1963 etiketadun mezuak erakusten. Erakutsi mezu guztiak
1963 etiketadun mezuak erakusten. Erakutsi mezu guztiak

martxoa 15, 2023

JUVENTUD DEPORTIVA MONDRAGON ETA KRISIA HERRIKO FUTBOLEAN


Arrasateko futbolaren historia txikian badira zenbait barne historia eta kirol modalitate horren bilakaera gradu zehatzean ulertzeko gogoan eduki beharko lirateke, nahiz eta gehienetan ihes egingo duten, ziurrenik herritar gehienontzat bat ere axolarik izan ez dutelako. Egia esan, iragan denboraren ikuspegitik aztertuta ia-ia ahaztuta geratu dira gorabehera asko, baina iruditzen zait pelikula osoko fotograma batzuk berreskuratzea interesgarria gerta daitekeela. Eta futbolaren historiari buruz apurtxo bat idaztea erabaki nuenean gaur dakardan istorioa ere osagai garrantzitsua zela pentsatu nuen. Ez noa ezer asmatzera, izan ere ondoko datu gehien-gehienak idatzita daude. Horrek ez du esan nahi, inolaz ere, egia hutsa denik, finean egia aurpegi askotakoa baita, nork begiratzen dionaren araberakoa. 

Juventud Deportiva de Mondragón elkarteak 1963an publikatutako memoria-txosten batean oinarritu naiz gaurkoa idazteko. Txosten haren sarrerak zalantzarako zirrikitua uzten zuen irekita, ez baitzegoen oso garbi zein zen txosten egileen benetako asmoa, batez ere “No llevamos ningún ánimo polémico” esaeraren atzean zetorrena zertara zetorren galdegai geratzen baitzen. Baina noan txostenaren laburpeen txiki batekin.

Juventud Deportiva de Mondragón (JDM) 1941ean jaio zen, gizarte garapenaren atzetik zebiltzan herriko gazte batzuen eskutik. Ez zen soilik kirol ariketa bultzatu zituena, baina izatez – eta gazteen artean normaltzat har daitekeen moduan- kirol praktikak, eta batez ere futbolak, protagonismo handia hartu zuen hasieratik. 

Idatzi nuen aurreko batean, gerra osteko gizarte giroa ez zela oso samurra Arrasaten eta zauri ireki gordinak nabaritzen ziren herritarrengan. Arrasateko kirol suspertze lanetan Jose Mari Urangak burutu ahalegin eta ekimenaz aritu nintzen beste behin – Unión Deportiva Mondragón sorraraziz, eta haren deskribapena nahikoa da mundrautarren arteko harreman zailari buruzko ideia zehatza egiteko. Baina urtean aurrera zihoazen eta normaltasuna heltzen ari zen kaleetara… Teorian, behintzat. Uranga herriko luistarren lehendakaritzatik garatu zuen bere lana, eta 1940ko uztailean utzi zion Unión Deportiva Mondragonen lehendakari izateari.

Gertatu zen, eta Jose Mariren erabakiarekin zerikusi izango zuelakoan nago- 1940ko maiatzaren 10ean hogei gaztek Ekintza Katolikoaren Gazte Elkartea sortu zutela, Rafael Amozarrain lehendakari hautatuz. Helburuetariko bat, kirol praktika areagotzea zen. Hori dela eta, 1941eko ekainaren lehenean, JDM elkartearen lehen ekintza izan zen, modu ofizialean. Egun hartan, Maalako futbol zelaian, Ekintza Katolikoaren Gazte Elkartearen sail autonomo bezala aurkeztu zen JDM, artean Juventud Deportiva de Acción Católica. Lehendakaria Jose Aiala izango zen. Berarekin zuzendaritzan, Alvaro Oregi, Luis Aretxaga, Jose Egidazu, Pako Azpiazu, Eugenio Balzategi, Imanol Arizaga eta Bizente Sagasta zeuden. 
Jose Aiala

Esan behar da Jose Mari Urangaren zuzendaritza batzordean egon zela Aiala, baina 1939-40 amaitzear zegoela dimisioa azaldu zuen, arrazoi bitxi batengatik. Denboraldian jokalarien artean agindutako primak amaiera osteko afari batean inbertitzea zegoen adostuta. Baina hilabete bat falta zela, hiru futbolarik espainiar armadara joateko deia jaso zuten, hain zuzen ere gerran abertzaleekin borrokatu zirenak: Ramon Aranbarri, Roman Fernandez eta Benito Etxebarria. Orduan, jokalari guztiak afarian egon ahal izateko, zuzendaritzak hura aurreratzea erabaki zuen. Jose Aialak ezetza eman zuen eta ondorioz zuzendaritzan egoteari utzi zion.

Baina itzul gaitezen 1941eko ekainaren lehenera. Egun hartako kirol egitarauan honakoa iragarri zen: atletismo erakuspena, Gipuzkoako zenbait herritako atletekin. Arrasateko Rafael Agirre eta Maria Luisa Atekak prestatutako Euskal Dantza Talde Mistoaren erakuspena. Eta azkenik, futbol partidua. Aurrez aurre, Gasteizko hamaika jokalari eta Juventud Deportivakoak. Beraz, lehen aldiz izen horrekin aritzen zela. Diodan, gasteiztarrak Angel Sukiak - artean Gasteizko Apaiztegiko agintarietako bat, eta urtetara kardenala izango zena- hautatu zituela. Suposatzen dut, beraz, futbolariak apaizgaiak izango zirela. 

JDM sailetan egituratu zen: dantza, antzerkia, areto kirolak, futbol, pilota, atletismo, mendirako zaletasuna, uda txangoak eta abar, bakoitza bere arduradunekin. Finantzazio bide bezala, tonbola, zozketa eta kiniela batzordeak osatu ziren. Maalako zelaiaren jabeekin sinatu zuen hura erabili ahal izateko kontratua, 425 pezeta urteko, baina 1943an terrenoa Elmari saldu zioten eta JDMk beste toki baterako urratsak eman behar izan zituen. Aurrenik, Osiñako landan egokitu zen futbol zelaia, probisionalki. Eta aukera desberdinak aztertu ondoren, azkenik Uribarri auzoko Uribar Zubi baserriaren ondoko Iturripera jo zen, 16.000 metro karratuko lautadatxoa zeukana.

Juventud Deportiva de Acción Católica  zen futbol taldearen zamari eusten ziona eta ekonomikoki defizitarioa zen: 1944an, 13.000 pezetako galera eman zuen. Uribarriko terrenoak eta egokitzapenerako gastuak 194.286 pezetaraino heltzen ziren eta JDAC-ek Gipuzkoako Aurrezko Kutxara eta Banco Guipuzcoanora jo zuen, maileguaren eske. Bankua prest agertu zen 90.000 pezeta hipotekarik gabe uzteko, baldin eta herriko enpresa batzuek bermea eskaintzen bazuten. Horrezaz gain, maileguak %4ko interesa izango zuen. Eta betiko enpresek aurrerako urratsa eman zuten. Honela banatu zen maileguaren bermea: Unión Cerrajera (% 50) Elma (% 20) Asam (% 8´5) La Industrial Mondragonesa (% 8´5) ABC (% 5) MCM (% 5) Altuna, Garay y Cia (% 3) 
Iturripe zelaia egokitzen, 1945eko maiatza

Goi mailako dirutan sartuta, Ekintza Katolikoaren baitan planteatu zen kirol elkarteri nortasun juridiko berezia ematea eta horrela jaioko zen Juventud Deportiva de Mondragón, katolikotasunaren gaineko izenondoa kenduz. Estatutuak Ignazio Goikoetxea Arrasateko legegizonak erredaktatu zituen eta Ekintza Katolikoaren zentroan  1944ko apirilaren 10ean onartu ziren. Urte hartako irailaren 12an JDM-en sortze batzarra burutu zen. Zuzendaritza Batzordea honela geratu zen: lehendakaria, Jose Aiala; lehendakari ordea, Bizente Sagasta; idazkaria, Luis Aretxaga; diruzaina, Enrike Landaluze; bokalak, Luzio Berezibar, Jose Luis Urzelay eta Jabier Aranzabal; kontsiliario, Jose Maria Arizmendiarrieta.

Iturripeko zelaiaren inaugurazioa 1945eko ekainaren 24an izan zen, Artziprestazgoko Kongresu Eukaristikoaren amaiera bezala. Ordurako, zelai berriaren kostua 217.000 pezetakoa zen. Argitu behar da, terreno haiek erosi zirenean Iturripeko hegoaldean gorde zela zati bat Eskola Profesionalaren etorkizuneko hedapenerako. Eta horren gainean Rikardo Olaran arkitektoak 1947an Eskola Profesional Berriaren aurreproiektua prestatu zuen. Handik gutxira, Eskola Profesional Berriaren Promoziorako Plana eta JDM-en Kirol Instalakuntzen Plana bateratu egin zituzten eta Iturripeko terrenoak expropiatu egin ziren Eskola eraiki ahal izateko. Iturripe berria Eskolaren inguruan egingo zen. 
Iturriperen inaugurazioa, 1945eko ekainaren 24

Bien bitartean JDM-en ekintza, batez ere, futbolaren barruan ematen zen. Gaurko nire ekarpen hau idazteko oinarritzat hartu dudan memoria-txostena oso gogorra da JDM-en baitan eramandako kudeaketari dagokionez. Begira zer dakarren zati batean: 

“Será preciso que reconozcamos que también a nosotros nos alcanzó el contagio peninsular de la “futbolitis” Hemos conocido crisis de directivos realmente lamentables, hasta el punto de resultar difícil la caza de presidente por las dificultades económicas antes aludidas, o también situaciones inexplicables de directivos que asumieron los cargos considerándose portavoces de intereses imaginarios, con actitudes de intransigencia o cerrazón dignas de mejores causas” 

Edota beste hau ere, argigarria, guztiz, elkartean bizi ari zen giroa azaltzen duena: 

Rafael Amozarrain
“En realidad las condiciones en que se desenvolvía el fútbol y los criterios administrativos de sus directivos no podían conducir a otra cosa que a la acumulación de dificultades en cada ejercicio. De hecho, los espectadores del fútbol, sus socios de numero y abonados, no han cubierto a lo largo de ese período los gastos de sostenimiento del fútbol” 

Baina, nik uste dut, arazoa ez zegoen bakarrik alde ekonomikoan. Ordurako – 1963an JDMk ondasun ugari zituen, besteak beste 1947an erositako Gurea zinea.  Zertara zetorren, bestela, memoria-txostenean irakurtzen zen beste hau? 

“Hay alguien en Mondragón que en buena ley pueda tener celos por la ayuda mutua que pudieran prestarse estas dos instituciones la Escuela y Juventud Deportiva,… ¿Hay alguna incompatibilidad…? ¿Es que el porvenir de nuestro pueblo y de nuestros jóvenes no requiere de esta acción paralela o complementaria?... 

Jose Martinez de Ubago
Se han hecho a lo largo de 18 años tres ediciones de los estatutos… Se pueden reclamar derechos inexistentes cuando los socios de número que de ello presumen podrían informarse debidamente mediante la lectura de unas pocas páginas… Tal vez, si hubieran podido disponer de algunos falsos estatutos cabría hablar de la existencia de buena fe en estas reacciones. Pero o no han leído ningún estatuto o si lo han leído no han podido menos de ver bien claras las cosas” 

Eta 1963an JDM-ek berak deitzen duen Hirugarren Etapari eman zitzaion hasiera. Aipatu memoria-txostenean zioten bezala, aurrekoak baino aberatsagoa izatea espero zuten, batez ere, kirol praktikari zegokionez. Ondorioz, futbol saileko zuzendaritza batzordeak –Agustin Maidagan buru-  dimisioa azaldu zuen eta Rafael Amozarrainek eskuratu zuen JDMen lema. Baina 1965-66 denboraldian JDM-en futbol saileko bazkideek uko egin zioten bertan jarraitzeari eta futbol elkarte berri bat sortu zuten: Mondragón Club de Fútbol. Presidentea, Jose Martinez de Ubago izango zen.

Argazkiak: JMVM

ARRASATEKO FUTBOLARI BURUZ GEHGIAGO

martxoa 11, 2015

GARTZIARENA, ARAMAIOKO MEDIKUA, XX.ean


Zeferino Gartziarena

Herri guztietan gertatzen da pertsonaiaren batek berebiziko indarra hartzea dagokion ofizioarengatik eta herri-oroimenean pertsonaia bera izatea ofizio horren erreferentea. Aramaioko XX. mendean zehar medikuntzari zegokion erreferentzia hori mediku batek bereganatu zuen: Zeferino Gartziarena. 

