Paradisuko atean etiketadun mezuak erakusten. Erakutsi mezu guztiak
Paradisuko atean etiketadun mezuak erakusten. Erakutsi mezu guztiak

maiatza 28, 2014

DOKE ANTZERKI TALDEA: HAMAR URTE


Dena 2002ko bazkari batean hasi zen. 1949an jaiotako kintoen bazkalondoko tertulia goxoan geunden eta Jesus Mari Arzek planteatu zidan Arrasateko historiari buruzko testu bat prestatzea, Goikobalu abesbatzaren hamabosgarren urtemuga ospatzeko. Testua behin musikatuz gero eszenifikatu egin litekeela zioen Jesus Marik. Baiezkoa eman eta lanari ekin nion.

Niri egokitu zitzaidan, beraz, testua idaztea eta horrekin egoki joan litekeen musikaren egilea aurkitzea. Ez nuen zalantzarik izan etaSabin Salaberri aramaioarrarengana jo nuen. Haren adostasuna erdietsita, eszenategi
Obraren esku orria
gainean arituko ziren antzezleen bila ateratzea etorri zen. Goikobaluko abeslariez gain, testuaren dramatizazioa bideratzen arduratuko ziren gizon-emakumeak behar genituen. Eta horrezaz aparte, baita obra bere osotasunean zuzenduko zuena ere. Eta kasu horretan, zuzendari bat hartu beharrean bi lagunekin adostu genuen: Itziar Rosado eta Mikel Irastorza. Ezinbesteko zumeak lortuta, otarra egiteari lotu gintzaizkion.
Amaya antzokian, 2004-06-11
Eta horrela jaio zen “Eskuak elkarri” antzezlana. Arrasateko Amaia antzokian eskaini genuen, 2004ko ekainaren 11, 12 eta 13an. Antzezlanaren helburua, publikoa ongi  pasatzeaz gain, Arrasate eta euskal historiako une garrantzitsu bat jendaurrera aurkeztea zen.

Egun haietan aritu ziren antzezleak honakoak izan ziren: Lur Kabiketa, Kepa Errasti, Mariasun Pagoaga, Imanol Gallego, Jose Eugenio Otaduy, Silbia Solana, Eugenio Etxeberria, Salba Dalmau, Sheila Moreno, Josu Jauregi, Arantza Ezkurra, Marga Merkader, Elena Velez de Mendizabal, Eloi Irazabal, Fernando Ipiña, Aitor Aranburu, Dorita Murgia, Juan Antonio Barriocanal, Karlos Rodriguez, Felisa Viteri, Mikel Lagunilla, Ugutz Usandizaga eta Felix Ayala. Jaio zen Doke Antzerki Taldea (DAT)
 

Obraren esku orria
Eta etenik gabe bigarren proiektuari ekin zion elkarteak, kasu berrian ekoizpen propioarekin. Urtetan bihotzean sartuta neraman arantza atera ahal izan zuen DATari esker: Aramaion munduratu eta Arrasateko eskribau izandako Pedro Ignazio de Barrutiaren obra klasikoarekin ausartuko ginen. Horrela, XVIII. mendeko arrasatear gizartea berreskuratu genuen eszenategietarako eta ur handietara sartzen ari ginela kontzienteak ginelako zuzendaritza sendotzea erabaki genuen. Ordudanik gurekin obra  guztietan egon den Itziar Rekalde hasi zen 2005ean zuzendari lanetan.


Donostiako Antzoki Zaharrean, 2007-12-21
 “Actto para la Noche Buena”  izan da DATaren orain arteko obrarik arranditsuena. Bi urtez aritu ginen -2006 (estreinaldia, Arrasaten abenduaren 16an, Amaia antzokian) eta 2007- eta Araba, Bizkaia, Gipuzkoa eta  Nafarroako zenbait antzokitara eraman genuen, arrakasta handiz. Adibidez, Donostiako Antzoki Zaharrean antzeztu genuen 2007ko abenduaren 21 eta 22an, hain zuzen ere Gipuzkoako hiriburuak mendetan euskal antzerkiaren festa ospatu ohi duen Santo Tomaseko data esanguratsuan.  Ekoizpen bikaina burutu genuen, eta Barrutiaren testuari nik egindako egokitzapenari Sabin Salaberriren musika aproposa aplikatu genion. Oso emaitza ona lortu genuen eta euskal prentsa espezializatuak laudorioak izan zituen DATaren lanarentzat.

Arrasaten, 2006-12-16
Obra horretatik gurekin besteetan ere izandako Fernando Martinez de Eredita  teknikariak maisuki landu zuen eszena jokoa. Musika Arrasateko Shot estudioetan grabatu genuen eta emanaldietan talde laguntzaileak izan genituen Goikobalu abesbatza eta Txikitxu dantza taldea. 

Arrasaten, 2006-12-16
Orduko dokekideak  hauexek izan ziren: Mariasun Pagoaga, Marixabel Arsuaga, Joxe Eugenio Otaduy, Josu Jauregi, Arantza Ezkurra, Marga Merkader, Eugenio Etxebeste, Mikel Ezkurra, Elena Velez de Mendizabal, Mikel Irastorza, Saioa Iturbe, Igor Fernandez, Itziar Rosado, Mikel Dominguez eta Josemari Velez de Mendizabal. Esanda geratu den moduan, Itziar Rekalde izan genuen zuzendaria. Aipamen espeziala ere Eusebio Iñarrarentzat, musikarako tekniko aproposa izan baikenuen berarengan.


ETBrako grabaketa
Azpimarratu behar da ETBk obra grabatu zuela, horretarako Aramaioko Kultura Etxean prestatu genuen emanaldi egoki batekin. Euskal Telebistak zenbait aldiz ipini du ordudanik “Actto para la Noche Buena”ren gaineko gure ekoizpen hura antenan eta taldearentzat oso motibagarria gertatu da, gure lana saritutzat eman baitugu. Era berean, geure kontura bideoz grabatu genuen eta helbide honetan ikus daiteke:




 Hurrengo mailari “Iragana iragan” deitu
Obraren Kartela
genion. Mondragón sortu zeneko 750 urtemuga gogoratu nahian, titulu horretako lana idatzi nuen, 2010ean antzezteko. Bitxia gertatu zen herriko zenbait zirkulutatik DATaren asmoaren aurrean aurkeztutako jarrera eta taldeak garbi ikusi zuen bere ibilbideari tinko eutsi behar ziola, askatasunean eta aurre iritzirik gabe jarduteko.  Umorezko klabean zegoen idatzita eta gizartean ainguratuta egoten diren joera ulertezinak kritikatzen zen obran.



Entsegu batean, Aramaion
Arrasaten 2010-12-18
Arrasaten 2010eko abenduaren 18 eta 19an eskaini genuen lana Arrasaten eta herritik kanpo beste bi antzeztokitan ibili baginen ere, obra hau izan da taldeak gutxien mugitu duena. Itziar Rekalde zuzendaria eta Fernando Martinez de Eredita teknikariarekin batera, Mariasun Pagoaga, Marga Merkader, Josu Jauregi, Elena Velez de Mendizabal, Mikel Irastorza, Itziar Rosado, Arantza Ezkurra, Eugenio Etxebeste, Marixabel Arsuaga, Mikel Dominguez, Saioa Iturbe eta Josemari Velez de Mendizabal dokekideak aritu ginen.



Obraren kartela
Laugarren obrari 2012an etorri zitzaion txanda: “Paradisuko atean” Berriro niri egokitu zitzaidan testua idaztea. Hildako baten mamua da elkarrizketa guztietako ardatz nagusia eta berak eramaten du obran zehar, errautsetako ontziaren aurrean giza norbanako bakoitzak duen jarrerarako lotura. Haienganako alaitasun, kezka, haserre, tristura eta zalantza dira protagonista nagusiak azaltzen dituenak.

Ekintza tanatorio batean garatzen da eta edozein tanatoriotako elkarrizketen modukoak sortzen dira obran. Eta errealitate horretan oinarritzen da obraren indarra. Atal desberdinek euren tonu berezia badute ere, osotasunean ulertu behar da antzezlana. Umorezko kutsua eman zitzaion obrari eszenografiaren bitartez. 

Oñatin, 2013-02-24
Arrasaten, 2012-06-01
Orain arte DATaren obrarik mugituena gertatu da, 2012an eta 2013an aritu izan ginelarik. Kritikak oso ongi tratatu zuen espektakulua eta aurrekoak bezala 

bideoz grabatu genuen. Ikusgai dago, helbide honetan:






Arrasaten, 2012-06-01
Estreinaldia Arrasateko Amaia antzokian izan zen, 2012ko ekainaren lehenean. Ekoizpen berri horretako dokekideak hauexek izan ziren:  Arantza Ezkurrra, Mikel Irastorza, Mariasun Pagoaga, Txirri, Maider Alzelay, Itziar Rosado, Marga Mercader, Dorita Murgia, Mikel Dominguez, Silvia María eta Josemari Velez de Mendizabal. Itziar Rekalde zuzendaria, Fernando Martinez de Eredita teknikaria eta Eusebio Iñarra musika arduraduna izan genituen.

Aipatzekoa da, obra honekin emanaldi berezi bat eskaini genuela 2013ko urtarrilaren 13an Mondraberri egunkari digitalaren alde.



Eta 2014an estreinatzen dugu gure antzezlan

Obraren kartela

berria. “Galderak” titulua eman nion obrak egunero edozein une eta tokitan berez sortzen diren galdera bitxi, arraro eta,  batzuetan, ergelen inguruan garatzen du ardatz nagusia. Nork berak galderen planteamendutik bizitzari eskaintzen dion erantzuna da obraren  haria, galdera- erantzuna binomioen araberako etenik gabeko prozesuan. Doke Antzerki Taldearen orain arteko ibilbideari eutsi nahi izan zaio oraingoan ere eta paradoxetan sartuta, umorezko klabea ahalbidetu zaio antzez-entramatuari.



Oraingo honetako kideak ditugu: Arantza Ezkurrra, Mikel Irastorza, Mariasun Pagoaga, Itziar Rosado, Marga Mercader, Dorita Murgia, Mikel Dominguez eta Josemari Velez de Mendizabal. Beti bezala, Itziar Rekalderen zuzendaritzapean eta Fernando Martinez de Ereditaren tekniko-laguntzarekin. Eta estreinaldia Aramaioko Kultura Etxean da, maiatzaren 31an. 

Aipamen berezi bi egin behar ditut. Lehena Eneritz Tirados, bera izan baita gure ekoizpenean burututako lau obretako kartel-egilea. Eta zer esanik ez, Mari Jose Unzueta gure diruzaina, urte hauetako kontuak txintxo-txintxo koadratzen ahalegindu dena.


Beste esparru batzuk

Kale antzerkian aritu izan dira dokekideak zenbait aldiz, “Ezkontza” obra antzeztu zutelarik 2008an eta 2009an Arrasaten.

Antzerki ikastaroak izan dira DATaren beste ardura, taldekideentzat ez ezik baita teatroaz zerbait ikasi nahi izan duten guztientzat ere. Arrasate eta Aramaion urtero antolatu da tailerren bat,  goi mailako irakaslerekin. 

DATaren lana aintzakotzat hartu da zirkulu espezializatuetan eta haren ondorioz beste esparrutara ere hedatu da gure jardunbidearen emaitza. Horra hor, adibidez, zinea. Mariasun

Mariasun Pagoaga, entsegu batean

Pagoaga kideak bere arte eszenikoa erakutsi du pantaila handi eta txikian ere. Zenbait pelikulatan hartu du esku protagonismo handiarekin.


Errepaso txiki hau amaitu baino lehen, derrigorrez aitatu behar ditugu Arrasate eta Aramaioko Udalak, beraien laguntzarik gabe ez baikenuen egindakoa burutuko. Oinarrizkoak izan dira orain arteko beren laguntzak. Eta gero zerrenda luzea dator, baina modu espezialez hamar urte hauetan gure lanaz arreta ipini duten guztioi luzatu nahi genieke eskerrona.


Esan baligute 2004ko ekainean hamar urte geroago estreinaldi berri baten aurrean egongo ginela, ez genuen sinetsiko.

Informazio gegiago:

http://dokeantzerkitaldea.blogspot.com.es/



urtarrila 16, 2013

AUZO BIDEA, KULTURA BIDEA

Euskalgintzaren historia oso malkartsua izan da orain arte eta ez dut gehiegi arriskatzen horrela izaten jarraituko duela esaten badut. Euskarak ez du aldeko haizerik askotan jaso eta egin duenean ere gure hizkuntzarentzako laguntza birritan zuritu behar izan da, ahots kritiko zikiratzaileak isilarazteko. Eguneko egoerak zurrunbilo galantak eragin ditu euskal kulturaren baitan eta agente asko zulo ilunean erortzeko arriskua bizi izaten ari dira uneoro, orekari eustea ariketa ezina bihurtu zaielarik.

Arrasaten elkarte, talde eta erakunde kultural ugari ditugu, diziplina eta arlo desberdinetako premia eta zaletasunei eskainita. Herri bizi bat nahi duela izan erakutsi nahi duen beste edozeinetan bezalatsu. Ez gara diferenteak. Eta gabiltzan mugimendu honetan denak batzeko garela uste dudalako, iruditzen zait une kritikoetan are gehiago izan behar dugula kontuan elkarrekiko laguntza. Hemen ez dago inor soberan. Indar guztiak gutxi dira. Eta auzo lanean bideak iragangarriagoak ditugu.

Horregatik, Doke Antzerki Taldeak jakin zuenean Arrasateko Mondraberri hedabide digitalaren egoera ekonomikoa larria zela, bere eskutxoa luzatu nahi izan zion, berezko osasun txarretik ez zuela libratuko jakitun. Baina –behintzat- ordu ilunetako bidelagunak badituela ezagutarazi gura zion. Eta DATekin batera, Arrasateko beste talde batzuek ere hartu dute parte atxikimenduko ariketa horretan. Horra hor, Portaloi kultur elkartea, Txikitxu-Arrostaitz eta Lore Gazteak dantza taldeak eta Udalaxpe Txistulari Elkartea. Eta ziur nago, beste hainbatek ere parte hartuko zuen, auzo lanetarako eskua luzatzea eskatu izan balitzaie. 

Gaurko ekarpen espezial samar honetan bi bideo azaldu nahi ditut. Biak iragan igandean Arrasateko Amaia Antzokian burutu ekitaldiarekin lotuta. 

Lehen bideoa, DATk eskainitako antzezpenaren laburpena da.

http://www.youtube.com/watch?v=TjP1AKyV8mA 

Bigarrena, antzezpena amaitzean, Portaloi elkarteko kideekin eratutako abestaldiari dagokiona.
http://www.youtube.com/watch?v=rQ02Hx1vX18


Argazkia: Mondraberri

maiatza 29, 2012

PARADISUKO ATEAN


"Iragana iragan" antzezlaneko une bat, 2010ean
Arrasateko DOKE Antzerki Taldea (DAT) berriz ere euskal agertokietara azaltzen da. Oraingoarekin lau dira taularatu dituenak, 2004an antzerkiari ekin zionetik. Obra berria “Paradisuko atean” da eta emanaldietarako prest daude taldekideak ekoizpenean sei hilabete luze inbertitu ondoren. Abiapuntua Arrasateko Amaia Antzokian jarri dute,  bertan eskainiko baita obra ekainaren 1 eta 2ko emanaldietan.

DAT 2004an sortu zen, eta antzerkia sentitzen duten lagunek osatzen dute. Arrasatek antzerki arloan inoiz eman duen talde iraunkorrik garrantzitsuena da eta emaitzei dagokienez eraginkorrena. Antzerkia egiteko eta antzerkirako zaletasuna sorrarazteko asmoarekin jaio zen DAT. Eta bide horretatik doa, izan ere zortzi urteotan taldetik igaro diren lagunen zerrenda luzea da. Gehienak arrasatearrak izan baditugu ere, beste nonbaitetik inkorporatutakoak ere badira, taldeko partaide izateko ateak zabalik baitaude beti.

DATek bere jarduna herri-antzerkian oinarritu du hasiera-hasieratik. Euskal herri-antzerkia izan da taldearen jomuga, gazteleraz aritzeko aukerak izan baditu ere. Baina ez diete itsas-laminei entzun nahi izan eta askoz konplikatuagoa den arren euskarazko lan aplikatuari eutsi diote, horrek ekarri dituen satisfakzioak handiak izan direlarik.

“Paradisuko atean” obraren nondik norakoak

Ekintza tanatorio batean garatzen da. Hildakoaren errautsak daude ikusgai. Zendua emakume bat da eta errautsen baitatik hildakoaren mamua agertzen da. Bera da obraren protagonista, atal guztietan modu aktiboan esku hartzen duena. Tanatorioan bisitak ematen dira etengabe, eta hitzezko interakzioa sortzen da mamuarengandik, azken agurra eskaintzera joandako guztienganako. Eta elkarrizketak diren arren, norabide bakarrekoak ditugu, bisitariek ezin baitute mamua ikusi ezta entzun ere. Salbuespen batekin: ehorztetxeko enplegatua.

"Paradisuko atean"-eko hiru aktoresa
Heriotza gai serioa den arren, umorezko klabean dago idatzita obra eta euskarari hurbileko tratamendua eskaini zaio, publiko zabalera heltzeko.

Testuaren egilea ni neu nauzue –DATeko partaide naiz bere sorreratik- eta zuzendaria Itziar Rekalde da, taldearen aurreko bi obretan bezala. Obra honetako DATeko kideak, berriz, honakoak ditugu: Arantza Ezkurra, Mariasun Pagoaga, Mikel Irastorza, Itziar Rosado, Marga Mercader, Maider Alzelai, Dorita Murgia, Silvia Maria, Mikel Dominguez, Juan Manuel Gorosabel, eta Josemari Velez de Mendizabal.

Gaurko idazki hau publizitatetzat hartu nahi badu irakurleak, har dezala. Bere informaziorako diodan, sarrerak jada salgai daudela, Arrasateko Lore eta Zabaleta lurrin dendetan, Muruamendiaraz goxotegian, Txukun fotokopistegian, Jai Zale eta Monte tabernetan, Zeziaga dendan eta abar... Ez dago aitzakiarik!