maiatza 09, 2012

TEODORO LARRAÑAGA, ARRASATEKO IZOZKIGILEA




Teodoro Larrañaga
Nire adineko pertsonentzat Teodoro Larrañaga Ezkurra izena Arrasateko izozkigile baten irudiarekin dago lotuta. Aitortu behar dut Teodoro mitifikatua izan dudala txiki-txikitatik, bere esku-gurditxoarekin herriko kaleetan izozkiak saltzen zituen egunetatik, alegia. Seguru asko, apur bat idealizatuta edukiko ditut gozoki haiek, batez ere nola fabrikatzen ziren kontuan izanda. Baina gauza da, nire oroitzapen onenen artean sailkatzen ditudala Teodorori dagozkionak. 

Bere txaketa zuriz jantzita egoten zen eta txalupa itxurako barkiloetan erreal bitan erosten genizkion gutizia haiek hamaika oroitzapen ekarri dizkidate beti. Diodan, halaber, nire belaunaldikoentzat ez ezik zaharragoentzat ere antzerako sentimendu gogoangarria utzi zuela Teodoro Larrañagak. Adibide bezala jar dezaket, Jesus Trincado nire biografiatuak –1908an jaioa- ederki ondo gogoratzen zituela bere haurtzaroko une goxoak, Teodororen ondoan bizi izandakoak. Beraz, gutxienez mende erdi oso batean gure gaurko protagonistak arrasatear askoren baitan oroitzapen onak utzi zituela esango nuke.

Berriki Teodororen arrastoari heldu ahal izan diot haren biloba Ramon Aperribayren eskutik, eta zutabe honetara ekarri nahi izan dut izozkigilearen istorioa, iraganeko Arrasateren erretratu berri bat eskaintzen duena. Horren irakurketaren bitartez gizartearen bilakaera jarraikia egiaztatuko dugu. Etengabe doaz gure aztura eta usadioak aldatzen. Hauxe da, oso laburtua, Teodoro Larrañagaren historia.

Larrañaga-Ezkurra sendia. Falta da Jose Mari semea
Eskoriatzan jaio zen, Kamiñerukua baserrian, 1878ko irailaren 11an[1]. Aita Gregorio zen bertakoa. Ama Frantziska Ezkurra, berriz, Arrasateko Erguin baserrikoa genuen. Bikotea 1877ko apirilaren 14an ezkondu ondoren senarraren etxera aldatu zen bizitzera, horren amarekin. Baina ez zuten denbora luze eman Eskoriatzan. Istorio polit bat da egonaldi laburraren inguruan. Begira:

Gertatu zen, Frantsizkak eta amaginarreba Florentziak ez bide ziotela elkarri ongi eramaten, eta Frantziska Teodoroz erditu eta egun pare batera sorora bidali ei zuen senarraren amak, artean Frantziska erditzearen arrastoak guztiz sendatu gabe. Lanean ari zela, ama berriak poltsatxo bat urrezko monetarekin aurkitu zuen. Frantziarrak 1813an Eskoriatzatik igarotzean, bertan haietako norbaitek denbora hobeen zain lurperatutako poltsatxoa zen, nonbait. Frantziska, birritan pentsatu ondoren, senarrarengana joan eta bota zion: “Urre honekin umearen eta nire betebeharretarako adina atera dezaket. Nahi baduzu, nirekin etorri Arrasatera bizitzera” Eta horrela, Teodoro zortzi egunekin aldatu zen bere gurasoekin Arrasatera.

Bikotea umearekin Arbolapetaren ondoko etxe batean hasi ziren bizitzen. Halaber, Uharkape inguruko goialdean terrenoak erosi zituzten, etxeko aziendarako. Handik gutxira, ordea, Udalak erosi zizkien lurrak, ospitale berriaren ganadutegirako. Eta larrañagatarrek San Andreseko zonaldean, Deba ibaiaren ertzeko lur sail zabala eskuratu zuten. Gregorio aita, baserritik bizitzeko ideia ahaztuta, Vergarajauregi, Resusta y Cia. enpresan hasi zen lanean.

Teodorori ere heldu zitzaion lanari ekiteko sasoia eta bere lehen ofizioa espartingilearena izan zen, Erdiko Kalean ireki zuen establezimendu batean. Kontsumo handiko produktua zen, nahiz eta, batzuetan, salerosketaren likidazioa burutzea zail samarra bilakatzen zen. Baina Teodoro oso begi trebekoa zen horretarako eta aurrera egin zuen negozioan. Hori dela eta, establezimenduaren eskaintza handituz joan zen eta kordelak, abarkak, otzarak eta baserriko denetariko lanabesak saltzen zituen. Baina Teodorok Arrasateko dendatik ez ezik, feriaz feria ibiltzen zen bere produktuak eskaintzen. Horrela, Durango, Bergara, Elgoibar, Markina, Gernika, Gasteiz eta beste toki askotaraino iritsi zen bere merkatal sarea.

Teodoro eta Hermenegilda, hiru alaba nagusiekin
Aretxabaletako Arientzako Hermenegilda Uribetxebarriarekin ezkondu zen Teodoro, 1901eko azaroaren 30ean. Berak atsegin handiz kontatzen zuenez, ezkontzako erlijios-zeremoniaren ostean erromerian joan ziren gonbidatuak Arrasateko Santa Barbara parkeraino –txistu eta eskusoinuek lagun- eta Kosme Garai bere adiskidearen ezkontza ospakizunarekin bat egin zutenez gero, egundoko jaia izan zen egun hartan inguru haietan.

Larrañagak merkatal gaietarako zeukan abilezia kontuan izan bide zuen Patrizio Etxebarriak, izan ere Teodorok “Bellota” markako produktuen komertzializazioa lortu zuen Gipuzkoa, Bizkaia eta Arabako azoketarako. Horrezaz esan behar da, Teodororen anaia Jose Marik Patriziorekin batera ihardun zuela Vergarajauregui, Resusta y Cia. lantegian eta oso estimu handian zeukan legazpiarrak Larrañaga gaztea. Patriziok zioenez, Jose Mari Larrañagak erakutsi zion moduan fabrikatzen ari ziren aitzurrak Legazpin.  Jose Mari Argentinara joan zen bizitzera XX. bigarren hamarkadan eta hori jaki zuenean Patriziok esan ei zion Teodorori: “Amerikak hemen jaukan hara joan barek”

Azokaz azoka ibiltze horrek eraman zuen Gernikakoan saltzaile fijo izatera. Bizkaiko foru-hirira joateak aukera ematen zion Sebero Altube txikitako lagunarekin egoteko. Eta hain zuzen ere,  1937ko apirilaren 26 egun beltz hartan Teodoro Gernikan zegoen, azoka eguna baitzen. Egun hartan Seberok Gernikatik lehen bait lehen alde egitea eskatu zion Teodorori, herrian jende arraroa ikusten zelakoan. Teodorok ez zion kasurik egin eta bonbardaketak harrapatu zuen bete-betean. Junta Etxearen ondoko Komentuan hartu ahal izan zuen aterpe, eta ez zen Arrasatera handik hiru egunera arte heldu.

Teodoro izozkietako negozioan sartu aurretik, elurrarekin zerikusirik zeukan beste ekintza mota batean aritu zen. XX.eko hastapenetan Arrasateko Udalak Udala auzoko Txukurriluena baserri ondoko karobi baten ustiapena kudeatzen zuen. Itun baten bitartez, auzoko baserritarrek neguan elurrez betetzen zuten karobia. Bertako izotza, besteak beste, gaixo larrientzat medikuek errezetaturiko kasuetan erabiltzen zen, eta eguneko edozein ordutan gertu egon behar zen Udalaraino igo eta bertatik izotza kaleraino ekartzeko. Lantegi horretaz Teodoro arduratu zen urtetan eta Olarte kaleko Erregetxo baserriko kortan gordetzen zuen astoaren laguntzarekin Udalarainoko joan etorria egiten zuen, eskatzen zitzaion guztietan.

Betebehar horretatik ikusi ei zuen Teodorok, neguan pilaturiko elurra, izotz bihurtua,  udako hilabeteetan izozkia fabrikatzeko erabil zezakeela. Eta sistema hartaz baliatu zen, hain zuzen ere izotz-barrak ekoizteko Biteri kalean “Martin Bixi”-k bere lantegitxoa ipini zuen arte. Ordurako Teodororen izozkiek ospea irabazi zuten Arrasaten eta inguruko herrietan. Bere txaketa zuriz dotore jantzita eta esku-gurditxoari bultzatuz Aretxabaleta, Aramaio, Eskoriatza eta Arrasateko jaietako pertsonaia bilakatu zen. Negozioko sasoia Aberri Eguna eta Domu Santu bitartean izan ohi zuen. Irabazpidearen gaineko  ideia integralari eutsiz, izozkietarako barkilloak ere Teodorok berak prestatzen zituen etxean.

Teodoro Larrañaga izan zen urte luzez Udal Azokako kudeaketaren arduraduna. Garai hartan ohi bezala, enkantean jartzen zuen Udalak ustiapena –gehien ordaintzen zuenari adjudikatzen zitzaion- eta Teodororen eskaintzak altuenak izan ziren urtetan. Horrela, berari zegokion bertako garbiketa eta ordenaren ardura eta baita saltokietako alokairuen kobrantza ere.

Senar-emaztea, Restituta, Bitxori, Dolores, Satur eta Juan seme-alabekin

Teodoro abertzalea zen eta bere ideia politikoek kartzelara eraman zuten gerra aurretik. Gertatu zen 1931ko udal hauteskundeetan zurrumurrua korritu zela herrian karlistek izurra egingo zutela, botoa bikoitza emanez, hau da karlista bakoitzak birritan bozkatuz. EAJren herriko presidentea zen Esteban Garayrekin honakoa adostu  zuen: Teodoro bere boto-papera sartzera zihoanean Estebanek keinuren bat egiten bazion hark boto-kutxa puskatu behar zuen. Hala egin zen eta kutxa txikituta bertan behera geratu zen botazioa. Teodoro kartzelara eraman zuten zenbait egunetarako. Baina kutxetako botoak zenbatu zirenean, boto emaile baino gehiago azaldu bide ziren. Bozketa ostera burutzean kontrol gehiago jarri zen eta nazionalistek irabazi zuten. Gerra amaitutakoan, Erantzukizun Politikoen Lurralde Epaitegiak 3.000 pezetako isuna jarri zion Teodorori EAJren kidea izateagatik.

Gure izozkigilea 1964ko maiatzaren 23an hil zen, eta berarekin arrasatear gizarteko estiloaren zatitxo bat ere joan zen betiko. Horrezaz gain, harrez geroztik esku-gurdietan erosten nituen izozkiak ez ziren niretzat Teodororenak bezain goxoak izaten.





[1] Horrela agertzen da bataio-agirian. Eta Larrinaga abizena irakurtzen da agirian; aitarenean agertzen den bezala. Areago, Teodororen gurasoak Arrasateko Uribarriko elizan ezkondu zireneko dokumentuan ere Larrinaga dago idatzita.

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina