1965 etiketadun mezuak erakusten. Erakutsi mezu guztiak
1965 etiketadun mezuak erakusten. Erakutsi mezu guztiak

maiatza 31, 2017

XIX-XX. etako HEZIKETA ESKAINTZA, ARRASATEN (2tik bigarrena)

BIATORISTAK. SAN JOSE IKASTETXEA

Biatoristen logoa
Biatoristak 1938an heldu ziren Arrasatera. Frantziar uhineko beste kongregazio bat bezala, Querbes Aitaren jarraitzaileek Arrasateko hezkuntza oinarrian ipini zuten euren oina. Baina gatozen etapaka: Arrasatera heldu aurretik Eskoriatzan ireki zuten komentu bat, 1921ean, ordenako juniorren prestakuntzarako.

Ikasle talde bat, XX.eko berrogeietan
Gerra garaian, 1937an, Ricardo Oreja Union Cerrajerako presidentearen eskaintza jaso zuten Eskoriatzako fraideek Arrasaten ikastetxe bat irekitzeko. Baita onartu ere eta 1938rako Arrasateko Bolibar ikastetxea eskuratzen dute, ordudanik San Jose bezala ezagutuko dena. Urtebete bat geroago oinarrizko hezkuntzako lau ikasgela eta batxilergoko bi martxan daude.

Handik aurrera, biatoristen ikastetxea izango da Arrasateko zentrorik handien eta eraginkorrena ikasle kopuruari begira eta heziketa kalitateari dagokionez. Nahiz eta irakasleriaren maila, dena esan behar da, sekula ez zuen lortu beste kongregazio batzuen maila. Fraide haien artean nabarmena zen  unibertsitatetik igarotakoen kopuru txikia, eta hori islatu egiten zen irakaskintzaren kalitatean. Zegoena genuen eta dena ez zen, beti, txalotzekoa.

Horregatik, zaila zen oskol itxi hartatik aldentzea: arrasatear gizartean eragin positibo eta aurrerakoia lortuko bazen derrigorrezkoa zuten biatoristek euren "task force" aldatzea, lizentziatuak sartuz.
Kanpo irakasle ez fraideak, alde batetik, eta fraide hobeto prestatuak bestetik: horrela 1960ko muga igaro zen. 

Clemente Lopez-Cano, 1960an
Ikastetxe hartatik gogoz eta ideia argiz heldu zitzaion Arrasateko mutilei prestakuntza profesionala ez zen beste batera - unibertsitatera- salto egiten laguntzeko erronkari. Zalantza gabe, garai hartako tokiko teknizismoaren hegalpean humanitateen hedapena atzeratu egin zen gure artean, eta 1965era arte ez zen egiazko demokratizazioa burutu, oinarrizko hezkuntza sistemaren osotasunari dagokionez.

Diodan moduan, 1965ean batxiler osoko lehen promozioa kaleratu zen. Azkenik, Arrasatek esan zezakeen unibertsitatearen bidea ongarrituta zegoela. Heziketa bideen espektroak modalitate guztiak hartzen zituen.

Irakasle goi tituludunik ezean, biatoristek aldapaz gora joan behar izan zuten hasierako etapa batean, eta beraiekin, jakina, baita ikasleak ere. 1960an jar genezake inflexio puntua irakasleriaren hobekuntza argiaren bidez  eta ikastetxeari  ”LEGALMENTE RECONOCIDO” titulua 1962an heldu zitzaion.

Ordudanik azterketak ikastetxean bertan egingo ziren, errebalidakoak ezik,
Ikastetxe zaharreko jolaslekua
1948rako, Arrasaten 230 ikasle ari ziren ikastetxe nagusian. 1962an, berriz, 575. Oso kopuru handia zen eta kongregazioak beste eraikin berri baterako lehen urratsak eman zituen: Mendia Lorategiak erosi zituen, ikastetxe berria jasotzeko.

Ikastetxe berria, 1966ean inauguratu zen
Gauza asko gertatu da 1938ko martxoaren 3 urrun hartatik ikastetxearen inguruan. Besteak beste, biatoristen euren desagerpena gure herritik. Heziketa premia batzuei erantzun asmoz etorri ziren bezala, hezkuntza sistemaren dinamikak eta gizartearen bilakaera etengabeak eraman zituen Arrasatetik.

Herriko hezkuntza-eskaintzako zutabe garrantzitsuak izan ziren biatoristak  XX. mendean. Eta euren funtzioa bete zuten. Milaka haur eta gazte igaro ginen ikastetxeko geletatik. Onerako eta txarrerako bertan oinarritu genuen gure prestakuntzaren arlorik zabalena arrasatear gizakume askok. Eta bakoitzaren baitan gordetzen dira denetariko oroitzapenak, goxo eta mingotsak. 

 Argazkiak: JMVM

LEHEN ZATIA:
https://txemax3.blogspot.com.es/2017/04/heziketa-eskaintza-arrasaten-xix-eta.html



GEHIAGO BIATORISTEN GAIN







ekaina 23, 2015

SAN JUAN JAIAK, 1965



Danborradako talde bat

Herriko jai nagusiak iritsi dira eta aurten ere Arrasaten geratzen diren herritarrek euren hitzordua edukiko dute espektakuluren batekin.  Berriz diot jaiak aldatu egin direla urteen poderioz, gizartea bera bestelakotzen joan den moduan. Funtsean ez dira berdinak, zenbait arlotan antzerakoak ditugula irudi litekeen arren. Baina, tira, bizitza-ziklo guztiak diferenteak dira eta hor ez dago bueltarik.

Duela berrogeita hamar urteko sanjuanak garai hartako giroan ospatu ziren. Nolako giro halako asti-emate. Eta halako gizarte inplikazioa ere bai, jakina. Udalak “bedeinkatutako” egitarauak ez zuen aurreko edizioekin alderatuz berrikuntza handirik. Ale ditzagun mugarri batzuk.

Danborradako bosgarren edizioa izan zen, ekainaren 23ko gauean. Garai hartan espektakulua Udalpe elkartearen ardura zen eta horrela esaten zitzaion, gainera: Udalpe elkartearen danborrada.

Danborradako erregina
Kasinoko kantinera
Danborradaren karrozan herriko neskak ageri ziren, gaueko 10´30etan, aurreko lau edizioetan bezala. 1965eko Udalpeko erreginaren titulua Clarita Elkorobarrutiari egokitu zitzaion, eta damak Izaskun Arriola, Mari Tere Agirre, Maria Jesus Vazquez, Salvadora eta Maria Gil ahizpak, Dorita Diaz, Mertxe Altuna, Leonor Mondragón eta Rosario Iribecampos izan ziren. Rosa Mari Aranzabal eta Adela Lazkano, berriz, kantinerak izan genituen, aurrena San Isidro elkartea ordezkatuz eta bigarrena Kasinoa.

Gazte talde bat herriko plazan
Baina jai nagusiko bezperako arratsaldean ez ziren ohiko “Colorín y sus muñecos” txotxongilo, Salvea, iluntzeko sutzarra eta bestelako elementu folklorikoak falta izan. Danborradaren ostean, berriz, dantzaldia programatu zen Zaldibar frontoian, egunsentiko ordubi t´erdiak arte, herriko musika taldeek alaituta.

Sokamururra
Eta hurrengo egunetan – 24ko erpin nagusiarekin- herriko txistulari eta Lizarrako dultzaineroen kalejira, Garellanoko musika banda militarraren kontzertua, eta Domenico Bartolucciren “Missa Jubilaei” hiru ahotsetara parrokiako abesbatzak kantatutako meza nagusia izan ziren, goizean. Arratsaldean, berriz, pilota partiduak afizionatuentzat Zaldibar frontoian eta suziriak eduki zituzten arrasatearrek hitzordurik nabarmenenak. 

Txirrindularitza Garibay etorbidean
Bigarren egunean, ostirala 25, txirrindularitza eta borroka librea izan ziren erakarpen gehieneko espektakuluak, ohiko dantzaldiekin batera. Eta amaitzeko, hirugarren eguneko eskaintza zabala goizean kontzentratu zen, sokamuturraren inguruan. Arratsaldean, Gilito eta Ponpoxoak fanfarrea izan zen plater nagusia.

Urte hartan bigarren Euskal Jaia (Fiesta Vasca, egitarau ofizialean) ospatu zen, egundoko arrakastarekin. Eskuko programan irakur zitekeen, antolatzaileen idazkia:

“La Comisión de la Fiesta Vasca insiste y recalca que la Fiesta Vasca es para todos. No es solamente para unos cuantos. Desterremos de nosotros ciertos prejuicios que no conducen a nada. La Fiesta Vasca no es solamente para los vascos, sino para todos los que teniendo buena voluntad y sano criterio, quieran asociarse a este acontecimiento”

Euskal jaia
Mondragoneses y todos los que ese día estéis con nosotros, tendremos la dicha de contemplar un inmenso y maravilloso panorama. Contemplaremos en nuestras “neskas” – bellas, gentiles, radiantes- la dorada juventud, la esperanza del futuro. No quisiéramos dejar de indicar que todas estas manifestaciones, tanto culturales como folklóricas, deben tener su resonancia. Debe servirnos para avivar en nosotros la unión, la amistad y el trabajar en favor de la cutura y el folklore. Queremos un espléndido resurgimiento de la cultura vasca. Para ello es necesario un esfuerzo fecundo, tenaz y laborioso. Es indudable que en lo referente a la cultura y al folklore vasco existe una gran ignorancia. Quizá no se conozca lo más elemental y rudimentario”
Nolakoa izango da mende erdi barru aurtengo jaiei buruz idatziko den kronika?

SAN JUAN JAIEI BURUZ GEHIAGO



 
Argazkiak: JMVM

http://www.fentmuntanyaiformacio.es














apirila 15, 2015

GASPAR EZKURRA, KIROL ERAGILE ARRASATEARRA

Gaspar Ezkurra
Gutxi izango dira, Arrasateko nire adinekoon kontzientzian haur denboran grabatutako irudien artean Gaspar Ezkurra zenak utzitakoa bezain garbiak. Arrazoi desberdinak dira horrela gerta dadin. Baina gehienek kirol eragintzan izango dute erroa, Gaspar kirolarekin konprometitutako gizona izan baitzen, bera – hurbilenekoek diotenez- sedentario samarra izan bazen ere.

Gaspar Ezkurra Arrasaten jaio zen 1913ko uztailaren 12an, gurasoak Florentzio eta Justa Bedia izan zituelarik. Lehen ikasketak Socrates Portillo maisuarekin burutu zituen. Handik gutxira Bergarako Eskola Teknikoan hasi zen eta bertako ikasketak aurki tartekatu zituen Unión Cerrajerako lanarekin, proiektu-delineatzaile gisa. Julia Arregirekin ezkondu zen 1940an.

Aprendizetako Eskolan klaseak ematen ari
Futbola izango da, gehien bat, Gaspar Ezkurraren kirol arloa. Eta hain zuzen Unión Cerrajeratik bertatik egokitu zitzaion betebehar hori. Esan genezake afizioz eta ofizioz ere iritsi zitzaiola zeregin hori, enpresaren Aprendizetako Eskolan hasi baitzen dena. Eta kokagune horretan izen bat sortu zen 1948an: UCEA delakoa, hots “Unión Cerrajera Escuela Aprendices”en akronimoaren izenarekin abiatu zen futbol taldea.

Ordurako Unión Cerrajeraren babespean futbol txapelketak antolatzen ziren herrian eta afizionatuek zein nolako arrakastarekin segitzen zuten ikusita, 1948ko urtarrilean enpresak erabaki zuen talde berri bat sortzea. Eta mugimendu haren buruan Gaspar Ezkurra jarri zuten, Eskolan bertan Marrazkiaren Teknologiako irakasle lanetan ere ari zena. Ezkurra lehendakari, Vicente Gagasta lehendakariorde, Javier Mendieta idazkari, eta Anaia Daniel biatorista, Zabaleta, Jauregi, Gallastegi, Bolinaga, Alfonso eta Julio Gorroñogoitia, Ormaetxea, Usatorre eta Beitia bokal izendatu zituen enpresak. Horiexek osatu zuten lehen zuzendaritza. Ikusten denez, geroko Arrasateren bilakaeran erabat inplikatu ziren goi mailako arrasatearrak zeuden zuzendaritza talde hartan.

Erregionaleko UCEA
Aurki Bigarren Erregionaleko lehian hasi zen UCEA eta lehen ekipoan honako jokalari hauek agertzen dira: Agiriano, Maidagan, Mendikute, Bergaretxe, Resusta, Uribarren III, Erguin, Isasi, Uribetxeberria II, Errasti IV eta Uribarren IV. Itsasaldeko multzoaren txapelduna izan zen eta Erregionaleko Lehen Mailara igo zen. UCEA hartatik Errasti III eta Uribarren IV futbolari bikainak atera ziren, Gasteizko Gloriosora joateko.

UCEA taldea Zaldispeko futbol zelaian aritzen zen, hau da Unión Cerrajerak bere terrenoetan eraikitako kirol instalakuntza ederretan. Gaspar Ezkurrak esku trebearekin zuzendu zuen UCEA eta ondorioz ekipoak oso jokalari onak ematen segitu zuen, futbolean iraun zuen bitartean. Ekipoaren lehen entrenadorea Luis Arregi izan zen, halaber Juventud Deportiva Mondragoneko defentsa lanetan ari zena.

1957ko UCEA jubenila
Horregatik, hain zuzen, herrian elkarri lehia egiten zioten bi futbol talde zirelako, Erregionaleko UCEA desagertzea erabaki zen 1957an eta bere ordez jubenilekin osatutakoa sortu zuten. Gasparrek segitu zuen lehendakaritzan eta, bitxikeria bezala aipatu UCEA jubenilaren lehen botikin-arduraduna Jose Luis Ezkurra Gasparren semea izan zela. UCEAren uniformea Argentinako Boca Junior ekipoaren antzerakoa izan zen, urdina marra hori horizontal batekin.

Sagasta, Aranbarri, Larrauri makurtuta, erdian
Talde gazteak egundoko jokalari onak eman zituen – Sagasta, Aranbarri, Larrauri…, futboleko lehen mailan jokatu zutenak, aurreneko biak Errealeko historikotzat jo genitzake eta Larrauri Real Madridek fitxatu zuen. Eta hasiera-hasieratik erakutsi zuen UCEA gazteak bere kalitatea. 1957-58 denboraldian Gipuzkoako txapeldunordeak izan ziren, finala Real Sociedad ekipoaren kontra galduta. Egundoko palmaresa erakutsi zuen UCEA talde jubenilak bere historia laburrean.

Unión Cerrajeraren krisi ekonomiko eta industrialaren kariaz, enpresak futbol ekipoari eustea gehiegizko gastutzat hartu zuen eta UCEA betiko desagertu zen 1965ean.

UCEMeko kirol talde eragilea, erdian eserita Gaspar
Aipatu ditut Zaldispeko kirol instalakuntzak eta hor ere Gasparren eskua ikusi zen, berau egin baitzuen Union Cerrajerak igeritoki, futbol zelai, tenis kantxa, parke eta gainerako kirol ekipamenduaren arduraduna, konplexu haren inauguraziotik, 1948ko uztailaren 24an. Arrasatear eta kanpotar askoren gogoan dago oraindik ere instalakuntza haien garrantzia kirol praktika eta espektakulurako. Garaiko moralaren zirkunstantzia hertsiengatik, tamalez, emakumeek ezin zuten igeritokia erabili. Alderdi hori ezin bada ahaztu ere, Zaldispeko kirol eskaintza oso onuragarria gertatu zen arrasatearrontzat. Bertan, goi mailako igeri txapelketak, futbol partiduak, tenis lehiaketak, saski baloikoak eta usakume-tiroa ikusi ahal izan genituen. Hori guztia, Gasparrenparte hartze zuzenarekin gauzatu zen.

Zaldispe futbol zelaian, Gaspar bigarrena ezkerretik
Gaspar Ezkurra Juventud Deportiva Mondragoneko zuzendaritza lanetan ere aritu zen, lehendakariorde gisa, Jose Martinez de Ubago lehendakaria zenean.

Gaspar 1965eko apirilaren 11an hil zen, bat-batean. Erramu Igandea zen eta arratsalde hartan Iturripe zaharrera zihoan Gasparrek baina bidean gaizki sentitu zen eta Usetxe baserrian mantzanila bat hartuta etxerako bidea hartu zuen. Iturripen, bitartean, “sarrailagileak” Txantrearen kontra jokatzen ari ziren (5-0) Partiduari ekin aurretik isiluneko minutu bat gorde zuten bertaratutakoek eta jokalariek – haien artean Alejandro Gasparren seme nagusia- lazo beltza eraman zuten, egun hartan bertan zendutako Juan Bautista Azkarate “Mondragonés” txapeldun handiaren omenez.

Partidua amaituta, Alejandro semea etxera heltzean aitak galdetu zion “zer ein dozue?” Semearen “Irabazi, aitxa” entzun eta istant gutxi batzuetara bihotzekoak jo zuen eta zerraldo geratu zen. Albistea Arrasateko bazter guztietara zabaldu zen, harridura eta tristura sorraraziz.

Asteartean, 13, izan ziren hileta elizkizunak Parrokian. Jendetza handia bildu zen parrokiara hildakoari azken agurra emateko. Juventud Deportiva Mondragón, UCEA, Arrasateko Txirrindulari Kluba eta elkarte gastronomikoek omenaldi txiki bat eskaini nahi izan zioten hildakoari beren presentziarekin.

Prentsak – El Diario Vasco eta La Voz de España- informazio puntuala ekarri zuen Gasparren heriotzaz. Honela idatzi zuen Chemak apirilaren 15eko Diario Vascoren kronikan:

“Todo el pueblo en masa acudió a los actos póstumos, sumándose también representaciones de diversos clubs de la provincia. Toda la familia futbolísitica de Mondragón ha quedado consternado con este inesperado fallecimiento. Con su óbito ha perdido Mondragón un caballero”
“Zelaitxo”k La Voz de Españaren 14ko edizioan zioen: “Constituyó una manifestación de duelo del pueblo mondragonés a esta personalidad local que fue un fiel colaborador para el deporte en Mondragón”

Mende erdi bat eman da Gaspar Ezkurraren heriotzatik eta arrasatear askorengan oraindik bizirik segitzen du haren oroitzapenak.

Argazkiak: Ezkurra sendia, JMVM eta “El futbol modesto en las Vascongadas” liburua.


ARRASATEKO FUTBOLARI BURUZ GEHIAGO EZAGUTZEKO - PARA CONOCER MÁS SOBRE EL FUTBOL DE MONDRAGÓN

FUTBOLA ARRASATEN. ISTORIOAK

https://txemax3.blogspot.com/2022/01/futbola-arrasaten-istorioak.html