Zirilo Mondragon etiketadun mezuak erakusten. Erakutsi mezu guztiak
Zirilo Mondragon etiketadun mezuak erakusten. Erakutsi mezu guztiak

azaroa 14, 2018

GERRA ONDOKO ARAMAIO. 1938

1938ko Aramaio txiki hartan ezinikusiak beste edozein tokitan bezain sakonak genituen, gerraren ondorio latza zela eta. Baina hurbiltasun geografikoak larriagotu egin zuen herritarren arteko bizikidetza. Karlismoak oso sustrai luzeak zituen Aramaion eta Franco jeneralaren garaipenak gerrako galtzaileekiko errepresio latza eragin zuen herrian. 

Adibide mordoa eman nezake horretaz, baina guztiz argigarria da ondokoa, tropa faxistak Aramaiora sartu eta urtebetea artean egin gabe eman zena.

Udal plenoa bildu zen 1938ko urtarrilaren 22an eta bertan honako gai hau izan zuten aztergai zinegotziek:
“Dada cuenta de una instancia del vecino de este Ayuntamiento D. Cirilo Mondragón Ibabe, de 26 años de edad y actualmente en la prisión de Larrinaga, Bilbao, solicitando se
le extienda certificado de buena conducta, se acuerda por unanimidad no acceder a lo solicitado, por no considerarle acreedor a ella debido a su actuación en contra del Glorioso Movimiento, notariamente públicas”

Alkatea Remigio Garro zen orduan, nahiz eta apirilean Valentin Lasagak hartuko zuen agintaritza,  Garro martxoaren 3an hil baitzen.
Zirilo Mondragon

Erregimen frankistak lexiko aproposa ezarri zuen estatu osoko administrazioetan. Ondokoak bi adibide txiki dira, udal aktetatik hartuta. Lehena martxoaren 3an izan zen, eta dio:
“Comunicación del Ayuntamiento de Escoriaza, solicitando autorización para colocar una gran cruz en el Alto de Asensio Mendi, el día 3 de abril próximo venidero, en honor a los caídos en esta Santa Cruzada, e invitando a la corporación y vecindario a tan simpática fiesta. Se acuerda acceder a lo solicitado, y acudir el mayor número posible de concejales. 

Fuera del orden del día y para recuerdo histórico de este Municipio, se hace constar
que el 6 del actual tuvo lugar en la Plaza de esta localidad la simpática y a su vez patriota función de la “Fiesta del Arbol”, con asistencia de las autoridades y gran concurrencia de todas las anteiglesias del Municipio"

 Eta Aramaion kolpisten tropak sartu zirela urtebetea egin zen eguna ospatzeko, musika kontratatu zuen Udalak, ondoko apuntetik ondorioztatzen den moduan: 

“Abonar al Secretario Constancio Fernandez 50 pesetas en concepto de gratificación a la Banda de Requetés de Alava, por encargo de la alcaldía, por amenizar las fiestas celebradas en este Ayuntamiento el 21 de abril, con motivo del primer aniversario de su liberación”

Argazkiak: JMVM

maiatza 11, 2011

ZIRILO MONDRAGON, ABERTZALEA



Duela hogeita hamar urte, maiatzaren 12an hain justu, Zirilo Mondragon aramaioarra hil zen Arrasaten. Hirurogeita hamaika urte zituen. Gizon apala, hurbila, bihotz-bera. Beraren gaineko aipamena egin nahi izan dut txoko honetan, Ziriloren moduko gizon-emakume xumeak gizartearen oinarri sendoko aleak direlako.
Zirilo Aramaioko Eusko Gaztediako lehendakaria izan zen gerra aurretik. Berari zor zaizkio garai hartan Aramaion burutu hainbat eta hainbat ekintza. Taldekide zituen, Ramon, Benito, Luziano eta Imanol Ormaetxea, Julian eta Frantzisko Bengoa, Antonio Plazaola, Pedro Juarez, Julian Zilaurren, Ignazio Kortabarria eta lagun mina zuen Jose Mari Azkarraga “Lurgorri” Horiek izan ziren, besteak beste, Tellamendiko gurutzea ezarri zutenak, 1935eko irailaren 15ean.
Ez zen urtebete bat igaroko eta gerra zibilak harrapatu zituen. Eta 1937an faxistek atzeman ondoren, Larrinagako presondegira eraman zuten: heriotza zigorra erori zitzaion. Ziega berdinean Jose Mari eta Emiliano Azkarraga anaia adiskideak zeuden. Urte hartako abenduaren 16an fusilatu zuten “Lurgorri” eta ziegatik ormarantz irten aurretik Zirilori eskatu zion, honek une hartan zeraman elastikoa. “Aramaixon egindako jersey polit horrekin fusilatua izatea nahi nuke” Eta hala izan zen.


Bi hilabete geroago, 1938ko urtarrilaren 21ean, Aramaioko Udalak instantzia bat jaso zuen Larrinagako kartzelatik, Zirilo Mondragonek berak sinatua, heriotza-zigorra ekidin ahal izateko udalaren haren aldeko aitorpena erregutuz. Egun hartako deliberamenduetan irakurtzen da: “No acceder a lo solicitado, por no considerarle acreedor a ello, debido a su actuación en contra del Glorioso Movimiento, notoriamente públicas”

Zirilok Euskal Herria zeraman bihotzean eta bihotzak eztanda egin zion euskaldunen arteko liskarrek eraginda. Aita Demetrio Garmendia frantziskotarrak haren hiletetan Ziriloren humanismoa goratu zuen. Ez zen okertu, ez, alajaina!

Argazkiak:
Zirilo Mondragon, Arrasateko bere etxean.
Zirilo Mondragón, Aramaioko Andra Mari baselizan, 1979-09-16ean, gerra aurreko Aramaioko emakume abertzaleei eginiko omenaldian.