 |
| Margarita Arenaza "Mondragonesa" |
Ikusi genuen aurreko batean
Juanita “Olga” Arenaza Velascoren raketa munduko nondik norakoa eta oraingoan
haren ahizpa Margaritari dagokio, berau ere lehen lerroko jokalaria izan
baitzen, penintsula eta Ameriketako frontoietan. Margarita – frontoietan “Mondragonesa”- kantxetatik erretiratu ondoren Fuengirolan
bizi da, eta berarekin hitz egin ahal izan dut.
Gure protagonistaren kirol
ibilbidea modu desberdinean egosi zen ahizparenarekin alderatuta. Margarita
Arenaza Velasko Arrasaten jaio zen 1925eko azaroaren 3an. Eta beste bi ahizpa
eta Bergarako izeba eta lehengusinekin erbesteratze aldi bat pairatu ondoren,
Arrasatera itzuli zen 1939an.
Txikitatik izan zuen raketarako zaletasuna, bere
lehengusina Justi eta Mirenek utzitakoekin jolastu baitzuen maiz Zaldibarko
frontoian. Juanita ahizpak eskuzko modalitatea nahiago bazuen ere Margaritak
raketari heldu zion lehen unetik eta hamalau urtetarako ondo erabiltzen zuen
erreminta.
“Etxe aurreko Zaldibarko frontoian jolasten nuen oso
goiz – gero fabrikan lanean ari ziren mutilak zetozelako- eta Arrasateko
“baraterua” genuen “Chiquito de Cestona”ren Maria Elustondo alabarekin egiten
nuen bikotea. Debara hasi ginen joaten entrenatzera, han trinkete egokia
baitzuten
 |
| Margarita, lehena ezkerretik |
eta Eibarko raketistak ere bertaratzen ziren. Haien artean banaka
batzuk oso onak zirenak. Gu biokin “Txato Columnas”eko alaba ere etortzen zen.
Beraz, hiru ginen arrasatearrak. “Chiquito de Cestona”k pilotak prestatzen
zizkigun eta raketak Mutrikuko Balendin Zumalabek. Ez ziren oso raketa onak eta
kolpeen eraginez aurki bihurtzen ziren. Berriro zuzentzeko, prentsa gisako
xafla batzuk erabiltzen genituen”
Garai hartatik oso harreman ona
izan zuen Margaritak, gero pilotari ospetsuak bihurtuko ziren herriko
pilotariekin: Arriaran anaiak, Zurdo Mondragón, Bolinaga…
Deban entrenatzen ari
zela, Bartzelonako “Sol y Sombra” frontoirako eskaintza bat izan zuen 1941ean. Birritan
pentsatu gabe hara joan zen, Mari Elustondorekin. Margaritak gogoratzen ditu,
Bartzelonarako Arrasatetik atera zireneko “Chiquito de Cestona”ren hitzak: “Zuk
karrera egingo duzu, baina nire alabak ez” Eta Arrasateko “barateruak” asmatu
egin zuen..
“Bartzelonako frontoian Mondragonesa izenordearekin
aritu nintzen. Txapelketa bat irabazi nuen frontoi hartan eta 750 pezeta
ordaintzen zidaten. Kopuru polita zen baina gastu handiak genituen. Justi “La
Vasquita” lehengusina nuen orduko erreferentea Bartzelonan. Bere amarekin bizi
zen eta
 |
| Margarita, bigarrena ezkerretik |
sarritan joaten nintzaien etxera, bazkaltzera. Justi garai hartan oso
ona zen eta penintsulako frontoietatik mugitzen zuten enpresek. Hegazkinez
joaten zen noizean behin Bartzelonatik Sevillara, hango frontoian jokatzera.
Urtebete bakarrik eman nuen “Sol y Sombra” frontoian, gaixotu egin bainintzen,
eta Arrasatera itzuli nintzen. Urtebete inguru gurasoekin egon ondoren,
Madrilera aldatu nintzen, raketarekin segitzeko asmoarekin. Eta egoitzaz ez
ezik kirol izena ere aldatu behar izan nuen: aurrerantzean, karteletarako luzeegia
zelakoan “Mondragonesa” desagerrarazi zidaten eta Margarita bezala aritu
nintzen”
Madrileko “Madrid” frontoian
ihardun zuen 1943tik. Ildefonso Anabitarte enpresariaren zuzendaritzapean
egundoko mugimendua ematen ari zen rakestisten inguruan. Ordurako Madrilen
Juanita ahizpa ari zen frontoi berdinean eta partidu batzuetan elkarrekin jarri
zituen enpresak. Nolanahi ere, aurki Margarita ezkondu egin zen eta pilotako
profesionala izateari utzi zion … Baina frontoiaren dei indartsuari ezin
gorrarena egin eta handik zenbait urtetara kantxara itzuli zen, ibilbide berri
hartan “Txiki Jai” frontoira. Eta han ibili zen, 1953ra arte.
Bere karreraren bigarren
aldian, Margarita goi mailako profesionala bilakatu zen eta partidu historikoak
jokatu zituen. Modu berezian gogoratzen du Eskoriatzako Mirentxuren kontrakoa,
zeinean 14-29 galtzen egotetik 30-29 irabaztera igaro zen. Margaritak hamasei
sake egin zituen jarraian! Frontoian izan zen iskanbila!
 |
| Margarita, 1950ean |
“Mexikoko Moises Cosio enpresaria etorri zen
Madrilera 1953an eta bi urteko kontratua egin zidan “Colon” frontoian jokatzeko.
Kontratua amaituta, Madrilen hiru alaba nituenez gero, penintsulara itzultzea
erabaki nuen eta pilota ahazten saiatu nintzen ... Baina, Juanita ahizpak
abisatu zidan nirekin kontatzen zutela proiektu berri batean eta Mexikorako
bidea hartu nuen berriro 1956an. Eta Metropolitano frontoian jokatu nuen, hura
1974an itxi arte. Nire sasoirik onena izan zelakoan nago, bai jokoari
dagokionez baita satisfakzio pertsonalei buruz ere. Hirurogei pilotari ginen
eta partiduak goiz, arratsalde eta gauez programatzen zirenez gero batzuetan bi
partidu jokatu behar izan nituen egun bakarrean. Juanita ahizparekin ere aritu
nintzen, inoiz edo inoiz”
Raketisten munduak legenda asko
sorrarazi ditu. Emakumeak gizonezkoen ohiko kirol mota batean aritzeak zer esan
ugari eman zituen.“La Gaceta social de México” aldizkariak, 1968ko irailean
honela idazten zuen:
 |
| Mexikoko frontoian, omenaldi batean |
“El frontón con pelota dura es un juego apasionante,
precioso. El hecho de que las profesionales sean mujeres no quiere decir que
este deporte sea suave ni mucho menos, ya que requiere de mucha fuerza e
incluso, en ocasiones, de rudeza, no exenta de peligro. Pero la figura de la
mujer dentro de la cancha resulta siempre estética, agradable, graciosa. Ahora
bien, las pelotaris no son unas deportistas cualquiera; su profesión las obliga
a enfrentarse a un público susceptible, a veces inconmovible, que por otro lado
resulta buen conocedor, y por lo mismo exigente. Sólo que cuando entra de por
medio el dinero – las apuestas- cualquier visión objetiva es difícil de
mantenerse. Lo que queremos decir es que resulta muy duro enfrentarse a un
público semejante, que en ocasiones grita insultos y tiene el mal gusto de
demostrar su desagrado arrojando monedas a la cancha. Y eso, amigos, no es fácil
de sufrir. Se necesitan muchas agallas, mucha entereza y serenidad, y sobre
todo mucha afición y profesionalismo para salir tarde con tarde a jugar y a
enfrentarse con lo que venga. Se supone que existen representantes de la
autoridad para
 |
| Mexikoko raketistak, txango batean. Margarita eserita eskuinean |
velar porque el espectáculo se desenvuelva sin incidentes, pero
en ocasiones “los azulitos” son poca cosa para enfrentarse a señorones de
influencias o a simples apostadores con aires de gangsters” (1)
Bada, bai. Mexiko D.F
hiriburuko frontoietan, giroa ez zen goxoena. kirolari haientzat. Baina
profesionalak genituen eta kantxa zeukaten lantegia. Emakume indartsuak ziren,
alde fisiko eta animikoan. Margaritaren kasuan, gainera, maiteminduta zegoen
bere profesioarekin.
 |
| Juanita eta Margarita ahizpak, Mexikon |
“Nire ahizpa Juanitari “La brazos de hierro”
esaten zion Mexikoko prentsak. Niri buruz, “La pantaletas mil colores” idatzi
zuten inoiz. Edozein modutan, guk frontoian eman genuen dena eta oso harro
nago. Horregatik diot, berriz ere munduratuko banintz, raketista izango
nintzatekeela. Pilotak bizitza desberdin bat eskaini zidan eta pilota maite
dut.
 |
| José José abeslariarekin |
Raketistak desagertu egin ziren
frontoietatik. Modalitate honen ibilaldia ez zen oso luzea izan. 1916an sortu
eta 1980 inguruan itzali zen betiko. Gerra zibilaren ostean Espainiako Pilota
Federazioa sortu zen eta Moscardo jenerala izan zen lehen arduraduna. Aurki,
Federaziotik gerarazi egin zuten raketarako frontoi berririk eraikitzea eta
jokalari berriei lizentziak ematea. Arrazoia garbi zeukaten: “Raketa ez da egokia emakumeentzat, lehen
lehenik ama izatea pentsatu behar dutenak”
Espezialitateak iraun zuen
bitartean arrasatearrak ere izan ziren presente, Arenaza sendiaren bitartez.
(1)Anparo Arenaza ahizpa
gazteak, bere aldetik, 1950ean Madrilen entrenatu bazen ere pilotan aritzeko,
debutatu behar izan zuen egunean bertan atzera bota zen. Begira zer dioen
frontoiko giroaz: “Ezagutzen nuen
pilotaren inguruko giroa – apustuen mundua oso konplikatua zen, gogorra, eta
ikusleek edozein gauza esaten zieten pilotariei. Horrexek beldurtu ninduen eta
pilota mundua erabat utzi nuen”
Aurreko artikulua:
Argazkiak: Arenaza sendia