maiatza 29, 2012

PARADISUKO ATEAN


"Iragana iragan" antzezlaneko une bat, 2010ean
Arrasateko DOKE Antzerki Taldea (DAT) berriz ere euskal agertokietara azaltzen da. Oraingoarekin lau dira taularatu dituenak, 2004an antzerkiari ekin zionetik. Obra berria “Paradisuko atean” da eta emanaldietarako prest daude taldekideak ekoizpenean sei hilabete luze inbertitu ondoren. Abiapuntua Arrasateko Amaia Antzokian jarri dute,  bertan eskainiko baita obra ekainaren 1 eta 2ko emanaldietan.

DAT 2004an sortu zen, eta antzerkia sentitzen duten lagunek osatzen dute. Arrasatek antzerki arloan inoiz eman duen talde iraunkorrik garrantzitsuena da eta emaitzei dagokienez eraginkorrena. Antzerkia egiteko eta antzerkirako zaletasuna sorrarazteko asmoarekin jaio zen DAT. Eta bide horretatik doa, izan ere zortzi urteotan taldetik igaro diren lagunen zerrenda luzea da. Gehienak arrasatearrak izan baditugu ere, beste nonbaitetik inkorporatutakoak ere badira, taldeko partaide izateko ateak zabalik baitaude beti.

DATek bere jarduna herri-antzerkian oinarritu du hasiera-hasieratik. Euskal herri-antzerkia izan da taldearen jomuga, gazteleraz aritzeko aukerak izan baditu ere. Baina ez diete itsas-laminei entzun nahi izan eta askoz konplikatuagoa den arren euskarazko lan aplikatuari eutsi diote, horrek ekarri dituen satisfakzioak handiak izan direlarik.

Paradisuko atean” obraren nondik norakoak

Ekintza tanatorio batean garatzen da. Hildakoaren errautsak daude ikusgai. Zendua emakume bat da eta errautsen baitatik hildakoaren mamua agertzen da. Bera da obraren protagonista, atal guztietan modu aktiboan esku hartzen duena. Tanatorioan bisitak ematen dira etengabe, eta hitzezko interakzioa sortzen da mamuarengandik, azken agurra eskaintzera joandako guztienganako. Eta elkarrizketak diren arren, norabide bakarrekoak ditugu, bisitariek ezin baitute mamua ikusi ezta entzun ere. Salbuespen batekin: ehorztetxeko enplegatua.

"Paradisuko atean"-eko hiru aktoresa
Heriotza gai serioa den arren, umorezko klabean dago idatzita obra eta euskarari hurbileko tratamendua eskaini zaio, publiko zabalera heltzeko.

Testuaren egilea ni neu nauzue –DATeko partaide naiz bere sorreratik- eta zuzendaria Itziar Rekalde da, taldearen aurreko bi obretan bezala. Obra honetako DATeko kideak, berriz, honakoak ditugu: Arantza Ezkurra, Mariasun Pagoaga, Mikel Irastorza, Itziar Rosado, Marga Mercader, Maider Alzelai, Dorita Murgia, Silvia Maria, Mikel Dominguez, Juan Manuel Gorosabel, eta Josemari Velez de Mendizabal.

Gaurko idazki hau publizitatetzat hartu nahi badu irakurleak, har dezala. Bere informaziorako diodan, sarrerak jada salgai daudela, Arrasateko Lore eta Zabaleta lurrin dendetan, Muruamendiaraz goxotegian, Txukun fotokopistegian, Jai Zale eta Monte tabernetan, Zeziaga dendan eta abar... Ez dago aitzakiarik!


 

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina