarza izan zen herriko batzokia prestatzeko – bere etxeko
solairu batean- eta Gurea pilotalekua eraikitzeko – bere terrenoetan- erraztasun
guztiak eman zituena. Arrasateko alkatea izan zen Mariano 1920an.
1932-33 lehen
ikasturte haren amaiera eta bigarrenaren hastapena ospatzeko 1933ko uztailaren
15ean – larunbata- jai bat antolatu zen. Goizeko mezaren ostean, ikastolan
bertan ikasturte buruko azterketak egin ziren. Eta jarraian sari banaketa.
Arratsaldean, berriz, hamabost urtetik beherakoentzako aurreskulari txapelketa eta
ezpata dantzari txikien erakusketa. Arratsaldeko egitarauarekin amaitzeko, herriko
pilotalekuan ikastolako lau mutilen arteko pilota partidua: Santi Etxebarria
eta Jesus Larrañaga; Jose Mari Lasagabaster eta Joseba Iturberen aurka. Ikusten
denez, “Zurdo de Mondragón” bazebilen bere iaiotasuna erakusten 14 urterekin.
Eguneko ekintzekin bukatuz, gauean Abelino Barriolaren “Lagun txar bat”
antzezlana eskaini zen. Hori bai, atseden tartean, Euzko Gaztediren neskatilek
euren dantza eta jolas abestiak eskaini zituzten.
Ikastola haren
sostengu ekonomikoaz asko hitz egin liteke, baina apuntetxo bat gehiago ez dut
emango. Bigarren ikasturtearen amaieran – 1934ko ekainean- ikastolako umeek
eskabide bat egiten zuten komunikabideetan. “Euzkadi” egunkariak bakarrik eman
zion toki haurren eskutitzari. Irakur dezagun:
“Eskola laiko nazionaletan joan dan astean izan ditue
azterketak eta sariak. Guk ere ilaren erdialdean izango omen ditugu. Gure
irakasle jaunak eurak nai izan arren, ezin izango omen dizkigute Kristau Euskal
Eskola ontako eun-da-ogetamar mutikooi beste eskola laiko oietan zabaldu diran
besteko saririk eman. Eta benetan naigabea artzen dute. Gure ikastola emengo
Eusko Langileak eurak bakarrik ia sostenitzen dute, ta ez du Gotzai jaun
maitagarria kendu ezkero, ta beste laguntzailerik”
Amaitzeko,
diodan, eskola haietako irakasleak Juan Mari Zaitegi, Patxi Mendizabal eta Patxi
Etxebarria arrasatearrak izan zirela. Goiko argazkiak lehen ikasleriaren ikuspegi bat ematen digu, eta nagusien artean bi irakasle ezagutu ditut: ezker aldean Juan Mari Zaitegi; eskuin aldean, Patxi Mendizabal. Badira bi apaiz ere; oker ez banago, eskuinekoa Jose Markiegi da, eta ezkerraldekoa Leonardo Guridi liteke.
(1) Erretore
Argazkia: JMVM
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina