maiatza 23, 2012

MONDRA TXAPELDUN: DUELA 60 URTE

Mondra, finalean Atotxan.
Bilboko Athleticek Europako finala jokatu zuen duela hamabost bat egun eta denboran urruti geratzen bada ere Arrasateko Juventud Deportiva Mondragonek beste horrenbeste egin zuen 1951-52 denboraldian, hori bai gure Lurralde-Lehen Mailan, Itsasertzeko taldeen arteko sailean. Maila apalagoa bilbotarrak baino, bistan da, baina azken finean futbolean. Athletic bezala, txapeldunorde gertatu zen, Elgoibarren kontra Atotxan jokatutako partiduaren ostean husna bukatuta. Ostera jokatu behar izan zen partidua eta Mondrak gol batengatik galdu zuen, hori bai –kronikek diotenez- “sarrailariek euren futbolaren sendotasuna argi eta garbi erakutsi zuten

Baina denboraldiko lorpenik handiena etortzekoa zen. Afizionatuen Txapelketan Vitoria gainditu zuen final aurrekoetan, partidu bakarrera Gasteizen jokatutako partiduan. Eta finalean Michelinen kontra bost eta bat irabazi zuten arrasatearrek. Egia esan, inor gutxi harritu zen Juventud Deportivaren arrakasta berriarekin, afizionatuen txapelketa bide baitzen bere espezialitatea, lau urte jarraian eskuratu baitzuen titulua: 48-49, 49-50, 50-51 eta 51-52.

Hemengoen taldeen kontrako txapelketatik estatu mailara jauzia egitean, ordea, Mondrari ez zitzaion hain ongi joaten eta 1952ko prentsak berriz ere gogoratzen zuen 1948-49ko denboraldian Indautxuren kontra jokatutako partidu ospetsua: estatu mailako norgehiagoketan final aurrekoetan ari ziren eta bueltako partiduan Bilbon partiduaren luzapenean galdu zuen gure taldeak finalerako txartela. Zorte txarra!

Urte hartan Alberto Bacigalupe kazetari bilbotarrak argitaratutako Futbol modesto en las Vascongadas” liburuan apuntatuta utzi zuen bezala 1951-52ko talde titularra honako hauxe zen: Moreno; Luis Arregi, Uribetxeberria eta Fertxu; Egidazu eta Bolinaga; Eli, Berezibar, Balzategi, Tololo eta Guridi. Ordekoak, berriz, Monty, Kortabarria eta Gutierrez. Kapitaina Balzategi “Erregetxo” zen eta denboraldi hartan Zubillaga jokalari trebe eta aurrelarien arteko onenentzat hartutakoa larriki zauritua ibili zen denbora luzez eta ez zuen behar bezala lagundu ahal izan.

Mondraren entrenatzailea Joxe Errasti zen, “hombre que sabe compaginar la autoridad y energía que requiere el cargo con el tono amigable del compañero” Bacigaluperen ustez.

Liburuak, azkenik, taldearen zuzendaritza batzordekoen izenak ematen zituen: Jose Martinez de Ubago, lehendakaria; Zezilio Iturrospe (lehendakari ordea); Balendin Gonzalez (idazkaria); Frantzisko Marteatxe (diruzaina) eta Agustin Heriz, Luzio Berezibar, Castor Uribe, Cleovaldo Herrero,  Juan Jose Axpe, Migel Lazpiur, Daniel Uribarren, Simon Arregi, Bixente Aranbarri eta Rafael Barrena (bokalak)

Mondrak denboraldiko bigarren finala irabazi zuen
=======================
Goiko argazkiko jokalariak:
Moreno, Azkargorta “Monty”, Fertxu Aranburu, Uribetxebarria, Egidazu “Kurri”, Luis Arregi, Bolinaga, Tololo, Eli Bolinaga, Balzategi “Erregetxo”, Berezibar “Altamira”, Guridi “Ziriles”.

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina