Aramaixo etiketadun mezuak erakusten. Erakutsi mezu guztiak
Aramaixo etiketadun mezuak erakusten. Erakutsi mezu guztiak

martxoa 30, 2011

JUAN GARMENDIA LARRAÑAGA ETA ARAMAIXO



Juan Garmendia Larrañaga Tolosako etnografo handiak beste liburu berri bat -"Agerkari etno-historikoa. Nere paperetatik / Escaparate etno-histórico. Fondo de escritorio"- aurkeztu zuen martxoaren 25ean Tolosan. Esan behar dut, pozez gainera, liburu hori niri eskaini didala egileak, urtetako adiskidetasunari egiaztapen-zigilua eman nahi izan balio bezala. Eskerrik asko, Juan! Eta segi lanean, orain arte bezain emaritsu.
Juan Garmendia Larrañaga 1976an “ezagutu” nuen, hain zuzen ere Aramaioko etnografiari buruz artikulu batzuk Diario Vascon argitaratu zituenean. Berak sarritan aitortu didanez, egun zoragarriak eman zituen Aramaixon, baserriz baserri eta artisau batengandik hurrengoarengana ibili zelarik. Bixente Muñoa, Julian Urzelay, Benito Oar, Norberto Jauregi, Patxi Izaga, Urdungioko Iñaxio Larrañaga, Salasango Julian Unzueta, Keixtiko Pedro Bengoa, Liñatzako Eugenio Ugarte eta bere seme Basilio izan zituen berri-emaile, besteak beste. Baita, oso gogotsu ere, Maria Leaniz Barrutia, Santa Cruz apaiza zenaren eskutitzak gordetzen zituena.
Nik uste dut gaurkoan, Juan Garmendiaren azken liburua aitzakia hartuta, onena dela gonbidapen bat egitea irakurleari, batez ere aramaixoarrari, ondoko helbide honetara jo dezan. Benetako altxor bat aurkituko du:
Eta beheko lerroetara, Juanek aramaixoarron ahotik jasotako zenbait kanta aldatu ditut, iraganeko egunak gogora ditzagun!
“Ganadua besteren belardira pasatzen zenean, norbaitek ikusten bazuen, kantatzen zuen:
“Libiri eta labore, nun dek ganadu zaiñe; beien ganadu zaiñe, orraberako XX (ganadu jabearen izena) kaka ganadu zaiñe”
Edo belarra izan beharrean, landutako solora sartzen bazen ganadua, kantua honako hauxe zen:
“Or goiko landetan, eperra kantetan, or beko pagadixen usue kantetan; orraberako XX (ganadu jabearen izena) gerriraño kaketan”

martxoa 17, 2011

ARAMAIXO Kofradiaren barne aldizkaria

Hogeitamar urte bete ziren iragan urtarrilean Aramaixo Kofradia jaio zela Arrasaten, eta hain justu martxoan betetzen dira hogeita hamar urte Kofradiak bere barne-aldizkariaren lehen zenbakia atera zuela. ARAMAIXO agerkaria oso xumea zen eta gehien bat Arrasaten bizi ziren aramaixoarron artean banatzen zen. Aramaixoko Udalak ere bere laguntzatxoa eskaintzen zuen, berrogeita hamar aleren truke.
Kofradiaren beraren helburuak betetzen laguntzera zetorren aldizkaria, hau da Aramaixoko kultura ezagutaraztera. Hiru hilabetean behin publikatu zen eta 1983ra arte iraun zuen. Oso bizitza laburra izan zuen, beraz. Azken zenbakia ezik, gainerakoak fotokopiaz argitaratu ziren, hain zuzen Caja Laboralaren zentraleko fotokopisteria-zerbitzuan. Prezio hobea lortu genuen, beste inon baino, halako zerbitzuekin lan egitea artean luxuaren hurrena zen garaian. Azken zenbakia, berriz, Pedro Ignacio de Barrutiari eskainia monografiko gisa, moldiztegian inprimatu zen. Aurrekontu bereziarekin jokatu ahal izan zen, Aramaixoko Udalaren kontura.
Aldizkariak Aramaixoko albisteak ematen zituen, mota askotakoak, baina gehien bat historiarekin, geografiarekin eta ohiturekin erlazionatuta. Noizean behin elkarrizketaren bat ere tartekatzen zuen, Arrasaten bizi zen aramaixoarren batekin burutua.
Efemeridea gogoratu nahi izan dut gaurkoan. Kofradia bera ere desagertu zen 1983an eta aldizkariak agertu nahi zuen mundu baten azkenetakoak zitezkeenak inprimatuta geratu zirelarik, hona aldatuko dut 1981eko ekainean, hau da, bigarren zenbakian, “Oraindik Aramaixon egin daiteke” titulupean argitaratutakoa:
“Gaueko 11´30ak dira eta Gantzagako Amilburu baserrian gizonak oheratu egin dira. Eskatzean ahiztarik gazteenak segitzen du azken lanei bukaera ematen ari. Bat batean atean jotzen dute. Zein izango den, eta bostehun metrora den beste baserri bateko gizona da –dei diezaiogun Patxi. Etxera sartzen da Patxi eta eskatzera doa. Inor ikusten ez duelako urduri jartzen da. Andreak galdetzen dio zertara etorri den:
- Musien eitteko bateonbat egongo zala uste naixonan.
- Ba... ohien jasak. Baña gure bok...
- Bai... deitixon anaiari. Baina ni etxera joan bijonat, nun nauen eztakixelako...
Eta gure Patxik bere baserriko bidea hartzen du. Handik ordu erdira ostera dago Patxi Amilburu baserrian, oraingoan beste bi lagunekin.
- Suerte ona euki jonat. Ondion jaikitta josenan eta...
Eta andreak anaia bat deitu du, ohetik atera eta sukaldera joateko erregutuz. Bere zain daude musean egiteko...”

Istorioa protagonistek eurek kontatu zidaten, gertatu zen egunaren biharamunean. Seguru nago Patxi eta beste lagunen jokaera, betiko desagertu zaigun bizimodu patxadatsuago baten azken isladapenetakoa dela.
Argazkiak: JMVM