EAJ-PNV etiketadun mezuak erakusten. Erakutsi mezu guztiak
EAJ-PNV etiketadun mezuak erakusten. Erakutsi mezu guztiak

ekaina 26, 2019

FRONTOIA ETA IKASTOLA ARRASATEN. 1933



Arrasateko EAJk 1908an ekin zion bere ibilbideari eta 1933an, herriko Euzko Gaztediren bitartez, pilotaleku eta ikastolaren inguruko albisteak sorrarazi zituen. Martxoaren 12an, adibidez, jai handi bat izan zen, eta “Euzkadi” egunkariak albistea eman zuen martxoaren 18an, “Danok-Bat” anonimo batek izenpetutako kronikan: 
Batzokiko dantza taldea, 1933an, Adan de Yarzaren etxean

“Egun gomutagarria igaro zan igandea Arrasateko abertzaliondako Gure ametsak igandean bertan egi biurtzera zijoazala ikustian, alaitzen zuten abertzalien biotzak:  Pelotatoki eta Ikastoletxeko lenengo arria jartzia. Askondako ezin ikusi izango zan arria antxe zegon gure abertzaletasunen oñarri bezela jarrita. Baña arri au jartzeko, zenbat naigabe ez ote dira sortu! Baña esandakoa da, nai izaten dala al izatea, eta laister arri orren magalean sutunik ikusiko degu gure Pelotatoki eta Eusko Ikastola. 

Iragarrita zegon lez goizeko 7etan izan zan Jaupa (1) eta Jaunartzea. Jaupa nagusi ostian izan zan lenengoko arria jartzia jendetza aundi bildurik. An ikusi genduzan Lekeitiotik etorriak Solano jauna beren alaba lirañakin eta baita Adan eta Yartza´tar Maren (nai aña ezin eskertuko deguna Arrasateko abertzaliok) Gipuzko Buru Batzarretik Monzon´dar Telespor lendakaria eta Ugalde´tar Peli batzarrekoa.

Lenengoz gure txaunburu (2) jauna onespendu ondoren, Euzko Gaztediko lendakaria dan Uriarte´tar Josebak irakurri zituen arripean sartu biar ziran izparringi eta iragarkiak. Ondoren ezarri zituzten euren izen abizenak Adan eta Yartza´tar Marenek, Solano jaunak eta bere bi alabak, Monzon´dar Telespor, Ugalde´tar Pelik, Uriarte´tar Josebak, txaunburu Arin´dar Joseba Jokin eta Markiegi´tar Josebak. 
Adan de Yarzaren etxe ostean zeuden frontoia eta ikastola

Bein arripean izparringi, argazki eta iragarkiak, jetsi zuten arria bere lekura eta Monzon´dar Telesporek egin zuen itzaldi labur bat, adieraziaz zer garrantzi zeukan arri orrek Euzkadiren azkatasunerako. Eskatu zigun danon laguntza eta baita txalo bero bat Ugalde´tar Pelirendako, ainbat lan egin duen eta egiten ari dan abertzale zintzo orrendako. Entzun ziran, bai, txaluok! Amaitu zuen esanaz berri txar bat ezan biar zubela: nola "Lizardi´tar Jabier” iltzeko zorian agertzen zan eta eskatu zion txaunburu jaunari Aita gure bat bere aldez; eta gure otoitzak bereganatzeaz eta, azkenik Euzko Ereserkia abeztuaz amaitu zan itxaropeneko goiz au Arrasateko abertzaliendako” 

Ikusi ahal izan dugun bezala, EAJren Arrasateko eragilerik porrokatuenetakoak Peli Ugalde atxabaltarra eta Mariano Adan de Yarza lekeitiarra ziren. Azken hori herriko alkatea izan zen 1920-21 urteetan. Bestalde, esan behar da Jose Maria Agirre, Xabier Lizardi idazlea, 1933ko martxoaren 12an bertan hil zela, lehen harri hura jartzen ari zen bitartean. Segitzen du idazkiak: 

“Arratsaldian itzaldi bikañak: izlariak Monzon´dar Telespor, Trabudua´tar Polixene eta Ruiz de Agirre´tar Julen. Notintza (3) ikaragarria etorri zan inguruetako errietatik. Itzaldiak ederrak, laburtxoak, batez be Trabudua andereñuena, gaxo samar arkitzen zala-edo. Amaitu zan beti bezela Euzko Ereserkiaz. Eta orain Montzon´dar Telesporek esan zuen bezela:

Gora biotzak eta ekin lanari,
danon biarrian arkitzen da-ta,
gure Ama Euzkadi! 

Beraz, egitarauaren barruan Ikastola eta frontoiaren lehen harria jartzea ospatu zuten.  Baina izan al zen jai hura lehen harriaren ospakizuna, ala obrak aurreratuago zeuden? Diot hori, hain zuzen ere, "Euzkadi" egunkarian bertan ekainaren 29an honela irakurtzen zelako: 

“Euzko Gastedijaren ogetaboskarren urtea eta pelota-toki ta ikastolaren zabalketa jayak. Igandez, garila 2.garrena.” 

Egitarau zabal eta joria prestatu zuten Euzko Gaztedikoek urtarrilaren 2rako. Baina irakur dezagun "Euzkadi" egunkariak zekarrena, jaiaren bezperan: 

“Badatorkigu hainbeste itxarotako eguna. Garilaren 2an Euzkadiko bazter gustietatik abertzaleak emen ixango ditugu Euzko Gastediaren 25.karren urtea eta Pelota-Toki eta Ikastolaren zabalgunde jayak ospatutzera. Ogeta bost urte dira abertzale gutxi batzuek zabaldu zutela lenengo Batzokia erri  ontan Ez guaz emen orain azaltzera euren lan ta nekeak lenengoko denbora ayetan. 

Eurari zor diogu 25.karren urteurrenau egitia eta ogeta bost urte ontan abertzaletasunak egin daben gorakada bikaña Arrasaten. Baña oraindik ez gera danak; lan askoren biarra dago horrela izan gaitian, eta orreik (atzok) berotzeko eta ikusi gura ez daben askoi erakusteko nola duan EUZKADI beren azkatasunaren bidean, Arrasaten izan bear zerata al dezuten abertzale gusiok garilaren 2an” 

Eta uztailaren 2an, igandea, egundoko jendetza bildu zen Arrasatera Euskal Herriko hainbat eta hainbat tokitatik. “El Día” egunkariak jasotzen zuen uztailaren 4an: 

“Euzkadiko mendietan entzun dan aberri zantzuari ezin entzun-gor egin zioten Arrasateko abertzale zintzoak: eta ara or non jarri dizkiguten Euzkadi alde ikastola eta pilotatoki bat. Umearen biotza abertzaletasunerako irabazi bear da. Ikusi dute Arrasateko euskaldun zintzoak bear ori: ara or ikastola beren gogoak egiztu egin ditezen… Zer oberik gazteari bere aberria zein dan erakustia baizik? Euskaldun gaztedia guztiz jolaszalea da; ikusi du au ere Arrasateko abertzale alderdiak eta ara or non jarri duten pilotatokia. Guztiz txalogarriak zerate Arrasateko abertzaliok! Bide ortatik laster dezute erri guztia abertzale” 

Artazo (ezk.) eta Zabala
Pilota tokia,”Gurea” bataiatuko zena, Mariano Adan de Yarzaren etxe osteko terrenoetan eraiki zen. Kontuan eduki behar da, adandeyarzatarren etxea  gero urtetan Banco Guipuzcoano izandakoaren eraikina zela, eta bertan ere – sendiak utzitako gela batzuetan- Arrasateko batzokia zegoen. Terreno haietan  ere prestatu zen euskal ikastola. 

Ohiko mezaren ostean ikastola eta frontoiaren bedeinkapena izan zen. Pilota partidu batekin inauguratu zen frontoia. Egitarau ofizialaren arabera, Zabala eta Artazo – Egia eta Mondragonés ziren bikoteak baina arazoak izan ziren lau atleta horiek jolas zezaten eta, azkenik,  Lete eta Uribe – Zabala eta Rezolaren kontra atera ziren eta lehenak izan ziren garaileak.  

Bazkarira ehun eta berrogei lagun eseri ziren
Mondragonés eta Egia
eta Bengoa, Garmendia eta Lorenzo tabernetatik zerbitzatu zen otordua. Bazkal buruetan Joxe Markiegiren zuzendaritzapean Euzko Gaztediko abesbatzak ekitalditxo bat izan zuen. Jarraian herriko plazara joan ziren bazkaltiarrak, mitinera. Kronikek diotenez, ordurako jendez leporaino beteta zegoen plaza; batzuen arabera, zazpi mila entzule ziren. Eta hizlariak Gallastegi (Bizkaia) Gamarra (Araba) Leunda (Gipuzkoa; iragarrita zegoen Monzonen ordez) Irujo (Nafarroa) eta Aldazabal (Bartzelonako Batzokia)
 

Jaia amaitu zen, plazan bertan ezpata dantzariek eskainitako dantzekin eta Batzokiko terrenoetan ilundu bitartean eratutako triki-tixa eta txistu erromeriarekin. Hori bai, gaueko 9 eta erdietan, garai hartan euskal antzokietan gehien estimatutako euskal ikuskizuna eskaini zen. Gau hartan Gernikako Segundo Olaetaren Elai Alai Dantza Taldearen emanaldi ikusgarriaz gozatu zuten ehunka arrasatearrek, goizean bedeinkatutako Gurea pilota tokian. 

Eta 1933ko uztailaren 2ko kronikarekin bukatzeko, dakardan hona “Euzkadi” egunkarian eskoriatzar batek urte hartako abuztuaren 11an zioena: 

“Gipuzkoako zaindaria, Iñaki Deunaren aurreko egunian bira bat egitera atera nitzan txoko batetik arratsian, Arrasaten Euzko Batzoki ederra bere pelota-jolas toki bikaña, nai danian antzoki biurtzen dala, ikastola, bola-toki ta dantza leku alaya ikustera” 

Zer esanik ez, “Gurea” pilotatokia multifuntzionala izan zen, bai gerra aurretik baita geroago ere.  Geroagokoaz gehiago jakiteko:


(1) Meza (2) Erretorea (3) Jendetza
Argazkiak: JMVM

uztaila 04, 2018

EUSKAL ANTZERKIA ARRASATEN, 1935


EAJren antzezleak, 1935ean
Batzuetan komentatu dut Arrasateko euskal antzerki zaletasuna ez dela gaurkoa. Iragan  mendearen lehen herenean, batez ere 1931 eta 1936 bitarteko urteetan, ilusioz aritu ziren arrasatearrak, gehien bat EAJko kideak, neskak zein gizonezkoak euskarazko testuak taularatzen.  Gaur horren adibide bat eman nahi dut, 1935ekoa, urte hartako maiatzaren leheneko ospakizunen artean egitarau aproposa prestatu baitzuten Euzko-Gaztedikoek. 

1935eko apirilaren 25ean Euzkadi egunkarira zekarren ondoko albistea “Garbi” izenpetzen zuenak: 

“Urtero bezela, aurten ere bertako euskal langileak asi dira Lanaren Eguna ospatzeko jayak gertatzen. Bertan egunean izango diren jayetatik gañera aurreko egunetarako antolatzen dabiltz antzerki-jai ikusgarri aundi bat, Arrasaten gutxitan ikusi dan bezelakoa. 

“Eriotz-Bide” iru ekitaldiko antzerkia, oraintxe euskerara biurtua, Avasc-eko apaiz jaun agurgarri batek, Bedia antzokian lenengo aldiz egingo dute Euzko-Gaztediko antzezlari trebeak. Antzerkia aukera-aukerakoa da langilien jai egunerako, ba ikaskizun aundiak daukoz langile arazotzaz. Onetaz gañera, Euzko Abesbatza gertatzen dabil abesti batzuk eta olako eres ta antzez jai egitarau ederrakin ez dago zer esanik egun ortan Bedia antzokia guztiz bete-bete egingo dana. 

Joxe Markiegi euskaltzalea
Kronikak  argi pixka bat ematen digu garai hartako euskal antzerkiari dagokionez. “Eriotz Bide”  zeritzana alemanetik itzulitako obra zen. Nor genuen kronikako “Avasc-eko apaiz jau agurgarri” hura? Eta zer zen Avasc? Euskal antzerkiaren historia txikian berezko hizkiz agertzen zaigun apaiz hura Joxe Markiegi Olazabal zen, Arrasateko apaiz laguntzailea, 1936an frankistek fusilatuko zituztenetako bat. Markiegik Paul Humpert-en “Der Todes´ Weg” deritzana euskaratu zuen eta “Antzerti” bildumako 38-39 zenbakietan argitaratu zen 1935ean. Eta zer adierazten zuen AVASC-ek? Agrupación Vasca Acción Social Cristiana. Bertako kide aktiboa genuen Joxe Markiegi debatarra, bere urterik mamitsuenak Arrasaten eman zituena. 

Benantzio Gaztañares
Apirilaren 30ean, Bedia antzokia izan zen abertzale eta antzerki zaleen topagunea, gaueko 8´30etan. Beteta ageri zen aretoa.
Lehenik ELAko abestaldearen ekitaldia izan zen, Luzio Markaideren zuzendaritzapean. Jarraian, iragarrita zegoen antzezlanaren lehen bi atalak eman ziren eta atsedentxo baten  ondoren hirugarrena. 

Obrak Errusiako nekazari, langile eta soldaduen arteko harreman zailak islatzen zituen. Belgikan 1932-35 urteetan berrehun bider inguru antzeztu zen obra, aurreneko aldiz Arrasaten eman zen euskaraz, eta antzezleak Euzko Langile Alkartasuna (ELA)ko militanteak ziren. Eszenografia eta antzezleen karikaturizazioa Antonio Armengouren ardura izan zen. Ekitaldi osoaren erantzukizuna, berriz, Benantzio Gaztañares euskaltzalearen esku egon zen. 

Eszenatokian kide hauek egon ziren antzezlanetan: Joseba Uriarte (Mikel) Luzio Markaide (Jon) Estepan Etxebarria (Gorka) Diego  Arregi (Don Martin) Paulo Arregi (Sajarov) Bittor Murgia (Anton Oker) Benito Etxebarria (Matxin agurea) Sabin Arrieta (Alex) Paul Galdos (Bolin) Felipe Okina (Hileff) Pedro Zumelaga (Gorky) eta beste pertsonaia batzuk, Bizente Barrutia, Joseba Agirre, Xabier Gorosabel, Roman Bidaburu, Eugenio Uranga eta Santos Zeziaga izan ziren.

Argazkiak: JMVM







otsaila 17, 2016

ESTEBAN GARAY: ARRASATEKO LEHEN ALKATE ABERTZALEA



EAJ-PNV alderdiak historia luzea dauka Arrasateko udal aulkietan. Ehun eta hamar urte dira lehen aldiz sartu zirela herriko
Esteban Garay Garay, 1935 aldera
politikaren kudeaketan eta atzera begiratze xume bat egitea iruditu zait une hauetan egokia, euskal abertzaletasunaren Arrasateko aitzindari izan zirenen nortasun agiria azalduz.

Esteban Garay Garay izan genuen Arrasateko lehen zinegotzi abertzalea. Arrasaten jaioa, 1877ko azaroaren 22an, Gasteizko apaiztegitik igaro zen eta giro hark betiko markatu zuen. Oso gizon erlijiosoa izan zen, integrismoaren postulatuekin bat eginez. Eguneroko jaun hartzeko gizona zen eta bere ideia erlijiosoak bizitza politikoan ere islatu zituen, udal gaietan barne. Horregatik, ez da erreza duela ehun urteko inoren gora beherak aztertzea eta are gutxiago epaitzea. Eta pertsonaia politikoa badaukagu, askoz gutxiago, gainera. Garay gizon aktiboa izan genuen, alderdiko kidea alde batetik eta, jakina, herritar hutsa ere bai, bestetik, bere herrikideen aldeko kudeaketan gogotsu aritu zena.
 
Zinegotzi kargura 1906ra heldu zen. Bere udal kideekin talka egin zuen askotan. Zorrotza bere herriaren aldeko kudeaketan, aurre egin zion beti edozein zinegotziren gehiegikeriari. Esan dudan moduan, aurten ehun eta hamar urte betetzen dira Esteban Garay Udaletxera heldu zela. Eta hamazazpi urtez kargu desberdinetan aritu zen, alkatetza bera barne 1912 eta 1914 bitartean.
 
Jose Maria Herrasti zen alkatea 1906an eta
Esteban Garay, alkate zenean
Garayk toki hartu zuen zinegotzien artean EAJren ordezkari bezala, gainerako gehienak liberalak eta karlistak ziren bitartean. Dagoberto Resusta eta Higinio Resusta Union Cerrajerako buruzagietako liberalak zituen areriorik handienak, horiengandik jaso baitzituen Garayk erasorik bortitzenak eta horiei ere eskaini zizkien EAJko kideak eztenkadarik gogorrenak.
 
Datu adierazgarri bezala, aipa dezadan 1906ko abuztuaren 3 eta 4an, udal plenoak udal ordenantzak eztabaidatu zituela, kapituluka. Denak bat ezik, ia-ia eztabaidarik gabe onartu ziren, besteak beste “Agintaritza, auzokidetza eta udal mugak” (13 artikulu) “Espektakulu publikoak” (53) “Establezimendu publikoak” (44) “Zirkulazioa eta seguritatea” (103) Osasungintza (210) Lanak (32)  Zigorrak (14) Bakar-bakarrik “Erlijio eta morala” kapitulua geratu zen mahai gainean, herritarrek jai egunetan lan egin ote zezaketen zinegotziak batera ipintzen ez ziren-eta.

Udaletxea, 1925 inguruan
Alkatetzarako 1912ko urtarrilaren 1enean hautatu zuten, zinegotzien atean izandako bozketaren ondorioz. Garayk sei boto atera zituen hamaika zinegotzitatik. Udal konposaketa honela geratu zen: alkatea, Esteban Garay ; lehen alkate ordea, Andres Inda; bigarren alkate ordea, Bonifazio Maidagan; sindikoa, Isidoro Ezkurra; bokalak, Dagoberto Resusta, Jose Ignazio Lasa, Higinio Resusta, Conrado Ruiz de Alegria, Daniel Arkauz eta Agustin Aranzabal.
 
Alkate bezala egokitu zitzaion lehenetako gaia izan zen ordura arte Portaloian egiten zen ganadu feria beste toki batera aldatzea. Gezurra badirudi ere, hasieran Udala ez zegoen aldaketaren alde, baina batez ere gobernadore zibilaren mehatxupean errealitatera makurtu behar izan ziren: Portaloia ez zen tokirik egokiena ganadu feriak burutzeko.
 
Beste puntu eztabaidagarri bat izan zen guardia zibilen egoitza berrirako proposamena. Hain zuzen, 1913ko otsailaren 19an Arrasateko guardia zibilen komandanteak eskabide bat egin zuen Udala prest ote zegoen – guardien kopura handituz gero- behar bezalako kuartel bat finantzatzeko. Lehen instantzian, Udalak erantzun zuen:
 
“Que, desde luego, su disposición general es y ha sido siempre favorecer al Instituto por los beneficios que reporta, mas como quiera que dado el crecimiento del pueblo, debido a su desarrollo industrial, no se encuentra otro edificio adecuado y capaz por las 500 pesetas anuales que paga de renta. No ve más solución que proponer al propietario de la finca habilite otras dos habitaciones, por su cuenta, para lo que el Ayuntamiento le abonará 100 pesetas más de renta al año”  

Portaloiz bestaldean, Batzokiaren eraikina
Garayk alkate gisa 1914ko urtarrilera arte ihardun zuen. Data horretan zinegotzi bokala izatera pasatu zen, udal hauteskundeen ostean  alkatetza Jose Maria Herrastiren eskuetara itzuli baitzen.  

Garayk lan profesionala Banco Guipuzcoanon egin zuen bere bizitzaren azken unerarte – zuzendari izateraino heldu zen-  eta EAJk Arrasaten lehen batzokia bankuaren eraikinean ireki zuen, 1908an. Egoitza hartatik irradiatu zuen alderdi jeltzaleak bere eragina herri osora eta aurki bere biziko indarra hartu zuen udal aulkietan ere. Baina alderdiak bere giza-azpiegitura zein egoitza materiala eduki aurretik Esteban Garay izan zen Arrasateko jelkideen buruzagitza hartu zuena, mugimendua suspertzeko helburuarekin. 

Maria Ezkurra Vitoriarekin ezkondu zen Esteban Garay, ezkontideen artean hogei urteko diferentzia zelarik. Bikoteak bi seme izan zituen, Juan Antonio (1935) – apaiza, Venezuelan hil zen- eta Esteban (1937) Lanak eta sendiak uzten zizkioten tarteak bere fede erlijiosoari – Arrasateko Otoitzeko Zabalkundearen Presidentea zen-   eta lagunei – Juanito “Ixurtza” Zaitegi, Teodoro Larrañaga…-  eskaintzen zizkien “Altxola”ren tabernan. 

Urtarrilaren zortzi hotz batean, 1951ekoan, zendu zen Esteban Garay Garay, Arrasateko lehen alkate abertzalea. Bidea ireki zuen.