"Iragana iragan" antzezlaneko une bat, 2010ean |
Arrasateko DOKE Antzerki Taldea (DAT) berriz
ere euskal agertokietara azaltzen da. Oraingoarekin lau dira taularatu dituenak, 2004an antzerkiari ekin zionetik. Obra berria “Paradisuko
atean” da eta emanaldietarako prest daude taldekideak ekoizpenean sei hilabete
luze inbertitu ondoren. Abiapuntua Arrasateko Amaia Antzokian jarri dute, bertan eskainiko baita
obra ekainaren 1 eta 2ko emanaldietan.
DAT 2004an sortu zen, eta antzerkia
sentitzen duten lagunek osatzen dute. Arrasatek antzerki arloan inoiz eman duen
talde iraunkorrik garrantzitsuena da eta emaitzei dagokienez eraginkorrena.
Antzerkia egiteko eta antzerkirako zaletasuna sorrarazteko asmoarekin jaio zen
DAT. Eta bide horretatik doa, izan ere zortzi urteotan taldetik igaro diren
lagunen zerrenda luzea da. Gehienak arrasatearrak izan baditugu ere, beste
nonbaitetik inkorporatutakoak ere badira, taldeko partaide izateko ateak zabalik
baitaude beti.
DATek bere jarduna herri-antzerkian
oinarritu du hasiera-hasieratik. Euskal herri-antzerkia izan da taldearen
jomuga, gazteleraz aritzeko aukerak izan baditu ere. Baina ez diete
itsas-laminei entzun nahi izan eta askoz konplikatuagoa den arren euskarazko
lan aplikatuari eutsi diote, horrek ekarri dituen satisfakzioak handiak izan
direlarik.
“Paradisuko atean” obraren nondik
norakoak
Ekintza tanatorio batean garatzen da.
Hildakoaren errautsak daude ikusgai. Zendua emakume bat da eta errautsen
baitatik hildakoaren mamua agertzen da. Bera da obraren protagonista, atal
guztietan modu aktiboan esku hartzen duena. Tanatorioan bisitak ematen dira
etengabe, eta hitzezko interakzioa sortzen da mamuarengandik, azken agurra
eskaintzera joandako guztienganako. Eta elkarrizketak diren arren, norabide
bakarrekoak ditugu, bisitariek ezin baitute mamua ikusi ezta entzun ere.
Salbuespen batekin: ehorztetxeko enplegatua.
"Paradisuko atean"-eko hiru aktoresa |
Heriotza gai serioa den arren, umorezko klabean dago idatzita obra eta euskarari
hurbileko tratamendua eskaini zaio, publiko zabalera heltzeko.
Testuaren egilea ni neu nauzue –DATeko
partaide naiz bere sorreratik- eta zuzendaria Itziar Rekalde da, taldearen
aurreko bi obretan bezala. Obra honetako DATeko kideak, berriz, honakoak
ditugu: Arantza Ezkurra, Mariasun Pagoaga, Mikel Irastorza, Itziar Rosado,
Marga Mercader, Maider Alzelai, Dorita Murgia, Silvia Maria, Mikel Dominguez,
Juan Manuel Gorosabel, eta Josemari Velez de Mendizabal.
Gaurko idazki hau publizitatetzat hartu nahi badu irakurleak, har
dezala. Bere informaziorako diodan, sarrerak jada salgai daudela, Arrasateko
Lore eta Zabaleta lurrin dendetan, Muruamendiaraz goxotegian, Txukun
fotokopistegian, Jai Zale eta Monte tabernetan, Zeziaga
dendan eta abar... Ez dago aitzakiarik!
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina