2006 etiketadun mezuak erakusten. Erakutsi mezu guztiak
2006 etiketadun mezuak erakusten. Erakutsi mezu guztiak

maiatza 06, 2026

IOKIN ZAITEGI (EUSKO) GOGOAN

Frantziska Plazaola Iokinen ama, Juanito Mancebo txikitako adiskidea, Iokin Zaitegi, Nemesio Etxaniz euskaltzalea,
1956an,  Iokinen 50. urtebetetzea ospatzen ari, Guatemalatik lehen aldiz itzuli ondoren

Iokin Zaitegi Arrasateko euskaltzale handiaren inguruan, 2006ko bere mendeurrenean herriko Udaletxean izan genuen ekitaldiko nire hitzalditxoan adierazitakoa berreskuratu dut, formatu digitalean jartzeko. Ez du gaurkotasunik galdu, hogei urte eman diren arren.

IOKIN ZAITEGIREN MENDEURRENEAN

Hilabete bakarreko diferentziaz bi jaiotza garrantzitsuren lekukoa izan zen 1906an arrasatear gizartea.  Aurrena Unión Cerrajerarena izan zen, ekainaren 22an. Uztailaren 26an, berriz, Iokin Zaitegi munduratu zen. Hartaz arrasatear gehienak jabetu ziren, ez baitzen txantxetako jazoera izan sei ehun bat langile biltzen zituen enpresa berri baten sorkuntza. Iokinena, suposatzen dut, ezkutuagoa igaroko zen, Zaitegi-Plazaola sendi hartan hirugarren kimua baitzuten eta, gainera, Iokinen ekarpena ez zelako urte batzuk igaro arte ernetu eta aintzakotzat hartu.

Mendeurrenak mendeurren, Zaitegiri ere iritsi zaio txanda, eta idazle/itzultzaile/kultura eragile/josulagun/apaiz eta abar izan zen gizon hartaz oroitzen naizen guztietan legez, eskerroneko sentimendua pizten da nigan oraintxe ere, hura izan baitzen hein handi batean - berarekin euskaltzaletasunaren gurutze bidean topo eginda- argi dorre bailitzan modu aproposean gidatu ninduena. Ez ziren urte asko izan, baina bai intentsuak. Euskalgintzan hasberria nintzelarik, 1972 urtearen hondarretan geunden, eta Arrasatera Guatemalatik heldu berri genuen Zaitegik halako xarma berezia irradiatzen zuen niretzat, berarekin zuzeneko langintzari urtebete inguru beranduago heldu banion ere. 1979ko abuztuan hil arte ordu ugari luze eta goxo eman genituen elkarrekin. Baita lan praktikoak burutu ere. 

Ezagutu nuen Zaitegi idazlea, bere esparru literarioaren jorratzaile aparta. Lumaren bidez borroka emantzipatzailea azken punturaino eraman zuen arrasatearrak. Borroka heroikoa, epikoa. Baina gizarteak huts egin zion, kezka desberdinek arreta desbideratua, nonbait. Zaitegi garai okerrean jaio ote zen ere galdegin diot inoiz edo inoiz nire buruari. Baina ez dut erantzun borobilik aurkitu eta horrek abiapuntu berdinera eramaten nau, historian dagokigun espazioko nolakotasunen seme-alabak garela pentsatzera, alegia. Gure bideak gurutzatu orduko Zaitegiren ekarpena amaierako azken lerroak idazten ari zen. Poeta handia, idazle eta sortzaile trebea bere produkzioaren koadernoa ixten ari zen. Hala eta guztiz ere, euskararen defentsa etengabean egitasmo berriak diseinatzera ausartzen zen, frankismoaren diktaduratik askatzen ari zen gizarte hark norabide desberdinera begiratzen zuela igarri gabe.

Lagun izan nuen Zaitegi itzultzailea. Hizkuntza arrotzetik euskarara bihurtzeko bere baitan txertatutako hiztegi aberats ikaragarria erabiltzen zuen langile porrokatua izan zen Iokin. Paper orri zuritan esaera bakar bat hamaika moldetan itzul zezakeen literatoa genuen, urte luzetako ondorio argia, jakina. Arrasateko Erdiko Kaleko bere langelako desordenan han eta hemen barreiatutako ehunka esku izkribu solteak lan eskergaren adierazpen garbia ziren. Hizki ederrez idatzita, bere lanen orijinalak ziren! Han ibiltzen ginen gero biok, txukun-txukun ordenatzen, liburu gisa atera zezan Felipe Alkorta argitaratzaileari bidali aurretik.

Tratatu nuen Zaitegi erlijiosoa. Josu Lagundian hezia, erlijioaren pragmatismoaz zipriztindua egongo zela pentsatuko genuen. Baina Zaitegi desberdina zen.  Edozein solasaldi eten zezakeen otoitz isilari ekiteko. Eta ahaztuko zen solaskideaz, gela berdinean egon arren. Baina ez zen mistiko, bere aszetismo erlatibotik begiratze mistikoa denbora alperrik galtzetzat jotzen baitzuen. Eta aszeta erlatibo idatzi dut, ez baitzuen Jainkoaren aintzarengatik soilik lanik egiten, Zaitegik utzitako altxor kulturalak garbi asko adierazten duen moduan. Mistikoen antzera, ordea, zalantzan ipintzen zuen batzuetan bera hil ondoren zeruetako erreinura iritsiko ote zen. Eta Zaitegiren mistizismoaren beste keinu bat daiteke arrazionaltasun ekonomikoaren kontrako bere jarrera kronikoa. Baina, hala ere, urruti zegoen mistikoetatik, Platonen gaineko aditua zenez gero egiaren objektibitateaz amets egiten baitzuen eta haren bilakuntzan jardun zuen  Zaitegik eten gabe.

Adiskide izan nuen Zaitegi hiztun aparta. Kultura unibertsalaz bikain jantzia gauza zen orduak emateko bere gustuko gaietaz. Ezagutu ditudan pertsona kulturadunetatik gehien harritu nauena izan dela esango nuke. Klasikoen ezagutzan tinko jarria, koherentzia ematen zien bere irizpideei, Sofokles, Euripides eta abarren iturriek hondar aberatsa utzi zutelarik bere izpirituan. Bizitza osoa eskaini zion ikasketari, arrazoitzeari, eta bera bere burua “buru langiletzat” hartzen zuen, horren adierazpenak noraino behartzen zuen arras jabetuta.

Pertsona hausnartzailea zenez gero, bakardadea maite zuen, eta zoriontsua zen bere paperen artean, bere liburuekin. Hantxe gozatzen zuen gehien, ideiak ordenatzen, orriak esaerez betetzen eta bere bokazio intelektualari aukera ematen. Zaitegi humanista bat izan zen, euskal historiak eskaintzen zion konpromisoarekin zeharo identifikatua. Zaitegik bere “euskal ametsa” bizi nahi izan zuen zuzen-zuzenean, lantegian zer inbertitu behar zuen aldez aurretik neurtu gabe. Hausnartzaile, intelektual, ameslari,... eta utopiako maisua; horiexek ditugu bere bisita txartel hipotetikoan jarriko zituzkeen tituluetako batzuk.

Zaitegi argi errainu bat izan zen XX mendeko berrogei eta berrogeita hamar urteetako euskal kulturaren hodeiertzean. Argi zuzentzaile eta aberasgarria izan genuen, euskarazko ekoizpenean zinezko aitzindaria. Pionero gehienen ukitu adierazgarriarekin, hori bai, ausarta izan behar baita, eraiki zuen kultur espazioari berak eutsi zion indarraz heltzeko. Ausarta... eta -  zergatik ez esan?- baita inozoa ere! Bere lan emaitza urrezkoa gertatu zen, urre trinkoa.

Zaitegirekin gizon harroa ere ezagutu nuen, Iokin ez baikenuen bat ere apal. Josulagunen arragoan zizelkatua, nabarmen hazi zen beste askoren artetik. Bere itzalean sinesten zuen, lurrean proiektatua bere gorputzarekin angelu zuzena egiten zuen itzal ahalik eta luzeenean. Uste zuen bere ekarpen intelektuala euskal gizarteak inoiz aintzat hartuko zuela. Eta atsegin zuen urlia edo sandiarengandik beraren gaineko laudorioak entzutea. Arlo horretan gainerako hilkor guztien antzerakoa genuela esan genezake, denoi baitzaigu kilikagarri hitz lausengarriak aditzea. Baina Zaitegi handitasunaren mugetara biltzen zen eroso, bere egoskortasunean.

Zaitegik, intelektual gehienen antzera, gutxitan onartzen zuen errua. Deslilura, etsipena samurrago ametitzen zuen errakuntza baino, etsipenak amorrua besteengan proiektatzea ahalbidetzen baitzion. Ariketa horrek iluntasuna zekarkion maiz izpiritura. Horren ondorioz gizakienganako fedea ahultzen zitzaion tarte luzez. Antzuak ziren orduan Zaitegiren ahaleginak. Alde horretatik euskal gizakiak askotan sufriarazi zuen Zaitegi, horren bizitzan garbi asko antzeman daitekeen moduan.

Zaitegi euskaltzale eta abertzalea izan zen. Euskadi bere aberria zen – “Euskadi eta kito!” esan ohi zuen- baina harenganako bere maitasuna ez zen hitz arranditsutan edota – bere hitza erabiltzearren- oturuntzetan erakusten, erbesteratze luzeko pena garratzetan baino. Aldarrikapenetan apostolua izan zen – berak “Bidalia” idatzi zuen- eta euskalgintzako gudaria. Euskadirengatik gaztaroko poeta hura kazetari bilakatu zen, argitaratzaile eragilea, euskararen aldeko doktrinario eta borrokalaria. 

            Zaitegi ezagutu eta maite egin nuen. Orain, bere heriotzatik hogeita zazpi urte laster izango direlarik, berarekiko nire sentimendua begirunez eta eskerronez jantziagoa agertzen da, eta harro sentitzen naiz eskaini zidan adiskidetasunarengatik. Mende oso bat igaro da Zaitegi jaio zela eta bere heriotzako orduan idatzi nuen bezala, eskain geniezaiokeen omenaldirik zintzoena bere obraz jabetzen joatea litzateke. Omenezko hitzak ez daitezela hitz hutsak izan!

JOSEMARI VELEZ DE MENDIZABAL

06-07-14 


Jose Luis Lizundia Euskaltzaindiko Idazkari Nagusia, Miren Azkarate Kultura sailburua, Ignazio Lakunza Arrasateko alkatea eta lauok
2006-07-14
Erdiko Kaleko Iokin Zaitegiren etxean, plaka bat jartzen ari





Argazkiak: Josefe Diaz de Tuesta (omenaldikoak) eta JMVM (goikoa)




uztaila 07, 2021

GAIZKA BARANDIARAN. 15 URTE HIL ZELA

Gaizka Barandiaran jesuita arrasatearra izan nuen adiskide eta lankide. Uztailaren 20an beteko dira hamabost urte Loiolan hil zela eta euskal folklorista erraldoia izan genuen pertsona berreskuratu nahi dut blog honen irakurleentzat. Gaizkaren biografia idatzi nuen 1997an, eta 2005eko maiatzaren 15ean Gipuzkoako Foru Aldundiaren Jauregian Euskal Dantzarien Biltzarrak eta Euskal Herriko Txistulari Elkarteak eskaini zioten omenaldian egokitu zitzaidan hitzalditxo bat ematea. Ondoren datozen lerroak hitzaldi hartakoak dira.             
 
Gaizka Barandiaran, 2005-05-15
“Adiskide batek beste adiskide berri bat ekarri zidan. Euskaltzale handi batek beste batenganako bidea ireki zidan. Herrikide batek bestearen gaineko zubi lana egin zidan. Eta bi pertsona horien adiskidantzaz ohoratu naiz ni, zorionekoa. Ohorea baita Gaizkaren lagun izatea, Iokin Zaitegirena izatea suertatu zitzaidan bezalatsu. Iokinen eskuz hurbildu nintzen Gaizkarengana. Eta bi mailatako katea zoragarria izan da, horien bitartez lehen eskuko testigantza izan baitut, gizarte euskaldunean XX mendearen zati luze batean gertatutakoa hobeto ulertzeko.

Zaitegik azaltzen digun moduan, bera eta “Loramendi” olerkaria ikaskide izan ziren Arrasateko haur eskolan. Eta Iokinek aitortzen duenez, txikitako urte haietan inbidia zion atxabaltarrari (orduan Bedoña auzoa Aretxabaletakoa zen) azken horrek landare eta animalien izenak ezagutzen baitzituen. Zaitegik, aldiz, bere burua “kalekume zango zuri”-tzat zuenak, ozta-ozta bereizten zituen belak eta kurriloak, pikoak eta mizpirak. 

Bere idazkietatik Gaizka Barandiaran ezagutu nuenean – hain zuzen ere, Iokinen “Euzko Gogoa”-ren orrialdeetan- askoz hurbilago jarri nuen izaeraz “Loramendi”-rengandik Zaitegirengandik baino. Begi bistan zegoen Gaizkak – edo artean Salvador?- herri muina barne barnean zeramala. Eta urte batzuk geroxeago – Salvador hura Gaizka bihurtuta- ahalegin guztiak egiten zituen bere sentimenduak herri poesiaz adierazteko.

“Goxa zan. Euzkixak Aloña mendi bixkarretik nini erdi atara euan eta urriñeko tontor buruak odol gorrixaz jazten euazan. Marko Etxeberriko goiko zelaixa oiñdio ez euan jantzi...”

Horrela diosku Gaizkak, justu orain dela mende erdi bat, Arrasateko hizkeraz,  Guatemalan argitaratutako “Euzko Gogoa”-ren urtarrila-otsaila zenbakian. Gaizkak bere ingurua deskribatzen digu, gogoan daramatzan bere bi herrietako bazterrak uztartuz. Oñati eta Arrasate edo Arrasate eta Oñati. Oñatiarra jaioa eta “mundrautarra” hazia. Eta bi toki izen handi horien erdian beste txikiago bat: Marko Etxeberri, barandiarandarrek euren eskuz eta izerdiz 1920 inguruan eraikitako baserria, alegia. Julian aitak benetan ausardia erakutsi zuen, industriaren ildoetatik apustu gogorra egindako Arrasate hartan fabrikara jo beharrean baserri berri bat jaso baitzuen. Baserriaren askatasuna nahiago izan zuen lantegiaren seguritatea baino. Marko Etxeberri baserriak zer nolako uzta eman behar zuen jakin izan balu...! Ez natzaio ari, noski, etxeko abereak elikatzeko ereiten zuten artoari edo ogitarako gariari. Ez. Hori, edozein baserriri eska dakiokeen gutxienekoa da. Marko Etxeberrik emandako giza uztari buruz ari naiz, noski.
 
Gipuzkoako Ahaldun Nagusiaren ongi etorria
Zilegi bekit ekitaldi honetan – eta zure baimenarekin, Gaizka- aipamen berezia egitea  zure anaia Bixenteren gain. Berriki joan zitzaigun, eta Arrasateko historia txikia ezagutzen dugunok badakigu zein meritu izan duen Gaizkaren anaiak, bere ofizioan. Bixente “errementarixie” nolabait mugatu beharko banu, berezko bere jakintzatik erakutsi zigun apaltasun eta eskuzabaltasunarengatik egingo nuke. Beti zegoen prest laguntzeko, eta hamaika ikasgai eman dizkigu bere lan xumetik.

Ezin dut esan nolakotasun horiek Barandiaran sendian berez ematen ote diren, baina – Gaizka- zure ibilbidea ikusita... eskuzabaltasuna erruz praktikatu duzula garbi dago. Zure jakintza nola irradiatu duzun, zure erein jardunak zein nolako emaria loratu duen eta zure irizpideek zein nolako argibide eder eskaini dituzten, hori guztiaz ohartzeko, zure Curriculuma irakurtzea  nahikoa da.  Horren bitartez zure lanaren tamainaz jabetzen gara.

Apaltasuna aipatu dut anaia Bixenteren kasuan. Apala zen, ziur asko, jesuitekin ikasi ez zuelako. Zuri begira, berriz, nire galdera honako hauxe da: apal ager al daiteke zurearen moduko lan historialarekin? Nik ez dut zalantzarik horretaz: Ez! Begira: Zaitegi– bere obraz kontzientea genuelako- ez zen bat ere apala. Areago, harro zegoen. Ez dut esan harroa zenik, baizik harro zegoela. Bizitzan zerakutsan jarrera bere obraren ondorioa zen. Zaitegiren gisako beste kasu gehiago jar nitzake, batzuk zuzenean bizi izan ditudalako eta beste asko erreferentziaz.

Baina nire gogoeta honi muga estuagoak jarri nahi dizkiodalako Gaizkaren orbitako adibide batzuk gogoratuko ditut: Ignacio Errandonearekin gutxi baina harreman batzuk izan nituen EUTG-n ikasle nintzela, eta klasikoetako maisu nafarra harrotasuna zerion, bere hoztasunean; bestalde, pertsonalki ezagutu ez nuen arren, ez dirudi “Orixe” apaltasunaren eredutzat har genezakeenik. Jesuitekin bost urtez ibili nintzen, goi mailako irakasleak izan nituen (Ostolaza, Elizegi, Tamayo, Altuna, Goena eta abar) eta gain girotik bederen konpainiako kideen lan eta bizitzarako estiloarekin ohitu nintzen. Beharbada honez gero asmatu duzu Gaizka  nora nahi dudan joan; izan ere, aurreko nire burutapen horrek beti narama ondorio berdinera: nik uste dut jesuitak euren lorpenaz harro senti daitezen hezitzen dituzte. Horixe da iruditzen zaidana. Zuen lan ekarpena dela eta, mundutik burua goi eta tente joan zaitezten hezitzen zaituztetela.
 
Imanol Olaizolarekin
Beraz, Gaizka: horren konbentzimendutik adierazita, harro egon zaitezke egindako guztiarengatik. Ad Maiorem Dei Gloriam jardungo ote zenuen epaitzea ez dagokit niri. Baina gaur zuen aurrean agertzeak eskaintzen didan aukeraz baliatuta, zure lanean Euskal Herriaren aintzak mugiarazi zaituela azpimarratu nahi dut. Eta euskal gizaki arruntontzat, duda izpirik gabe, horixe da funtsezko meritua.

Josulagun batzuen izenak aipatu ditut. Gaizkak 1928an erabaki zuen, Arrasateko Jose Markiegi apaizak lagunduta, Konpainiarako urratsa. Durango, Belgikako Tournai, Marneffe, Durango ostera, Oña, Bartzelona (soldadu gisa, anaia bat salbatzearren. Eskuzabaltasunaren beste adibide bat), Xabier, Oña ostera (hemen apaiztu zen 1947ko uztailaren 30ean), Gandia, Tutera (hamabost urtez), Alemaniako Mainz, Austriako Innsbruck (hiru urte), Donostian (1967tik 1992an jubilatu arte, San Ignacio ikastetxean) eta orain Loiola.

Gaizka Barandiaranen biografia txiki bat idatzi ahal izan nuen 1997an, beraren konplizitatearekin. Ez da lehen aldiz hitz hau erabiltzen dudala, Gaizkaren eta bion artean sortutako lan giroari nagokionean. Lehenago, 1981ean, Iokin Zaitegiren bizitza argitaratu nuen askoz liburu lodiago batean. Ezingo nuke ziurtatu, Zaitegiri buruzko bezain lodia gertatuko zatekeenik, Gaizkak bere buruari autozentsura jarri izan ez balio. Baina hortxe ibiliko zitzaion, nonbait. Zaitegi, Konpainiarekiko lokarrietatik aske zegoen bitartean Gaizkak askoz zuhurrago jokatu behar izan baitzuen nirekin izandako elkarrizketetan... eta berarentzat bakarrik gorde nahi izan zituen ia-ia hirurogeita hamar urtetako bizipen asko eta asko. “Dei Gloriam” –ek  isiltasuna exijitzen ei du, beste hainbat sakrifizioren artean.

Gaizka Barandiaran bere garaiko seme zintzoa izan zen. 1916ko martxoaren 3an Oñatin jaioa, bi urterekin aldatu zen sendiarekin Arrasatera. Eskolan, Zaitegik eta Gaizkak maisu berdina izan zuten, Francisco Urrutia, alegia. Bestalde, Jose Markiegi abade zenaren eraginpeko taldekidea zelako euskal kulturarako lehen hurbilketa bizi izan zuen Gaizkak. Arrasaten 1927an antolatutako Euskararen Eguna, esaterako, umearen une handi haietako bat jazo zen: jendaurrera azaldu behar izan zuen euskaraz irakurtzera. Eta Markiegiren eskutik ere antzerki lanetan hasi zen... eta  euskal abestiak ikasten... eta dantzan. “Ni dantzaria izan nintzan mutikotan”  - diosku Gaizkak- “Eta Durangoko ikastetxean nengoenean sortu zitzaidan euskal dantzak zaintzeko gogoa”

Harrez geroztikako soka luzea izan da. International Folk Music Center-en 1953ko bileran egon ahal izateko kaperau izendatu zuteneko anekdotak; Tuterako mojetako neskek txistulari bat behar zutela eta Gaizkarengana jo zutenean bezala, nesken taldea-txistularia binomioak eman zezakeen joko diabolikoak beldurtuta, nonbait: Aita Nagusiak nesken eta txistulariaren artean gortina bat jartzea exijitu zuen, Gaizkak dantzarien mugimenduak ikustea eragotziz; Maxi Aranbururekin burutu lankidetza, euskal dantzak Nafarroan eragiteko; Iztuetarekin “topo egitea”; “Danzas de Euskalerri I, II eta III liburuen argitarapena, Auñamendi Bilduman; “Basque Music” ekarpen bikaina, Londreseko The New Grove Dictionary of Music” delakoan; “Txistulari”, “Dantzari”, Boletin de la RSBAP, “Cuadernos de Etnologia y Etnografia de Navarra”, “Príncipe de Navarra” “Egan”, Euskonews eta beste aldizkari askotan euskal folkloreari buruz publikatutako artikuluak; dozenaka hitzaldi, lankidetza eta erakuspen praktiko.
Euskal folklorearen alde egin duzuna dela eta,
 
Omenaldiko une bat
Ez al da nahikoa, Gaizka, lehen niotsun moduan, harro egoteko?

Euskaragintzako abiapuntua, berriz, Belgikako Tournai hirian nobiziagoa egiten ari zeneko garaian koka daitekeela esango nuke. “Gerkerazko ikasketak barruan samintzen ninduen – dio Gaizkak- eta asuna bezain bizierregarria gertatzen zitzaidan. Beti nengoen pentsatzen, euskaraz larre-hizkuntza izatetik kultura hizkuntza izatera pasatu ahalko genuen” Hogei urte zituela ekin zion Homeroren Iliada euskaratzeari. Aita Estefania jesuita euskaltzaleak lagun, Lizardiren eta Orixe-ren poemak frantseseratu eta Konpainiak Parisen argitaratzen zuen “Etudes” aldizkarian publikatu ziren. Tournain  ezagutu zuen Zaitegi. Eta bertan ere eman zion Gaizkari Aita Estefaniak, gerra zibileko burugabekeriaren ondorioz herriko Jose Markiegi, Joxe Joakin Arin eta Leonardo Guridi apaizak fusilatu zituztenaren berri.

Tuteran kaleratu zuen “Iliasena”, 1956an, herri hartan Gaizkaren ikasle izandako Rafael Moneo arkitekto entzutetsuaren marrazkiekin apaindua. “Nire adimeneko lehen semea - dio Barandiaranek- Iliasena izan zen; merezi zuen, bada, Homerek eta, noski, euskarak” Ordurako Gaizkaren artikuluak “Euzko Gogoa”-n irakurtzen ziren, batez ere filosofiari buruz osatuak. “Kant, Aristoteles, Sokrate, Platon, Heidegger, Marcel, Sartre,  Seneca,... ditut atsegin” diosku. Urte askotako emaitza bezala “ Gauzaki, Izaki eta Gizaki” lanarekin Andima Ibiñagabeitia Saria irabazi zuen eta 1989an argitaratu zioten, “Unibertsitaterako liburuak” sailkapenean. Bitartean eta baita gero ere dozenaka artikulu azaldu dira Gaizkaren sinadurarekin eta baita lan mardulak osatu ere, nahiz eta argitaratu gabeak geratu diren, orain arte behintzat.

Ulertzen al duzu orain hobeto zergatik egon behar duzun harro?

Azken hilabeteotan, Loiolako bere erretiroan lanean segitzen du, erretiroa ez baita geldirik egotearen sinonimoa. Eta Gaizka, lehengo askatasun mugatua murriztuagotu egin bazaio ere, hantxe ari da, urtetako ezagutza aberatsari itxura ematen. Noizean behin, bere uzta bereziko ale berri bat heltzen zaigu existentzialismo, aristotelismo, humanismo eta ikusmolde desberdinetako zertzeladak azalduz, Saski Naski eder batean bilduta.

Gaizka, eskerrik asko, gure herriaren alde burutu duzun obrarengatik. Zaude harro! Ez da bekatu eta.  Zorionak omenaldi honetan, bihotzez, eta urte askotarako!”

Hamabost urte eman dira, beraz, Gaizka Barandiaran Loiolan zendu zenetik, eta bitez aurreko lerroak euskal folklorezale erraldoi honen erreferentzia gisa.

Argazkiak: JMVM

Gaizka Barandiaranen gaineko gehiago:

iraila 25, 2019

MOJA KOOPERANTE ARRRASATEARRA


Sor Maria Luisa, 1961ean, Perurako irtetear

Aurten hamar urte betetzen dira Sabina Velez de Mendizabal Llona -Sor Maria Luisa- arrasatearra hil zela, Liman. Eta efemerideak aukera ematen dit zenbait lerro idazteko emakume ausart eta eskuzabal hartaz. Nire izeba izan zenez gero, ahalegin bereziak egingo ditut bihotzak desbidera ez dezan nire idazkia eta iturri dokumentuetara joko dut, beharrezko orekari eutsi diezaiodan. 

Ausart eta eskuzabala definitu dut, eta ez da gutxiago – bera bezala, beste hainbat ere baditugu, emakume zein gizonezkoak, misioetarako bidea hartu zutenak- Euskal Herriko bazterrak utzi eta Amazonia sakonean bizitza berri bat eraikitzeko Perura abiatu baitzen, 1961ean.

Roman arrasatearra eta Apolonia amorebietarraren alaba izan zen, 1918ko ekainaren 8an jaioa. Non eta, ama bere jaiotetxearen babesera erditzera joanda, Amorebietan. Sabina ipini zioten ponte izena. Jaio eta egunetara Arrasatera aldatu ziren ama eta alaba eta Sabinak lehen ikasketak herriko mertzedariekin egin zituen. Arte eta Ofizioetako eskolan ere aritu zen, eta Antonio Armengou pintorearen ikasle
Sabina, amaren ondoan eserita, Deban, 1930
aplikatua izan genuen, oraindik senitarteen etxeetan ikus daitezkeen obrek darakutsatenez. Aitak sortutako ELMA enpresan ekin zion lanari baina 1940an moja mertzedaria izatea deliberatu zuen, eta Zumarragako komentua sartu zen. Moja berriak Sor Maria Luisa hartu zuen izena, 1941ean. Oiartzunera bidali zuten eta bertako ospitalean lan egiten zuen bitartean, magisteritza ikasi zuen Donostian.
 

Oiartzunen 1959ra arte aritu zen - Sabinaren ikasleetariko bat Xabier Lete izan zen- eta Gipuzkoako herri hartan erakutsi zuen misioetarako bokazioa. Horrela, Eibarrera aldatuta, bi urtez ihardun zuen Peruko oihanean beharko zituen ezagutzaz trebatzen. Eta 1961ko urtarrilean Peruko hiribururantz abiatu zen beste sei lekaimerekin. Helburua, Amazoniako Moyobamba herria. Zer dela-eta hara? Herrialde hartako gotzaina Martin Elorza (1899 Elgeta-1966 Lima)  pasiotarra zen eta hark eskatu zien laguntza Mertzedarien ordenako nagusiei, oihaneko biztanleen alde egin beharreko lan itzela zela eta. Eta Moyobambaraino ailegatu ziren 1961ko martxoan Sor Maria Luisa eta bere lagunak. Elorza gotzaina zain zeukaten.
 
Elorza gotzainarekin, Moyobambara heltzean, 1961
Eta orain salto egingo dut 2006raino. Berrogeita bost urte betetzen ari ziren moja haiek oihanera heldu zirenetik eta Peruko Kongresuak modu bereziz eskertu nahi izan zien euren lana: Kongresuaren domina eman zitzaien. Errepublikako Kongresuaren Prentsa Bulegoak dio 2006ko otsailean: 

“La hermana Vélez de Mendizábal es la única residente en el Perú de las siete religiosas que en enero de 1961 llegaron de España a Lima para hacerse cargo de la responsabilidad de proteger a la niñez desvalida, cuidar de los necesitados y promover el progreso femenino en nuestra patria. La Congregación realiza su esforzada labor en Moyobamba, departamento de San Martín, desde hace 45 años” 

Bere aldetik Limako “El Comercio” egunkariak 2007ko martxoaren 27an, mertzedarien gaineko erreportaje batean zioen, “En busca de la solidaridad perdida” titulupean: 
 
Moyobambako Tonchina ibaian, Amazonaseko ibaiadarra, Sabina makurtuta
“Las Hemanas Mercedarias de la Caridad llegaron a Perú en 1961 y realizan hasta hoy trabajos en la selva en educación y salud con los enfermos, niños pobres, discapacitados, ancianos y mujeres golpeadas… Por esto, han sido condecoradas en el Congreso” 

Eta egunkariaren erreportajean irakurtzen ziren Sabina –Sor Maria Luisa- Velez de Mendizabalen gaineko zertzeladak: 

“Sor Marí­a Luisa salió en 1961 para la selva del Perú y ahora tiene 88 años de júbilo, recordando que fue la primera monja mercedaria que se internó entre los árboles desbordados y las estrellas gigantes de Moyobamba. Marí­a Luisa tiene la imagen de mujer ancestral, fundadora y dichosamente sabia que iluminaría sola una laguna azul. 

La vasca María Luisa Vélez de Mendizabal tenía 45 años y era la primera vez que cruzaba el océano.  "Todo era tan distinto, sobre todo la comida", recuerda cuando ella y seis religiosas más llegaron a Moyobamba invitadas por el obispo.  Ella siempre habí­a sido maestra de escuelas rurales, pero la 'ruralidad' peruana era de otra dimensión: "El primer colegio solo tení­a una banca para escribir y otra para que me siente y nada más. Nosotras sufrimos bastante, no nos imaginamos tanta pobreza", comenta y coge la bata de su hábito, recordando nostálgicamente las marcas del barro de todos los caminos empantanados y los rí­os que debí­a surcar. "Lo teníamos orgullosamente sucio, también en las viviendas de caña y adobe donde debíamos vivir" Ella fue la directora de primaria de esa pequeñita escuela que funciona hasta hoy, más moderna. 

Es por esto que se ganó el cariño ilimitado de los niños de las comunidades apartadas que sin las mercedarias habrí­an quedado analfabetos. Su actual médico de cabecera fue un ex alumno a quien ella maternalmente recogí­a de su casa y llevaba de la mano a clases. Hoy él es quien paternalmente la saca a ella a pasear de la mano por la selva limeña. Porque es tanto el amor que ha generado Marí­a Luisa en esos chicos, hoy profesionales, que se organizaron para que el Congreso les otorgara a las madres mercedarias, teniéndola a ella como sí­mbolo, la medalla al Mérito en el grado de Comendador.  

Fue el 10 de febrero: "Imagínate, nosotras nunca habí­amos ido a semejantes sitios, con tantas oficinas, estábamos despistadas", ríe suave quien jamás dudó de su vocación. "Desde niña querí­a ser monjita, pero tuve que esperarme hasta los 20 años, porque me decían: tienes que conocer el mundo y después ya veremos". Y ya vimos” 

Eta, beraz, arrasatearrak Peruko Kongresuaren domina jaso zuen zeremonia ospetsu batean. Marcial Ayaipoma Alvarado Kongresuko presidenteak jarri zion ikurra Sor Maria Luisari, Moyobambara heldutako lehen zazpi mojen ordezkari bizi bakarra,
“Por la tesonera y humanitaria labor que han cumplido en los 45 años de su permanencia en el Perú” 

Sabina  Velez de Mendizabal Llona -Sor Maria Luisa-  91 urterekin hil zen, Liman, 2009ko abuztuaren 4an, eta egun berean hiri hartako artzapezpikuaren prensa bulegoak zioen: “Vino a impulsar la labor de misiones en el Perú y se dedicó a la educación en las ciudades de Moyobamba y Lima. Destacó por su tesón y sacrificio en la formación de los niños” 

Arrasateko emakumeen artean, atzerriko estatu baten Diputatuen Kongresuak inoiz sariztatu eta omendutako bakarra dela esango nuke. Ez da meritu bakarra, batez ere haur eta gazteen heziketa izan zuelako helburu nagusia.

Argazkiak: JMVM