abendua 15, 2021

ZIKLO KROSSEKO I KRITERIUM INTERNAZIONALA. 1961


Renato Longo garaikurra jasotzen ari, Uribarrena alkatearengandik

Hirurogeita bi urte dira Arrasaten ziklo krosseko norgehiagoketak antolatzen hasi zenetik, Juventud Deportiva Mondragon elkartearen txirrindularitza sailaren ekimenez. Eta arrasatearrek kirol frogak eratzerako erakutsitako iaiotasunak bere sariak ekarri zituen. Lehena, 1961eko otsailaren 12an izan zen, Espainiako Txapelketa eman baitzen Arrasaten eta bigarrena, nazioarteko mailara salto eginez, I Kriterium Internazionala korritu zen, urte bereko abenduaren 22an. Beraz, gaur zortzi hirurogei urte beteko dira, gutariko askok karrera hura ikusi genuela.
Wolfshol, Longo eta Kunde, herriko zale batzuekin


Arrasatera munduko hiru txapeldun agertu ziren, Rolf Wolfshol alemaniarra –1960 eta 1961- Renato Longo italiarra, txapelketa 1959an lortu zuena eta Andre Dufraisse frantziarra, 1954, 1955, 1956, 1957 eta 1958an nagusi izandakoa. Horiei, Karl Heinz Kunde alemaniarra gehitu zitzaien eta, ohikoetatik Talamillo, Irusta, Arsuaga eta abar. Ikusmina ikaragarri handia izan zen zenbait egun lehenagotik, eta kanpoko txirrindulariek lehen kontaktua izan zuten Arrasateko zaleekin. Lasterketaren bezperan ongi etorri berezia egin zitzaien herriko Zentro Katolikoan (bigarren argazkia)

Rolf Wolfshohl, Iturripen

Kirol arloan egundoko arrakastatsua izan zen I Kriterium hura. Prentsa espezializatuak laudorioak izan zituen bai txirrindularientzat baita antolatzaileentzat ere. Bezperatik euria izan zen eta ibiltokia lokaztuta zegoen, horrek adierazi zituen zailtasun guztiekin. Iberdueroko igoera esaten zitzaionak – Olandixoko aldapa- triskantza egin zituen txirrindularien artean eta lehen unetik Wolfshol eta Longo izan ziren aurrea hartu zutenak, distantziak
Wolfshol eta Longo, Malatoko zubitxoan
handituz zirkuituko zortzi biretako bakoitzean. Hain zuzen, azken itzulian  Iberdueroko gaina hartu ondorengo jaitsieran – lehen bi txirrindulariak parera zihoazela- Wolfsholek txirrist egin zuen eta Longok tarte bat kendu zion, eta horrela heldu ziren Iturripe futbol zelaiko helburura. Beraz, Renato Longok eraman zuen Arrasateko lehen kriterium internazionala. Denbora, ordu bete hamazortzi minutu eta 9 segundo izan zen, alemaniarrari 45 segundo atereaz.
 

Hirugarrena Andre Dufraisse, laugarrena Jose Luis Talamillo eta bosgarrena Alfredo Irusta izan ziren. Hamasei txirrindularik hartu zuten parte eta hamar sailkatu ziren, horien artean Kunde alemaniarra, ziklo krossean eskarmentu gutxikoa baitzen. Txirrindulari honen gain esan daiteke Arrasatera amateur bezala etorri zela, profesionala 1962an egin baitzen. Tourreko liderra izatera heldu zen 1966an, lau etapaz. Eta neurriz txikitxoa zenez – 1´59 metro- prentsa frantziarrak “ipotz horia” bataiatu zuen Kunde.
Sari gehiago Longorentzat

Longo eta Wolfsholek, berriz, egundoko karrera ederrak izan zituzten ziklo krossean eta Arrasatera beste lasterketa batzuetan ikusi ahal izan genituen. Egun hartako sari emate ekitaldiaren buru Justo Uribarrena Arrasateko  alkatea izan zen, eta txirrindulariei Iturripen ez ezik Udaletxean ere oparitu zitzaizkien.


Arrasateko txirrindularitzari buruzko gehiago:

Ziklo Kross:
Hastapenak

Beste:

5 iruzkin:

  1. Gogoan ditut ziklo kroseko zenbait lasterketa Iturripen. Erakargarritasun handia zuten eta txirrindularitzako zale asko bertaratzen ziren

    ErantzunEzabatu
  2. Neuk ere gogoan dut, aitak eramanda, Longo eta Wolfshol ikusi izana Olandixo inguruan. Segailak ziren biak, eta inguru hauetako txirrindulariak baino dezente abilagoak bizikletarekin. Orduan ikusi nuen lehen aldiz ortzadar-mailota, erabat miretsita.

    Ziklo-krosari dagokionez, haiek izan ziren, oker ez banabil, Nazioarteko Kriteriumaren urrezko urteak Arrasaten. Gero etorriko zen Aretxabaletakoaren txanda, De Vlaeminck anaiekin, TVEan ematen zutena. Handik Igorrera pasatu zen, ETBren partehartzearekin, eta, azkenik, Asteasura, denbora laburrez.

    Eskerrik asko, Joxemari, kronika eder horrengatik.

    ErantzunEzabatu