Patri Egidazu etiketadun mezuak erakusten. Erakutsi mezu guztiak
Patri Egidazu etiketadun mezuak erakusten. Erakutsi mezu guztiak

ekaina 17, 2026

ARRASATEKO SAN JUAN JAIAK. 1946

   2026KO SAN JUAN JAI OSASUNTSUAK ARRASATEARROI!!!

Ondoko hauxe da duela 80 urteko jaiak gogoratzen dizkiguna

Beste behin agertzen gara txoko honetara San Juan jaietako berriekin, batez ere han eta hemen barreiatuta dauden albistetxoak bildu guran. Laurogei urte eman dira gaur azaldutako ospakizunak izan zirenetik… eta munduak aurrera jarraitzen du, lasai asko. Eman nahi zaien garrantzia dute albisteek eta horrela aztertu behar da ekarpentxo honena. Dena den, funtsean… antzerako ardatz berdintsuen inguruan mugitzen gara.

Azpimarratzekoa da, aurreko urtean bezala, 1946ko esku egitarauaren udal koadernotxoaren aurrealdea Julio Galarta pintoreari enkargatu zitzaiola. Eta Galartak perspektiba kaballera artistikoaz baliaturik irudi ederra osatu zuen. Baina goazen egitarauarekin, 1946ko ekainaren 22,23,24,25 eta 29 egunetan burutu zena. Honela irakur zitekeen, eskuko koaderno hartan:





Ezer gutxi esan dezaket jai hartaz, oso albiste bakanak heldu baitzaizkigu… Arrasate eternitate batez urrundua zegoen (eta dago) Donostiako prentsatik. Eta iritsi zaizkigunak kirol arlokoak ditugu. Begira:

Pilota partiduei dagokienez, Trinketean (gero Gurea izango zena) jokatuak,  23koan: Bolinaga eta Mondragones II arrasatearrek 22-10 irabazi zioten Etxabe IX eta VI bikoteari; Mondragones izan bide zen onena. Eta bigarren partiduan Zugadi eta Uranga 22, Unamuno eta Murua 14. San Juan egunekoan, berriz, Zurdo de Mondragon eta Arriaran II 22, Felipe eta Mallabiako Txikito, 15. Onena Arriaran. Bigarren partiduan,  Peru eta Txara 22, Olaskoaga eta Etxabe VIII 13.

Futbol partiduei begira, bitxikeria bat gertatu zen. Programatua zegoen norgehiagoketa bat ekainaren 23rako Deportivo Alaves eta Arrasateko selekzio baten artean. Baina hiru egun lehenago babazorroak Madrilen Federazioko Txapeldunak gertatu ziren… eta ospakizunetan galdu bide ziren. San Juan egunean, ordea, publiko ugari bildu zen urtebete lehenago inauguratutako Iturripe futbol zelaira. Bilboko Athletic eta Donostiako Real Sociedad aritu ziren, eta donostiarrak izan ziren garaileak 3-0. Honako futbolariak aritu ziren:

Athletic: Lezama; Bergaretxe, Gainza; Zelaya, Bertol (kapitaina), Nando; Bilbao, Irarragorri, Venancio, Albizua eta Sañudo.

Real Sociedad: Sebitas; Etxaniz, Gabilondo; Garbizu, Patri

(kapitaina), Markuleta; Perez, Campos, Vazquez, Ontoria eta Pedrin.

Camposek sartu zituen bi gol eta eta Vazquezek bat. Arrasateko Patri Egidazu futbolari handiak jaso zuen herriko agintarien eskuetatik jokoan zegoen garaikurra.

Gainerako ekitaldi eta ospakizunei buruz ezer gutxi idatzi zen. Carmelo Ballester gotzainaren presentziak jende asko eraman zuen elizkizunetara, hori bai, eta musika bandak jo eta ke aritu ziren goiz-goizetik. Ordudanik, laurogei urte eman dira. 

JAI EGITARAUKO MERKATAL ZENBAIT IRAGARKI




Argazkiak: JMVM

 SAN JUAN JAIEI BURUZ GEHIAGO

1885

https://txemax3.blogspot.com/2022/06/san-juan-jaiak-1885ean.html

1918

https://txemax3.blogspot.com/2024/06/san-juan-jaiak-1918-kronika-oso-bat.html

1925

https://txemax3.blogspot.com/2025/06/arrasaten-duela-ehun-urte-1925-ekaina.html

Himnoak

https://txemax3.blogspot.com/2011/06/san-juan-himnoak-arrasaten.html


maiatza 24, 2017

PATRI EGIDAZU "PATRI", KOPAKO FINALISTA ARRASATEARRA


Patri, Mondran. 1938.
Aurtengo futbol Kopako finalera arrasatear bat baino gehiago hurbilduko da Madrilera maiatzaren 27an. Gauza bera gertatu zen 1951ko egun berdin bertsuan. Orduan futbol zelaian Arrasateko futbolista batek jokatzen zuen: Patri Egidazu Altuna “Patri”, Donostiako Real Sociedadekin. Datua ez da agertzen herriko futbolaren historiako idazkietan.

Patri da historiako Kopako finaletan aritu den lehen arrasatearra. (1) Eta zalantzarik gabe,herritik ateratako futbolistarik dirdiratsuenetakoa dugu, Arregi, Kortabarria, Aranbarri, Sagasta, Lopez Rekarte anaiak, beste banaka batzuekin batera.

Patriren azken partidua Mondrarekin, 1940.
Eskuinekoa Patri, Atotxan, 1941-04-13

Arrasaten jaio zen, 1919ko azaroaren 8an. Mondragón Club de Futbolean ekin zion futbolari, hamasei urterekin.  1939-40denboraldia denboraldian soldadutza egin zuen Bilbon eta Athletic-en filiala zen Bilbao Club-en jokatu zuen Patrik. Gertatu zen denboraldiaren erdialdean Mondra-ko erdilaria gaixotu egin zela eta Jose Mari Uranga orduko presidenteak Athleticeko lehendakari ordearekin negoziatu zuen Patri berriz ere Mondra-ra itzultzea. 

Eta hala izan zen: denboraldiaren amaierara arte Patrik ostera jokatu ahal izan zuen bere jaioterriko taldearekin. Urangak, eskerronekoa bera, planteatu zion Athleticeko agintariari, nahi izanez gero nolabaiteko lehentasuna edukitzea etorkizunean jokalari arrasatearraren gain, baina ezetza eman zioten, Urangak berak bere idazki argitaragabeetan gogoratzen zuen moduan:”Este chico es un jugador muy bueno para equipos de la categoría del vuestro; pero es lento y no llegará a interesar” 


Athleticekoa okertu egin zen, urte hartan bertan Real Sociedadek fitxatu baitzuen 1940-41 denboraldirako.  Bigarren mailan jokatzen zuen orduan Realak. Realarekin lehen partidua 1940ko irailaren 29an jokatu zuen, Avilesinaren kontra Atotxan, eta 3-2 irabazi zuten donostiarrek. Denboraldi haren amaieran lehen mailara igo zen, azken partidua Castelloni 7-1 irabazi ondoren. Aipa dezadan, ekipo hartan ordezko atezaina Aretxabaletako “Sebitas” ari zela.

Realaren elastikoarekin
Espainiako gerra ondoko kirol mundua ez zen, jakina, gaurregunekoa. Ekonomia egoera oso latza zen eta jokalarien fitxaketa baldintzatua zegoen aurrekontu murritzengatik. Bestalde ez da ahaztu behar Europa bete-betea zegoela II Gerra Mundialean. Lehen mailarako igoeraren berri ematen zuen egunkariaren portadan irakurtzen zen: “Las tropas del Reich ocupan Belgrado" Hamar urtez aritu zen Patri txuri-urdinekin, haietako sei lehen mailan eta lau bigarrenean.

Arrasateko jokalariak errendimendu ikaragarri ona eman zion Realari Donostian aritu zen urte
Patri, goian 2.ezker; Arregi makurtuta, 2. eskuin.
guztietan. Aipa daiteke, 1947an hiru arrasatear aritu zirela batera: Patri Egidazu, Luis Heriz eta Angel Arregi. Heriz Valladolidera igaro zen Realetik eta Arregi, Sevillatik zehar, Jaenera iritsi zen.

  Oso maila altua eman zuen Donostiako ekipoan Patrik eta ibilbide hartako punturik gorenena aipatu 1951ko finalean bizi izan zuen, Txamartinen, Barcelonaren kontra. Astebete lehenago, finalaurrekoan, eta iragarpen guztiak hankaz gora jarriz, Real Madrid bera kanporatu zuen Real Sociedadek Espainiako hiriburuan, donostiarrek Atotxan 1-0 eta Txamartinen 0-2 irabazi ondoren. Patrik egundoko partidua jokatu bide zuen finalaurrekoaren egun hartan madrildarren zelaian. Kronikek zioten:  “ordenador colosal de la defensa y sólido puntal de ella” 

Finalean, ordea, gauzak ez ziren hain ondo joan donostiarrentzat eta Realak 3-0 galdu zuen partidua. Alineazioak honako hauek izan ziren:
Real Sociedad: Eizagirre; Suarez; Murillo, Patri, Markuleta; Ontoria, Perez; Epi, Barinaga, Caeiro eta Alsua. Entrenatzailea: Benito Díaz.

Barcelona: Ramallets, Calvet, Biosca, Segarra, Gonzalvo III, Martin, Seguer, Kubala, Cesar, Aldecoa, Nicolau. Entrenatzailea: Samitier. 

Patri, 1951ko finalean
Patrik beste denboraldi bat gehiago egin zuen Realean,
 oso egoera onean, ondoko kronikak darakuskigun bezala:

“Patri, el excelente medio de otros tiempos, y no menos excelente defensa de hoy día, volvió por sus fueros de medio cuando la ocasión lo requirió. Cuando fue preciso defendió de forma singular la meta primero de Eizaguirre y luego de Bagur” (DV. 1952-05-06, Valladoliden jokatutako partiduaren kronika)

Baina urte haren amaieran Patrik  ahuntzen esnea edateagatik Maltako sukarrak jo zuen eta Real Sociedadek ez zion berritu hitzarmena. Patrik futbola uztea pentsatu zuen baina, hara non, hirugarren mailan ari zen Mondraren eskaintza jaso zuen eta Iturripera itzuli zen. Horrela, 1952ko urriaren 8an iragartzen zen fitxaketa, eta lau egun geroago debutatzen zen Bilbon Indautxuren kontra, eta Iturripeko lehen partidua urriaren 19an izan zen. Lau partidu bakarrik egin zituen bere jaioterriko ekipoarekin, azkena justu hilabete geroago, azaroaren 18an. Arrazoia, Frantziako ligan jokatzeko fitzatu zutela. 

Frantziako Stade Rennais taldera joan zen, eta lehen partidua 1952ko azaroaren 30ean jokatu zuen, defentsa lanetan. Ekipo haren entrenatzailea Salvador Artigas zen, Errealeko Patriren kide ohia, eta hark eraman zuen. Titularra ohiko ekipoan, 22 partidu jokatu zuen Frantziako 2 ligan. denboraldi haren amaieran futbola betiko uztea erabaki zuen. 

Patri Egidazu Debara erretiratu zen bizitzera. Itziar Elosuarekin ezkondu zen eta 1999ko ekainaren 9an hil zen, 79 urte zituela.

Oharra: Goiko argazkiko Mondragón Club de Futbol taldea. Beasaingo Elzo futbolistaren omenaldian: Sologaistoa "Laso", Patri, Azkargorta "Monti", J.M.Aranburu, D.Aranburu, Salgado, Benito; makurtuta: Ugarte (botikina), Castor, Putxulu, Aranbarri "Baranda", Zeziaga "Divino I" eta Esteban Pagoaga (partidu hartan linier bezala aritu zena)
Patri, Sologaistoa, Aranbarri. Mondraren hiru jokalari historiko
 




(1) Bestea Luis Mari Lopez Rekarte da.

Argazkiak: JMVM, Karmen Uranga (Arregi agertzen dena)

 

ARRASATEKO FUTBOLARI BURUZ GEHIAGO EZAGUTZEKO - PARA CONOCER MÁS SOBRE EL FUTBOL DE MONDRAGÓN

FUTBOLA ARRASATEN. ISTORIOAK

https://txemax3.blogspot.com/2022/01/futbola-arrasaten-istorioak.html