abendua 10, 2025

KARITATEKO BATZORDEA XIX.eko ARAMAION


Aramaioko Karitateko Batzordeari buruz beste inoiz ere idatzi dut. Udal agindupean ari zen batzordea, eta herriko behartsu eta ezinduentzako babesleku izan nahi zuen,

baliabideak oso murritzak zituen arren. Berez, udal ekonomiaren egoera oso larria baldin bazen, atera kontua nolakoa izan behar zuen karitatearen itzalpean aritu behar zuen batzordearenak. Gaurkoan lagintxo txiki bat ekarri nahi dut, irakurleak ideia egin dezan estutasun haien gain. 1892 urtera egingo dugu salto. 

Urte hartako apirilaren 8an Karitateko Batzordea, Martin Etxebarria alkatearen lehendakaritzapean bildu zen. Kideen artean zinegotzi, mediku eta herriko erretorea zeuden. 

“En vista de que en las tiendas del Valle no querían suministrar lo necesario para el hospital, se manifestó que el presidente había comprado chocolate, jabón y velas, y la Junta aprobó lo hecho por el presidente, acordando que en lo sucesivo se haga lo mismo si en el pueblo no quieren suministrar” 

Suposatzekoa da herriko dendek ardura arteko eskarmentuan erabaki zutela ez saltzea, hain zuzen, aurreko salmentak kobratzea zaila gertatu zitzaielako. Bilera hartan adierazi zenez, udalak 1888tik kobratzeke zituen herriko ospitalearen faktura asko Arabako Diputaziotik. Katea zen hausten zena, eta kaltetuenak, noski, ospitaleko egoliarrak ziren.

Ondoko adibidea gogorragoa da. 1892ko maiatzaren 15ean ostera bildu zen Karitatearen Batzordea eta honako gaiaz jabetu zen: 

“Se dio cuenta de que el notario D. Lorenzo Begoña había conseguido el que admitieran a la ciega Adela Altuna en el colegio de ciegos, sordos y mudos de Deusto, pero que aun cuando haciéndole una gracia, pedían ocho duros al año por seis años, y que la familia no quería hacer nada por la desgraciada, y que dada la situación del erario municipal no era posible socorrerla; y la Junta acordó que de los fondos destinados a la Beneficencia se le socorra con cuatro duros anuales en los seis años, y que los otros cuatro se pague del erario municipal. Se aprobó esta determinación así como también el que se satisfagan a mitades partes entre la Junta de Beneficencia y el Ayuntamiento los gastos de viaje, siempre que los parientes no se comprometan a ello” 

Adelaida Altuna itsuak  -1849an jaioa- Karitateko Batzordearen funtsetatik egunero erreal bat jasotzen zuen, gehi libra bat ogi, potaje, eta ontza bat urdai eguneko, eta zelemin bat babarrun asteko. Ontza bat, hogeita hamar gramo inguru zen. Eta zelemina hiru kilo inguru.

Gauzak ez zeuden, ez, oso itxuroso Aramaioko udal diru kutxetan, eta nabarmen pairatzen zuten hori gizarte mailarik apalenek. Betikoa.

1892-05-15eko akta


Argazkia: JMVM







abendua 03, 2025

SAN NIKOLAS, SANTA KLAUS eta abar


Sarritan egin didate galdera: Arrasaten San Nikolas noiztik ospatzen da? Eta beti erantzun dut berdina: Auskalo!  Eta jarraian beste itaun bat etorri ohi da, eskuarki: Zer ikusirik al dute San Nikolas eta Santa Klausek? Nire aldeko erantzuna, aldiz, konplikatuagoa izan da, ertz gehiagokoa, izan ere bi mitok bat egiten dute zalantzaren gunean eta ihardespenak ezin du argitu horren muina.

Ondoko azalpena, legenda, mito edo nahi dugunerako hurbilpen bat besterik ez da. Baina ez du mitoaren deseraikitze izan nahi, inondik ere. Nahiz eta istorioak dimentsio berria hartzen ari den, hain zuzen ere oraindik bizirik dagoelako.

 Inguratzen gaituzten ezkutuen gaineko erantzunen beharra dugu gizakiok etengabe, eta sarritan mitoak sortzen dira. Mito zaharrak eta mito berriak dira hein handi batean pertsonon sostengua, gure ahalmen mugatuak baldintzatuta. San Nikolas ospatzen dugu aurten ere. Euskal Herriko zenbait tokitako haur jai polita da, abenduko ospakizunen atarian kokatua.

Gurekin geratu den jai honen jatorri historikoa, existitu bide zen -mitoaren hasiera- pertsonaia bat da: IV. mendearen inguruko jatorri grekoko gotzain bat: Bariko Nikolas, kanonizatu ondoren San Nikolas bezala ezaguna. Familia aberats batean jaioa, badirudi —mitoarekin jarraituz— bere aberastasuna pobreen artean banatzen zuela, gauez diru-poltsak uzten zizkien laguntzen zien pertsonen leihoetan.

Pertsonaia mendeetan zehar Europako folkloreko eta
mitologiako gutxienez hiru figurekin lotu zen. Lehena, Odin jainko eskandinaviarra. Iparraldeko Europako herriek jaialdi bat ospatzen zuten neguko solstizioan, abenduaren 21eko gauean Odinek zerua zeharkatzen zuela bere gurdian sinetsita, bertutetsuak sarituz eta gaiztoak zigortuz. Bigarren bat, Gabonak pertsonifikatzen dituen pagano bat da, bizar zuri luzea eta mihura-adarrak apaindutako kapela duen agure bat, jendea Gabonetako jaiak materialki gozatzera animatzen zuena. Pertsonaia horrek hainbat izen jasotzen ditu, eta hizkuntza ezberdinetan Papa Noelen baliokideak izango lirateke (nöel frantsesez Gabonak da), XVII. mendeko mitologian jada presente dagoena.

Azkenik, Europako herrialde batzuetan, San Nikolasengan oinarritutako pertsonaia bat garatu zen: gotzain jantzita dagoen ume edo agure bat, abenduaren 6an, eskale koplak kalera ateratzen diren haurrei opari txikiak eramaten dizkiena. Amaren aldeko nire aitonaren Aguraingo etxetik ateratzen zen gotzainez jantzitako haurra XIX. eko amaieran, eta egun ere Arabako herri hartan bizirik segitzen du ohiturak.  Horixe da zuzenean lotuta dagoena abenduaren 6an Euskal Herriko zenbait herritan gertatzen denarekin, hots, oraindik ere haur askok abesten dioten figurarekin. Eta, noski, Arrasaten abesten denarekin, jaian inoiz gotzainik eman ote den ez dakigun arren.

Ez du zerikusirik, ordea,  XIX. mendeko estatubatuar asmakizunarekin —beste mito bat— Gabon gauean agertzen den Santa Klaus potolo eta bizar zuriarekin, eta data hori baino askoz lehenago, kontsumismo amaigabeko mezuekin nazkatuta uzten gaituena.

Eta horixe da gaurko nire azalpen bat, katedra ezartzera noala pentsatu gabe. Falta zitzaidana! Bego hor San Nikolasen mitoa eta goza dezagun egunarekin. Nik behintzat abestu egingo dut.

SAN NIKOLASen GAINEAN ZERBAIT GEHGIAGO

https://1949arrasate.blogspot.com/2022/12/san-nikolas-eta-joxe-letona.html

https://txemax3.blogspot.com/2015/12/san-nikolas-xxaren-hasieran.html

https://txemax.blogspot.com/2021/12/san-nikolas.html

Argazkiak: 3digitala, DV