“Adiskide batek beste adiskide berri bat ekarri zidan. Euskaltzale
handi batek beste batenganako bidea ireki zidan. Herrikide batek bestearen
gaineko zubi lana egin zidan. Eta bi pertsona horien adiskidantzaz ohoratu naiz
ni, zorionekoa. Ohorea baita Gaizkaren lagun izatea, Iokin Zaitegirena izatea
suertatu zitzaidan bezalatsu. Iokinen eskuz hurbildu nintzen Gaizkarengana. Eta
bi mailatako katea zoragarria izan da, horien bitartez lehen eskuko testigantza
izan baitut, gizarte euskaldunean XX mendearen zati luze batean gertatutakoa
hobeto ulertzeko.
Zaitegik azaltzen digun
moduan, bera eta “Loramendi” olerkaria ikaskide izan ziren Arrasateko haur
eskolan. Eta Iokinek aitortzen duenez, txikitako urte haietan inbidia zion
atxabaltarrari (orduan Bedoña auzoa Aretxabaletakoa zen) azken horrek landare
eta animalien izenak ezagutzen baitzituen. Zaitegik, aldiz, bere burua “kalekume
zango zuri”-tzat zuenak, ozta-ozta bereizten zituen belak eta kurriloak, pikoak
eta mizpirak.
Bere idazkietatik Gaizka
Barandiaran ezagutu nuenean – hain zuzen ere, Iokinen “Euzko Gogoa”-ren
orrialdeetan- askoz hurbilago jarri nuen izaeraz “Loramendi”-rengandik
Zaitegirengandik baino. Begi bistan zegoen Gaizkak – edo artean Salvador?-
herri muina barne barnean zeramala. Eta urte batzuk geroxeago – Salvador hura
Gaizka bihurtuta- ahalegin guztiak egiten zituen bere sentimenduak herri
poesiaz adierazteko.
“Goxa zan. Euzkixak Aloña mendi bixkarretik
nini erdi atara euan eta urriñeko tontor buruak odol gorrixaz jazten euazan.
Marko Etxeberriko goiko zelaixa oiñdio ez euan jantzi...”
Horrela diosku Gaizkak,
justu orain dela mende erdi bat, Arrasateko hizkeraz, Guatemalan argitaratutako “Euzko Gogoa”-ren
urtarrila-otsaila zenbakian. Gaizkak bere ingurua deskribatzen digu, gogoan
daramatzan bere bi herrietako bazterrak uztartuz. Oñati eta Arrasate edo
Arrasate eta Oñati. Oñatiarra jaioa eta “mundrautarra” hazia. Eta bi toki izen
handi horien erdian beste txikiago bat: Marko Etxeberri, barandiarandarrek
euren eskuz eta izerdiz 1920 inguruan eraikitako baserria, alegia. Julian aitak
benetan ausardia erakutsi zuen, industriaren ildoetatik apustu gogorra egindako
Arrasate hartan fabrikara jo beharrean baserri berri bat jaso baitzuen.
Baserriaren askatasuna nahiago izan zuen lantegiaren seguritatea baino. Marko
Etxeberri baserriak zer nolako uzta eman behar zuen jakin izan balu...! Ez
natzaio ari, noski, etxeko abereak elikatzeko ereiten zuten artoari edo
ogitarako gariari. Ez. Hori, edozein baserriri eska dakiokeen gutxienekoa da.
Marko Etxeberrik emandako giza uztari buruz ari naiz, noski.
Zilegi bekit ekitaldi honetan – eta zure
baimenarekin, Gaizka- aipamen berezia egitea zure anaia Bixenteren gain. Berriki joan zitzaigun, eta Arrasateko historia txikia
ezagutzen dugunok badakigu zein meritu izan duen Gaizkaren anaiak, bere
ofizioan. Bixente “errementarixie” nolabait mugatu beharko banu, berezko
bere jakintzatik erakutsi zigun apaltasun eta eskuzabaltasunarengatik egingo
nuke. Beti zegoen prest laguntzeko, eta hamaika ikasgai eman dizkigu bere lan
xumetik.
Ezin dut esan nolakotasun horiek Barandiaran sendian berez ematen ote
diren, baina – Gaizka- zure ibilbidea ikusita... eskuzabaltasuna erruz praktikatu
duzula garbi dago. Zure jakintza nola irradiatu duzun, zure erein jardunak zein
nolako emaria loratu duen eta zure irizpideek zein nolako argibide eder eskaini
dituzten, hori guztiaz ohartzeko, zure Curriculuma irakurtzea nahikoa da.
Horren bitartez zure lanaren tamainaz jabetzen gara.
Apaltasuna aipatu dut anaia
Bixenteren kasuan. Apala zen, ziur asko, jesuitekin ikasi ez zuelako. Zuri
begira, berriz, nire galdera honako hauxe da: apal ager al daiteke zurearen
moduko lan historialarekin? Nik ez dut zalantzarik horretaz: Ez! Begira:
Zaitegi– bere obraz kontzientea genuelako- ez zen bat ere apala. Areago,
harro zegoen. Ez dut esan harroa zenik, baizik harro zegoela. Bizitzan
zerakutsan jarrera bere obraren ondorioa zen. Zaitegiren gisako beste kasu
gehiago jar nitzake, batzuk zuzenean bizi izan ditudalako eta beste asko
erreferentziaz.
Baina nire gogoeta honi muga
estuagoak jarri nahi dizkiodalako Gaizkaren orbitako adibide batzuk gogoratuko
ditut: Ignacio Errandonearekin gutxi baina harreman batzuk izan nituen EUTG-n ikasle nintzela, eta
klasikoetako maisu nafarra harrotasuna zerion, bere hoztasunean; bestalde,
pertsonalki ezagutu ez nuen arren, ez dirudi “Orixe” apaltasunaren eredutzat
har genezakeenik. Jesuitekin bost urtez ibili nintzen, goi mailako irakasleak izan
nituen (Ostolaza, Elizegi, Tamayo, Altuna, Goena eta abar) eta gain girotik
bederen konpainiako kideen lan eta bizitzarako estiloarekin ohitu nintzen.
Beharbada honez gero asmatu duzu Gaizka nora nahi dudan joan; izan ere,
aurreko nire burutapen horrek beti narama ondorio berdinera: nik uste dut jesuitak
euren lorpenaz harro senti daitezen hezitzen dituzte. Horixe da iruditzen
zaidana. Zuen lan ekarpena dela eta, mundutik burua goi eta tente joan
zaitezten hezitzen zaituztetela.
Beraz, Gaizka: horren konbentzimendutik adierazita, harro egon zaitezke
egindako guztiarengatik. Ad Maiorem Dei Gloriam jardungo ote zenuen epaitzea ez
dagokit niri. Baina gaur zuen aurrean agertzeak eskaintzen didan aukeraz
baliatuta, zure lanean Euskal Herriaren aintzak mugiarazi zaituela azpimarratu
nahi dut. Eta euskal gizaki arruntontzat, duda izpirik gabe, horixe da
funtsezko meritua.
Josulagun batzuen izenak
aipatu ditut. Gaizkak 1928an erabaki zuen, Arrasateko Jose Markiegi apaizak
lagunduta, Konpainiarako urratsa. Durango, Belgikako Tournai, Marneffe, Durango
ostera, Oña, Bartzelona (soldadu gisa, anaia bat salbatzearren.
Eskuzabaltasunaren beste adibide bat), Xabier, Oña ostera (hemen apaiztu zen
1947ko uztailaren 30ean), Gandia, Tutera (hamabost urtez), Alemaniako Mainz,
Austriako Innsbruck (hiru urte), Donostian (1967tik 1992an jubilatu arte, San
Ignacio ikastetxean) eta orain Loiola.
Gaizka Barandiaranen
biografia txiki bat idatzi ahal izan nuen 1997an, beraren konplizitatearekin.
Ez da lehen aldiz hitz hau erabiltzen dudala, Gaizkaren eta bion artean
sortutako lan giroari nagokionean. Lehenago, 1981ean, Iokin Zaitegiren bizitza
argitaratu nuen askoz liburu lodiago batean. Ezingo nuke ziurtatu, Zaitegiri
buruzko bezain lodia gertatuko zatekeenik, Gaizkak bere buruari autozentsura
jarri izan ez balio. Baina hortxe ibiliko zitzaion, nonbait. Zaitegi,
Konpainiarekiko lokarrietatik aske zegoen bitartean Gaizkak askoz zuhurrago
jokatu behar izan baitzuen nirekin izandako elkarrizketetan... eta berarentzat
bakarrik gorde nahi izan zituen ia-ia hirurogeita hamar urtetako bizipen asko
eta asko. “Dei Gloriam” –ek isiltasuna
exijitzen ei du, beste hainbat sakrifizioren artean.
Gaizka Barandiaran bere
garaiko seme zintzoa izan zen. 1916ko martxoaren 3an Oñatin jaioa, bi urterekin
aldatu zen sendiarekin Arrasatera. Eskolan, Zaitegik eta Gaizkak maisu berdina
izan zuten, Francisco Urrutia, alegia. Bestalde, Jose Markiegi abade zenaren
eraginpeko taldekidea zelako euskal kulturarako lehen hurbilketa bizi izan zuen
Gaizkak. Arrasaten 1927an antolatutako Euskararen Eguna, esaterako, umearen une
handi haietako bat jazo zen: jendaurrera azaldu behar izan zuen euskaraz
irakurtzera. Eta Markiegiren eskutik ere antzerki lanetan hasi zen... eta euskal abestiak ikasten... eta dantzan. “Ni
dantzaria izan nintzan mutikotan” -
diosku Gaizkak- “Eta Durangoko ikastetxean nengoenean sortu zitzaidan euskal
dantzak zaintzeko gogoa”
Harrez geroztikako soka
luzea izan da. International Folk Music Center-en 1953ko bileran egon ahal
izateko kaperau izendatu zuteneko anekdotak; Tuterako mojetako neskek
txistulari bat behar zutela eta Gaizkarengana jo zutenean bezala, nesken
taldea-txistularia binomioak eman zezakeen joko diabolikoak beldurtuta, nonbait:
Aita Nagusiak nesken eta txistulariaren artean gortina bat jartzea exijitu zuen,
Gaizkak dantzarien mugimenduak ikustea eragotziz; Maxi Aranbururekin burutu
lankidetza, euskal dantzak Nafarroan eragiteko; Iztuetarekin “topo egitea”;
“Danzas de Euskalerri I, II eta III liburuen argitarapena, Auñamendi Bilduman;
“Basque Music” ekarpen bikaina, Londreseko The New Grove Dictionary of Music”
delakoan; “Txistulari”, “Dantzari”, Boletin de la RSBAP, “Cuadernos de
Etnologia y Etnografia de Navarra”, “Príncipe de Navarra” “Egan”, Euskonews eta
beste aldizkari askotan euskal folkloreari buruz publikatutako artikuluak;
dozenaka hitzaldi, lankidetza eta erakuspen praktiko.
Euskal folklorearen alde
egin duzuna dela eta,
Ez al da nahikoa, Gaizka,
lehen niotsun moduan, harro egoteko?
Euskaragintzako abiapuntua, berriz,
Belgikako Tournai hirian nobiziagoa egiten ari zeneko garaian koka daitekeela
esango nuke. “Gerkerazko ikasketak barruan samintzen ninduen – dio Gaizkak- eta
asuna bezain bizierregarria gertatzen zitzaidan. Beti nengoen pentsatzen,
euskaraz larre-hizkuntza izatetik kultura hizkuntza izatera pasatu ahalko
genuen” Hogei urte zituela ekin zion Homeroren Iliada euskaratzeari. Aita
Estefania jesuita euskaltzaleak lagun, Lizardiren eta Orixe-ren poemak
frantseseratu eta Konpainiak Parisen argitaratzen zuen “Etudes” aldizkarian
publikatu ziren. Tournain ezagutu zuen
Zaitegi. Eta bertan ere eman zion Gaizkari Aita Estefaniak, gerra zibileko
burugabekeriaren ondorioz herriko Jose Markiegi, Joxe Joakin Arin eta Leonardo
Guridi apaizak fusilatu zituztenaren berri.
Tuteran kaleratu zuen
“Iliasena”, 1956an, herri hartan Gaizkaren ikasle izandako Rafael Moneo
arkitekto entzutetsuaren marrazkiekin apaindua. “Nire adimeneko lehen semea -
dio Barandiaranek- Iliasena izan zen; merezi zuen, bada, Homerek eta, noski, euskarak”
Ordurako Gaizkaren artikuluak “Euzko Gogoa”-n irakurtzen ziren, batez ere
filosofiari buruz osatuak. “Kant, Aristoteles, Sokrate, Platon, Heidegger,
Marcel, Sartre, Seneca,... ditut
atsegin” diosku. Urte askotako emaitza bezala “ Gauzaki, Izaki eta Gizaki”
lanarekin Andima Ibiñagabeitia Saria irabazi zuen eta 1989an argitaratu zioten,
“Unibertsitaterako liburuak” sailkapenean. Bitartean eta baita gero ere
dozenaka artikulu azaldu dira Gaizkaren sinadurarekin eta baita lan mardulak
osatu ere, nahiz eta argitaratu gabeak geratu diren, orain arte behintzat.
Ulertzen al duzu orain
hobeto zergatik egon behar duzun harro?
Azken hilabeteotan, Loiolako
bere erretiroan lanean segitzen du, erretiroa ez baita geldirik egotearen
sinonimoa. Eta Gaizka, lehengo askatasun mugatua murriztuagotu egin bazaio ere,
hantxe ari da, urtetako ezagutza aberatsari itxura ematen. Noizean behin, bere
uzta bereziko ale berri bat heltzen zaigu existentzialismo, aristotelismo,
humanismo eta ikusmolde desberdinetako zertzeladak azalduz, Saski Naski eder
batean bilduta.
Gaizka, eskerrik asko, gure
herriaren alde burutu duzun obrarengatik. Zaude harro! Ez da bekatu eta. Zorionak omenaldi honetan, bihotzez, eta urte
askotarako!”
Hamabost urte eman dira, beraz, Gaizka Barandiaran Loiolan zendu zenetik, eta bitez aurreko lerroak euskal folklorezale erraldoi honen erreferentzia gisa.
Argazkiak: JMVM
Gaizka Barandiaranen gaineko gehiago:
Ez dugu hitzik aurkitzen adierazteko noraino gauden unkituta, zure atikuloan erabiltzen duzun hitz goxoak, gure osaba eta aitari buruz . Eskarrikasko denon ordez. Besarkada bero-bero bat.
ErantzunEzabatuKarmele, justiziakoa zen, bai kasu batean baita bestean ere. Musua
ErantzunEzabatu