Mende erdia eman zen  duela bi urte Gartziarena hil zela baina oraindik ere gizon haren irudiak indarrean segitzen du aramaixoar askoren baitan. Gasteizen bizi dira mediku haren bi alaba –Begoña eta María Dolores- eta eurekin egon naiz aita zutenaren gaineko oroitzapenak astintzen ari. Merezi izan duelakoan nago eta irakurleekin konpartitu nahi ditut, Aramaioko biztanleen osasuna urte luzez zaindu zuen gizonaren nondik norakoak.

Zeferino Ignazio  Gartziarena Otaegi Lizartzan jaio zen 1890eko abuztuaren 28an (1) Aita Migel Eusebio – Berastegikoa jaiotzez- Lizartzako medikua zen eta Zeferinok aitaren bideari segitzea erabaki zuen, medikuntza ikasiz. Valladoliden burutu zituen bere ikasketak eta lanean hasi zen, lehenik Abadiñon eta jarraian Gipuzkoako Mutiloan. Maria Gillermina Telleria Jorge segurarrarekin ezkondu zen Zeferino  1916ko abuztuaren 26an eta Mutiloan bizi izan ziren 1919ra arte eta bertan jaio zitzaien lehen  alaba, Liernia, ume hil zena.

“Aramaioko Batzokia. Ehun urte” nire liburuxkan azaldu nuen moduan, Udaletxera aurreneko abertzaleen eragina heldu zenean herriko medikua euskalduna izateko komenientziaz hasi zen eztabaidatzen udal bilkuretan. Gauzak ez zeuden oso diferente gaur egunekoetatik, eta hain gai logikoak ezezkoak jasotzen zituen behin eta berriz jarrera politiko atzerakoienak defendatzen zituztenengandik.

1916ko udal akta: medikua euskalduna
Horren adibide garbia da, 1916ko uztailaren 5ean ez ohiko bilkura izan zuela Udal Batzordeak – zinegotziek eta auzoetako zergadunen artean buruturiko zozketaz hautatutako herritarrek osatua- mediku berriaren izendapenaz aritzeko. Ordura arteko Felix Condek uko egin zion karguari eta Batzordeak deialdia egitea erabaki zuen. Baldintzak? Ofiziokoez gain, zenbait batzordekidek eskatu zuten mediku berriak euskara ezagutu behar zuela. Eta horrek zatiketa eraman zuen batzordera. Bozkatu egin zen gaia, eta medikua euskalduna izatearen alde EAJko hiruek eta beste hiruk eman zuten botoa. Baina alkatea eta beste bost kide ezetzaren aldera lerrotu ziren. Boto zuri bat izan zen. Errepikatu egin zen botazioa, emaitza berdinarekin. Orduan alkateak kalitatezko bere botoa erabili zuen eta ondorioz atzera bota zen euskara jakitea baldintza izatea. 

Gartziarenaren lehen udal bilera. 1919
Deialdi hartatik mediku titularra izendatutakoa Fuldain Bakero izan zen. Elorriotik egin zuen aldaketa Aramaiora eta bi urtez iraun zuen Aramaion. Ostera egin zen deialdia 1918an. Ordurako alkatea Benito Jauregi zen, EAJkoa eta lehen alkate abertzalea, eta euskarari lehentasuna eman zitzaion hautagaia baloratzeko orduan. Baina hautagai bakarra agertu zen eta berari eman zitzaion plaza: Migel Rodriguez Vadillo, San Vicente de la Sonsierratik zetorrena.Baina honek 1919ko urtarrilean aurkeztu zuen dimisioa. Deialdi berrian, euskara jakitea derrigorrezkoa ipini zen, nahiz eta hamahiru kidetatik bostek kontra bozkatu zuten eta batek zuri. Eta deialdia hartara aurkeztu zirenetako bat Zeferiko Gartziarena izan zen. Eta urte hartako martxoaren 4ko aktan Udal Batzordearen erabakia irakurtzen da: 

“Se dió cuenta de una instancia de D. Ceferino Garciarena y Otaegui, con la que acompaña varios documentos para justificar llena las condiciones del anuncio para la provisión de la plaza de Médico Titular de este partido y suplica se le agracie con dicho cargo.
La Junta por unanimidad acordó adjudicar la plaza de Médico Titular de este partido a D. Ceferino Garciarena y Otaegui, con el sueldo anual de mil setenta y dos pesetas y cincuenta céntimos, siendo el contrato por tiempo ilimitado, y con las condiciones que se han tenido en cuenta para otros titulares” 

Udalaren erabaki formala hartu aurretik bazebilen Gartziarena Aramaioko osasun arazoetan buru belarri.

Senar-emazte gazteak Aramaioko Nardeaga kaleko lehen zenbakiko etxearen bigarren solairuan jarri ziren bizitzen. Han jaio ziren beste hiru alabak: Begoña (maistra izango zena Arabako zenbait herritan) Arantza (moja, Arrasateko Igokunde komentuan) eta Maria Dolores (aitari bere lanean lagundu ziona) 

Aramaion lan itzela egin behar izan zuen Gartziarenak. Mutiloan baino biztanle gehiago edukitzeaz gain Aramaioko auzoak oso barreiatuta daude eta horrek, garai hartan, medikua egunaren tarte luzez etxetik kanpo egotera behartzen zuen. Oleta ezik, gainerako auzoak bisitatu behar zituen eta egunero goizeko 6etan ateratzen zen etxetik bere betebeharren premian zeudenenganaino heltzeko. Oinez egiten zuen bidea, oraindik ere argi ikusten dugun ohiko bere janzkera harekin: polainak, media kainako botak, kapela euri-oihalekin eta eskuan farola. Duela mende oso bateko itxura harekin oroitzen dugu Zeferino Gartziarena, Aramaioko edozein baserritarantz abiatzeko beti prest. 


Gartziarena, ohiko  janzkeran
Baserriz baserriko bere ibili behar hark ekarri zion Aramaioko etxe guztien gora beherak inork baino hobeto ezagutzea. Karitateko Udal Batzordearen kidea zenez gero, talde horren bileretara eraman behar zituen, askotan, mediku gisa burututako bisita haietan jasotako berriak. Horrela, 1928ko irailaren 6koan: 

“Se dio cuenta de un oficio del Médico Titular en el que manifiesta que en la visita efectuada según costumbre a D. XXX, enfermo en Barajuen, lo ha encontrado en la más completa miseria por lo que solicitaba la reunión de esta Junta para resolver lo que proceda. La Junta por unanimidad acordó facilitar del Santo Hospital cuatro sábanas y un jergón, satisfacer 0´25 pesetas a D. YYY por el cuidado y limpieza del enfermo diario; facilitar también las fundas de almohada y obligar al hijo venda una vaca, depositando su importe en la Depositaría Municipal o secretaría, para que diariamente reciba lo que necesita su padre, ya que el ganado es del enfermo” 

Baina, jakina, baserrietatik egunero eman beharreko biraz gain, etxeko kontsultan ere errezibitzen zituen gaixoak. Hori eguerdiko 12etatik aurrera egiten zuen, auzoetako bira bukatu ondoren. Bazkalostean, uzten bazioten, lo kuluxka egiten zuen eta arratsaldeko 7etan berriro irekitzen zuen kontsulta, batez ere goizetik Arrasaten lanean ari zirenentzat. Horixe izan zen Gartziarenaren lan erregimena, berrogeita zortzi urtez. Eta hain tarte luze eta zabalean mediku hark denetariko gaixotasunei egin behar izan zien aurre, tifusa, difteria eta tuberkulosia barne. 

Maria Dolores alaba
Maria Dolores alabak oroitzen duenez, bere aitak oso gutxitan erabili zituen Aramaioko botikako preparatuak, nahiz eta iritzirik onena zuen Mario Boneta botikariaren profesionaltasunari buruz. Gartziarenaren ustez, Boneta zen berak ezagututako botikaririk iaioena. Farmazia industriako sendagailuak bakarrik errezetatzen zituen, beraz, Gartziarenak eta esan daiteke berarekin eman zitzaiola etena herrian botikaren ohiko usadioari eta XX. mendeko bigarren hamarkadan aramaioarrak produktu farmazeutikoak erabiltzen hasi ziren, herriko medikuak aginduta.
 
Etxeko lan gelako apaingailua

Zeferino Gartziarena oso gizon metodikoa izan zen, aramaioarren afektua irabazi zuena. Bitxikeria irudi daiteke, bera Aramaiora euskaldun izateagatik iritsi zen arren batzuetan alaba Maria Doloresen itzulpen zerbitzua behar izatea, medikuaren euskalki nafarrak eta aramaioarrenak talka egiten baitzuten askotan eta zenbait herritarrekin alabaren bitartekotza ezinbestekoa zitzaion korapiloa askatzeko. Metodikoa eta aszeta samarra izan zen bere ohituretan. Kafea eta noizean behin zigarrotxoren bat izan ohi zuen biziorik markatuena. Eta ahal zuenean, “Polico”reneko tertuliak atsegin zituen, Patxike Ibaberen esku trebeak askari-afaria prestatzen zuen bitartean. 

Mendarozketa-Gartziarena
Santa Agedara jaisten zen aldian behin Ricardo Añibarro eta Julio Olaran bertako medikuekin hitz aspertuak edukitzera. Olaranen ikaskidea izan zen Zeferino, Madrilen. Pablo Mendarozketa Garagartzako pintorea ere laguna zeukan. Horretatik aparte, Gartziarena gutxitan ateratzen zen Aramaiotik, mediku titularra izan zen bitartean lanak bete baitzituen bere tarterik luzeenak. Hori bai, etxe-giroan gustura egoten zen, irakurtzen eta musika klasikoa entzuten. Emazteak pianola jotzen zuen eta etxera lagunak hurbiltzen ziren kontzertu apaltxo haiek entzutera. Oso adiskide handia zeukaten Katalina Urzelay, bere elkarrizketarako dohain bereziarekin senar-emaztearen sinpatia bereganatu zuena.

Indalezio Ojangurenekin
Gartziarena Ibabeko Kofradiaren kidea izan zen. Behin bitartekari lanak burutzea eskatu zitzaion, Ibabeko zelaitxoan dantza lotua egitea debekatua zegoeneko auzi famatuan. Medikua oso elizkoia zen eta Maskariano, Ibabe eta Eguzkierripako gainerako baserrietara joaten zen guztietan derrigorrezko bisita zuen Andra Mari baselizara, bere debozioko Birjinari otoitz bat egiteko. 

Frankistak 1937an Aramaiora sartu zirenean salatua izan zen Gartziarena, abertzale izateagatik omen, eta hiru urtez egon zen espedientatua. Ondorio larriagorik gabe alde horretatik, bere ohiko lanarekin segitu ahal izan zuen, baserrietara iritsi ahal izateko – ohiko jantziez gain- besoko argigarri bat eraman behar izan zuela, 44 zenbakiarekin.

Behin erretiroa hartuta
Zeferino Gartziarenak erretiroa hartu zuen 1961eko abuztuaren 26an, 71 urterekin. Mediku bezala bizitza osoa Aramaion eman zuela esan daiteke, bertan 42 urtez aritu baitzen. Lehenik udal mediku bezala eta 1944tik administrazio zentraleko funtzionario publiko moduan, tokiko osasunaren zerbitzura. Formula batean edo bestean Gartziarenaren dedikazioa erabatekoa izan zela adierazten dute mediku hura hurbildik ezagutu zuten guztiek.
 
Aramaioko “mediku zaharra” – horrela deitzen diote oraindik ere herritar askok- 1963ko abenduaren 11an hil zen Aramaion bertan. Handik lau hilabete eskasera emaztea zendu zen. Eta Gartziarena alabek Aramaiotik alde egin zuten betiko. Egun ez da sendi haren arrasto fisikorik Aramaion. Bakar-bakarrik oroitzapenek irauten dute bizirik, horiek ere gero eta ahulagoak.


 (1) Data hori ematen du Lizartzako bataio liburua., Sendian, ordea, abuztuaren 26an ospatzen zen, hain zuzen ere eliza katolikoaren egutegiko San Zeferino datan. Zeferinoren ezkontza ere abuztuaren 26 batean izan zen.
http://www.fentmuntanyaiformacio.es

 Argazkiak: Gartziarena alabak