EAJ-PNV
alderdiak historia luzea dauka Arrasateko udal aulkietan. Ehun eta hamar urte dira
lehen aldiz sartu zirela herriko
politikaren kudeaketan eta atzera begiratze
xume bat egitea iruditu zait une hauetan egokia, euskal abertzaletasunaren Arrasateko
aitzindari izan zirenen nortasun agiria azalduz.
Esteban Garay Garay, 1935 aldera |
Esteban
Garay Garay izan genuen Arrasateko lehen zinegotzi abertzalea. Arrasaten jaioa,
1877ko azaroaren 22an, Gasteizko apaiztegitik igaro zen eta giro hark betiko
markatu zuen. Oso gizon erlijiosoa izan zen, integrismoaren postulatuekin bat
eginez. Eguneroko jaun hartzeko gizona zen eta bere ideia erlijiosoak bizitza
politikoan ere islatu zituen, udal gaietan barne. Horregatik, ez da erreza
duela ehun urteko inoren gora beherak aztertzea eta are gutxiago epaitzea. Eta
pertsonaia politikoa badaukagu, askoz gutxiago, gainera. Garay gizon aktiboa
izan genuen, alderdiko kidea alde batetik eta, jakina, herritar hutsa ere bai,
bestetik, bere herrikideen aldeko kudeaketan gogotsu aritu zena.
Zinegotzi
kargura 1906ra heldu zen. Bere udal kideekin talka egin zuen askotan. Zorrotza
bere herriaren aldeko kudeaketan, aurre egin zion beti edozein zinegotziren gehiegikeriari.
Esan dudan moduan, aurten ehun eta hamar urte betetzen dira Esteban Garay
Udaletxera heldu zela. Eta hamazazpi urtez kargu desberdinetan aritu zen, alkatetza
bera barne 1912 eta 1914 bitartean.
Jose
Maria Herrasti zen alkatea 1906an eta
Garayk toki hartu zuen zinegotzien artean
EAJren ordezkari bezala, gainerako gehienak liberalak eta karlistak ziren
bitartean. Dagoberto Resusta eta Higinio Resusta Union Cerrajerako
buruzagietako liberalak zituen areriorik handienak, horiengandik jaso baitzituen
Garayk erasorik bortitzenak eta horiei ere eskaini zizkien EAJko kideak
eztenkadarik gogorrenak.
Esteban Garay, alkate zenean |
Datu
adierazgarri bezala, aipa dezadan 1906ko abuztuaren 3 eta 4an, udal plenoak
udal ordenantzak eztabaidatu zituela, kapituluka. Denak bat ezik, ia-ia
eztabaidarik gabe onartu ziren, besteak beste “Agintaritza, auzokidetza eta
udal mugak” (13 artikulu) “Espektakulu publikoak” (53) “Establezimendu
publikoak” (44) “Zirkulazioa eta seguritatea” (103) Osasungintza (210) Lanak
(32) Zigorrak (14) Bakar-bakarrik “Erlijio
eta morala” kapitulua geratu zen mahai gainean, herritarrek jai egunetan lan
egin ote zezaketen zinegotziak batera ipintzen ez ziren-eta.
Udaletxea, 1925 inguruan |
Alkatetzarako
1912ko urtarrilaren 1enean hautatu zuten, zinegotzien atean izandako bozketaren
ondorioz. Garayk sei boto atera zituen hamaika zinegotzitatik. Udal konposaketa
honela geratu zen: alkatea, Esteban Garay ; lehen alkate ordea, Andres Inda; bigarren
alkate ordea, Bonifazio Maidagan; sindikoa, Isidoro Ezkurra; bokalak, Dagoberto
Resusta, Jose Ignazio Lasa, Higinio Resusta, Conrado Ruiz de Alegria, Daniel
Arkauz eta Agustin Aranzabal.
Alkate
bezala egokitu zitzaion lehenetako gaia izan zen ordura arte Portaloian egiten
zen ganadu feria beste toki batera aldatzea. Gezurra badirudi ere, hasieran
Udala ez zegoen aldaketaren alde, baina batez ere gobernadore zibilaren
mehatxupean errealitatera makurtu behar izan ziren: Portaloia ez zen tokirik
egokiena ganadu feriak burutzeko.
Beste
puntu eztabaidagarri bat izan zen guardia zibilen egoitza berrirako
proposamena. Hain zuzen, 1913ko otsailaren 19an Arrasateko guardia zibilen
komandanteak eskabide bat egin zuen Udala prest ote zegoen – guardien kopura
handituz gero- behar bezalako kuartel bat finantzatzeko. Lehen instantzian,
Udalak erantzun zuen:
“Que, desde luego, su
disposición general es y ha sido siempre favorecer al Instituto por los
beneficios que reporta, mas como quiera que dado el crecimiento del pueblo,
debido a su desarrollo industrial, no se encuentra otro edificio adecuado y capaz
por las 500 pesetas anuales que paga de renta. No ve más solución que proponer
al propietario de la finca habilite otras dos habitaciones, por su cuenta, para
lo que el Ayuntamiento le abonará 100 pesetas más de renta al año”
Portaloiz bestaldean, Batzokiaren eraikina |
Garayk
alkate gisa 1914ko urtarrilera arte ihardun zuen. Data horretan zinegotzi
bokala izatera pasatu zen, udal hauteskundeen ostean alkatetza Jose Maria Herrastiren eskuetara
itzuli baitzen.
Garayk lan profesionala Banco Guipuzcoanon
egin zuen bere bizitzaren azken unerarte – zuzendari izateraino heldu zen- eta EAJk Arrasaten lehen batzokia bankuaren
eraikinean ireki zuen, 1908an. Egoitza hartatik irradiatu zuen alderdi
jeltzaleak bere eragina herri osora eta aurki bere biziko indarra hartu zuen
udal aulkietan ere. Baina alderdiak bere giza-azpiegitura zein egoitza
materiala eduki aurretik Esteban Garay izan zen Arrasateko jelkideen
buruzagitza hartu zuena, mugimendua suspertzeko helburuarekin.
Maria Ezkurra Vitoriarekin ezkondu zen Esteban
Garay, ezkontideen artean hogei urteko diferentzia zelarik. Bikoteak bi seme
izan zituen, Juan Antonio (1935) – apaiza, Venezuelan hil zen- eta Esteban
(1937) Lanak eta sendiak uzten zizkioten tarteak bere fede erlijiosoari –
Arrasateko Otoitzeko Zabalkundearen Presidentea zen- eta
lagunei – Juanito “Ixurtza” Zaitegi, Teodoro Larrañaga…- eskaintzen zizkien “Altxola”ren tabernan.
Urtarrilaren zortzi hotz batean, 1951ekoan,
zendu zen Esteban Garay Garay, Arrasateko lehen alkate abertzalea. Bidea ireki
zuen.
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina