Euskal Herrian baziren aurrekariak euskal jaiei buruz. Baina iragan mendeko hirurogeietan Arrasateko giro kultural, sozial eta baita politikoak ere eskatzen zuen gure herrian halako jai berezi bat antolatzea.
"Danbolina" karrozak bigarren saria eraman zuen |
Eta herriko zenbait lagun ideiari eite ematen
saiatu ziren, egundoko ezusteko goxoa eraman zutelarik. Herriko instantzia
gehienetatik ideiarekin bat zetozela adierazi zitzaien eta, beraz, antolaketa
lanei ekin zieten buru belarri. Koadrila, elkarte, lantegi eta hiritar arrunt
mordoa jarri zen lanean, ospakizunari ahalik eta itxura onena emateko asmoz.
Eta data bat markatu zen: 1964ko ekainaren 28. Jaiaren egitaraua San Juaneko
programa ofizialean sartu zen, Fiesta Vasca izenarekin.
Kolore askotako aldarrikapena izango zenaren
gaineko ilusioak zenbait hilabete lehenagotik piztu zuen garra arrasatear
gizartean eta herritarren artean aspaldi ez bezalako lankidetza izpiritua
nagusitu zen. Bazirudien arrasatearrak gogo biziz ari zirela ohiko giro gris
harekin amaitzeko. Diktadurak itotako ametsak dantzan jartzeko aukera izan
zitekeen euskal jaia eta herritarrak prest agertu ziren.
Jose Mari Ugalde "Larguito"k dioenez,
“Lankidetza eta elkarkidetzak gora jo zuten jai hura antolatzeko.
Materialak behar genituen, adibidez, karrozak egiteko eta Unión Cerrajeratik
hasita, herriko lantegiak modu positiboz erantzun zuten. Materialak ez ezik,
instalazioak ere erabili ahal izan genituen kasu askotan gure lanetarako.
Adibidez, Unión Cerrajeran Arantza Alberdiren bitartez Camilo Basterretxea
zuzendari nagusiarenganaino jo genuen eta laguntza osoa jaso genuen. Karrozak
preparatzeko ederto etorri zen”
Jose Luis Armendia eta Gregorio Etxabe izan
ziren antolaketa batzordeko kiderik esanguratsuenak eta lagun piloa mugiarazi
zuten.
Pedro Otaduy gogoratzen du:
“Gure karroza Etxe Zuri baserrian prestatu
genuen eta danbolin erraldoi bat irudikatzen zuen. Zurezko egitura lortzeko
haltzak moztu behar izan genituen baserri inguruko bazterretan. Eta ideiaren
aita Jose Mari Ugalde koadrilako txistularia izan bazen ere Ramon Erizek egin
zuen danbolinaren diseinua. Oso ederra geratu zitzaigun eta karrozen arteko
txapelketan bigarrena atera zen … nahiz eta, gure ustez, putxerazoa izan zen,
gurea kaltetuz. Baina tira, ez gara orain hasiko … ezta?”
Egun hartako egitaraua hiru zati nagusitan
banatu zen.
Ugalde, Murgia eta Otaduy; "Danbolina" karrozakoak |
Goizean kale jira jendatsua izan zen, Nafarroa
Etorbideko tren geltokitik hasita. Parte hartu zuten toki askotatik iritsitako
txistulariek, Zumarragako eta Donostiako Trikitixek eta Gaztelu Elexabeitiako
albokariek. Alde zaharra eta ondoko
kaleetan barrena ibili ondoren, meza nagusia izan zen txistularien Alkate
Soinua jo zutelarik. Durangoko Tronperri dantza taldeak Aurreskua dantzatu
zuen. Jarraian dantza txapelketa izan zen herriko plazan, egundoko
jendetzarekin. Epai mahaian, besteak beste, Pedro Mari Arregi, Pablo Zumelaga
eta Antonio Balerdik ihardun zuten.
Goizeko 11´30etan Gurea Zineman lurralde
mailako Gipuzkoako Bertsolarien Txapelketako nor gehiagoa izan zen, epai
mahaian Euskaltzaindiko kide batzuek toki hartu zutelarik, Alfontso Irigoien
besteak beste. Eguerdiko 12etan Angelusa otoitz egin zen eta ordu batean Juan
Arzamendik zuzendutako alardea burutu zen herriko plazan, bertsolarien lana
tartekatuz. Bertsolarien txapelketak arratsaldean ere jarraitu zuen Gurea
zineman.
Arratsaldeko 4´30etan ekin zitzaion hirugarren
zati nagusiari dantzari guztien biribilketa erraldoiarekin, Bilboko Gaztedi eta
Durangoko Tronperri taldeek herriko zenbait tokitan eskainiz euren dantzak. Eta
horren ondoren, 6etan beste ikuskizun handi bat: karrozen txapelketa.
Herriko koadrilek karroza bana atera zuten. Lehen
saria – 2.500 pezetakoa- eraman zuenak “Sagardotegia” irudikatu zuen.
Bigarrenak “Danbolina” aurkeztu zuen eta 2.000 pezeta jaso zituen. Iruditutako
estanpen artean ikusi ahal izan ziren Teodosio Goñiren istorioa, Arantzazuko
Ama Birjinaren agerpena eta euskal kirolen erakusketa zabala. Karroza bakoitzak
bere musika laguntzarekin desfilatu zuen. Desfilea amaitutakoan erromeria izan
zen plazan eta gaueko 12etan amaiera eman zitzaion, bertara azaldutako
publikoak "Agur Jaunak" abesten zuen batera. Plazako ahots gailuek lau
haizeetara hedatu zituzten emozioak jotako eztarrietatik ateratako himnoaren
notak.
Joxe Murgiak ongi oroitzen du egun hartako
giroa eta azpimarratzen digu:
“Ez dut uste Arrasaten bizi izan dugunik harrez geroztik egun hartako giro atsegina. Alaitasun
eta itxaropen jarioko erakustaldi handia izan zen. Handik urtebetera ere egin
genuen bigarren edizioa, arrakasta handiz. Baina aurrenekoak ezustekoa eman zuen,
ez baikenuen uste hain ederto erantzungo zuenik herri osoak. Duela berrogeita hamar urteko aldarrikapen sozial, kultural eta baita politikoaren islapena izan zen jai hura”
EUSKAL JAI HAREN GAINEKO BIDEOA PRESTATU ZUEN
PEDRO SOLOGAISTOA “LASO”K. HONA HEMEN, DUELA MENDE ERDIKO JAI GIROAREN
LEKUKOTASUN GISA.
Argazkiak: Pedro Otaduy, JMVM
Bideoa: Pedro Sologaistoa "Laso" (Eusko Ikaskuntza eta Lasoren sendiaren arteko hitzarmenari esker digitalizatua)