David Arzamendi hil da. Hauxe izan zen atzoko albistea. Pasa den abenduko 15ean ospatu zuen Davidek senitarte guztiokin bere 99gn urtebetetzea. Eta ezina izan zaio mendeurrenera heltzea, lagun denok opa genion bezala. Joan da, 1932z geroztik Arrasateko organo jolea izan den gizona.
Gurasoak eta anaia-arrebak |
Bost
urterekin ekin zion musika ikasteari Eustakio Arregi bere adiskidearen eskutik.
Zortzi urterekin, berriz, Jose Diez Umerez oñatiarrarekin hasi zen solfeoko
ezkutuetan, parrokiako koruan tiple bezala aritzeko. Eta Saturrarango
Apaiztegitik igaro ondoren, 1930ko irailaren 30ean Gasteizko Apaiztegi Kontziliarraren
inaugurazioan abestu zuen, Alfontso XIII erregeak presidituriko ekitaldian.
Ordurako
piano ikasten ari zen, Arrasateko parrokiako Jose Izurrategi abadearekin
eta haren ondoren heldu zen Dionisio Isasmendirekin jarraitu zuen eta
organo jotzeari ere ekin zion eta Isasmendi titularrak ezin zuenean Davidek
hartzen zuen erreleboa. Gasteizko Apaiztegian musika eta organo ikasketak
aberastu zituen eta 1936an Gasteizen bertan egin behar izan zuen soldadutza.
Hori dela eta, hiriburuko San Miguel eliza nagusiko organo jole titularra zen Luis
Aranbururen aginduetara jarri zen, eta igandero Meza Nagusian jardun zuen, egundoko
arrakastarekin.
Lola emaztea eta seme alaba batzuekin |
Behin
gerra zibila hasita, Toledoko Arma Lantegira bidali zuten 1937ko urtarrilean
eta Gasteiztik alde egin zuen egunean eliza
nagusiko abadeek eta Aranburu musikariak San Migeleko Bizi Bitarteko
Organo Jolea izendatu zuten David.
Musika
kontuetan, berriz, ez dago Arrasateko musika historia ulertzerik Daviden
ekarpena ezagutu gabe. XX mendeko erreferenterik handienetakoa izan da, bere anaia Juanekin
batera. Organo
jole izateaz gain, Davidek zenbait musika doinu konposatu zuen; parrokiako abesbatza
zuzendariaren ardurak ere hartu zituen bere gain, horrela eskatu zitzaionean.
Daviden txikitako laguna zen Julian Sagasta organo jole ospetsua, eta
beraren hitzak dira, Goiena aldizkarian publikatuta: “Hori (David) bai dela benetako mondrauetarra. Arrasateko kontu guztiak
berari esker ezagutzen ditut”
Organoa jotzen jai batean |
Santa Agedako abeskideekin |
David Arzamendi
Enparanza (Arrasate 1914-12-15; Arrasate 2014-01-25)
Domingo
eta Benita izan ziren gurasoak. Domingo Arrasateko alkatea izan zen bi aldiz, (1921-23
eta 1938-48)
Felix
Aranoren ikaslea izan zen Biteri Eskoletan, eta 2008ko uztailaren 18an
Arrasaten Biteri mezenasi eskainitako ekitaldian elkarrekin eman genuen hitzaldi bana. Bertan
argi geratu zen Davidek bere maisuarekiko zuen miresmena (1)
"Loramendi"ren omenaldian Bedoñan, 1959an |
Gerra
ostean Roneo Unión Cerrajeran hasi zen lanean, eta urteekin Hetruc (Hermandad
de Trabajadores de Unión Cerrajera)ko administrazioan aritu zen, jubilatu arte. Hetrucen egundoko lan ederra egin zuen.
David
oso inplikatua egon zen beti Arrasateko gizarte bizitzan. Zuzen-zuzenetik
jarraitu zituen gorabeherak eta aipagarrienetako bat, eta seguruenik ez
ezagunetakoa, 1953ko abenduaren 9an Franco jeneralari beste lagun batzuekin
batera bidali zitzaion eskutitzarekin dago erlazionatuta. Bertan kexatu egiten ziren,
San Juan auzoko etxe bizitzak – Obra Sindical del Hogar zeritzan erakundeak
eraikita- auzokideei saldu nahi
zizkieten prezioarengatik. “Suplican se
digne ordenar a las Entidades u Organismos competentes la apertura de una
serena y solvente información sobre la materia, por si pudiera caber una
rectificación de cifras” adierazten zioten jeneralari idazkian.
Bilarrean jolasten, Zentroan |
David
oso inplikatua egon zen Ekintza Katolikoaren Zentroko kudeaketan, 1950-1970
urteetan. Gutariko askok gogoatuko dugu Daviden irudia, Zentroko bilarretan
bere abileziak erakusten ari. Artista bat zen takoarekin. Berari eta Jose Mari
Urangari esker Juan Butron bilarreko munduko txapeldun bilbotarrak 1959ko
otsailaren 20an Zentroan erakuspen zabal bat eskaini zuen.
============..==========
Arrasateko
eliza nagusiko abesbatzak “Agnus Dei” abestu eta Davidek organoa jotzen dueneko
bideo bat jarri nuen duela hiru urte ondoko helbide honetan:
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina