abendua 30, 2020

ARRASATEKO UDAL FUNTZIONARITZA 1950ean

Argazki txiki bat egin nahi dut, duela hirurogeita hamar urteko Arrasateko udal langileak gogoratzeko. Ez du gaurko idazkiak beste asmorik, errealitate urrun hura txoko honetara  ekartzeak  denboraren joanean lurrundutakoa azalaraztea adierazten duena baino. 
Arrasate, 1950

1950eko abenduaren 6ko bilera izan zen Arrasateko Udaletxean, Santiago Bastida alkatearen lehendakaritzapean. Hara bildutako zinegotziak, Jose Azkoaga, Jose Berezibar, Bizente Gonzalez, Balentin Gonzalez, Antonio Balerdi, Mariano Azkarate eta Jose Mari Ezkurra izan ziren. Eurekin batera, Felix Landa funtziotako interbentorea eta Prudentzio Iraeta idazkaria.   San Nikólas eguna ospatzen ibiliko ziren artean herriko umeak kalez-kale, udal taldeak gai zerrendaren puntu bakarrari heldu zionean. Asteazkena zen.

Ogasun eta Gobernuko batzordeek sortutako txostena irakurri zuen idazkariak, udal langileen soldatak 1951urterako onartu eta finkatzeko. Baita diru-laguntzak eta pertsonalarentzako osagarriak zehaztu behar ziren. Ondoko tauletatik lehenean kendu ditut langile bakoitzari zegokion diru kopuruak. Baina diodan, planteatzen ari zen igoera - soldata, diru-laguntza eta osagarrietan- %25 zela. Ikus daitekeen moduan, udal funtzionarioen artean sartzen ziren bi maistra (Zigarrola eta Garagartza/Santa Agedakoa)  Biteri Fundazioko maisua, herriko albaiteroa...


Hurrengo taulan deigarri gerta daiteke gaurko ikusmoldetik, Udalak ordaintzen baitzituen eliza-arloko hainbat kontzeptu - abesbatza, Aste Santua, Gabonak, sermoiak,  animen lanpara, oreixaren kontrako konjurua...
Beheko taulan, berriz, udal musika bandaren kostoa da handiena, Justo Munarriz profesional bakarraren soldata funtzionarioen artean ikusi dugularik. Hiru ikastetxek ere jasotzen zuten diru-laguntza.


Soldaten gain, argitu behar da une haietan estatu mailan egokitzapen oso bat planteatzen ari zela udal funtzionarientzat. Horregatik, Arrasateko udala egokitzapen ofizialera aurreratu bazen ere, abenduaren 6ko bilera hartan erabaki zuen, behin estatuko taulak ezagututa Arrasateko udal langileentzat planteatzen ari zirenak baino hobeak baziren, arrasatearrentzat goranzko egokitzapen berria emango zela. Halaber, taula berriarekin desagertu egiten zen bizimoduaren garestitzeagatik langileek zuten plusa.
Arriola, Zubialdea, Barrutiabengoa, Palencia udaltzainak - aguazilak.

Alkateak abenduaren 28an bulegoetako langileekin batzartu zen,

“… al objeto de comunicarles que debido a las reformas introducidas en el nuevo Presupuesto para el año 1951, elevación de sueldos, así como nuevos arbitrios, era conveniente que todos los empleados pusieran un poco más empeño que hasta ahora, y se vigilase la entrada de todos los artículos, muy especialmente las frutas, huevos etc. cuyos trabajos serían en su día remunerados; a lo que por su parte XXX (1) se opuso terminantemente, manifestando que no estaba dispuesto a llevar la administración de la Plaza de Abastos” Apunta dezadan, XXX horren agindupeko beste langile batek hartu zuela bere gain azokaren administrazioa, urtean zergen bidez kobratuko zituenaren gaineko %10eko konpentsazioarekin.

Amaitzeko, diodan urte hartako – 1951- udal aurrekontu arrunta 1.655.200 pezeta izan zela, eta pertsonalaren kontzeptua 240.000 pezeta ingurura iritsi zen hau da aurrekontu osoaren %14´5.

(1) Izena kendu dut

Argazkiak: JMVM





2 iruzkin: