Esteban Garay etiketadun mezuak erakusten. Erakutsi mezu guztiak
Esteban Garay etiketadun mezuak erakusten. Erakutsi mezu guztiak

urtarrila 04, 2017

ADAN DE YARZATARRAK ARRASATEN (2tik bigarrena)



Ikusten genuen aurreko batean Arrasateko adandeyarzatarren zergatikakoa eta saga horren zenbait kideren nondik norakoak azaldu nituen. Gaur, batez ere, Mariano Adan de Yarza Gortazar hirugarren belaunaldiko pertsonaia ekarri nahi dut, agian sendi horretako ezagunena gure artean, herriko alkate izatera heldu baitzen.

Mariano Adan de Yarza Gortazar Lekeition jaio zen, 1891ean. Ramon – lehen ekarpenean
Ramón Adán de Yarza, Marianoren aita
eman nituen horren zehazkizunak-  zen bere aita, ama Dolores Gortazar oñatiarra zuelarik. Mariano Alemaniara joan zen medikuntza ikastera baina aurki utzi zuen karrera Euskal Herrira itzultzeko. Baso-teknikorako ikasi zuen eta bere lehen lanak Suizako Friburgon egin zituen eta 1916an artikulu bat idatzi zuen “Forestier du Canton de Friburg” bezala sinatua. Etxera itzulita, Gipuzkoako Berrobi herrian sagardotegi bat jarri zuen.

Tolosan 1913an izan ziren Euskal Jaiak ospakizunean hitzaldi ospetsu bat eman zuen, gerora baso-bibliografian erreferente gisa geratu dena: “La repoblación forestal en el País Vasco”, liburuxka gisa ere publikatu zena. Tolosako jai haietako beste hizlariak Nemesio Otaño, Gregorio Mujika eta Karmelo Etxegarai izan ziren. Hain zuzen ere, hitzaldi hartan egiten zuen bere buruari buruzko aurkezpena:

“Como títulos para recomendarme a vuestra benévola atención, séame permitido manifestaros que después de haber hecho estudios teóricos y prácticos de selvicultura en Suiza, en Baviera y en Francia, he tenido la ventaja de aprovechar la experiencia adquirida por un mi próximo deudo (1) cuya competencia en materia forestal ha llegado a ser proverbial en Vizcaya, donde con grán éxito ha reproducido más de mil hectáreas de terrenos, antes poco menos que improductivos”
 
 Gazte zela EAJ-PNVn afiliatu zen eta “Euzkadi” egunkarian publikatu zituen Mariano Adan de Yarzak artikulu ugari, gehienak basogintzarekin erlazionatuta. 1918an Arrasaten jarri zuen bere egoitza, sendiaren etxean, eta 1920an alkate izendatu zuten. EAJren izeneko Arrasateko bigarren alkatea dugu Adan de Yarza, Esteban Garayren ondoren. Garaiko udal tirabira politikoak zirela eta, jeltzaleek hiru saiakera behar izan zituzten Adan de Yarza alkate izendatzeko. Azkenik, urte hartako apirilaren 19an, gutxiengoz, alkatetza eskuratu zuen, alkate ordeak Juan Goñi, aurreko alkatea, eta Jose Maria Ugarte zirelarik. 

Urte hartan bertan, uztailaren 4an izandako hauteskundeetatik ostera berriztatu behar izan zen udal batza, hiru zinegotzi berrirekin. Eta berriz eman ziren gorabeherak alkatea hautatzeko saioan. Ideia bat egiteko, diodan, paperetan bateon batek herriko parrokoari eman ziola botoa. Adan de Yarzatarraren alkate ordeak Juan Goñi eta Domingo Arzamendi atera ziren.
Ezin daiteke esan oso lan sakon egin zuenik, izan ere dimisioa azaldu bitartean -1921eko irailaren 26an- huts asko egin zituen bileretarako deialdietan, eta Goñi eta Arzamendi alkate ordeek ordezkatu behar izan zuten. Alkate eta zinegotzi izateari eskutitz bidez uko egin zuenean, Juan Martin Arejola-Leiba zinegotzi liberalak esan zuen, lau bat hilabete zeramatzatela alkatea zein
Adan de Yarzatarren etxea
zen ongi jakin gabe. Adierazpen horien kontra altxatu ziren zinegotzi batzu, besteak beste Juan Goki alkate ordea, Juan Ugarte, Esteban Garay eta Zipriano Resusta, bilkura gelatik atereaz protesta gisa. Domingo Arzamendik eskerroneko hitz batzuk izan zituen Adan de Yarza alkate dimitituarentzat, Berrroniko bere negozioak atenditzera itzuli zena. Eta bitarteko alkate berria Domingo Arzamendi izendatu zuten. EAJren kide bezala, Adan de Yarzatarren etxeko lehen solairuan batzokirako tokia utzi zuen Marianok. Bestalde, parte handia hartu zuen Gurea frontoiaren finantzaziioan. Lekeitioko udaletxean zinegotzi izenadtu zuten 1930ean eta udal har ordezkari gisa bidali zuen Mariano 1932an Iruñera, hiri harta egin zen Euskal Udalen Bilerara, euskal estatutuaren proiektua onartzeko.Iruñean topo egin zuen Eugenio Resusta antzinako lagunarekin, Arrasateko udal ordezkaritza eraman zuena.



Gerra ostean errepresialak jasan zituen eta Logroñoko Torremontalbora joan zen bizitzera. Handik Jose Maria Arizmendiarrietarekin harreman zubia bilbatu zuen eta haren bitartez arrasatearraren gaineko gizarte  albisteak iristen zitzaizkion sarri.


  (1)   Mario Adan de Yarza osabari buruz ari da.

ADAN DE YARZATARREN GAIN GEHIAGO:
 

 

 Argazkiak: JMVM

otsaila 17, 2016

ESTEBAN GARAY: ARRASATEKO LEHEN ALKATE ABERTZALEA



EAJ-PNV alderdiak historia luzea dauka Arrasateko udal aulkietan. Ehun eta hamar urte dira lehen aldiz sartu zirela herriko
Esteban Garay Garay, 1935 aldera
politikaren kudeaketan eta atzera begiratze xume bat egitea iruditu zait une hauetan egokia, euskal abertzaletasunaren Arrasateko aitzindari izan zirenen nortasun agiria azalduz.

Esteban Garay Garay izan genuen Arrasateko lehen zinegotzi abertzalea. Arrasaten jaioa, 1877ko azaroaren 22an, Gasteizko apaiztegitik igaro zen eta giro hark betiko markatu zuen. Oso gizon erlijiosoa izan zen, integrismoaren postulatuekin bat eginez. Eguneroko jaun hartzeko gizona zen eta bere ideia erlijiosoak bizitza politikoan ere islatu zituen, udal gaietan barne. Horregatik, ez da erreza duela ehun urteko inoren gora beherak aztertzea eta are gutxiago epaitzea. Eta pertsonaia politikoa badaukagu, askoz gutxiago, gainera. Garay gizon aktiboa izan genuen, alderdiko kidea alde batetik eta, jakina, herritar hutsa ere bai, bestetik, bere herrikideen aldeko kudeaketan gogotsu aritu zena.
 
Zinegotzi kargura 1906ra heldu zen. Bere udal kideekin talka egin zuen askotan. Zorrotza bere herriaren aldeko kudeaketan, aurre egin zion beti edozein zinegotziren gehiegikeriari. Esan dudan moduan, aurten ehun eta hamar urte betetzen dira Esteban Garay Udaletxera heldu zela. Eta hamazazpi urtez kargu desberdinetan aritu zen, alkatetza bera barne 1912 eta 1914 bitartean.
 
Jose Maria Herrasti zen alkatea 1906an eta
Esteban Garay, alkate zenean
Garayk toki hartu zuen zinegotzien artean EAJren ordezkari bezala, gainerako gehienak liberalak eta karlistak ziren bitartean. Dagoberto Resusta eta Higinio Resusta Union Cerrajerako buruzagietako liberalak zituen areriorik handienak, horiengandik jaso baitzituen Garayk erasorik bortitzenak eta horiei ere eskaini zizkien EAJko kideak eztenkadarik gogorrenak.
 
Datu adierazgarri bezala, aipa dezadan 1906ko abuztuaren 3 eta 4an, udal plenoak udal ordenantzak eztabaidatu zituela, kapituluka. Denak bat ezik, ia-ia eztabaidarik gabe onartu ziren, besteak beste “Agintaritza, auzokidetza eta udal mugak” (13 artikulu) “Espektakulu publikoak” (53) “Establezimendu publikoak” (44) “Zirkulazioa eta seguritatea” (103) Osasungintza (210) Lanak (32)  Zigorrak (14) Bakar-bakarrik “Erlijio eta morala” kapitulua geratu zen mahai gainean, herritarrek jai egunetan lan egin ote zezaketen zinegotziak batera ipintzen ez ziren-eta.

Udaletxea, 1925 inguruan
Alkatetzarako 1912ko urtarrilaren 1enean hautatu zuten, zinegotzien atean izandako bozketaren ondorioz. Garayk sei boto atera zituen hamaika zinegotzitatik. Udal konposaketa honela geratu zen: alkatea, Esteban Garay ; lehen alkate ordea, Andres Inda; bigarren alkate ordea, Bonifazio Maidagan; sindikoa, Isidoro Ezkurra; bokalak, Dagoberto Resusta, Jose Ignazio Lasa, Higinio Resusta, Conrado Ruiz de Alegria, Daniel Arkauz eta Agustin Aranzabal.
 
Alkate bezala egokitu zitzaion lehenetako gaia izan zen ordura arte Portaloian egiten zen ganadu feria beste toki batera aldatzea. Gezurra badirudi ere, hasieran Udala ez zegoen aldaketaren alde, baina batez ere gobernadore zibilaren mehatxupean errealitatera makurtu behar izan ziren: Portaloia ez zen tokirik egokiena ganadu feriak burutzeko.
 
Beste puntu eztabaidagarri bat izan zen guardia zibilen egoitza berrirako proposamena. Hain zuzen, 1913ko otsailaren 19an Arrasateko guardia zibilen komandanteak eskabide bat egin zuen Udala prest ote zegoen – guardien kopura handituz gero- behar bezalako kuartel bat finantzatzeko. Lehen instantzian, Udalak erantzun zuen:
 
“Que, desde luego, su disposición general es y ha sido siempre favorecer al Instituto por los beneficios que reporta, mas como quiera que dado el crecimiento del pueblo, debido a su desarrollo industrial, no se encuentra otro edificio adecuado y capaz por las 500 pesetas anuales que paga de renta. No ve más solución que proponer al propietario de la finca habilite otras dos habitaciones, por su cuenta, para lo que el Ayuntamiento le abonará 100 pesetas más de renta al año”  

Portaloiz bestaldean, Batzokiaren eraikina
Garayk alkate gisa 1914ko urtarrilera arte ihardun zuen. Data horretan zinegotzi bokala izatera pasatu zen, udal hauteskundeen ostean  alkatetza Jose Maria Herrastiren eskuetara itzuli baitzen.  

Garayk lan profesionala Banco Guipuzcoanon egin zuen bere bizitzaren azken unerarte – zuzendari izateraino heldu zen-  eta EAJk Arrasaten lehen batzokia bankuaren eraikinean ireki zuen, 1908an. Egoitza hartatik irradiatu zuen alderdi jeltzaleak bere eragina herri osora eta aurki bere biziko indarra hartu zuen udal aulkietan ere. Baina alderdiak bere giza-azpiegitura zein egoitza materiala eduki aurretik Esteban Garay izan zen Arrasateko jelkideen buruzagitza hartu zuena, mugimendua suspertzeko helburuarekin. 

Maria Ezkurra Vitoriarekin ezkondu zen Esteban Garay, ezkontideen artean hogei urteko diferentzia zelarik. Bikoteak bi seme izan zituen, Juan Antonio (1935) – apaiza, Venezuelan hil zen- eta Esteban (1937) Lanak eta sendiak uzten zizkioten tarteak bere fede erlijiosoari – Arrasateko Otoitzeko Zabalkundearen Presidentea zen-   eta lagunei – Juanito “Ixurtza” Zaitegi, Teodoro Larrañaga…-  eskaintzen zizkien “Altxola”ren tabernan. 

Urtarrilaren zortzi hotz batean, 1951ekoan, zendu zen Esteban Garay Garay, Arrasateko lehen alkate abertzalea. Bidea ireki zuen.