martxoa 10, 2021

DOMINGO ORBEA ARAMAIOKO KORONEL AUSTRIARRA



Aramaioko seme-alabak, beste edozein tokitakoak bezalaxe, barreiatuta aurki ditzakegu munduan mende guztietan , betebehar desberdinetan eta ofizio bitxietan.  Seme-alaba horietako batzuk ezagutzen ditugu – edo bederen ezagunak zaizkigu. Baina badira beste asko, euren atzean arrasto gutxi  utzi dutenak. Gaur txoko honetara horietako baten kasua dakart. Ez dut gauza handirik azalduko, nik ere ez baitakit, baina aramaixoar baten izen-abizenak Europan ospetsu egin ziren zenbait esparrutan XVIII mendean eta pertsonaiaren xehetasun batzuk agertuko ditut, behintzat , haren berri izan dezagun.
Madrileko  prentsa ofizialean ondoko iragarkia agertu zen 1788an: 

“Se hace saber que D. Domingo de Orbea, natural de Aramayona en la provincia de Alava, Conde de Orbea, y coronel gobernador del regimiento de infantería española del Excmo. Sr. Conde de Alcaudete, testó en Viena de Austria el año de 1714, dexando por heredera á su mujer Doña Francisca Ximenez de Urosa, natural de esta corte, donde se casaron y velaron; para que el heredero ó herederos de dicha Sra. Doña Francisca Ximenez: acudan á D. Gregorio Hernández, que vive en la calle de la Abadía,  núm. 15 quarta, quien les informará dé lo que parece pertenecerles”

Domingo aramaioarra zen, bai, 1666ko abuztuaren 15ean jaioa eta Zalgoko elizan bataiatua. Gurasoak Juan Bautista Orbea Urrutia eta Mariana Urrutia Uribarren ziren.
Felipe V borboia
Ez dakigu ezer Domingori buruz 1706ra arte. Garai hartan Madrilen zegoen, militar moduan lan egiten ari. Felipe V. borboia zen errege berria, Karlos II azken austriarra hil ondoren. Lehen borboiarekin aritu zen aramaioarra! Baina beste austriar batek Vienatik  defendatzen zituen espainiar tronurako
bere eskubideak: Carlos III, Erroma-Germaniarreko Sakro Inperioaren erregegaia. 

Orbea Urrutia Madrileko gora behera militarretan aritu zen eta Carlos III.aren tropek 1706ko abuztuaren 4an hiriburua utzi behar izan zutenean Plaza Mayorren sutzar handi bat egin zen eta Karlos III.aren erretratu bat erre zuten. Aramaioarra, Madrileko sarjentu nagusi bezala, eragileetako bat izan bide zen. Baina Karlos III handik lau urtetara berriz sartu zen Madrilen… eta, denon harridurarako, bere karguan berretsi zuen Orbea Urrutia. 
 
Ez dakigu onerako izan ote zen. Dakiguna da, borboiaren tropak ostera sartu zirela Espainiako hiriburuan eta,
Karlos III austriarra
Felipe V.aren garaipen berriaren ostean,  aramaioarrak Bartzelona aldera atera behar izan zuen, 1710ean, tropa austriarrekin. Eta 1713ra arte Bartzelonan aritu zen, Alcaudete Errejimendu Inperialeko koronel gisa. Urte hartako abuztuaren 13an Vienako bidea hartu zuen Orbea koronelak. Eta Austriako hiriburuan, Karlos III.aren zerbitzura ipini nahi izan zen baina ez zioten utzi, norbaitek gogoratu baitzuen 1706an Madrilen erregegaiaren erretratua erre zuela.

Dena den, Domingo Orbea Urrutiak Alcaudete Errejimenduan segitu zuen, koronel-gobernadoreko titulu eta soldatarekin. Errejimenduak gerra kanpainak egin zituen Italian eta Hungarian, turkoen kontra. Karlos III erregegai austriarrak 1717an Orbeako Kondearen titulua eskaini zion aramaioarrari. Orbea Urrutia 1720ko apirilaren 24an hil zen Vienan.

Goiko iragarpena dela eta, norbaitek uste badu eskubideak dituela Domingo Orbearen herentziaren gain … jo dezala iragarkiko erreferentziara.
 
Argazkiak: JMVM, Wikipedia

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina