1990 etiketadun mezuak erakusten. Erakutsi mezu guztiak
1990 etiketadun mezuak erakusten. Erakutsi mezu guztiak

abendua 28, 2022

EMAKUME AUSARTAK ARRASATEN XVI. MENDEAN


Garai guztietan dira emakume ausartak izan, gizonezkoen botere eta bortizkeriari aurre egin diotenak. Kasu gehienetan anonimatoan geratu diren protagonistak ditugu eta ikerketa historikoak bakarrik azalarazten ditu. Horietako batean oinarrituko naiz gaurko istorioa kontatzeko. XVI. menderainoko saltoa egingo dugu eta ariketa horretan Luis Murugarren Zamora irakasleak (1925-1997) lagunduko digu.  Arrasateko eliz-artxiboak arakatu zituen Murugarrenek 1990ean, bataio erregistroak zehazki, eta herriko ama ezkongeen gaineko ikerketa polita publikatu zuen, Real Sociedad Bascongada del Paiseko Boletinean, 1995ean.


 
Dakigun moduan Trentoko Kontzilioak 1563an jarri zituen baldintzak bataio-agiriak sendiaren datuak eta beste zehazkizun identifikagarriekin betetzeko.  Eta egia da, Trentoko erabaki hark laguntza izugarria ekarri diola historiari data eta familia-kontuetan. Horregatik egiten ditugu zuhaitz genealogikoak eta horregatik ere bilbatzen dira sendi istorioak, gizarte komunitatearen nondik norakoari argibidea emanez. Erregistro horri esker ere dakigu zein nolako bazterketa pairatu zuen emakumeak, ezkondu gabe haurdun geratzen bazen. 

Bada izen adierazgarri bat XVI.eko Arrasateko agirietan: Madalena. Ehuneko altu batean izen horrekin bataiatzen ziren neskak aita ezezagunekoak ziren. Eta izena zetorkien, eskuarki, herriko Magdalenako ospitalera entregatzen zirelako, batez ere ama ere zein zen inork ez zekielako, edo ama ezaguna arren umeaz arduratzerik ez zuelako. Baina goazen Murugarrenekin. Ikerlariak dioenez, Pedro Sancta Maria abadeari gertatu zitzaion, 1577 inguruan: 

“Baptizé a Joan, hijo de María, soltera; estando en peligro de muerte, dixo al tiempo que recebía los Sanctos Sacramentos, que el padre de dicho su hijo Joan, era Miguel (1), casado, vecino de esta villa, y a ruego de la dicha María lo firmé” 

Begiratu dut bataio-erregistroetan eta 1576-1585 tartean Juan izenarekin semea bataiatu zuten Maria deiturako zenbait ama ezkonge agertzen dira. Baina inportanteena da orduantxe eman zela inflexio puntua eta handik aurrera ama ezkongeek seme edo alaba bataiatzera aurkezten zutenean aitaren izen-abizena publiko egiten zuten. Eta esaten du Murugarrenek bere ikerketa lanean: 

“La primera fue Magdalena de Çilaurren, quien afirmó ser el padre Martín de Estafe, herrador, a quien se le debió de helar la fragua, por lo atrevido de la suya” 

Pedro de Sancta Mariaren agiri bat, 1584koa
Begiratu dut erregistroan eta halaxe da, 1583ko martxoaren 7an Catarina Çilaurren (Estafe) bataiatu baitzuten, eta neskatilak lehen abizena amarena eraman bazuen ere aitaren erreferentzia garbi geratu zen agirian. Magdalena ama ausarta ezkondu egin zen urte batzuk geroago, Anton Yraegirekin. Eta handik aurrera, behintzat XVI. mendean, Arrasateko ama ezkonge gehienek salaketa jartzen zuten bataio agirian. Murugarrenek salaketa horren testigantza ematen du, aita arduragabeen zerrenda eskainiz:

 

“Juan Gonzalez, viudo(1583) Pedro de Arguinçones, entallador (1583) Tomas de Yturriaga, casado y bilbaíno (1585) Miguel de Aroca, viudo (1586) Miguel de Jauregui, soltero, a éste le delató la gente (1586) Mateo de Uribarri, alias “Durango” maestro (1587) Bartolomé de Bazterra, casado (1588) El cirujano Gregorio de Urrutia, que tuvo dos hijos, uno de Magdalena y otro de Antonia, a quienes puso el mismo nombre de Martín, quizá para disimular (1590) Juan de Lariz, pero con quien luego se casó (1592) Juan Bautista de Oquendo, soltero (1593) Esteban Ochoa de Oro, capitán de infantería y viudo (1594) Nicolas de Osinaga, que iba para cura “ordenado de menores” (1596) Juan  de Sancta María, soltero, escribano y “sobrino del párroco”, quien además tuvo una parejita, pero de dos madres, y en un mes (1596) Martin Lopez de Çuloeta (1597) Pedro de Acha (1599) Lorenzo de Gomixtiano, soltero (1600) y Tomás de Sancta María, viudo (1600)” 

Murugarrenek eskaini ez zuena da emakume ausart haien izenak. Bataio-agirietan murgildu naiz eta hona hemen. Anonimoak, baina izen abizenekin: Maria Oquendo, Ana Urduña, Antona Vizcaya, Magdalena Olabee, Anna Luçuriaga, Magdalena Araiçtegui, Maria Loo, Catarina Arana, Maria Gonediatua, Catarina Araiçtegui,  Maria Perez Erresusta, Ana Vergara, Ysabela Arangutia, Maria Perez Arçamendi, Ana Oquendo, Maria Olalquiaga, Marianton Uribarri, Maria Cataide, Ana Amarita, Magdalena Yarçaa…
 
       (1)    Murugarrenek ez zuen abizena jarri nahi izan.

          Argazkiak: JMVM

azaroa 11, 2015

MARKIEGI JOSTUNDEGIA: 75 URTE. BIDEOA



Jose Markiegi, 1990ean

Gaur beste efemeride bat ekarri nahi dut txoko honetara; hain zuzen ere, Markiegi jostundegiaren 75. urtemuga ospatzen ari da aurten eta aitzakia aprobetxatuz Jose Markiegiren irudia berreskuratu dut nire artxibotik. Idazkiño honen amaieran, Joserekin eta modako  beste hiru profesional arrasatearrekin Arrasate Telebistan 1990ean grabatu nuen saioa ipini dut ikusgai. 

Arrasatera iritsi berria
Gatozen, lehenik, Jose Markiegi gogoratzera. Angiozarren jaio zen 1913ko irailaren 16an. Eta Arrasaten hil zen 1991ko ekainaren 12an. Arrasatera ezkondu zen Dolores Areitiourtenarekin eta bikotearen Jorge semea da negozioarekin segitzen duena.
 
Angiozarretik Eibarrera aldatu zen Joseren ama  - maistra zena- lan toki berria armagintzako hirian eskuratu zuenean, eta berarekin sendi osoa joan zen. Baina 1940an Arrasatera iritsi zen Jose, jostun ofizioari aukera hobeak aurkituko zizkiolakoan. Eta horrela gertatu zen, 2015ean hirurogeita hamabost urte betetzen baititu Markiegi Jostundegiak, lehen establezimendua ireki zuen kale berdinean. 

Bere lehen laguntzaileekin
Orduko Toribio Agirre kalean ireki zuen lehen denda, egun Eslu ileapaindegia den tokian. Hantxe hasi ziren berarekin Maritxu Juldain eta Carmen Abarrategi “Ibarreta”. Oraingo tokira 1945ean aldatu zuen jostundegia eta Juan Jose Estevez gehitu zen langileen zerrendara. 

1965 inguruan
Goian adierazi dudan bezala, 1990ean “Zenbat buru hainbat aburu” telesaioa aurkezten nuen ATB katean, eta arrasatearrek janzteko zuten ohitura eta jokaerari eskaini nion atal bat. Jose eraman nuen estudiora, eta berarekin batera herriko beste hiru profesional: Marilu Lasagabaster, Espe Arregi eta Miren Agiriano.

 Jose Ramon semea eta saltzaile-bidaiari batekin, 1955ean
Lau jostunak izan nituen gonbidatuak, 1990eko maiatzaren 23an, eta hogeita bost urteren ondoren beraiei entzunda badirudi modak aldatu egin direla, baina funtsean – esango nuke- pertsona estiloek antzerakoak izaten jarraitzen dute. Nire iritzia da, jakina.
                Ikus bideoa: 

 

Argazkiak: Jorge Markiegi, JMVM