uztaila 16, 2014

EUSKAL JAIA 1964. BIDEOA


Euskal Herrian baziren aurrekariak euskal jaiei buruz. Baina iragan mendeko hirurogeietan Arrasateko giro kultural, sozial eta baita politikoak ere eskatzen zuen gure herrian halako jai berezi bat antolatzea. 

"Danbolina" karrozak bigarren saria eraman zuen
Eta herriko zenbait lagun ideiari eite ematen saiatu ziren, egundoko ezusteko goxoa eraman zutelarik. Herriko instantzia gehienetatik ideiarekin bat zetozela adierazi zitzaien eta, beraz, antolaketa lanei ekin zieten buru belarri. Koadrila, elkarte, lantegi eta hiritar arrunt mordoa jarri zen lanean, ospakizunari ahalik eta itxura onena emateko asmoz. 

Eta data bat markatu zen: 1964ko ekainaren 28. Jaiaren egitaraua San Juaneko programa ofizialean sartu zen, Fiesta Vasca izenarekin.
Kolore askotako aldarrikapena izango zenaren gaineko ilusioak zenbait hilabete lehenagotik piztu zuen garra arrasatear gizartean eta herritarren artean aspaldi ez bezalako lankidetza izpiritua nagusitu zen. Bazirudien arrasatearrak gogo biziz ari zirela ohiko giro gris harekin amaitzeko. Diktadurak itotako ametsak dantzan jartzeko aukera izan zitekeen euskal jaia eta herritarrak prest agertu ziren. 

Jose Mari Ugalde "Larguito"k dioenez,

“Lankidetza eta elkarkidetzak gora jo zuten jai hura antolatzeko. Materialak behar genituen, adibidez, karrozak egiteko eta Unión Cerrajeratik hasita, herriko lantegiak modu positiboz erantzun zuten. Materialak ez ezik, instalazioak ere erabili ahal izan genituen kasu askotan gure lanetarako. Adibidez, Unión Cerrajeran Arantza Alberdiren bitartez Camilo Basterretxea zuzendari nagusiarenganaino jo genuen eta laguntza osoa jaso genuen. Karrozak preparatzeko ederto etorri zen

Jose Luis Armendia eta Gregorio Etxabe izan ziren antolaketa batzordeko kiderik esanguratsuenak eta lagun piloa mugiarazi zuten. 

Pedro Otaduy gogoratzen du:

 “Gure karroza Etxe Zuri baserrian prestatu genuen eta danbolin erraldoi bat irudikatzen zuen. Zurezko egitura lortzeko haltzak moztu behar izan genituen baserri inguruko bazterretan. Eta ideiaren aita Jose Mari Ugalde koadrilako txistularia izan bazen ere Ramon Erizek egin zuen danbolinaren diseinua. Oso ederra geratu zitzaigun eta karrozen arteko txapelketan bigarrena atera zen … nahiz eta, gure ustez, putxerazoa izan zen, gurea kaltetuz. Baina tira, ez gara orain hasiko … ezta?” 

Egun hartako egitaraua hiru zati nagusitan banatu zen. 

Ugalde, Murgia eta Otaduy; "Danbolina" karrozakoak
Goizean kale jira jendatsua izan zen, Nafarroa Etorbideko tren geltokitik hasita. Parte hartu zuten toki askotatik iritsitako txistulariek, Zumarragako eta Donostiako Trikitixek eta Gaztelu Elexabeitiako albokariek.  Alde zaharra eta ondoko kaleetan barrena ibili ondoren, meza nagusia izan zen txistularien Alkate Soinua jo zutelarik. Durangoko Tronperri dantza taldeak Aurreskua dantzatu zuen. Jarraian dantza txapelketa izan zen herriko plazan, egundoko jendetzarekin. Epai mahaian, besteak beste, Pedro Mari Arregi, Pablo Zumelaga eta Antonio Balerdik ihardun zuten.

Goizeko 11´30etan Gurea Zineman lurralde mailako Gipuzkoako Bertsolarien Txapelketako nor gehiagoa izan zen, epai mahaian Euskaltzaindiko kide batzuek toki hartu zutelarik, Alfontso Irigoien besteak beste. Eguerdiko 12etan Angelusa otoitz egin zen eta ordu batean Juan Arzamendik zuzendutako alardea burutu zen herriko plazan, bertsolarien lana tartekatuz. Bertsolarien txapelketak arratsaldean ere jarraitu zuen Gurea zineman. 

Arratsaldeko 4´30etan ekin zitzaion hirugarren zati nagusiari dantzari guztien biribilketa erraldoiarekin, Bilboko Gaztedi eta Durangoko Tronperri taldeek herriko zenbait tokitan eskainiz euren dantzak. Eta horren ondoren, 6etan beste ikuskizun handi bat: karrozen txapelketa.

Herriko koadrilek karroza bana atera zuten. Lehen saria – 2.500 pezetakoa- eraman zuenak “Sagardotegia” irudikatu zuen. Bigarrenak “Danbolina” aurkeztu zuen eta 2.000 pezeta jaso zituen. Iruditutako estanpen artean ikusi ahal izan ziren Teodosio Goñiren istorioa, Arantzazuko Ama Birjinaren agerpena eta euskal kirolen erakusketa zabala. Karroza bakoitzak bere musika laguntzarekin desfilatu zuen. Desfilea amaitutakoan erromeria izan zen plazan eta gaueko 12etan amaiera eman zitzaion, bertara azaldutako publikoak "Agur Jaunak" abesten zuen batera. Plazako ahots gailuek lau haizeetara hedatu zituzten emozioak jotako eztarrietatik ateratako himnoaren notak. 

Joxe Murgiak ongi oroitzen du egun hartako giroa eta azpimarratzen digu:

  Ez dut uste Arrasaten bizi izan dugunik harrez geroztik egun hartako giro atsegina. Alaitasun eta itxaropen jarioko erakustaldi handia izan zen. Handik urtebetera ere egin genuen bigarren edizioa, arrakasta handiz. Baina aurrenekoak ezustekoa eman zuen, ez baikenuen uste hain ederto erantzungo zuenik herri osoak. Duela berrogeita hamar urteko aldarrikapen sozial, kultural eta baita politikoaren islapena izan zen jai hura 

EUSKAL JAI HAREN GAINEKO BIDEOA PRESTATU ZUEN PEDRO SOLOGAISTOA “LASO”K.  HONA HEMEN, DUELA MENDE ERDIKO JAI GIROAREN LEKUKOTASUN GISA.



Argazkiak: Pedro Otaduy, JMVM
Bideoa: Pedro Sologaistoa "Laso" (Eusko Ikaskuntza eta Lasoren sendiaren arteko hitzarmenari esker digitalizatua)

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina