Arrasateko Portaloia, 1960 inguruan |
XX.aren hirurogeietako Ikastolen mugimendura arte
euskara arrotza izan zen herriko hezkuntza entramatuan. Hala ere, mendetan
zehar euskara ez da guztiz baztertua izan herriko eskola eta irakaskintzako
zentroetan. Garibayk berak XVI. mendean aldarrikatu egiten du gure hizkuntzaren
presentzia, hori bai beti ere euskararen bitartez gaztelerara jauzi
kualitatiboa eman ahal izateko.
XVI.
mendetik nolabaiteko kezka azaltzen da agintari eta herriko zenbait
pertsonengan, euskara espazio batzuetan presente egon dadin ... konbentzimendu
handirik gabe. Erlijiosoek bazekiten euskararen bidez bakarrik hel zitezkeela
arrasatear gizartearen bihotzeraino eta herritarren arimen salbazioa emango
bazen derrigorrezkoa zen erlijioso euskaldunak bertan edukitzea. Abadeak, fraideak...
portzentaje handiz euskaldunak ziren.
Oinarrizko
hezkuntza orokorrerako, ordea, baldintza hark ez zuen horrenbeste indarrik. Bi
arrazoirengatik: zubi eta kultura hizkuntza gaztelera zelako; eta herri xeheak
kultura premiarik ez zuelako.
Horrela
izan zen XX. mendea ondo sartua egon arte, abertzaletasunak euskal kontzientzia
piztu zuenean.
Arrasateko
lehen ikastola ireki zenean – Zentro Katolikoaren kide batzuen ekimenez-
trumoietako kutxa ere zabaldu zen, eta gizarte zatitu eta ultrapolitizatu
hartan ikastolaren gainean iriztu hilgarria erori zen, faxistak altxatu bezain
laster.
Mondragón aldizkarian, 1964 |
Joxe Markiegi, Leonardo Guridi - biak Zentroko irakasleak eta gero lehen Ikastolakoak ere- fusilatu zituzten, ikastola bedeinkatu zuen Jose Joakin Arin parrokoarekin batera. Hiru apaiz haiek “Zeruko Argia” zeritzan euskal orritxoa argitaratzen bide zuten. Ez dut haren ale bat ere inon aurkitu. Baina izan zela diote kronika batzuek.
Gerra osteko lehen hamarkadetan, ordea, inori ez zitzaion geratu bide hartatik segitzeko gogorik. Frankisten hamarkadatako debekuarengatik euskara hezkuntza plan guztietatik kanpo geratu zen. Hala ere, 1960 inguruan halako mugimendu txikitxo bat hasi zen, euskararen suspertze lanetan. Bada albiste bat, 1964an, albiste huts bezala hona ekarri nahi dudana, izan ere inoiz ez dut idatzitakoa frogatu ahal izan. Ekintza Katolikoaren Zentrotik 1964an argitaratutako “Mondragón” aldizkaritxoan irakurtzen zen:
“Naigabez begiratzen bearrean gauden, bada,
gure gazte eta zar artean, euskera zoragarri, polit eta aberats au baztartaz
zijualako; bañan, badira oraindik gizaseme bikain eta jarduntsuak Arrasate
ontan. Gizaseme oiek bein baño geiagotan bildu dira, eta lan gogoaz zerbait
egin ere. Onela degu, Arrasaten, irakasle taldetxo batzuek gure mutiko artean;
euren ikasle dira,
“Concepcionistas” deritzaion ikastetxean mutil
koskorrak eta beste berrogeikoren bat “Colegio San José”n…
Ikastetxe oneiri indar berezi bat emateko, Bazkun edo
“Soziedade” bat sortzea gogoratu da Arrasaten “Sociedad Cultural Juan Carlos
Guerra” hartu du izentzat…”
Jakina,
goiko “mutiko artean” horretan neska-mutikoak irakurri behar da. San Jose
ikastetxean euskarazko klaseak izaten ziren, Alvaro Beitia irakaslearekin, eta
ikastetxeko zuzendaritzaren eraginez. Ni neroni izan nintzen ikastaro haietako
ikaslea. Kontzezinoko ikastetxean ere, 1960 urtean ireki zen oinarrizko
hezkuntza sistemarekin bat eginik, mojek atea ireki zioten euskarari.
Portaloia, 1960 inguruan |
Baina
zertan geratu zen Juan Carlos Guerra Bazkuna izeneko ekimen hura? Mondragón
aldizkariaren artikuluak segitzen du euskararen aldeko apusturako proposamena
eginez:
“Arrasate
gure erri maite au, lantasunean biurri eta azterkatsua izan degu betik. Leendik
ona, gure burdiñ-oletan jarraipen eta argirapen aundiagoak agertzen zaigu, eta
argirapen eta jarraipen oiek, gure aurrerapenak indartzeko, samurtasuna
ekarriko dizkigu. Aberri eta erriak zabal eta goratzeko aberastasuna bear da,
eta aberastasun ori, ikastoletatik etorri bear du, noski. Gaztediak jarraipen
bikaiñak bait ditu oraiñ, gure erri eta aberria goratzeko, bai, baiña atseden
bat ere bear du gazte eta gizasemeak, eta atseden ori, zergatik ez Euskalerri
onen bidez itzuli?”
Historiaurrekoa irudi daitekeen arren,
berrogeita
hamazazpi urte bakarrik eman dira aldizkariaren aldarrikapen hartatik. Bakarrik
diot, euskararen adina ehun urte baino luzeagoa baita eta mendetako
osasun makalaren ostean, azken mende
erdian apurtxo bat besterik ez bada ere, badirudi gure hizkuntzaren osasunak
hobera egin duela. Segi dezagun irakurtzen 1964ko aldizkaritxo hartan:
Arrasate, 1960 |
“Betik
izan degu maite gure Ama, eta gure biotzetan betik eramango degu maitetasuna
au, ez ote? Gure Euskalerri au, askok eta askok abestu duten bezala, gure
begizko Ama degu; orregaitik Arrasateko gizaseme, gazte eta emakume guztiok
Bazkun edo sociedade onen jarraipen eta gogotasunak indartu bear ditugu.
Erbestekoak
gauz polit eta jatorrak aurkitzen ditu Euskalerrian eta asko dira emengo
izkuntz, oitura, dantza, kirol eta folkloreen berri dabiltzanak. Asmo
jarraikorrak ditu Bazkun onek oientzako ere. Azkenez, galdera edo gogoeta bat:
Erbestekoak gauz jator eta gogozkoak aurkitzen bai ditu, nolan ez aurrerapen
gogor eta beroenak Bazkun oneri Euskaldun deitzen geranok?”
Bazkun haren gaineko berri gehiagorik ez dut
inon aurkitu. Gero ikastolen mugimendu egituratua etorri zen.
Argazkiak: JMVM
60ko hamarkada urte zailak izan ziren euskararentzat. Hain zuzen ere, hamarkada horretan hasi ziren ikastolak sortzeko lehen mugimenduak, beren bertsiorik modernoenean. Gazte artean Arrasate erdelduna zen gehiena. Gogoratzen naiz 'Eskola Profesional-ean' ikasten hasi nintzenean, Oñatiarrak eta Atxabaltarrak eta Arrasateko gutxi batzuk zirela euskaraz hitz egiten zutenak. Pixkana pixkana, aurrera pausoa izan zen antolatu ziren alfabetatze-ikastaroak.
ErantzunEzabatueskerrik asko, Juan Bautista, lekukotasuna hurbiltzeagatik.
Ezabatu